kontaktua
2016.11.17
08:23

BiziMODU, bazkari MODUKO bat, gaixo MODU

Modu hitz ugaria eta askotarakoa da euskeraz, berorren erdal jatorria gorabehera. Pirinio peko lurraldean askoz gehiago, Iparraldean baino. Eta Hegoalde horretan be, sartaldeko hizkeretan ugaritu da gehien, batez be hizkera bizian, hiztunen erabileran.

Aspalditik datozan erabilerak dira: Zer moduz? Inolako moduz. Ze modutan eta horretarikoak. Aspaldikoak dira, baita, postposizino erara darabilguneko egiturak be: Lehengo moduan, modura edo modukoa. Lagun moduan, modura edo modukoa. Eta bardin: Gure moduan, modura eta modukoa. Aditzagaz be aspalditik darabilgu: Dakizun moduan. Esateko moduan eta eredu horretako hamaikatxu.

Izen bakun modura be txito erabilia izan da. Sarritan, era edo tankera zentzuaz, gaztelaniazko “manera” lez: Horreek ez dira moduak, jenteari berba egiteko. Bai beste esangura batzukaz be. Ahalbidea, ahal izatea adierazoteko: Ahal baneu baina… nik ez daukat modurik, inori ezertan laguntzeko. Ondasunak, bitartekoak edo baliabideak adierazoteko be eurrezean erabilten da. Azkuek jasoriko harako esaldia dogu lekuko parebakoa: “Modua daukanak jan daiala oiloa; modurik ez daukanak, artoa”.

Baina gaurko gure berbakizuna, hitz konposatuetan dauen erabilereaz da. Goiko izenburuan agiri diran eta beste hitz alkartu askotan agiri danekoa.

Egunero entzuten dogu berbaz modu izena, beste izen askoren atzean eta haregaz bat eginda, hiztunak era librean halantxe ipinita. Nork ez ditu esan edo entzun honetarikoak: Hau da bizimoduaren tristea, guk daukaguna! Ze jentemodu da aspaldion ingurura biziten etorri jakuna? Bizimodu eta jentemodu, holantxe batera idazten ditugu, hiztunontzat be hitz alkartu egin-eginak dirala, guztiz lexikalizatuak.

Baina izen-berbarik gehienei era librean eransten deutsegu batzuetan modu hori atzean. Ez da bardin esatea: Andrea hartu dau edo Andra modua hartu dauena! Edo andra bati entzutea: Gizon modua da hori ba? Gizonaren taiurik be ez dauka eta?. Edo: Pertsona modua da hori ba? Piztia dala esan lei, pertsonea baino gehiago.

Goiko erabilerotan eta berbaz sortzen ditugun beste askotan, izen-berba bati modu erantsi ezkero, halako sunda negatiboa, gitxiesgarria emoten deutsagu. “Hau da okela modua! Ez dago hau jango dauenik amaren semerik!”. Haragiaren kalidadeari mesede gitxi eta kalterik asko egiten deutso modu horrek. Eguraldi txarra dakarrenean be, batek baino gehiagok daki esaten: “Denpora modua ipini dauena! Honegaz nora urten nei ba?”.

Badira izen batzuk, euren esangurearen eztasuna edo gitxitasuna adierazoteko, modu hitzagaz alkartzen ditugunak. Ezezkako perpausetan, jakina. “Asti modurik euki ez arren, ezin ezetzik esan; derrior bete behar eskatutakoa”. Esan gura da: astirik apenas euki arren. “Gerraosteko urteetan liburu modurik ez egoan euskeraz irakurri ahal izateko”. Ia ez egoala euskerazko libururik adierazo gura da. “Orduko sasoian diru modurik be ez geunkan, baina gazteak ginan eta osasuna ona!”. Diru modurik edo diru apurrik, bat dira esaldi horretan.

Baina denporan atzerago jota, izen bat modu hitzagaz alkartzeak adierazo gura ebana zerbait neutroa zan: mota, tipo, era, genero edo klasea adierazotea beste barik. Pedro Astarloa durangoarra dogu hitz honegaz egitura alkartuetan gehien antzean baliatzen danetarikoa. Hara beronen erabilera batzuk:

“Batuten dituz al daizan martitzak, eta irakatsirik onei, ze gerra modu egin bear jaken frantzesai, abietan da eurai ekiten, antxina gure gurasoak erromatarrai legez.”

“Ezagututeko zer dan emen galazoten jakuna, jakin bear dogu bear modu bi dagozala”.

“Ezin esan leikez birao modu guztiak, eta alan bakarrik azaldu edo esplikaduko dodaz ezaunenak, jakin daizuben nos dirian pekatu mortal, eta nos benial.”

Mogelen Peru Abarka-ko Maixu Juanek itauntzen deutsanean Peruri: “Ze eguraldi modu dago?”, ea zelango denporea dagoan itaundu gura dau beste barik, eguraldi txarraren susmo barik. Eta idazle beronek, Peruren ahoz, Maixu Juan adiskideari erakutsi nahi deutso euskaldun modu diferenteak dagozala: “Ona emen iru euskaldun modu, prantzesa, kiputza ta bizkaitarra, alkar ederto aituten dabeenak”.

Moduko izenlagunaz be egiten dogu batzuetan izenagazko alkarketa. Izenak adierazoten dauenaren antzeko, itxurako zerbait dala aitzen emoteko darabilgu moduko hau. Gosari moduko bat bada, ez da benetako gosaria, haren ordezko eta gitxiago dan zerbait baino. Betso moduko bat egiten dauenak, beharbada ez daki bertsotan, baina antza emoten ahalegintzen da. Ipuin moduko bat kontauko dauela dinoanak aitzen emon gura dauena da, ipuin izatera be ez dala heltzen.

Mogel idazleak, Noeren denporetako ujolte nagusiaren istorioa kontatzen deuskunean, gizaki gitxi batzuk eta abere modu batzuk salbatu izan zirala, honetara edesten deusku: “zortzi gizon ta andra, lau aetati, eta beste lau oneetatik gorde zituala kutxa ontzi moduko baten, nun bere gorde zirian animalia batzuk, gero barriro geitu zitezan”. Ontzi moduko horregaz aitzen emoten jaku, ez zala benetako ontzia; antza emoten eutsan zerbait baino.

Modu, adberbio kategorien sortzaile be izan daiteke, adjektibo baten ondoren, Bizkaiko inguru batzuetan behinik behin. Gaixo modu, gaixo antzean edo erdi gaixorik esateko, edo geldi modu, geldi antzean, erdi geldirik esateko. “Orduan egunean gaixo modu ibili zan umea”, entzun neutsan oraintsu ama gazte bati. Aspaldiko kontalari batek, bere gazte denporako ibilteak dirala-ta, honetara kontau eban behin: “Lau gizon ginan han geldi modu, eta Urkiolara joan ginan ida-ebaten”.

Modu hitza, erdal usainagaitik baztertu izan dabe XX. mendeko idazle askok. Usain txarra hartu, nonbait, berba honi. Sistematikoki baztertua izan da ontzat eta handitzat dagozan idazle batzuen aldetik. Baina ordua da urok uherkara bihurtu daitezan. Jatorria nondikgurakoa izanda be, zergaitik modu hitzari bere lekua bihurtu idatziz eta eredu jasoan, baldin euskal hiztunek guren daben berbea bada?

Hala biz.

 

Iturriko

2016-11-17

Ikusita: 395
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera