kontaktua
2017.04.12
10:14

Armaginak

Eibartarrak goiztarrak izan dira industria-langintzetan, txirrinduak dirala, josteko makinak dirala, motorrak dirala, eta danaren gainetik armaginak izan diralako. Ibar estua eta luzea, eremuz urria, baina jente bizi, eragin eta ekinaren sorlekua; ekimen handikoa. Bizimodua aterateko, irudimena bizitu behar. Armagintza izan dau Eibarrek, herri eta erbeste aspaldiko denporetatik ezagun eta erreferentziazko bihurtu dauen langintzea.

Gaztelaniaz villa armera izena emon izan jako, eibartarren armagin langintza horregaz baliatuta. Kirol kontuan Astelena pelota-lekua izan dau beste ikurretariko bat, eta azken aldion futbolean be gorengo mailara diranetik, futbol taldea be armagin bihurtu da, eta futbolariak armaginak, bardin da bertako hurrekoak edo urrunetan jaioak diran.

Atzizki modura -gin atzizkia zaharra eta nonnahikoa dogu, hitz barrien sorkuntzan -gile atzizki bikuna eta seguruenik berankorragoa ernaltsuago agertu bada be gure aldian, berariaz hitz barrien sorkuntzan, batez be erdialdeko hizkeretan irabazi dauen nagusitasunagaitik.

Atzizki bion arteko lehia hitz eratorri askotan da ezagun: ongin/ongile, gaizkin/gaizkile, berbarako.

Esangura bereko eratorri sinonimo bi ditugunean atzizkiotariko bategaz eginda, jeneralean -gin agiri da bazterretan –bizkaieran edo Iparraldean sarritan– eta -gile erdialdean. Joerea hori da behintzat: behargin esaten da sartaldean eta langile erdi- eta ekialdeetan.

Lan oin-izenaz eratorri biak sortu izan dira, langin eta langile, baina denporearen joanean bigarrena nagusitu. Bestetik, lana esateko, behar izena be lehian sartu zan aspaldi. Esanguraz bereziak izan arren lehenagoan, denporeak bardindu egin zituan euren esangura nagusiak; eta kontzeptu bera adierazoteko, “trabajo”, bata edo bestea erabilten dira han edo hemen; biak leku berean nekez. Lan egiten dauena langile bihurtu da, eta behar egilea behargin.

Langin eratorri zaharra, ostera, eremuz murrizturik bizi da, baina guztiz ito barik horraitino. Hondino be bizi da, eta bizi leiteke, lanbide bateko “ofiziale” adiera zaharraz. Arabako lautadan, Landucciok dakarrenez, gizon langina esaten zan, ofizioduna adierazoteko. Langin obraria esaten zan Iruñerrian be “cofradía” esateko. “Langinak, prestitu jateko aginak”, inoan Bilbo aldeko berbetan aspaldiko RS-ko errefrau batek be (204). Gipuzkerazko idatzietan be –Goierri eta Urola aldeko hizkeretan– langin ondo agirian daukagu. Otxoa Aringo, Ordiziko apaizak honelan idatzi eban bere dotrinan: “Bere kriaduai eta langinai zor zitzaten soldata edo jornala, pagatu zeikealarik, eutzi ote zien tenpora luzean pagatu bage”. Lizarraga Elkanokok, Iruñerriko hizkeren lekuko segurua zanak honako errefraua jaso euskun: “Nolakoa langina, alakoa lana”, eta dotrina-liburuetariko baten, pasarte baten, beste hau: “Langin gaistoendako lan guziak dire gogor latzak”. Iztueta zaldibiarrak “beren erriko langin maisuak” aitatzen ditu, “ofizialeak”, esateko berba batez. Eta Xabier Munibekok, Azkoitian erroturik, beste taiu batez darabil langin, adjektibo kategoriaz, bere Gabon Sarietan: “Aitzur, burdin-ara ta / golde biurturik, / nekazari langinak / ongi giaturik”.

Lanbide esparrurako, izenen gainean eregirik, atzizki emonkorra gertatu da, eta ez gitxi tradizinoko edo lehenagotik datozan lan-jardueretarako. Jarduera batzuetan ziharduen ofiziodunak guztiz ezagunak ziran lehenago. Ikazkinaren lanbidea, ikatz egitea, langintza gogorra; basoan egon behar luzaroan txondorra jagoten; eta jatekoa halamodukoa: Ikazginaren lapikotoa, handia baina harroa, zan Arratiako esakerea. Harginak, harria lantzen ekienak, etxe edo eraikuntza bat egin orduan langin estimaduak ziran. Etxegintzari atxikirik bizi ziran teilaginak be, teila bako teilaturik nekez egon eitekelako.  Iturginak ziran ur-ekarte azpiegituren egileak: iturrien, hodien eta enparaduen. Artzainak gaztaeginak edo gaztanginak ziran halabeharrez, bizimodua aterako baeben. Bizargina edo bizargilea eritxon barberu ofiziodunari. Dirugin faltsoentzat heriotza zigorra egoan. Lugin eta luebagin izenak be emon jakoz nekazariari, gaur nekez entzunak badira be, ekialdean laborari deritxonari. Zamargin edota narrugin jarduera be ohikoa zan lehenagoko gizartean. Esaera zaharrak dinoan lez: Ze langintza zamargin; bizarrak bizarra eragin, edota: beharrak beharra eragin. Gerragin izenaz ezagutzen ziran lehenago, gerora “gudari” edo “gudukari” lez izentau izan diranak.

Metala lantzen ebenen artean ezagunenak burdinea lantzen ebenak ziran kontizu: errementari, “arotz”, burdingin edo burnigin eta sugin izenaz be ezagutuak. Otxandioarrek euki dabe sugin onen ospea, eta Martin(txo) mito-pertsonaiak be sugin onaren entzutea eukan. Bada esaera bat, Zeberion jasoa: “Egur eskarmentadua, sugin ona”. Burdineaz egiten ziran untzeak be, eta langintza horretakoei untzeginak esaten jaken: “Errementaria, untzegin begigorria”, Zeberioko esaera baten arabera. Baina metal finagoak be baziran, urrea eta zidarra, hatan be. Eta metal preziatuon langinei urreginak eta zidarginak eritxoen. Durangoko “plateru” eta koplari ospetsuei zidarginen izena be egotzi izan jake.

Zura lantzen dauenari zurgina ohi deritxo Nafarroa aldean, sartaldean “arotz” izenaz ezagutzen bada be. Basoan egurra egiten dauenari egurgin deitu izan jako sarri. Halan aztertu zituan Joxe Miel Barandiarangok “Egurgin eta ikazkinen txabolak”, bere ikerlantxo baten.

Pintatzeko edo margotzeko ofizio dabenei pinturagin be esan izan jake, izen ezagunago bihurtu badira be pintore edo pintatzaile hitzak ofizio honetakoentzat.

Iztueta zaldibiarrak tonelginak, zapataginak eta beste ofizio jakinak zerrendatzen ditu bere Dantzen liburuan: “Itxas gizonak, dendalariak, tonelginak, ermentariak, zapataginak, eta beste gainerako anaikide edo kofradiak zituztenak, nork bere langintzako done edo santuen egunetan, egin oi zituzten guziz dantza aundientsu anitz eta txit pozkarriak”. Idazle berberau da, medikuak izendatzeko, osagile ezagunagoaren ondoan, sendagin eratorri bikaina be sarriro darabilena.

Kapaginak be baziran, antza, soinerako kapak egiten ebezanak. Iztuetak kantatzen dauen ofizioa: “Gozo edo mina / Martin danbolina, / arturik berekin / Errikardorekin / dantzari arina / omen da kapagina,/ Juan Martin; / nik ori ongi jakin.”.

Zuzenbidearen arloan, legeak egiteko ardurea dabenei legegin izena emon izan jake, gaur gehiegi entzuten ez dan berbea. Frai Bartolomeren lekukotasun bi; bata: “Egia da, legeginak libretan ditue peria batzuk, tratu bakotxeko auzi bat izan ez dedin”. Bestea: “Augaiti Jaungoikoaren aginduak eta munduko legeginenak ez dira bat.”

Emakumeen ofizioak be ez dira atzetik geratzen. Joskin edo joskilearena dogu beharbada emakumeen lanbiderik ezagunena. Ogigin eta bitxiginarena be andrazkoena sarriago. Esaera zaharrak dinoan lez: Maria bitxigina, sua da ogigina. Ezkontzaginak be emakumeak izaten ziran batez be. Bogadaginak be andra sufrituak gehienetan. Gure sermoilari batek behin aitatzen dau urlia bategaitik: “Zan au ama pobre, mee, bogadagin baten seme”. Emaginarena izan dogu ezinbesteko jarduera gure gizarte zaharrean. Lardizabalen Testamentu Zaharreko historiako hitzak gogorarazoaz: “Faraonek gizonari gogoak eman al dizaiokean asmorik gaiztoena artu zuen. Israeltar emakumeai aurgiteko orduan laguntzen ziezten emaginai agindu zien, sabeletik irten eta bereala aur-seme guziak il zitzatela, alabak baizik biziarekin inor utzi gabe”.

Atzizki honegaz, -gin atzizkiaz, izen kategoriez gainera adjektiboak be oparo sortzen dira euskeraz. Ongin entzun eta idazten zan lehen sarri, gerora ongile nagusitu bada be. “Adierazo egiezu gure ongin guziai gure borondate ona”, idatzi eban Xabier Maria Munibekoak bere Gabon Sarietan. Ongile hitzagaz txandaka ongin be sarri darabile Mogeldarrek. Alegietariko baten, honelan: “Dakus katigu dagoala bere ongina, edo leoe, len gatxik egin ez eutsana”. Eta horren antonimoak, kontrako esangurak azaltzeko, gaizkina dogu ezagunena, gaitz/gatx adjektiboaren gainean, eta horren erdi-bikia dan gaiztagin, gaizto adjektiboaren gainean. Frai Bartolomek pasarte hau itxi euskun idatzirik: “Juezak aginduko baleutsa gaisginari, ze lapur, ze gizon-iltzaile, ze gaiskin izango litzateke, guztiak esango ez litukeana?”. Eta gaurko berbetan, Uribe hegoaldeko herrietan sarri entzuten da txargina. Hurreko esangurea dau, kalte izenaren gainean sortu dogun kaltegin berbeak be.

Gorago aitatu dan gerragin, gerra egitetik bizi dan gizakia adierazoteko ezeze, beti gerran dabilenaren kualidadea adierazoteko be erabilten da. Auzkina, beti auzitan edo auzi bila dabilenagaitik esaten dan modura. Eta bakegina, ostera, gerraginen artean bakeak egiten dabilen arartekoagaitik esan leiteke. “Ta guztiok dakargu geugaz amaren sabeleti, arako “fomes” esaten jakon arimearen kontrako gerragin andia”, idatzi eban Frai Bartolomek.

Norbere kapritxoak edo gura dauen guztia egiten dauenagaitik burugina dala esan ohi da; eta norbere buruzalea, ni-zalea danagaitik be burugina dala esaten dabe Markinaldean. Emakumeen erruki handirik ez eukan, edo aurreretxi sustraitsuak bazituan behintzat, harako sermoilariak, idatzi ebanean: “Badaukazu emazte barritsua, zitala, temosea, alperra, burugina, ardurabagea, errazoe minberak arpegian esaten deutsuzana, bere adiskidiai zuri baino arpegi argiagoa erakusten deutseena... sinistu daikezu zeuk ezkondu orduko beragaz egin zenduzan pekatu loien kastigua dala.”

Frai Bartolomeren esaldi bategaz amaiera emongo deutsagu jardun honi: “Urreginak edo zidarginak sutan ugar guztiak kenduten deutsazan legez urreari ta zidarrari etxura ederra euki dagien, alan Jaungoikoak gatxagaz, penagarriagaz ta naibageagaz garbituten ditu bere adiskiden arimak pekatuak ezarritako ugarretati”.

Iturriko

2017-04-12

Ikusita: 155
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera