kontaktua
2016.12.02
07:07

EuriANTZ. Ume ANTZ …

Antz izen-hitz emonkorra gertatu da euskeran, erdi eta sartaldeko hizkeretan batez be, baina ekialderantz be zabaldu dituelarik bere hegoak.

Gaur ahaztuxe eta baztertutxe dau antz izen-hitzak “azterren, errastu, lorratz” esangurea, eta zabalena eta gehienontzat ezagunena, “itxurea”, gazt. “parecido” dalakoa dogu. Esangura honen arabera sortua da herri batzuetako ahuntz-erderan esaten dan “antzeko-parecido” adjektibo-hitza.

Konparazinoak egiteko darabilgu batzuetan, ezezka: “Antzik be ez! Antzik be ez da! Antzik be ez dauko! Antzik be ez daki zure beste”, gaztelaniaz “ni punto de comparación” esatea lez. Antza emon be sarri darabilgu, norgehiagoka eta lehiaketetan kasurako, konparagarri gisa: “Irabazi ez arren, antza emon deutsagu sikeran”, edo ezezka: “Antzik be ez deutso emon: hogeta bi eta bost geratu dira” (pelotaka).

Antza euki, norbaiten edo zeozeren tankera, taiua edo itxurea daukala esateko ezeze, sarri darabilgu mende-esaldi baten buru modura. Antza dago edo antza dauka, dirudi, esan lei (ze) aditzen balio hurrekoaz agiri ohi dira, erderazko “parece que” horren ordainez; batzuetan atzetik –la atzizkidun esaldia darraiola, eta beste batzuetan antza horri aurretik –n atzizkidun aditz erlatiboa dautsala: “Euria dakarren antza dauka” edo “Euria egiteko antza dauka”, edo bardin: “Denporeak hoberantz egingo dauen antza dauka”. Aditz osagarria lagun dauela: “Horrelako begi urtenakaz niri begiratuteko, antza dago sekula ez nauela aurrean ikusi”. Dinogun hau ez da alperreko kontua, ze aditz lokuzino lez antza euki/antza egon honek emendio handia, errendimentu oparoa eskeintzen dau mende-perpaus oinarrizkoak garatzeko. Horretara ez daukagu zertan beti emoten dau horretara joten ibili beharrik, gero eta sarriago jazoten dan moduan, “parece que, se conoce que” esangurako egiturak sortu gura ditugun bakotxean.

Perpaus adberbio gisa darabilgun antza jorratzea be ez da gure oraingo asmoa. Sartaldean ugariak dira: Bai, antza. Ez, antza. Badaki, antza. Ez doa, antza... ereduko esaldiak, zeinetan “dirudienez, itxurea, hurrean, aurki” marken sinonimo gisa oparo entzuna dan; ez hainbeste idatzian.

Berariaz jorratu gura dogun puntu bat, antz izena hitz konposatuen bigarren osagai gisa darabilgunekoa da. Egitura batzuetan lexikalizatuago, beste askotan era libreagoz.

Izen, adjektibo, adberbio eta beste kategoria batzuekaz erraz garatzen ditugu honetarikoak. Izenakaz: “Ume antza dauka. Azeri antza agiri dau. Txori antza dauka arpegian”. Adjektiboakaz: “Gorri antzekoa da. Txiki antza hartu deutsat. Gaizto antza dauka galanta! Triste antza igarri deutsat”. Eta adberbioakaz antz hori adizlagun bihurtzen dogu: antzean. “–Zelan gabilz ba? –Ondo antzean esan beharko. Makal antzean dabil aspaldion”.

Adjektibo eta adberbioakaz darabilgunean, graduatzaile modura jokatzen dau antz osagaiak, samar, asko, garbi, galant eta beste hitz batzuk legetxe. “Aspaldion lelo antza hartzen deutsat” bati, dinogunean, lelo osotzat ez bada, erdi lelotzat hartzen dogula esaten gagoz. Norbait guapo antzekoa dala badinot, guapo-guapoa barik, guapo samarra  edo guaporantz gehiago daukala dala esaten gagoz. Janari bategaitik esan geinke, gazi antza daukala edota gozo antza.

Gizakietara etorrita, begiak urten beharrean dituan pertsona bategaitik eraz esan geinke, zoro antza dauakala. Edo zahar-gazte edadetu bategaitik, gazte antza daukala, edo gazteegi zahartu dan bategaitik, itzelezko zahar antzak hartuta dagoala.

Koloreetara etorrita be, gorri antzekoa da edo gorri antza daukala dinogunean, gorriskea dala esaten gagoz. Eta bardin urre antza edo beste kolore baten antza.

Eta adberbioakaz be graduatzaile gisa darabilgu batzuetan: “Txarto be ez, ondo antzean”:

Eguraldi kontuan egonkortu da -antz bigarren osagai lez hainbat izenetan. “Gaur euriantza dago” Edo: “denporeak euri antza dauka” normal esaten ditugun esaldiak dira. Edurrantza, hotzantza, neguantza be ezagunak ditugu. Ilunantza be halantxe. “Egun guztian itsasoan ta ilunantzagaz portura”, “Erromerian ilunantzera batuten dira”; Eusebio Maria Azkuek idatzitako bertso-ahapaldiak dira. Eta bada beste bat, ostantza, aspaldi zaharretik jatorkuna: “Argi-izarrak urten dau / zeruan goian ostantzean” kantetan dau Mondragoeri su emon eutseneko eresi zaharrak. Ostrantza deritxo beste leku batzuetan, egunsentiari edo goizabarrari. Ostantza, ilunabarrari deritxe Gipuzkoako itsasaldean, Getarian esaterako.

Leku-espazio kontuan be agiri da antz hori konposaturik. Sutantza esaten deutsie Oinati aldean sutondoari: “Etorri bedi sutantzera!” esan eutsan behinola Azpilletako Ursulak fraileari. Baina suantz edo sutantz esaten diran moduan, ezaguna da etxeantz be, etxe ingurua edo etxe buelta adierazoteko. Eta beste horrenbeste urantz. “Urantzera etorri”, ura dagoan ingurura hurreratzea da.

Gizakien arloan be emonkorra dogu antz. Lexikalizaturik dagoana, beharbada, gizantza. Joxe Migel Barandiaranen berbak dira, Isturitzeko leizezuloan idorotako hazurrak dirala-ta: “Isturitzko hezur batek dauzkan giza-antzeko irudiak”.

Baina hortik gorakoan konposatu libre modura agiri da sarriago: “Berba egikeran abade antzak ditu”. “Begi ederrokaz aingeru antza dauka neskatila horrek”. “Gizon antzik be ez dauka”. “Begiak urtenda eta, zoro antza dauka itzela!”. “Txarri antzak hartuta dago aspaldion”: Arrese-Beitia poetaren ahapaldi honetan beste eredu bikain bat: “”Begira egiozu, / dauka artzain antza, / arpegiko azala / baltzerana dauka”.

Euskeraren Egunaren inguruan gagozala, poz antzean igaro daiguzan egunok.

 

Iturriko

2016-12-02

 

Ikusita: 310
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera