kontaktua
2017.02.03
11:03

“NonDIKOa dakazu zeure emaztia?”

“Frantzie kortekoa” ohi deritxon baladako pasarte batetik jasoak dira hitzok: “‑Nondikoa al dakazu zeure emaztia? ‑Frantzie partekoa, bai ama neuria.” dino Zeanurin jasoriko bertsinoaren kopla batek. Eta Dimako jatorridun Arantzazuko andra baten bertsinoak, ostera, beste era honetara: “‑Nondikua dakazu bai zeure andria? ‑Frantzie partekua, bai ama neuria”.

Itaunean “nondikoa”, erantzunean “Frantzie partekoa”, ez baina partetikoa, erantzun posiblea izan arren.

Non adberbioaren izenlagun naturala, berezkoa, nongo dogu, baina “nongo” horren aldamenean nondiko ere badogu: nondik ablatiboaren gainean -ko leku-genitiboa erantsirik, ondoreneko atzizki bikotxa -(n)diko dala kasu honetan, baina -tik ablatibo atzizki naturalaz -tiko emaitza daukana. Halanda ze, -tiko atzizkia eta honen aldaera fonetikoa, -diko, -n amaierako adberbio kategoriako hitzetan agiri danean: nondikoa, handikoa, hemendikoa, urrundikoa eta beste banakaren bat.

Gernikaldean behintzat sarri entzuten da hortiko, honetariko inguruneetan: “Busturi edo hortikoa izan behar dau gizonorrek”. “Lekeitio edo hortikoa dala pentsetan dot”.

Urrundiko, “urrunetik datorren” edo “jatorriz urrunekoa dan” norbaitez esatea edo entzutea normala da inguru berorretan: “Igual urrundikoak barik izan leiz holakoak esaten dituezanak” (Barrutia).

Nondiko, hortiko, urrundiko, leku-adberbioaz eregitako hiru hitzok norbaiten jatorria batzuetan, eta norbait nondik datorren edo etorria dan beste batzuetan, markatu nahi dabela esan lei: ez derriorrez, asabak edo aurretikoak nongoak zituan. Baina jatorriaz edo etorkiaz loturik egon daiteke atzizki hori. Halan, esango bagendu: “Familia hori Bermeon bizi da aspaldion, baina nondikoak dira eurok izatez?”.

Handikoa eta hemendikoa, sarri, “handirengo alderdian” edo “hemendirengo alderdian” dagoana seinaletako erabilten ditugu: “Han handiko kalean dago autoa aparkauta”. “Nik ez ditut gura honeek hemendiko lorak, han beste alderdian dagozan handikoak baino”.

Baina hemendiko (edo hemetiko), “hemengo inguruko, hemengo parteko” esangureaz be erabilia da: “Nik ez dakit zelan protestetan ez daben hori espainiarrak eta hemetiko espainiazale zentzundun guztiak” (Kirikiño).

Handikorik hortikora eta hortikorik handikora herri-esamolde bikainak ditugu.  Oskillaso idazlearen hitzez: “Patxi aitaren ondoan ibili zan goiz guztian handikorik hortikora ta hortikorik handikora.”  Norbait edo zerbait “edozelangoa” dala aditzen emoteko be Markinaldean hortikoz hemetikoa ohi darabile, Jabier Kalzakortaren esanetan: “Hori kategoriakoa dok. Hori ez dok hortikoz hemetikoa”, hori ez da edozelangoa aditzen emon guran.

Atzizki honek aldaera sendo bat be badauka erdi eta ekialdeko hainbat hizkeratan, -tikako dalakoa. Handikan, hortikan, geroztikan… euskerearen erdi-hizkeretan bizi da sendoen. Horren harira sortuak dira –tikako izenlagunak. “Geroztikako berririk ez dugu”, sartaldean “harrezkeroko barririk ez daukagu” esango gendukenaren lekuan. Gipuzkoar klasikoetan azterka apur bat egitea nahiko da gainetikako, geroztikako eta horretarikoakaz topez egiteko. Zerutikako ohi darabile idazle batzuk “sobrenatural” kontzeptuaren ordaintzat. Agirre Asteasuko, lekuko: “damu andiarekin daude oek; baina damu au da emengo kalteetatik sortua, ez zerutikakoa edo sobrenaturala”.

Leku-espazio eremu horren barruan -tiko horrek “alde, alderdiko horretako” esangurea be jagoten dau beste batzuetan. Eremurik ugariena dogu berau. Bat edo batzuk aitatuko ditugu.

Aurretiko esaldi honen barruan agiri da, kasurako: “Umeai, edo umeen aurretiko biraoak, edo etxean ipini daben bake txarra” (J.M.Zabala). “Umeen aurretiko biraoak” horregaz umeen aurretik edo aurrean esaten diranak esan gura da. Barrutiko izan daiteke edo barrutik urteten dauena edo barru partekoa.

Gainetikoa, gainean dagoana edo daukana.

Goitikoa eta azpitikoa be leku-eremuan eratorri ezagunak dira; “goitik datorren edo goian dagoan” eta “azpitik datorren edo azpian dagoan” zerbaitez edo norbaitez dihardugula. Kirikiñoren adibide hau balia bekit: “Goitiko indar hori barik ezin leike ezetara sinistu, ba, gure alderdi honek egin dauen aurrerea” (Aberriaren alde). Azpitikoa, mendekoa, agindupekoa esateko be finkatu da euskal lexikografian.

Kanpotikoa izan daiteke kanpotik datorrena edo kanpo alderdian dagoana edo daukana. Kanpotiko jentea, erbestetik etorritakoari esan leio, kasurako.

Albotikoa esaten deutse Lea-Artibai ibarretako herri batzuetan, ezkontza, jaunartze eta horren antzeko ospakuntza seinaladuetan albo-lagun izaten danari. Ezkontza aitabitxi edo amabitxiri albotikoak esaten deutse Aulestian. Jaunartze kontuan darabil Eusebio Mª Azkuek behin: “Zapatu baten joan zirean / abadea ta Maria, / albotikoak ta mutila, / isilik garda guztia / agertu barik eguzkiaren / zeru goienera argia.” (Parnasorako bidea).

Etxekonekoa eta albotikoa, biak esaten dira Ibarrurin eta Ajurian, teilatupeko alboko partean bizi diralak izentetako. (Ibarruri, Ajuria). 2 iz. alboko lagun edo lagunkidea; ‘acompañante’. “Lehenengo Jaunartzea parrokia barriztatuan egin neban, Jose eta Joseba albotiko nebazala” (Anjel.Ugarteburu_Berriatu). “Zapatu baten joan zirean / abadea ta Maria, / albotikoak ta mutila, / isilik garda guztia / agertu barik eguzkiaren / zeru goienera argia.” (Eus.Azkue Parnaso). “bere bakarreko orduetan, [neskatila hura] isileko eta amesetako albotikoa eginik zuen” (Laura.Uruburu). 3 iz. ezkontzako aitabitxi edo amabitxi; ‘padrino/madrina de boda’. “Albotiko eroan zindudazan zeu neure ezkontzan” (Aulestia. Jabi.Kalzakorta. 2009).

Denpora eremuko edo esanguradun eratorrietan, gure klasikoetatik behin baino sarriago agiri dan eratorri polit bat bertatiko dogu, “bat-bateko, derrepenteko”, izenlagun edo adjektibo modura agiri dana, eta gaur be baliagarri izan daitekena. J. M. Zabalaren lumaz: “bertatiko suari bildur andia, betikoari barriz bapere bildurrik ez”. Pedro Astarloarenaz: “eta alaintxe ilten bere oi dira, batzuk bertatiko aldi gexto edo akzidentiagaz”, “Emoten deutsa beste bati gatx bertatiko batek”. Gaztelaniaz “en un santiamen” esaten dana, bertatiko baten darabil Frai Bartolomek, gaur nekez onartuko genduken baieztapen honetan: “Moro loi ta odoltsuz estaldu zan geure erreinu guztia bertatiko baten”.

Goizetiko, uzta edo frutua urte sasoiz goiztarra danean erabilten dogu gaur be sarri: goizetiko sagarra, madariak, freskuak... Eusebio Maria Azkueren hitzneurtuz: “Jaten ikoak / goizetikoak”.

Halanda ze, ondo bereiztu ohi dogu zer dan goizekoa eta zer goizetikoa. Tradizinoz “goizegi, goiztarregi” eginiko zerbait adierazoteko erabili izan dogu hitz hau. XVI. mendean bertan, lehenengo lekukotasuna: “Beluko ezkontzea deunga, goxetikoa ez oba. Aldia gauzak daude, aroari jarrain gakiozan” (RS 440).

Aitamen berezia merezi dabe tipo honetako eratorri batzuek -z instrumentalaz, -en eduteko-genitiboaz edo beste erlazio-hizkiren batez aurreko izen sintagma bati dautsela daben erabilera ondo finkatuek.

Hasi gaitezan -z instrumentaldunakaz.

Berezgainetiko eta naturalezaz gainetiko hitz bikoteaz emoten deutso ordea P. Astarloak “sobrenatural” erderatikoari, damuaz diharduala: “Modu bitakua izan leiteke damu au; bata berezkua edo naturala; bestia naturalezaz, edo berezgainetikua, nai sobrenaturala”.

-z gainetiko dogu bat, zerbaiten gainetik dagoanaren balioaz. Juan Jose Mogelen berbaz: “Onek izan biar dau bada gure erregu guztiez gainetiko erregubak, ta gure lan guztiez gainetiko lanak”. Edo J.M. Zabalarenaz: “doe, izate edo bertute gure izatez ganetiko bat”.

-z goitiko dogu beste bat: “artu ebeen zerutik beingo baten miragarrizko jakiturija bat mundukuaz goitikua” (J.J.Mogel).

-z kanpotiko be ezaguna da, leku batetik kanpora egon edo bizi diranak aditzen emoteko: etxeaz kanpotikoak edo herriaz kanpotikoak, esaterako.

-rik garaitiko, “-rik gorako” esanguraz eta honen zentzunkide modura erabilia izan da: “eta guztiz sarri ta urteetako ekandu jarraituz legez izan badabee, esango dabee berrogei bider, ta arik gorakorik, garaitikorik, eztakie” (J.M. Zabala).

-en edute-genitiboagazkoak, aurrekoak baino ugariagoak dira. Halan -en aurretiko egituradunak: “Gurasoen izenean datoz lenengo-lenengo aita-amak eta euren aurretiko aasabak” (J.M.Zabala). Bigarren bat, -en gainetiko, “gainetik dagoana” esangureaz. Arantzazuko sermoitegi batetik jasoa da ondoko hau: “Dira ondasun batzuk espirituzkuak, prezijorik ipini ezin leikijenak ta edertasun guztijen gainetikuak”. Eta Pedro Astarloarena hurrengo hau: “Ezkutuba da, eta gure zenzun edo entendimentuben gainetikua misterijo beneragarri au”. Hirugarren bat, -en aldetiko, “-en aldetik edo partetik” esangureaz. Juan Jose Mogelen hitzetan: “Zuk ereitiagaz egin zenduban zeure aldetiko lana, gizonaren argaltasunak ta diabrubaren asmuak egingo dabee enparauba.”.

Esparru askotan erabili izan da –tiko hau, ez bakarrik sartalde euskeran, baina Iparraldeko tradizinoan be –Leizarragarenean lekukotasun ugariak ditu–. Batzuk uraz handikoak badira, beste batzuk uraz hemendikoak izan daitekez. Norbaiten amodio deklaratzea, kanpotikoa izan daiteke batzuena, azaletikoa, baina barnetikoa, barrutikoa edo bihotzetikoa beste batzuena. Norbaitek “inon diranak” entzun dituala esateko, inondikoak entzun ditualaa be esan geinke.

Hari luzea daukan matasea dogu hau. Eta gaurkoz be honenbestean.

 

Iturriko

2017-02-03

Ikusita: 299
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera