kontaktua
2017.01.13
10:25

ZeTARIKOa edo haTARIKOa

Zetarikoa eta zelakoa ez dira bat, behin baino sarriago nahastetan baditugu be esanguraz. Azkuek -tariko horren esangurea, honetariko, horretariko, hatariko edo bitariko hitzen erdal ordainen bidez adierazoten deusku bere Morfología-n: “de esta especie, de esa especie, de aquella especie” batetik eta “de dos especies” bestetik.

Hitz oso nortasuna hartzera heldu dira -tariko atzizkidun eratorri ezagunenak, hau da, batez be erakusleak: honetariko, horretariko, hatariko (haretariko), pertsona-izenordain pluralak (gutariko, zuetariko, euretariko), izenordain zehaztugabe batzuk: zetariko, ezetariko, edozetariko, zenbatzaile batzuk: bitariko, askotariko, danetariko eta ordinalak (–garren atzizkidunak): lehenengoetariko, bigarrenetariko, hirugarrenetariko. Batez be aitatu ditugun hitz kategoriok.

Izen eta adjektiboakaz darabilgunean –tariko atzizkia, hor ez dago ezetariko lexikalizazinorik. Eraz esan daikeguz: handietarikoa, txikienetarikoa, gizonetarikoa edo andretarikoa, baina horretan guztiotan hitz naturalak atzizki bakoak dira: handi, txiki, gizon, andra.

Atzizki hau morfologiaz bikotxa da, edo bikuntzakoa, eta “gaindeklinazioa” deritxagun fenomenoaren barruan esplikatu ohi da: -tarik edo -etarik ablatiboa (mugagabea eta plurala) batetik eta -ko leku-genitiboa bestetik.

Eta aldi berean gehitu beharrekoa da, beronen esangurarik behinena eta oinarrizkoena partitiboa dala; osoaren eta partearen arteko erlazinoa adierazoten dau, -en arteko postposizinoaren hur-hurrekoa. Pertsona-izenordain edo erakusle pluralakaz darabilgunean dakusku argiro balio hori: Zuetariko zeinek daki erantzuna? (zuen arteko zeinek). Gutariko inori ez jako horrelakorik komeni (gure arteko inori). Hareexetariko bat gurako neuke geuretzat (multzo edo osotasun haretatik bat).

Balio horretatik abiatuta hedatu dala esango neuke, Azkuek adierazotako beste balio horretara: “especie, género, clase, tipo” eremuko esanguretara. Eta gaur egun, balio bixeok ditu indarrean -tariko atzizkiak, testuinguruen arabera.

“Mutiko hori gutarikoa ez da, zuetarikoa baino” esan eutsan andra batek bere koinateari, honen semea dala-ta, aitzen emon gurarik amatara emon ebala aiurriz, odolez edo endaz, eta ez aitatara; emaztearen aldera, eta ez gizonarenera, jakina. Gutarikoa izateak, gure modukoa, gureen antzekoa edo klasekoa, gureetarikoa, esan gura dau hor.

Bietariko bat: edo zuk hartzen dozu edo nik hartzen dot”. Aukera biren artean bat hautatzea adierazoten da hor. Osoa eta partearen arteko hartuemona.

Dendan salgai dagozan sagar mueta diferenteen artean bat hautatuko badot, saltzaileari esan neio: “Honeetarikoak emoidazuz” (multzo honetakoak). Baina saltzaileak itaun egin leit segiduan: “Ez dozuz gura horreetarikoak edo beste hareetarikoak? Gozoak dagoz, gero!”

Egia esan, balio biak nahastean ditugu erabilerarik gehienetan. Ardao marka diferenteak baditugu kartoi-kaxetan, hartu nei kaxa bakotxetik botila bana: honeetariko bat, horreetariko bat eta hareetariko beste bat.

Beste zalantza edo nahasbide bat, aurrera ohi jatorkuna, mugagabeaz ala pluralaz erabilia dan atzizki hau: -tariko ala -etariko, berba baten. Erantzuna: balio plurala datza atzizkiaren atzean, baina atzizki mugagabeaz (-tariko) deklinatzen dogu hitz kategoria pronominalakaz sarritan. Erakusleakaz agiri jakunean gure tradizinoko testuetan: hatariko, horretariko eta honetariko dira era normalak. Baina erakusleon atzean zentzun plural garbia dagoanean, plurala erabiltea komeni da: “Ikusten dozuz sagarrok? Ba honeetarikoak gura dodaz”.

Pertsona-izenordainen artean gu, zuek eta eurak/eurok bakarrik dira atzizkia onartzen dabenak: gutarikoa, zuetarikoa, euretarikoa. Hizkuntzak ez dau onartzen ez *nitariko, ez *hitariko, ez *zutariko formarik.

Izenordain zehaztugabeetan, zetariko, ezetariko eta edozetariko formak ditugu, baina gogoan izan daigun zer, ezer, edozer izenordainak numeroz neutroak dirala, bardin balio dabela batentzako zein gehiagorentzako.

Atzizki ablatibo-genitibo hau sartaldeko euskal hizkeretan garatu da, ez beste euskal hizkeretan. Erdialdean –tako soila erabilten da balio partitibo horretarako: Gutako bat. Zuetako norbait. Ekialdeko hizkeretan, ostera, eredu zaharra gorde da. Hau da, balio partitibo hori ablatibo-atzizki soilaz markatu izan da, eta egiten da gaur egun be. Adnominal eginkizuna dauela be, Iparraldeko hizkeretan –etarik marka da tradizio osokoa. Axular, lekuko: “Aitzitik haur da nik nahi nukeien gauzetarik bat, ene enseiu aphur hunek kilika zinitzan eta gutizia, enseiu hobeago baten egitera eta ene hemengo falten ere erremediatzera.”

Sartaldeko tradizinoan be oparo iraun dau ablatiboaren balio partitibo horrek, Iparraldean legetxe, -etarik marka berorren bidez, beste euskalki-hizkera guztietan lez. “Esaidazu irurotarik edozeinek” itauntzen deutse Peru Abarkako Maisu Juan barberuak bere solaskideei.

Baina -tariko/-etariko be aspaldi sortua dala dirudi. Gure idazle klasikoen artean horren lekukotasunak badira, baina ez dira ugariak; mehats agiri da. Eta lekukotasun guztiok hitz kategoria pronominaletara mugaturik dagoz. Honetarikoak agiri da Juan Jose Mogel edo Frai Bartolomegan.

Sartalde-bizkaieraren ordezkari diran idazleen artean, Añibarrok badarabil honetariko, baina sarriago darabilz honeetarik bata edo bestea, bitarik bat eredukoak. Belaunaldi bat gerorago Juan Mateo Zabalak askoz ugariago eta kontestu gehiagotan darabil atzizki bikotxa. Besteak beste, horretarikoak, euretariko, zuetariko, zeuetariko, zeinetariko, lelengoetarikoak, bigarrenetarikoa eta gehiago.

XX. mendean asko ugaritu eta aniztu da atzizki honen presentzia euskal literaturan. Azkue, Kirikiño edo sartaldeko beste idazle askoren lanetara jotea nahikoa da, dinogunaz ohartzeko. Zamarriparenak dira ondoko esaldi biok. Bata: “Izartu zara? –esan eutsan behingoan lapurretariko batek, ardao usainez beteriko berbaots gogorragaz”. Bestea: “Eta Gantxo Pantzak afari bat emon deutso uri hatako jatetxerik dotoreenetariko baten. Eurok be dotoreak dira eta…, ez da mirari”.

Akabu aurreko zehaztasun interesgarri bat. Butroialdeko euskeran behin eta barriro entzungo dozuez honako berba moduak: Zetaringoa? Honetaringoa ala hataringoa? Gutaringoa eta ildo horretakoak.

Horren atzean atzizki zahar itxurako bat dogu: -tareango. Halanda ze, zetaringo < zetareango zaharragoaren ahozko errealizazinoa da; honetaringo < honetareango zaharragoarena. Eta bide beretik: persona-izenordainetan, gutaringo < gutareango, zuetaringo < zuetareango; erakusleetan, hataringo < hatareango, horretaringo < horretareango, eta bardintsu izenordain esparruko beste guztiak.

Arkaismo biziak dira Butroialdeko horreek. Itaun bat eragiten deuskue –taringo (< -tareango) atzizkidun hitzok. Bizkaiera sartaldean ablatibo-genitibo atzizki bikotxa zaharra dalako agiri garbiak ez ete dira? Holan bada, lehenago-lehenagoko mendeetarik letorke bizkaiera sartaldean atzizki bikotx hau, itxura bataz edo besteaz: -tariko formaz edo –tareango formaz.

Akaberako oharra. Erabili daiguzan ikara barik –tariko atzizkidun hitzak, ez bakarrik pronominalak. Bardin beste guztiak: ederretariko, umeetariko, dabilenetariko, egindakoetariko edo beste. Baina euren esangura berezi horregaz. Ez –lako, legezko, moduko eta modalidade hutsa adierazoten dabenen esangureaz. Batzuen eta besteen balioak garbi bereizirik baino.

 

Iturriko

2017-01-13

Ikusita: 481
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera