kontaktua
2011.06.12
22:00

San Antonio Urkiolakoa

Bizkaian San Antonio leku askotan ospatzen bada be, entzutetsuena, dudarik barik, Urkiolakoa dogu. Ekainaren 13an da San Antonio Paduakoaren jaia, eta gure inguruan tradizino handia egon da egun horretan, eta ondoko astegoienean, hara joateko. Urkiolako erromerietan, ganera, Bizkaiko jentea ezeze, Gipuzkoa eta Arabakoa be asko batzen izan da, baita Nafarroakoa be.

Egunean berean jaia egiten da eta hurrengo domekan San Antonio txiki edo errepetizinoa.

Lehenago ohitura zabala zan bezpera gauean erromes joan eta eleizan bertan bijilia egitea, Paduako San Antoniok Urkiolan igaro eban gaua oroitzeko edo.

Erromeria horretan maya edo jai-arbola, doniena be esaten jakona, ipinten ei zan aspaldi baten. Ohitura hori zabal-zabal ibili da gure artean, lekutik lekura jaietan, sanjuanetan edo maiatzean egiten zala. Horrez ganera, jasota dago zezenketak egiten zirala eta inguruetako dantzariek parte hartzen ebela.

Gaur egun ospatzen da hondino, mezatan eta dantzarien ikuskizunagaz.

Gure folklorean sano ezagunak dira Urkiolako San Antonioren koplak, hona horreetarik batzuk.

 

Aite san Antonio

Urkiolakoa,

hamaika neska-mutil

buztartutakoa.

 

Askok egiten deutso

san Antoniori,

egun batean joan

ta bestean etorri.

 

Urkiolara joanda

zapatak apurtu,

aite san Antoniok

barriak eingo’itu.

 

Durangon bazkalduta

Mañarian gora,

aldats haundia dago

san Antoniora.

 

Durangon bazkalduta

Txakurzulon gora,

abarka sopitxea

ipurdian gora.

Ikusita: 2733
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera