kontaktua
2017.02.24
09:15

“Enea NEURETZAT, / zurea BIOENZAT.” (RS 445)

Hamaseigarren mende hondarreko (1596) errefrau bilduma ezagunetik aterea da goiko errefrau hori. Gaurko erara esanda: nirea neuretzat, zurea biontzat (445). Beranduxeagokoa dan Oihenart zuberotarraren Proverbes bilduman beste hau dogu: “Erkida, berho xoriendako” (Oih. Prov 501), aditzen emoteko bere esanetan, jabe bat baino gehiagorena dan ereindako solo batetik txoriek etekin hobea ateraten dabela.

Errefrau bakotxaren atzean funtzino-marka bera dogu, aldaera banagaz. Lehenengoan -entzat, bestean -endako. Euskal deklinabidean kasu hori era diferentetara izendatu izan da. Gaur egun gramatiketan zabalen dabilen izendapena benefaktiboa dala esan daiteke, eta maila didaktikoan, ulerterrazagoa dan norentzat kasua. Baina bada beste izendapen bat, gitxienez XIX. mendearen aldi goiztarretatik datorrena eta oraintsura arte indarrean izan dana kasu honentzat: destinatiboa.

Baina norentzat kasu horretatik hur bada beste kasu bat, norako –edo nahi bada zertarako–, izen berori, destinatibo dalakoa emon izan jakona, eta izenkide izate horrek nahastea sortu dau gramatika mailan. Ignacio Omaetxebarria gernikarrak 1959an atera eban Euskera liburuan, gaztelaniaz honetara bereizten zituan: “destinativo” etxe-a-rentzat, jaun-a-rentzat kasuentzat eta “destinativo local” etxe-rako kasuarentzat. Baina erratubideak ez ziran guztiz aldendu horretara be. Halanda ze, gaurko ikuspegitik, biak banangoan aditzen emoteko, benefaktiboa ohi deritxo –entzat atzizkiari eta destinatiboa deritxo –rako kasuari.

Gaurko idatzian -entzat horretara zuzendu nahi dogu geure aditasuna.

Kasu bikotxa dogu: -en genitiboa eta –tzat prolatiboaren bakuntzaz sortua, norako kasuko –rako be –ra adlatiboaz eta –ko atzizkiaz garatukoa dan legetxe.

Aldaera nagusi bi ditu. Bata da –endako, -en genitiboaz eta –tako genitibo mugagabeaz sortua. Eta bestea da –entzako, non hiru atzizki alkartzen diran: -en + -tzat + -ko.

Halan bada, hiru era dira, norentzat, norendako eta norentzako, kasu honetarako. Baina marka orokorrena eta nagusia, euskal hizkera guztietan eta tradizinoan, -entzat dala esango dogu. Bigarrena, -endako, baztertuagoa da, batetik Iparraldeko tradizinora, eta bestetik bizkaieraren sortaldeko hizkeretara, Leniz-Deba ibarretara gaur egun, baina Durangoaldera eta Arabako lautadara be bai lehenago. Eta azkenez -entzako era hirukotx hori eremua irabazten joan da denporearen joanean eta euskerearen sartalde osora zabaldu da. Ahozkoan indar handia hartu dau, baina idatzizko tradizinoan eremu murritzagoan erabilia izan da.

Norentzat edota zerentzat ulertu daiteke dala kasu hau; hau da, gizaki-izenakaz zein hainbakoakaz, bizidun zein bizibako diran izen orogaz erabili daiteke. Izan daiteke, andrak > andrentzat, astoa > astoarentzat, mahaia > mahaiarentzat edota Bizkaia > Bizkaiarentzat.

Benefaktibo izena ez jako alperrik ipini, ze berorren ekarri semantikoa hori da: lotzen jakon izenaren mesedetan edo faboretan dala zeozer adierazotea. Mogelen esaldi hau izan bedi argigarri. Maisu Juanek bazkaria ordaintzeko eta neskameari saritzat ixten deutsan diru hondarra dala-ta: “Ona emen sei erreal, ta iru lauko geratuten direanak ixten ditugu Fraiskarentzat burukorratzetarako”. (PAb 27). Zerbait nori emoteko dan adierazpena egoten da sarri kasu horren azpian. Bela eta azeriaren alegian, idazle beronek idatzitako pasartea lekuko: “Beleak eskatuten eutsan bere gaztaia; baina azeriak erantzun eutsan, etzala eztia egin astoarentzat, ezda gaztaia bere astabarro edo tontotzarrentzat.”

Aspalditik datorren gramatika tradizino baten eretxia da, -rako bizibakoentzat dan moduan, -entzat bizidunentzat bakarrik dala edota biziduntzat tratatzen diranentzat. Lehenengoaren kasuan, norako bizibakoen eremurako dala egia da; eremu semantiko murriztua dauka –rako horrek, lekua, denpora edo ekintza dala: etxerako, urterako, beharrerako. Baina –entzat atzizkiaren kasuan ez daukagu horrelango murriztapenik. Bardin esan daiteke familiarentzat zein gorputzarentzat. Mogelek jasoriko errefrau batek on egiten dau dinoguna: “Gose onarentzat ez dago jaki dongarik”, gaztelaniazko “A buen hambre no hay pan duro” errefrauaren kidea. Osasunaren kontura darabil atzizki hau beste pasarte honetan: “Osagarri makal, indarbagako, luzabideak dakarrezanak, ta bardin osagille nagi, baldan ta ardura gitxikoak, ez dira benetan egoki ta adiutuak neure gatxarentzat”. Mikoleta bilbotarrak beste berbok darabilz osasunaren kontura: “Zerren dinoe doktoreak, goxeti jaigitea dala ona osasunentzako.” Hau da, gaur leku askotan esango genduken modu-moduan. Frai Bartolomeren idatzietatik hautu dogun beste pasartetxo honek be balio deusku: “Aberastu gurearentzat tratua okasinoia da. Andigurearentzat dirua okasinoia da”.

Izan dira proposamen bat edo beste, -entzat eta –entzako, biak erabili ahal izateko araubidea ondokoa dala. Adizlaguna danean, -entzat. “Norentzat erosi dozu ardaoa? Aitarentzat”, eta adnominala danean –entzako. “Aitarentzako ardaoa da erosita daukadana”. Asmo hori polita da eta logika handikoa, baina alderdi batetik egiten dau erren: ez dala inon bere bigarren egitura hori erabilten.

Adnominal modura –entzako erabili izan dan eta leku batzuetan hondino be erabilten dan kontestua, -a mugatzailea beregantzen dauenekoa da. Mogelek eleiza katolikoa euskeraz esateko guztientzakoa idatzita itxi euskun: Eleiza Ama santa guztientzakoa edo katolikea. Gaur egunean be Markinaldean bizirik dirau hondino sintaxi eder honek: Honeek kokoteok zeuentzat eta guretzat hartu ditut. Zuentzakoak hartu dozuz?.

Norendako, zerendako era horri buruz azken ohar bi. Labayru Fundazio honek, lehenagoko Ikastegiak, 1989. urtean oker ez banago, Derioko Ikastaroak sortu zanetik hogei urte beteten zituala hots egiteko, lema honegaz iragarri eban hurrengo Ikastaroa: “Hamar urte euskerarendako”. Lema horren bidez gure euskeran sustrai zaharrak daukazan –endako atzizki horren bidez gure euskerearen sustrai zaharrez omen egitea bilatzen zan bide batez. Eta aitatzekoa da, gaur egun Durangoaldean erabilten ez bada be, XVII-XVIII. mendeetan eurrezean erabilten zala. “Uste dauela daroeala dote andi bat umeendako” idatzi eban behinola Kapanaga mañariarrak. Eta askoz antxinatikoagoa da, ganboar-oinaztarren arteko liskar odoltsu zaharren oroimenaren hondar legez geratu diran eresi zahar kopla bat: “Ala Zalagarda / Zalagarda mala, / Zalagarda gaizto / Oiñaztarraondako”.

Idatzi dodan hau zuendako, irakurle guztiondako da, baldin irakurteaz esker onik emon ahal bazeuntsoe.

 

Iturriko

2017-02-24

Ikusita: 187
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera