kontaktua
2016.11.24
11:15

BERE eta BERAREN

Gaurko euskeran bere, beraren eta haren edutezko-erakusleen artean diran mugak lausotu egin dira denporearen joanean, eta hiztun edo idazleok nongoak garan edo nondikoak, edota euskaldunzaharrak edo barri-ikasiak garan kontu eginda, lehenengora, bigarrenera edo hirugarrena joten dogu, eta sarritan argi jakin barik zer dala-ta zeinen aldera obentzen garan. Gaztelania-erromantzean hain ugaria eta askotakoa dan su posesiboagazko gurutzaketan dago gure nahasbidearen azpi-arrazoietariko bat.

Sartaldeko euskaldunon artean nahasbiderik handiena bere eta beraren erakusle bihurkarien artean gertatzen dana da. Idatziz marka banangoak eta bereiziak dirala jakin arren, gaur ahoz nekez bereizten ditugu, alkar-neutralizatutzat jo daitekez, eta laburturik oguzten ditugu berbaz. Era landuan beraren dana, berbaz, leku batzuetan beran, beste batzuetan beren, edo eta bere esaten da. Mugatzaileaz berana edo berena esaten danaren atzean berarena dago. Eta berea esaten danaren atzean, bere posesibo bihurkaria.

Gaurko hiztunon erabileran haren eta beraren ondo samar bereizten dira. Haren erakusle soila da, edute-genitiboan emona, eta berau fisikoki seinalatzen dan zerbait edo ezaguna dan zerbait gogorazoten danean ohi darabilgu. “Ikusten dozu harako gizon praka laburduna? Ba haren etxean sarritan bazkalduta nago”.

Beraren, bera izenordainaren edute-genitiboa dogu, eta bata eta bestea ingurune beretsuetan darabilguz. Izenordain honek “birraitamena” adierazoten dau; berba-ekarrian lehendik ezaguna dan edo lehenago aitatua dan norbait edo zerbait barriro gogorarazoten danean edo izentau nahi dogunean, bera horregaz adierazoten dogu nor edo zer hori.

Euskerearen sartaldean –eta erdialdean, orohar‑ bera izenordain edota determinatzaileak askoz bizitasun handiagoa dauka, ekialderantz eta iparralderantz baino. Ekialdean hura eta bera izenordainen arteko oreka, erakusle soilaren aldera obendu da. Sartaldean, ostera, ha horren eremua esanguraz mugatuagoa da –seinalatze edo gogoratze neutroa‑ eta bera birraitamenezkoarena hedatsuagoa. Bera izenordainak, neu lehenengo gradukoak legez, ez dau bakarrik “birgogoratu” edo “birraitatu” egiten; galdegai edo fokuaren indarra be beregantzen dau; ez beti, baina jeneralean intentsidade-indarra dauka bera horrek. “Berak ez dau ezer esan” entzuten dogunean, kontestuan ezaguna dan norbaitez ari gara. “Berari bota deutsie errua. Bera da erruduna” dinogunean, bera horretan ipinten dogu fokua; galdegai bihurtzen dogu, kontestuan ezagun izanez gainera.

Beraren genitiboa, bada, ez da besterik bera izenordaina noren kasu genitiboan emonda baino. “Berarena da errua”. “Beraren kontuak dira horreek; berak jakingo ditu ondoen”. “Berarentzat erosi dogu, ez zuretzat”. Baina beraren hori bere posesiboagaz lehian bizi izan da mendez mende, eta funtsean, bere erabili ezin dan eremuetarako, edo nekez erabili daitekeenetarako garatu da euskeran beraren; horrretan lekukotu da.

Batetik, aposizio funtzinoetarako. Beraren horrek inon izan badau erabilera ziurra, izen sintagma genitibo baten aposizioan izan da: haren beraren, gizonaren beraren ereduko egituretan. Halan erabili eroien lapurtar klasikoek. Axular dogu eredu bikaina: “Errege hunek, lege haur hunein zinez begiratzen zuen denboran, gerthatu zeikan errege hunen beraren semeari, legearen haustera”. Edo Frai Bartolome: “Egia da, munduaren beraren asierati euki ditue ausilariak Jaungoikoaren aginduak, ta daukez gaur bere, ta eukiko ditue munduaren azkeneragino”.

Bestetik, izenordain gisa, nahiz eta hemen, genitiboan erabilirik, beraren eta bere harea mugikorretan nahasirik ibili sarri. Izenordain eredu argia J. Mateo Zabalaren hau: “esan zuk ari eginiko mesedeak, beraren zuganako esker deungea”.

Eta hirugarrenik, izen bati laguntzen doanean, batzuetan “mismo” esanguraz, beste batzuetan “propio” esanguraz. J.Mateo Zabalaren adibide bik on egingo deusku dinoguna: “Jangoikoak berak mundu onetarako bere dirauskula eze, alango juralariaren etxeari etorriko jakala jausi ta galdu bearra eta Jaun beraren birao gogorrak auts egingo dituzala etxe orren arri ta zurginokoak”.

Bere, ostera, beste etorki batekoa dogu. Eta aurrekoagandik kategoria berezia: izenlagun posesiboa dogu, eta “bihurkaria”; neure, zeure eta geure diran legetxe. Euron erabilgunerik zaharrena, euskeran –edonongo euskeran‑ aditzagazko akordioa beteten dauenekoa da. Nork ez dau ezaguna harako herri-, dantza-kopla hau: “Artolak dauko, Artolak dauko, Artolak dauko ustia, / beria dabela, beria dabela / mundu guztiko jentia”. Kopla horretan dogun egitura hau da: “Artolak berea dau mundu guztiko jentea”. Eta aditzagazko akordiorik ez balego, berarena tokatuko litzateke lege garbian: “Artolarena berarena da mundu guztiko jentea”.

Betiko hiztunek, adin batetik gorakoek endemas, toketan dan ingurune batzuetan bere eta berea ondo erabilten dakiez. “Alaba-bakarrak surtako hautsa be berea” errefrau-esaerea entzunda daukat behin baino sarriago Mungia aldean. Aditzaz horniduko bagendu: ...“surtako hautsa be berea dau” esango genduke, dudarik be barik.

Bigarren pertsoneaz eregiko bagendu be bardin. Itauna honetara egingo genduke: “Zeurea dozu hor bigarren ilaran dagoan autoori?”. Eta lehenengo pertsonan be antzera: “Ez daukagu geure seme-alabarik, baina inorenak jagoteko be ez gagoz”.

Jabier Kalzakortak, Markinan esaten dala-ta, esaera ezagun baten aldaera osotuagoa gogorarazo deust: “Hor konpon, Maria Anton. Txakurrak buztana berea jon”. “Berea dau” letxe, baina andrentzako hitanoz adierazota: jon.

Baina neurea, geurea edo zeurea, aditzagaz akordiorik ez dagoanean be aise erabilten ditugu, batez be sartaldean: neurea da..., geureak irabazi dau... zeure esana egingo da. Eta zein da kasu horri hirugarren pertsonan jagokon izenordaina? Berea ala berarena? Hor dago untzea.

Bere eta beraren kontuan urak aspaldi nahasturik eta arreturik datoz uharkan behera, eta guztiz ez bada erdi bardindurik darabilguz euskaldunik askok, aditzagazko akordiorik dagoanentz be ez dakigula, jaramonik be hartzen ez deutsagula, eta hain gitxi ardura be deuskula.

Baina idatzirako beharko dogu, nonbaiten be, arauren bat, bere eta beraren arteko bizikidetza bermatuko dauena! Horretara gatoz.

Bere zaharra eta orokorra dogu euskera osoan; alderik alde. Baina beronen erabilera ez da leku guztietan bardin emoten.

Bere euskera zaharrean bakuna zein aniztuna izan zeitekean, numeroz neutroa: berea izatea, batena izatea edota gehiagorena izan zeitekean. Denporan aurrerago, pluralerako eurena (edo erena) garatu zan sartaldean eta berena erdialdean; oraintsuan modaratu dan beraien dalakoaren enborreko forma. Iparraldean luzaroagoan eta hobeto gorde da bere balio pluralduna, hegoaldeko hizkeretan baino.

Axularren ondoko pasarte horretako bere biak be pluralari jagokoz. Baina esamolde finkoetan txertaturik dagoz: bere buruz eta bere baitan. “Zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo: berak dira bere baithan asko klar eta ozen” (Axular).

Baina haren hondarrak hemen be badira. Esaera finko batzuetan balio zahar horrek dirau hondino, singular zein plurala biak hartzen dituan bere horrek. “Bere lekuan itxi oinetakoak” esaten dogu errazago, “euren lekuan” baino. “Berez ez dira egiten beharrak, putz eginda” esaten dogun moduan, nekez darabilgu eurenez ingurune horretan. “Bere horretan itxi egizuz arazook, aurrerago konponduko dira eta” dinogunaren lekuan, nekez darabilgu “euren horretan”. “Bere kabuz hartu dabe erabagiori” esatea zilegi da, “euren kabuz” hainbat behintzat. “Beretik urtenda” bi edo gehiagori buruz be predikau geinke, “eurenetik urtenda” nekezago entzuten dan bitartean. “Berebiziko poza hartu dabe” esango genduke, eta ez euren biziko. Berba baten, bere posesiboa zenbatekoari buruz, bat-anitz izate puntuan, neutroa izan zan aldiko errastuak gaur be bizi-bizi ditugu, esamodu finko eginetan behintzat.

Baina sartalde euskerako idatzi zaharretan behin edo behin baino ez da agiri bere aniztasun kontestuan. Kapanagaren hau, bat: “Esaten dau Sazerdoteak pobluagana biortuta, ulerretan emaiteko, erraz joan deitezala bere bearrera” (Dotr.). Ez da kasualidade hutsa, euren edutezko plurala gure testu zaharrenetarik agiri izatea, numero banaketa argia eginik: euren pluralerako garatu ahala, bere singularrerako mugaturik geratu zan.

Bere, perpausan agiri dan nor edo zer dalakoa barriz aitatzean erabili izan da tradizinoz, aditzagaz akordioa jagoten daben nor, nork edo nori kasuko izen baten birraitamena dagoanean; erabilera bihurkaria, bestela esanda. Baina sartaldeko hizkeretan –eta sartaldeko ez diranetan be‑ bihurkaritasuna gordeten ez daben inguruneetan be bardin agiri da, testurik zaharrenetarik.

Bere eta beraren gaur egun orekan mantentzeko modu egokia izan daiteke, bere hori aditzagazko akordioa dagoan esaldietarako ixtea, eta holakorik ez dagoanean beraren genitibo erregulardunari leku emotea, eta hurbiltasuna jagon beharreko kasuetan, beronen eta berorren hurbilei.

Hari luzea darion matazea bilbatzen dauen ezkero gai honek, hurrengo jardun baterako itxiko dogu gainerakoa.

 

Iturriko

2016-11-23

 

Ikusita: 514
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera