kontaktua
2016.11.11
09:21

HALAKO ANDRA eta HAIN LEKUTAN

Aurreko saioan urlia, sandia eta berendia erabili genduzan berbagai. Hareen senide hurrekoak dira oraingoan jardungai izango ditugun halako eta hain be. Bata eta bestea gramatika eginkizun diferenteetan erabiliak dira, baina hemen jorratuko ditugun kategoriak, edo izenordain –halakoren kasuan‑ edo izen-determinatzaile lez –bien kasuan‑ agiri diranekoa dogu. Halako garanduko dogu lehenengo, eta hain gerorengo.

Halako kategoria diferenteetan agiri dan hitza da, berariaz izenlagun lez: Halako bizimodurik ez dogu hemen ezagutuko. Halako pertsonak gura gendukez, zintzoak eta finak. Graduatzaile zereginetan be ezaguna dogu, adjektiboei laguntzen: Halako politik ez dot egundo ikusi! Alde batera lagako ditugu kategoriok oraingoz.

Izenordain kategoriaz darabilgunekoari helduko deutsagu lehenik. Beste izenordain zehaztugabe batzuen antzera ‑nor, edozein, norbait, baten bat‑, era mugagabean, soilik, deklinatzen daneko kasuaz ari gara: Halako etorri da. Halakok esan dau hori. Halakori entzun deutsagu. Halakorentzat da opari hau. Halakogaz ezkondu ei da.

Erabilera hau zaharra dogu berez, baina urri samarra erabileraz. Eta ekialdekoa, batez be. Urlia izenkiaren bikia dogu, eta denporearen puruz urlia eredukoei lekua hartzera eta ia berau baztertzera heldu dana, bai halako eta bai honen aldamenak: honelako eta, mehatsago, horrelako. Axularren pasarte honek darakusku argiro beronen egitekoa izenordain gisa:

“Anhitzetan ere ekhartzen derauzkigute elhaberriak, erran-merranak, enzuten dugu zer dioten urliak eta sandiak, hunelakok eta halakok, eta gerok ere desiros gara jakitera”.

Eta Xurio idazle klasikoaren beste lekukotasun hau be ildo berekoa dogu:

“Zenbatetan ez duzu aditu hunelako hil da ezpata kolpe batez, halako itho da, bertze batek goratik eroririk hautsi du burua?”

Halako hirugarren gradukoa ha erakusleari -lako atzizki bikotxa erantsiaz garatu dan eran, beste gradu biak be taiu berean egin dira, eta halantxe izenordain gisa erabiliak dira behin baino sarriago: honelako eta horrelako, biak mugagabez. Horrelako da hiruretarik gitxien –edo nekez, egia esateko‑ zeregin horretan agiri dana. Eta argi esanda, halako da agirien eta ugarien darabilguna; neutroa dalako. Klasikoetan lez, idazle modernoetan be tinko erroturik ditugu halako eta enparatu. Garoa elabarriko pasarte hau lekuko: “bere lepotik barrez ibili ohi ziran. –Luisa, honelakok zuretzat eskumuinak eman dizkit. (…) Luisa, beste halakok zure galdera egin du”.

Bizkaieraren erdi eta sartaldean nekez entzuten da halako izenordain lez, baina Artibai aldetik ekialderantz, Gipuzkoan barrena, ugari be ugaria da. Orixeren dialogo honek on egiten deusku beronen bizitasuna: “Hots egin zuen presaka: ‑Nor da?, eta –Halako, hemengo nagusiaren adiskide haundia”.

Izenordain hurbiltzat holako be ondo lekukotua dogu. Toribio Etxebarria eibartarraren lekukotasun hau balia bekigu: “Halakok eta holakok zinoen zu guzurti bat zarala”.

Aurre-determinatzaile kategoriaz be sarri erabilia da halako, eta bide beretik honelako edo horrelako, beste batzuetan. Eta aurre-determinatzaile lez, ez bakarrik gizaki-izenei laguntzen, baita leku- edo denpora-izenei be. Horretara eregiak dira honako sintagmak: honelako baserritar, honelako tokitan edo honelako egunetan. Lehenengo kasurako D. Agirreren adibide hau jatorku eraz: “Inun entzun bazuan Antonek, honelako nekazari behi batena ezin ordaindurik zebilena, nahiz eta berari ezer galdetu ez, aurki hasiko zan” (Garoa).

Autore klasiko batzuetan honako agiri da, honelako-ren lekuan; Frai Bartolomeren kasua ereduko: “Agindu deutsu onako personagaz ez egoteko?”, “ugazabaren aginduaren kontra egin ebana onako edo alako gauza”.

Baina halako eta honelako, batez be leku edo denpora esangurako izenakaz erabili izan dira gehiago, giza-izenakaz baino. Mogel markinarrak eremu banangoetan erabili ohi ebazan urlia eta halako. Lekukotasun bi eskeiniko ditugu. Bata: “urlia neskatila edo mutilegaz ez berbarik egiteko, (…), alako etxean ez oinik ifinteko”. Bestea: “baldin amar bat erreal baleukaz meza bat alako egunetan entzunda”. Oraintsuagora etorrita, D. Agirrerena dogu beste esaldi hau: “Handiak esaten ziran: gauerdian, honelako tokitan, bata besteari txistuka zabiltzala”.

Bigarrenik, hain marka aitatuko dogu. Hain honek ez dau izenordain kategoriako erabilerarik, baina aurre-determinatzailearena bai. Bai aurrerengo esan daigun, beronen kategoria nagusia eta erabiliena, graduatzaile konparatzailearena dala: Hain polita. Hain txarto. Hain maite dau. Hain da ona! Baina ibili-ibili gaztelaniazko “tal” hitzaren kideko balioa hartzera heldu da euskeraz, ingurune zabalago edo murriztuagoetan, hizkeren arabera. Kategoriaz, hain hori determinatzaile zehaztugabea dogu, izen mugagabearen aurretik kokaturik erabilia.

Sartaldeko euskeran garatu dau aurre-determinatzailearen egitekoa hain horrek, ez besteetan, erdi eta ekialdean. Eta sartalde hizkerotan be halako erabiliagoa da hain baino, gaur zein lehen, bizkaieraren ekialdean (Artibai eta Deba ibarretan) eta handik ekialderuntz.

Dana dala, Mogel idazleak, halako baino urriago egin arren, badarabil hain determinatzaile gisa, gitxitan egin arren, baina leku-denpora kasuetara mugaturik beti. Beraren lekukotasun banakak, lekua, denporea, neurria eta moduaren esparruko izenei jagokez:

“Urlia neskatila edo andra edo ain etxetakoak ondo jan eta ondo jantzirik bizi dira”; “ematea limosna edo eramatea argia ain lekutako imajina santu bati, iritxi dezan kastiguren bat gaizki egin edo nai dionari”.

“Urlia emakume sartu zan nere etxean ain egunetan, begiratu zion kontu andiarekin nere aurtxoari, zeina zegoan gizen, mamintsu ta txit ederra” (gipuzkeraz)

“Neurri txarra daroenak eta alan, ajustea egin ezkero ain preziotan onelango edo alango neurria botateko, egon bear da berbara”

Gerora eremu barriak irabazten joan da hain determinatzailea, eta kasu absolutibodun sintagmetan be erabiltera jo da. XIX. mendean J. Mateo Zabalak honetariko kontestuetan darabilz hain, horren eta honen: “egin dozu ain gauza edo orren gauza?” edo “jakin ezkero ain gauza edo orren gauza dala zuentzako gatxerako bidea” edo “onen gauza pagetako”. Bilbotar idazleagan idoroten dan, baina bestetan nekez irakurten dan hiru graduen erabilera hau ‑hain, honen, horren‑, adierazgarria eta esanguratsua da benetan.

Gaur egun bizkaieraren sartaldean (ezin esan nei leku guztietan, baina), giza-izenakaz be nasai erabilia da: Hain laguni entzun deutsat. Hain andragaz ezkontzen ei da. Hain neskatilak kontau ei deutso. Hain umegaz kontuz dabilela, drogosoa da eta.

Gatx egiten jaku hain determinatzailea gaur egun zein esparrutan erabili edo ez erabili munarriak ipinten hastea. Leku-denbora kasuetara mugatu beronen erabilera? Hobetsi, bai behintzat.

Nor, nork, nori eta gainerako kasu guztietarako be zilegitzat jo? Giza-izen zein bizibakoetarako? Galerazo ez, behintzat. Hiztunen erabilerak berak ipini ohi ditu hesiak. Geu hesiak ipinten hastea ia alperrekotzat daukat puntu honetan. Hiztunek berezean garatu eta zabaldu daben esparrua atzera estutzen hasteko ze aginpide daukagu gramatikariok ba? Berbaz darabilenak idatzi daiala ardura barik. Hau ez darabilenak eta bai besteren bat, zelangura! Berez doana zertan behartu.

 

Iturriko

2016-11-11

Ikusita: 320
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera