kontaktua
2017.01.04
14:41

“Iguzu gaur geure EGUNEANGO ogia”

Guk geure denporan ezagutu ditugun “Aita Gurea”ren euskal bertsinoetan ez dogu ez entzun ez errezau goiko izenburuan ipini dogun hori modu berberean. Bai seguruago: “emoiguzu gaur geure eguneroko ogia” edo hurreko esaldi moduren bategaz.

Batetik iguzu aginteera-adizkia dogu, zahar gelditu dana, emoiguzu ezagunagoa nagusitu dan bitartean. Hondino be Gipuzkoako partean txukun entzuten dira honako agur-formulak: Gabon digula, jaunak! Edo: Egun on dizuela guztioi! eta antzekoak. Formula gisa iraun dabe, baina *in aditzaren beraren jokoa zahar egina da aspaldi. Aspaldiko euskeran entzuten ziran agintezko adizkirik gehienak, indazu, iguzu, indak eta beste hainbat ahazturan galdu ziran sekulako. Baina iguzu adizkiak luzaro iraun du bizirik, eta euskara osoan, batez ere Aita Gurearen errezu testuetan.

Antzeko zerbait jazo da eguneango edo egunean-eguneango adnominal zaharragaz be. Aspaldiko eguneango ogia, azken mende biotan batez be, eguneroko ogia bihurtuz joan da. Baina halanda be, XIX. mendean barrena sartu eta ostean, eta hainbat osterago be, normaltasunez erabilia izan da eguneango hori; hau be Aita Gurearen errezu-testuan gehienbat, baina horrezaz ostean be bai. Eguneango eredu hau bizkaierara mugaturik egon da ia beti. Gipuzkeraz behin irakurri dogu, baina Mogelen lumaz. Peru Abarka-n Txorgori artzain giputzari eraso deutsan Aita Gurearen bertsinoak oso-osorik gorde dau esapide hori: Egun iguzu gure eguneango ogia. Gainerakoetan egunoroko agiri dala esan daiteke.

Jatorriaren aldetik, oinarritutzat emoten da eguneko adnominalaren azpian eguneango datzala. Adberbioetan da ezagun-ezagun inesibo-genitiboen arteko sakoneko bakuntza hori: -n inesibo zaharraren eta -ko genitiboaren artekoa. Ez dago erreparatu baino hurrengo bikoteei: non/nongo, hemen/hemengo, orain/oraingo, orduan/orduango. Horreetan agirian gorde dana estarian egon ohi da izen kategoriako hitzetan. Leku-izen batzuetan be –gero deitura bihurtu izan dira horretarikoak sarritan– inesiboaren (batez be -n zaharraren) eta leku-genitiboaren bakuntza agirian dago: Bengoa, Bengolea izenen kasua.

Adberbioetan bere horretan gorde da arkaismo hori, bardin leku esparruan edo denpora eremuan, zein osterantzekoetan: hon/hongo, han/hango, aurten/aurtengo, egun/egungo, ostean/osteango, artean/arteango eta beste gehiago. Baina hitz kategoria nagusietan (izen-adjektiboetan) atzeraka joan da, harik eta -ko genitibo-atzizkia bere soilean geratu dan arte, atzizki bikotxa, -ango/-ngo, desagertarazoaz edo bazterrarazoaz.

Izen kategoriara etorrita, leku-espazioaren eremuko -ango tipoko atzizkiak bakan agiri dira gure izkribuetan. Ezagunak diran pare bat aitatuko ditugu. Bata Mondragoeri su-emotea gogorazoten dauen kantuan agiri dana: “Ganboarrok su emaitean / asi dira, ta onegaz urten daude beralan / oñeztar barruangoak,/ zein erre ez zitezan”. Barruan egozan edo barruko oinaztarrak, esan nahi da.

Bestea, Lazarraga poetaren ahapaldietariko baten: “Konjuraetan oi ta deutzut / gorputzeango aragiok, / nigana manso dakarkezula / zeure begitxo linda biok”. Hemen be, gorputzeango horren esangurea gorputzeko adnominalaren berbera da.

Inesiboa bizidunetarako garatu dan -gan atzizkiaren gainean be erantsi izan da -ko, bakuntzaren ondorenez –gango sorrarazoaz. Baina -gango atzizki-bikotx honek badau berezitasun sintaktiko bat: sintagma funtzino diferente bi ordezkatzen agiri dala gure testuetan: adnominal funtzinoaz eta adizlagunarenaz.

Añibarrok pertsona-izenordainaz darabil banaka batzuetan atzizki hau. Adibide bi: “Nik galdu dot zure seme izatea, baina zuk ez nigango aitetasuna”. Bestea: “berbarako, umiltasuna, Jaungoikoaren alderako maitetasuna, beragango esperantza ta uste bete betea, gorputz-arimako garbitasuna edo beste onelangoren bat”.

Mogelek, ostera, atzizki bikotx hau adizlagun funtzinoaz darabil, helburuzko esangureaz hatanbe: beregango, eurakgango edo niregango moduko adizlagunetan, batez be norbere buruagaz berba egite kontua aitzen emoteko edo norbere kolkorako zeozer esate kontua danean: “Ez leuke esango beregango: –Onelan bein eskubak ezarri ta banatu nabenak zer egingo ez deust gero”?

Adizlagun adberbiotua dan berban-berban esapide errepikatuaz be berban-berbango garatu da. “Berban berban darabil guzurra ahoan” esakera ohikoa dogu gaur be, baina ez hainbeste Frai Bartolomek darabilen adnominal hau: “Emeti agiri da, kristinaubak, orrako berban berbango guzurtegijori guztiok ta bakotxa diriala pekatubak”.

Ostean adberbioaren gainean eregiriko osteango adnominala be aspaldi zaharrekoa da, baina gero be oparo erabili izan dana eta gaur egun be bizirik dirauena, berariaz Lea-Artibai inguruan (ostiengo, ostingo). Lazarragarena da neurtitz atal hau: “eta osteango beste berbaen artean egion erregutu legiola konpania Silbero egoan aposentura joaten”. Eta Juan Jose Mogelena geroago garreneko beste hau: “Alperrik nekatuko da gizona Jangoikuak izentautako bidiaz ostiangorik zerurako billatuten”.

Denpora eremuan, goian esandako lez, eguneango dogu maiztasunik gehieneko hitza. Baina ez bakarra. Besteok be han-hemen irakurri ditugu: gabeango (gau), asteango (aste), urteango (urte). Erabiliak izan diran seinale. Beste denpora-izen batzuen errastua nekezago topetan da: hileango (hile), goizeango (goiz), arratseango (arrats), neguango (negu) edo udango (uda), berbarako. Baina horrek ez dau esan gura erabili izan ez diranik. Gaur hilero, goizero edo arratsero esango gendukezanak –ango markaz adierazoko ziran segurutik lehenagoko aldietan, sartaldeko euskeran behintzat.

Eguneango, asteango, urteango formek ez eben iraungo bizirik, eguneko, asteko edo urteko esangurea euki balebe. Aldirokotasun edo maiztasun zentzun berezi horretarako berezitu diralako iraun dabe batik bat, nahiz eta horretan be galtzaile subertau diran luzarora eguneroko, asteroko, urteroko formen mesedetan. Eta luzaroago bizirik iraute hori Pater Noster errezuko formuleari be egotzi leikeo apurren bat. Betolazaren XVI. mende hondarreko dotrinan (1596) datorren “emon egiguzu egunean eguneango gure ogia” edo Olaetxeak 1763ko bere dotrinan dakarren “emon egiguzu gaur geure eguneango ogia” belaunez belaun esan eta irakatsi dira sartalde-euskeradun lurraldeko familiarik apalenetan be.

Gabeango agiri da, Xahok bere kantutegian jaso eban bizkai amodio-kopla zahar baten; egitura bitxia benetan: “Zizpurua da neure / gabiango lua, / negarra, egunezko / mantenimentua”. Gabeango loa: gaueroko, gau guztietako loa.

Asteango be behin baino sarriago agiri da, batez be dotrina gaietan. “Mundua danik gorde bear izan da asteango jaiegun bat”, gogorazoten deusku Añibarrok. Eta errepikaturik be sarri, bai lehen eta bai oraintsuan. Ipiña eta Ipiñatarrren barri liburuskatik jasoa da ondokoa: “Astean-asteango diruak poztuta, (...) hara beharrean joateko zaletasuna gehiagotuaz joan jaken”.

Urteango autortza edo konfesinoa egitea lege zan kristinauentzat lehenago. Halango itaun erretorikoaz gogorazten deusku berau Añibarrok: “Etxeko agintariak badirautsu, jaiegunean mezarik ez enzuteko, urteango konfesiñoa ez egiteko; obedituko zeunskio?”.

Denpora-izenok egitura errepikatuaz agiri dira sarri aspaldi-aspaldirik. Adizlagun gisa inesiboan halantxe ohi darabilguz gaur be, aldirokotasuna adierazo gura dogun bakotxean. Egunean-egunean, astean-astean, hilean-hilean, urtean-urtean lokuzinoaz balietan gara sarri hiztunok, adierazkortasun handiagoa erantsi gurarik seguruen, egun guztietan egitura neutroaren ordez.

Halantxe jazo da –(e)ango atzizkidunaz be. Egunean eguneango ogia agiri da dotrina zaharretan sarri. Edo Frai Bartolomeren berbaz esanda: “Soin jasoa, soin garbia, soin ona, (daukanak) soin ondraua Jesusen mai santurako. Baina ez soin nasaia. Ez soin jausia ta edegia. Ez soin arroa ta aixetsua. Ez soin armatua ta bilostua. Ez soin barregarria. Ez monoen soina. Ez egunean eguneango moden soina.” (Bart Ikasik III, 216).

Astean-asteango egitura errepikatua be gure klasikoetan irakurri geinke: “Emeti dator bada, pensakizuna, ta ez gitxi balio deuskuna, geure astean asteango edo sarriagotako eginbear altu ta nausi bati kobru emoteko” (Frai Bartolome).

Urtean-urteango be autore beragan: “Au da, neure kristinaubak, urtean urteango domeketako ta jaietako asierea ta eginbearra.” (Frai Bartolome).

Egitura honetakorik adizlagun funtzinoaz behin be ez dogu jaso; ez behintzat Mogelek bere idatzietan darabilen beregango lakoxerik. Adnominal funtzinoaz agiri da ia beti -ango erlazio-hizkia, goiko adibideetan ondo frogatu danez. Halanda be, hondar-erabilera izanagaitik be, merezi dau aitatzea behinik behin izenondo gisa dauen erabileratxoa be; adjektiboaren kategoriaz, izenaren eskuman kokaturik, honegaz sintagma osotzen dauela. Erregistratu ditugun adibideak bakanak badira be, ondo agiriak eta erakusgarriak dira, eta aintzat hartzekoak.

Aita Gure zaharrean be behin edo behin ogi eguneangoa eredua agiri da eguneango ogia erregularraren aldamenean. Kapanagarenean, urrun joan barik: “geure ogi egunean eguneangoa emon iguzu”.

Añibarro dogu eguneango honi onurarik gehien antzean ateraten deutsan idazlea, eta adjektibo modura erabilirik be bai. Halan: “baldin seme au sartu bada konbentuko nobiziaduan, larga bear dau habitu santua, bere bearra badabe aita edo amak mantenu eguneangoa irabazteko; ta premiña estuan igaro artean ezin profesatu ta fraidetu liteke”. Eguneroko janaria adierazoteko darabil mantenu eguneangoa, izen-adjektibo egitura finkoa balitz legez.

Idatzi honi amaiera emon baino lehen, gogora ekarri daigun halako berpiztealditxoa be ezagutu dauena atzizki honek, batez be gerraosteko idazleren batzuen artean. Gaur egun eskela edo hedabideetako hilberrietan itsatsirik geratu da harako “gorpu aurreango” mezea hain herritako hain eleizatan eta hain ordutan egingo dalakoa.

Eta berariaz Leintz-Deba inguruko idazleen eskutik oraintsuko idatzietan be irakurri leitekez hondino honangoak: hilean-hileango jornala edo urtean-urteango ospakizuna. Eta ibili beitez. Zergaitik ez?

 

Iturriko

2016-09-16

Ikusita: 314
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera