kontaktua
2017.05.11
20:40

-SO, -SE eta beste graduatzaile batzuk

Atzizki adierazkorretan, batzuk zahar kutsukoak dira duda barik. Horreetarikoa dogu –so atzizkia.

Atzizki hau eremu diferenteetan eta zeregin diferenteetarako erabilirik dakusku euskal eremuan barrena, baina orohar euskerearen eremu osoan agiri da modu batera edo bestera.

Iparraldean ahaide-izen batzuetan agiri da: aitaso eta amaso –batzuetan bustiduraz, aitaxo eta amaxo aitita eta amama izendatzeko, beste leku batzuetan aitaxi eta amatxi agiri diran moduan. Eta ilabaso eta haurso, iloba esateko.

Pertsona-izen zahar batzuetan dokumentaturik agiri da, edo izen legez edo goitizen legez. A. Irigoienek hipokoristikoei buruzko ikerlanean agiri zaharretatik jasorik aitatzen dituenetarikoak dira: Pero Urdinso (1355), Semenso (1173), Iaunso (956), Nunuso (1053), Nafarroako eta Valpuestako dokumentazinoan.

Atzizki txikigarri adierazkorra dogu goiko erabileretan –so atzizkia, -se, -xe,-txo/-txu eta beste batzuk ditugun antzera.

Baina -so horrek, izen berezietatik kanpo, euskerazko hitz arruntetan iraun dau, batez be euskera zaharrean, baita gaur egungoan be bai modu batera edo bestera. Berariaz -la atzizki adberbialagaz batera, laso eta lasoko hitzetan. Postposizinoak ditugu laso eta lasoko, legez eta lako/lango diran antzera. Berezitasuna da azken biok baino askoz zaharragoa dala laso kategoria horretan. XVI. mendeko errefrauetan behin baino sarriago agiri dana, edo mugagabez (laso) edo mugaturik (lasoa), edo izenordain bategaz (hi) edo izen mugatuakaz (burua laso, herrikoa laso, ekosaria lasoa: “Olaso, gitxi batzuk i laso. // Olaso, pocos son como tú” (RS 88); “Hurrungo insaurra burua laso, / jarregin ez ekida errikoa laso. // El nogal de lexos como la cabeza, / mas no la hallé como la de la patria” (RS 344); “Gizon gazteen gogoa / ekosaria lasoa. // El pensamiento del hombre joven, / del tamaño del haba.” (RS 413).

Azkuek bere Euskalerriaren Yakintza-ko errefrau-bilduman goiko horreetariko baten antz-antzekoa jaso euskun, baina era honetara: “Asaoko intxaurrak lau laso, etzan sortu hurrekoa laso” (1964 znb.). Asao horrek argi salatzen dau Butroialde horretan jasoa dala errefrau hori.

Baina bere Morfología-n (129-130) atzizkien artean (“afijos”) saialkatzen badau be, “derivativos específicos” atal barruan hain zuzen, laso postposizinoari baino, lasoko honen adnominalaz emoten deusto lehentasuna. Adibide bat eskeintzen deusku: Geu lasoko bat, eta aurrerago azaltzen non dirauen bizirik: “este lasoko sinónimo de lako y lango se oye corrientemente en las cercanías de Munguia”. Zehaztasun hori egia da berez, baina ez dakit osoan ala erdizka.

Butroialdeko, Uribekostako eta Txorierriko herrietan gaur egun entzun daiteken hitza, lasoko baino gehiago, lase eta laseko diralakoan nago. Laso, morfologia horregaz, ez da hain entzuna. Meñakan jasoak dira ondoko esaldiok, lase eta laseko persona-izenordainei dautsela erabiliak: “Ez dot ezagutzen beste bat zu lase bizi danik”. “Ni laseko egoeran ez zara subertau zu”. Eta hortxe herri berorretan hainbat sarriago entzun dodan hitza da zelaseko (zer laseko), baina harridura zentzuzko esaldian, ez itaunezkoan: “Zelasekoa zara baina!” “Ez dakizu zelaseko etxea erosi dauen!”.

Aldaera bien artean, laso zaharragoa dala dirudi, testu zaharretako lekukotasunei jaramoten badeutsegu. Baina lase eta laseko postposizinoetan atxikia agiri dan -se atzizkiak be zahar antz garbia dauka, idatzizkoan gerizarik erakutsi ez arren; hau da, -xe bustiduradunaren aurretiko zaharra dogu, itxurea.

Laso eta lasoko postposizinoek, dana dala, ez dabe tradizino idatzi modernoan oihartzun modurik izan. Azkuek, bere hiztegian eta morfologian aitatu eta jaso arren, ez darabil Latsibi elabarrian, nahiz obra hau Mungialdean erroturik egon bete-betean. Zamarripa txorierritarrari be ez deutsagu honen lorratzik aurkitu. Lauaxetari be ez.

Otxolua mundakarra dogu salbuespena. Bertolda eta Bertoldin italieratik eginiko berekasako bertsinoan darabil, hatan be, laso funtzio adberbialaz, legez, lantxe modura: “—Estaldurik dagoan txingarra laso: ganeko hautsari bero iraunazo”. Baina Otxoluaren iturria kasu honetan ez da herri-hizkera. Refranes zaharretik jaso eban, Azkue zubi dala, beste hitz zahar bitxi askogaz egin eban antzera.

Bada beste berba bat, Arratia eta Nerbioialdeko herrietan bizirik dagoana, non laso hori lexikalizaturik gorde dan alaso eta alasoko berbetan. Zeanurin, Orozkon, Zeberion… aloso eta alosoko entzuten dira hondino, hizkera horretako klasikoetan alaso eta alasoko ziranak. Ha erakusleari laso erantsirik sorturiko hitz lexikalizatua, adberbioa lehenengoa, adnominala bigarrena.

Añibarro eta J.M. Zabala dira tradizino idatzian hitz honen berme nagusiak. Añibarrok bere hiztegian jasorik dakar hitz hau, alazo itxurapean. Esanguraz, egoki, eraz: “LINDAMENTE: […] b. alagala, galanto, alazo.” (98), “ME BIENE PINTADO: c. ederto, ederki datort; b. alazo.” (127), “A PROPOSITO viene eso: b. alagala, galanto dator ori, alazo dator.” (134). Zabalak: “oparo jan, galanto edan, ederto jantzi, eta alazo biziteko, guzurragazko eskritu batek, edo tragu bat ardao bategaz irabazten direan testigu batzuk egiten dabe guztia ta”.

Alasoko adnominala be bai. Añibarroren idatzietan: “Dietea edo gitxi jan-edatea da ain ontsua ta osasun-emolle alasokoa”, “liburu santuak dira zeruko su ederra biotzean biztuteko suarri ta kaltzeru alasokoak”. Zabalarenetan: “Zelango etxeak bereak andi ta alasoko galantak!”; “il egizue txalik gizenena, bada gaur alasoko konbit bat egin bear dogu”. Autore modernoetan barriro be Otxoluagaz topo egiten dogu. Honek be, aurreko autore biek legez, alazo grafia darabil, Añibarroren lorratzei jarraituz. Lexikalizazinoaren ondorioz, laso postposizinoagazko kidetasunik ez baleu lez. Esaldia: “atsedenez eta pozik urte luzeetan alaso zeu bizi izatea”.

Graduatzaile txikigarri txistukarien artean, aurrekoez gainera, aipu laburra merezi dabe –txa eta -txi atzizkiek be. Lehenengoa, -txa, izen eta adjektiboei dautsela dakusku hitz batzuetan.

Izenetan, neskatxa, guztiz ezaguna euskerearen eremu zabaletan. “Hau da gure neskatxie!” esaten eutsan izeko batek bere lobeari, Muxikan bizi, baina Munitibarrekoa etorkiz. Eusebio Mª Azkuek bertsoz ezarri dauen errefrau baten hitzak dira: “Neskatxa gaztea, edo eulea izaten da, edo joskilea” (esaera. Eusebio Mª Azkue). Burutxa, burutxea esaten deutsagu artaburua garandu eta ostean gelditzen dan zotz modukoari; Azkuek “espiga desmazalada de maíz” argibidetzen dauena; sugarritzat onak izan dira, barriz, burutxak! Garitxa dogu beste hitz ezagunetako bat, “garatxa”, “garatxoa” aldaerak dituana, “enorra” be esaten jako. Azkuek Markinan jasoriko adibide bi: “Garitxik aina galgarau arripean”; “Garitxa kentzeko, sedazko albainutxoan lotu ta ebagi egiten da”. Biga gazteari bigantxea esaten jako leku askotan. “Daukaguz bigae bat, bigantxa bi” azalpena emoten deutso Peru Landetakok Maisu Juani, Mogelen Peru Abarkan. Lumatxa izena be badogu: lumaz beteriko zorro zapalari esaten jakon lehenago, estu luzangea bazan “burkoari" esateko, eta ohe osoaren neurrikoa bazan, lastamarrageari edo koltxoiari esateko. Tximitxa edo imitxa deritxon kokoaren izenak be –txa edo –txi atzizkia dauela dirudi, Mogelek damaigun argibidearen ildotik, etimologia bera aintzat hartzekoa izan ez arren: “Tximitxa edo imitxea esaten da tximurtxi edo imurtxi egiten dabelako”. Losintxa deritxo hizkera askotan “palagua, lausengua” be deritxagunari. Mamutxa esaten jako leku batzuetan umeak ikaratzeko dan mamuari.

Adjektiboetan be ondo erroturik daukagu –txa atzizki txikigarria. Halan esaten da argaltxa, Mogelen hitzetak: “Errebainu baten ardi batzuk dagoz mardo eta gizenak, eta besteak makal eta argaltxak”. Gaur be bizirik dirauen berbea: behi argaltxak, hazurra eta azala baino ez dirudienak. Eta lagunakaitik be esaten da: Urlia gero eta argaltxago ikusten da. Hainbeste disgustugaz!

Eta amaitzeko, zer esan –txi atzizkiaz. Aitatxi eta amatxi ekialdeko hizkeretan sustrai sakoneko hitzak ditugu, aitita eta amama izentetako. Eta sartaldera etorrita, nork ez dau entzun, Bermeora etorrita, andra batek besteari esaten: “Zer, alabatxi? Zelan zabilz ba?”. Eta azken bitxikeria bat: Aletxia deritxo Oiñati aldean –beste leku batzuetan aletxa–, Eizagirrek bildutakoaren arabera, ondokoari: "Aletxixa, alitxixa eiñ. Matasea egiterakoan hariaren lehenengo puntea ta gero azkenengoa ere bai matasan lotu behar izaten dira, matasea nahastu ez dedin. Hori da alitxixa egitea. "Alezaiña" ere esaten diote" Iz LinOñ 182.”.

 

Iturriko

2017-05-11

Ikusita: 267
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera