kontaktua
2017.05.05
10:13

-XE eta –TXE atzizki indargarri edo txikigarriak

Euskerazko atzizkietan era askotakoak dagoz, baina batzu-batzuetan jarriko dogu oraingoan arreta. Zerbait, norbait, egoera bat, modu bat edo dana dalakoa hanpatzeko, indar apartekoz seinaletako erabili ohi diranak, eta batzuetan balio txikigarriz edo adierazkorrez markatzeko.

Gramatikan “graduatzaile”, “mailakatzaile” eta antzeko izenak emon ohi jakez honetariko atzizkioi, nahiz sail edo kategoria horretan, atzizkiez gain, osterantzeko hainbat marka be sartzen diran.

Ezagun eta zabal dabilzanak ditugu eurotariko batzuk: -xe eta -txe, berbarako. Eurokin abiatuko gara. Atzizki biok bat dira berez: -xe da oinarrizko erea, berariaz bokal ostean darabilguna, eta -txe aurrekoaren era indartua, afrikaria, kontsonante batzuen ostean (-n, -r) darabilguna.

Erakusle kategoriakaz darabilgu gehienetan: hauxe, horixe, haxe, euren pluralakaz: honeexek, horreexek, hareexek, eta kategoria eratorri batzuetan, berariaz adberbio kategoriakaz: lekuzkoak: hementxe, hortxe, hantxe edota honaxe, horraxe, haraxe; denporazkoak: oraintxe/ointxe/hontxe, orduantxe/orduxean edo bertatixe. Eta moduzkoak: holantxe/holaxe, halantxe/halaxe, euren aldaera guztiekin.

Zertarako darabilguz hiztunok atzizkiok? Zer eransten deutsie oinarrizko hitz-formei? Hau esatetik hauxe esatera diferentzia garbia dago seinalatzeko moduan. Hauxe izan da, Horixe gura neuke edo Harexek esan dau dinodanean, berariaz markatzen ditut hau, hori eta ha. Esatea lez, hau eta ez besterik, hori eta ez besterik, harek eta ez bestek.

Erakusleon oinaz sorturiko adberbioekin be beste hainbeste. Hementxe egon da edo Hortxe ipini behar da seinalea edo Hantxe dago gure autoa dinogunean, justo hemen, justo hor edo justo han esan gura dogu; ez honago ez horrago, ez honatxoago ez horratxoago, ez honantzago ez horrantzago.

Erakusleak adberbio kategoria lez finkatzen ditugun neurrian, -xe atzizkia kasu-atzizkien ondoren ipinten da. Erakusle plurala inesiboan dagoanean, hone-xe-tan, horre-xe-tara, hare-xe-tatik eregiten ditugun legez, -xe- oinaren eta atzizkiaren erdian ipinirik, adberbio kategoriara dakarguzanean, atze-atzean kokatzen dogu –xe. “Hatantxe nabil”, “Bertantxe bizi da”, “Orduak sartuta, hataraxe ikasten da”, “Bertokoxeak gara”, “Bertaraxe joan zan”, “Bertatixe osatu zan”.

Denpora arloan be beste hainbeste jazoten da. Oraintxe dator dinogunean, bere-berehala esaten gagoz. Orduantxe ikusi genduan, edo orduxean agertu eban egia dinogunean, lehenagoko une jakin baten, momentu jakin baten ikusi genduala urlia, edo esan ebala egia, esaten gagoz. Bertatixe hil zan dinogunean, momentuan bertan hil zala esaten gagoz, puntu-puntuan. Kasu-atzizkiak beti atze-atzean: “Oraingoxe modak dira horreek”, “Oraindixe dakit etorriko ez dana”, “Ordukoxe kontuakaz dabil”, “Orduxera arte konturatu barik egoan”.

Moduaren eremuko adberbioetara bagatoz, halantxe eta holantxe ditugu era laburrean, halaxe eta holaxe batuz, sarrienik euskera landuan hiru gradutan emoten diranak: honelantxe/honelaxe, horrelantxe/horrelaxe eta halantxe/halaxe. Posposizino indartu bat be garatu da aurrekoen harian: lantxe. Errefrau ezagun baten agiri jaku berau: Gabon bonbon, Natibitate ase ta bete, Sanestebantxe, bestetan lantxe.

Honen ildokoak dira adnominalak be: hiru gradutan, honelakoxe, horrelakoxe, halakoxe, eta gradu bitan, holakoxe eta halakoxe. Lantxe atze-hitzak baino garapen oparoagoa ezagutu dabe postposizino legez lako eta lakoxe hitzek: Morroi hau hatxa lakoxe gogorra da.

Adberbio modalak, bizkai sartaldean batez be, beste egitura honegaz be eregiten dira: honetara, horretara, hatara (haretara), eta horreen hiruron era indartuak –xe atze-atzean dala: honetaraxe, horretaraxe, hataraxe.

Postposizinoen hariari jarraiki, ezagunak ditugu bezala eta honen era indartua, bezalaxe, sartalde-euskeran be bere kide ezaguna daukana: legez > legetxe, era modernoan lez > letxe.

Zenbatzaileakaz be erabili izan da –xe atzizkia lehenagoko denporetan. Eresi zahar baten berbak jatorkuz gogora: “Arren etxozu orain, osaba. / Bixeok justa gaitean” (Errodrigo Zarateko). Bixeok hori biok esateko modu intentsiboa da: bi-biok esango bagendu lez.

Pertsona-izenordainekin be erabili izan da atzizki hau, bakan agiri da baina. Lazarragaren poema bateko hitzak dira ondokoak: “solas daigun / geurtxeok biok bakarrik”. Gaur esango gendukena: geuk-geuk bakarrik. Ataun aldean oraindino be jente edadekoak honetarikoa erabilten ditu: Hori nixeonek entzuna diat.

Izen, adjektibo eta kategoria nagusikoak diran hitzekin –xe atzizkiaren erabilera atzeraka joan da euskeran, batez be sartaldean. Erdialdean eta ekialdean askoz biziago dirau atzizki honek.

Zenbatzaile batzukaz erabilia da gitxi-asko, baina –txo/-txu atzizkiak jan deutso eremua. Gutxixe, gutxixeago, gehixeago ezagun samarrak dira. Adjektibo askogaz be bai: handixeagoa, txikixeagoa, hobexeagoa e.a.

J. M. Zabala bilbotarraren erabilerak dira ondokoak. Luze adjektiboaz: “abarkak giputz josten doguzanean, arin kendu daroaguz eskuarterik; baia izurrean polito egin gura badoguz, luzexeago euki bear izaten doguz”. Aurrera eta urten adjektiboakaz: “baia osaba-izeko biak gura  eukeen munduko gauzeetan aurreraxeagoa ta urtenxeagoa”. Astiro adberbioaz: “Alan bada, onen ganean astiroxeago egin bear deutsuet”.

Atzizki honek iraunean dirau indargile edo intentsitate-emoile dan ginoan (horixe, hortxe), baina balio txikigarriaren adierazle modura eremua galtzen doa igarri-igarrian, -txo/-txu atzizkiaren mesedetan.

Izenagaz bizirik dirauen apurra lexikalizaturiko hitzetan dirau: aitaxea, amatxea, artatxea eta beste gitxi batzuetan. Baina adjektibo, adberbio eta zenbatzaile kategorietan be guztiz erabilgarria da, batez be geure hizkuntzari estilo berezia txertatu gura deutsagunean. Gomendio antzeko eretxia.

 

 

Iturriko

2017-05-05

Ikusita: 150
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera