kontaktua
2017.02.17
11:10

“LasturrERA behar dozu, Milia”

Batek etxetik “urten dauela” esateko, etxetik atera da esaten da leku askotan urten/irten/erten erabili ordez, eta “urten” esaten dan lekuetan be “andreak etxetik atera dau“ esaten dakie. Atera aditza ate izenari -ra atzizki adlatiboa gehiturik sortua da, euskeran zaharra dan egitura bat sustrai dauela: norbait atera da horren atzean “atera joan|abiatu|zuzendu” datza, eta etxetik “atera dau” horren atzean “atera eroan” dauelako idea dogu oinarrian.

Goiburuko esaldian, Milia Lasturkoren eresi-ahapaldi batetik jaso dan horretan adierazoten dana da: “Lasturrera joan|etorri behar dozu, Milia”.

Berba baten: nora adlatiboko -ra atzizkia leku-izen bati dautsala eta izan aditzaren adizkia darraiola, mobimentu zentzuneko aditz-ekintza bat adierazoten da. Gehienetan “joan”, beste batzuetan “etorri” balioaz.

Leku-denpora kasuetako atzizkiak, bai non eta bai nora, ezagunak dira euskeraz izan aditzagaz lagundurik, mobimentu-aditzen balioaz erabilita. Non izan zara gaur goizean? itauntzen dogunean, norako osterea egin dozun itauntzen gagoz, nora egin dozun joan eta etorri. Plazan izan naz eta ezagunik ez dot ikusi dinogunean be, plazara joan eta etorri egin izana aitzen emoteko darabilgu. Non izan aditz-lokuzino hori gaur be bizi-bizi dogu euskal hiztunen artean.

Nora da Matxalen? edo Etxera nintzanean erako esamoduak, ostera, bakanago bihurtu dira gaurko hiztunen artean. Horreen lekua hartzera gaurko hiztunen artean beste aukerok etorri dira: Nora joan da…? eta Etxeratu nintzanean. Leku-izen bereziakaz be bardin jazo da. Bada Bizkaiko ume-kantu ezagun bat, “Katuen testamentua” bilduman Labayru Fundazioak jaso ebana (21 or.), eta Oskorri taldeak kantatu: “Txinkirrin kitxin atzo nintzen Bilbora, txinkirrin kitxin tomate berdetan”. Gaurko hiztunontzat errazago da: berandu Bilboratu nintzan bart esatea, berandu Bilbora nintzan bart baino. Halantxe bada, gaurko hiztunon eguneroko berbetan zeharo bakandu dira honelako klasikotasun dirdira daben egiturak, baina oraindino guztiz aldendu ez diranak, adin batetik gorako eta ibar jakin batzuetako hiztun sendoen artean. Dinogun hori on egiteko, dakarguzan hona oraintsuko lekukotasun batzuk.

 

Artibai aldekoak dira erabilerok. 1925ean argitaratu zan W. Rollo-ren Markinako hizkeraren gaineko monografia ezagunean, atze partean dagozan etnotestoen artean, Marixe Kobaukoren ipuinaren narratzaileak honako esaldia darabil: “[Igozko ikazkina] ikeztoira zanien, ara nun bere gaiñien zier goitik pasetan dan Marixe sue darixola”. “Ikaztobira zanean [ikaztobira ailegau zanean], hara non bere gainean zehar goitik pasetan dan Maria sua dariola”.

2000. urtean argitara zan Auspoa bilduman Tomas Gerrikagoitia bolibartarraren Arantza eta larrosa bizi-oroipen liburua. Geure egunotako idazle-kontatzailea dogu, beraz. Kontatzaile honentzat eguneroko esate modua izan da hau: “amaren arpegi gozua urriñera ikusi neban, eta, aita itxi urrin atzera eta bere besuetara nintzen” (17 or.) gogorazoten deuskuz umetako akorduak. Kontatzaile honen erabilera ugarien artean etxera nintzan da ohikoena. Adibide bat: “Etxe guztia astinduta, atestaua agiria egiten ebizan, ni etxera nintzaneko” (229 or.). Beste egitura interesdun batzuk: hara nintzan (hara joan nintzan), hurrera zanean (hurreratu zanean), kaminora nintzan (kaminora heldu nintzan), eta leku-izena aurrean dauela: Sondikara nintzan (Sondikara ailegau nintzan).

Denpora-izenakaz be, erabileraz urriagoa izan arren agiri da: “Uda azkenera ginan; da, bihar bitartetxue aprobetxatuez, Urkiolara juan ginan, amaren promesa betetera, etxera nintzanetik beti esaten egoan eta.” (117 or.)”.

Jabier Kalzakortak Markinan amari oraintsuan jasoa da hirugarrena: “Haren parera nintzanean…”, haren parean subertau nintzanean, adierazoteko. Eta Lekeition neuronek entzuna da beste hau: (Urlia) itxasora da.

Herri-literaturan, batez be hitz neurtuz edo errimadun jeneroetan, errastu ugaria itxi dau egitura honek. Errefrau batez abiatuko gara. Euskeraren sartaldean guztiz ezaguna dan bategaz. Jose Luis Lizundia euskaltzain-lagunak Abadiñon entzuniko erara: “Errezoie dekozu, baiña kartzelara biozu”, kartzelara behar dozu (joan beharra daukazu). Hara behar dozu, egitura zahar ezaguna dogu, aspaldiko idazleetarik irakurri doguna. Mogelen idatzietan era berberean agiri da: “Maixu Juan! Gauza bat esan biar deutsut. Olara biar dogu, ta bazuaz zeure soiñoko bitxidun ta ederrakaz, urtengo dozu sartu zinialako damubaz”, dinotso Peruk barberuari. Nahi edo gura aditz modalakaz lagundurik be era berberean erabili izan da.

Izan aditz iragankorraz be behin edo behin agiri da. Mogelen ildoari jarraituz, azeriek inoiz ardiak jateraino be heldu dirala esateko: “badira azeri zaar, azi ta bein ardi aragija sabelera dabeenak”, sabeleratu dabenak.

Adberbio galdetzaileaz lagundurik be, galdera erretorikoak egiteko, behin baino sarriago agiri da gure klasikoetan. Mogelenak dira: “Nora dira zure limosnak?”. “Nora da harako buru harrotu ta jasua?”, “Nora da zure antzinako amore itsua, egon ezin zinala bera ikusi gabe?”. Mogelek, alegien bertsinoan, da eta dau laguntzaile bitzukaz eregitako ereduak opa deuskuz: “O aaldi jaun ta aberatsa! Nora ditu berorren antxinako zidar ta urria erijuen tresnaa? Nora da arako buru arrotu ta jasua? Nun da orduko mardotasuna?”.

Herri-literaturako kopla zaharretarik beste eredu bi.  Lehenengoa, Ana Juanixe deritxon baladan, Bermeon jasoriko bertsino baten agiri dan hau: “Despedida gabien bere / txorruetara ginian. / Urragorrizko dxodxia bere / imini notsan bularrian”. Bigarrena, dantza-kopla bat Abadiñoko sanblasetako erromeria gogoan: “San Blas pasa dan urtean / Abadiñora nintzen ni, / denpora txarrak emonda / ondo ez nintzan ibili” (Arratiako Artean jasoa).

Egitura honen garapen sintaktiko bikaina darabil Aita Larramendik bere Andoaingo sermoian: haratzen diranak, hara iristen diranak adierazoteko: “anima aratzen diranak, zerura baino lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, ariñetatik ere, elur malota baino xuriago, orrako zeru urdin puska horiek baino xarmagarriago egin artean”.

Eta klasikoen hariari tenka, ezin aitatu barik itxi Lardizabal zaldibiarra. Honek, bere Testamentu Zarreko eta Berriko Kondaira liburuan egitura honen erabilera mordoa agiri ditu, askotarikoak eta baliotsuak, eta bere aldiko hizkera biziaren agergarri bikainak.

Gure klasikoen bideari jarraituz eta gure herri-berbatan hondino guztiz galdu barik dagoan egitura hau erabilteko gonbita euskerazaleoi, behinolako sermoilariaren berbak ahotan hartuz, zerura gura badozue, bestera bide okerretik dabiltzan askok presidioetara beharko dabelako.

 

Iturriko

2017-02-17

Ikusita: 197
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera