kontaktua
2017.07.07
10:04

OSTE, etxeOSTE, bazkalOSTE… eta dautsazanak

Oste izen balioanitza dogu euskeraz. Izen kategoria soilaz ganera, izen konposatuak sortzen sarri agiri dana (etxeoste, mendioste), postposizino kategoriaz bere sarri darabilguna, bai izenakaz (frontoiaren ostean) eta bai aditzakaz (jan eta ostean), adberbio, lokailu eta inguruko kategorietara be hedatzen dana (ostera, ostera be, ostean).

Oste izenak leku-denpora kasuetan ostei- itxura hartzen dau bizkaieraren sartalderengo alderdian. Orozkoko andra bati entzunak dira ondoko adibideok: bazkaldu osteain, zure osteian, ate osteian, eta: Zure osteikoa zein da? Gaur ez, baina aldi baten Arratia aldean ezaguna zan ostei- hitz-oina. J. Mateo Zabalaren alegi-fabulen euskal bertsinoan, bertsoz idatzirik, pasarte hau agiri da: “Ta oolen idigitik / ak eginik begiak, / darakutso argiak / sasiaren osteitik / otsotzar salobrea”.

Izen kategorien artean leku-espazio balioaz darabilgu sarri, bai bakarrean, bai konposaturik. Eta berorren balioa, atze, gibel izenen antzekoa da; latinezko post, gaztelaniazko tras, después de aurre-marken ordain zuzena.

Diferentzia bat badago horraitino oste eta atze izenen artean. Oste, ikusten ez dan edo zerbaiten ezkutatua dagoan leku edo gunea danean darabilgu. Herri edo auzo biren erdian gane, hatx edo mendi bat tartean dagoanean, alde batekoentzat beste aldekoak ganostekoak edo hatxostekoak dira. Lino Akesolo idazleak, Dimako semea bera, Nikolas Alzola “Bitaño” idazleari, Mañariko semea hau, honen Atalak bilduma-liburuari hitzaurrea egin eutsan, eta izenburutzat ipini Atxostetik Atxostera. Eta honako berbakaz argitu: “Atxostekoa naz eta Atxostera nator. (…) Niretzat txikitarik izan da entzuna Atxoste. Atxostekoa zan nik neure auzoan euki neban lehenengo eskola-maisua, Otamotxa ezizenez. Atxosteti agertzen zan, astean behin edo, asto ganean, ogi zuridun andrea, lehenago hemendik hara joana. Atxosteti etorten jakun, urtean birritan gitxienez, gazteri urduria, santzoka eta kantari, auzoko jaiai bizitasuna emoten. (…) Urteak igarota, Durangoaldean nintzala, barreak emon eustan Atxoste hori entzunda. Nik Atxosten nintzala uste, eta neu nintzan han hatxostekoa, bestaldekoa. ‘Hara ba’, esan neban nik, ‘herri batekoak gara guztiok hemen. Zuek hatxostekoak, gu bere bai”.

Antzekoa jazo jatan oraintsu Berrizko Oizpeko auzo baten, Garaiko andra bati entzun neutsanean Munitibar aldekoei, Oiz mendikatearen beste aldekoei, ganostekoak deitzen.

Oste darabilgunean, atzekoa ikustea galerazoten dauen, ostentzen dauen zerbait ohi dago bitartean. Eguzkia iluntze beranduan mendi ostean ostentzen da. Ate ostean dagoana ez dau atetik sartzen dana behingoan ikusten. Eta halan dino gure errefrau zahar batek be: “On eginaren pagua, ate ostean palua”.

Ostendu aditzaren oina osten (ostean) adizlaguna dogu, -n inesibo zaharra atzizki dauela, itxuraldaturik ostondu (edo ostu). Ume-joko ezagunetatikoa da osten-ostenka egitea (leku askotan oston-ostonka deritxona, eta guk txikitan ostu-ostuka generitxona). Osten-ostenka jokoan horixe da lehia, hain zuzen: bila dabilenak norbera ez ikustea, ondo ezkutaturik egotea. Ostendera izena be, leku ezkutu, ezkutaleku esanguraz, horrexetatik dator. J. Mateo Zabala gure sermoilari sutsuak neska-mutilen arteko seigarren mandamentuko ezbideei buruz esango leukenez: “Baia okeluetan, ostenderetan ta bazterretan zer gura egin, zelan gura ebili, gerokoari bildurrik artu bagarik, eta gero seina oratu jakenean, ‘Ai ene ondrea! Ezin ezkonduko naz!’”. Ostendia be entzuten da hondino, norbaiti aurrez esan beharrekoa atzetik, ostetik gaizka-esaka edo dongaro-esaka dabilenagaitik: Aurretik itxura bat emon eta ostenditik edozer esan.

Toponimian, leku-izenetan ez da horren ugaria oste atala, izen konposatu baten bigarren osagai gisa. Baina ezagunak ditugu batzuk horraitino. Atxoste bazter itxita be, horreetarikoak dira Urioste (Ortuella), Maloste (Errenteria), Oloste (Barrutia, Arratzu), Ortuoste, Elexoste eta hainbat gehiago.

Espazio eremutik denpora eremura erraz joten dabe hitzek. Bertan edo bertatik dinogunean, ez da beti han edo handik, ezpada orduantxe momentuan, derrepentean be izan leiteke. Beste hainbeste jazo da oste horregaz be. Izen kategoriaz oste, geroa edo denpora erreferentziaz ondokoa adierazoten dau, erromantzeetako hitz eratorri askotan, post latinoa aurretik dala hainbat sortu izan diran modura. Ondorioa edo konsekuentzia adierazoteko be sarri darabilgu. “Egin dozun beharrak ostea ekarriko dau” esan daroagu, horrek bere ondorioa izango dauela aditzen emoteko; gehienetan, oste txarra izan doa.

Izen konposatu multzo baten atze-osagarri modura darabilgun askotan be, jarduera baten ondoko, geroko zerbait adierazoten dauela darabilgu oste. Halan, janari kontuan, bazkaloste, afaloste (bazkari eta afari izenen gainean). Leku batzuetan eguerdia ohi deritxo bazkariari, eta horretatik eguerdiostea. Eta jan aditz partizipioaren gainean eregia dogu janoste be.

Gudu zital bat izan genduan lehengo mendearen lehen partean, eta haren osteak kaltegarri suertatu ziran euskaldunontzat. Gerraostea berban-berban erabili izan dau aho-mihinean gure aurreko belaunaldiak, beste batzuek gerraondoa eritxena adierazoteko.

Domeketan eleizara meza entzuten joateak, gaur baino lehen eragin sakonagoa eukan gure gizartean. Eta mezea entzun ondoren, erreferentzia jakina zan mezaostea, herriko tabernan ardao zuri batzuk hartzeko baino ez bazan be.

Eta jai giroan be badira usu agiri diran erabilerak. Dantza ostea dogu horreetariko bat. Eta jai-eguna igaroa danean, gogorra izan ohi da batzuentzat hurrengo eguna, hau da, jaiostea. Eta endemas lo gitxi egiten bada eta gorputzaldi txarrak badirau biharamonean. Jaiostean gorputzaldi txarraz dagoanagaitik esaten da ostea daukala, biharamona edo ajea esaten dan legetxe.

Baina euskal hiztunak berez-berez, edozein izenegaz era librean eregi leikez denpora-eremuko konposatuak. J. Mateo Zabalaren esaldi bi, horren erakusgarri. Bata: “Ez ibili bere ardangelan (tabernan) sartuten: sermoi osteko berbeteak eta barriketeak, sermoian artu zan biotzeko berotasuna eta samurtasuna galarazoten dau”. Bestea: “ze ikaragarrizkoa izango dan eriotza ostean Jaungoikoari emon bearko deutsagun kontu estua!”.

Postposizino kategoriaz be guztiz ezaguna da ostean denpora zentzuaz. “Nekearen ostean poza”, XVI. mende hondarreko RS errefrau bildumako 41garrenaren esana.

Aditz partizipioari darraiola, ia beti eta juntagailua lokarri dala, euskera modernoan behintzat zabal dabilen egitura da, Uribe merindade zaharreko lurraldean behinik behin. Hiru adibide: “Zu ikusi eta ostean hasi da barreka; lehenago ez”. “Nik etxetik urten eta ostean joko eban telefonoak, ze neuk ez dot entzun”. “Jan eta ostean egingo dogu berba.

Emendiozko juntaduraren lekua beteten dau ostean postposizinoak -z/-az atzizki instrumentalaren ondoren. Egitura ezagunak dira hazaz ostean eta honen hurbilak: honezaz ostean eta horrezaz ostean. Edota aditz jokatuaz, -naz ostean egituraren bidez: “Emon dogunaz ostean, hondino gehiagoren eske daukaguz”. Gaur ez hainbeste, baina gure klasikoen aldietan geure-geureak izan doguz egiturok, eta hizkera jasoan gaur be guztiz gomendagarri dira, erderazko “además de” preposizinoaren ordainetan erabilteko.

Esamodu edo lokuzino bat be ezin aitatu barik itxi lei, bizi-bizi daukagu oraindino be, harridura-ingurune jakin batzuetan. Juan Antonio Mogelek txito eban begiko esapide hau, lekukotasunek darakusenez: “Ze urte eta urte oste!”, “Ze onra eta onra oste!”

Adberbio eta lokailu oste hitzak dituen birrerabilerak, eta hainbako beste gehiago, hurrengo baterako itxiko ditugu. Bego oraingoz honaginoakaz gaurkoa horniduta.

 

 

Iturriko

2017-07-07

Ikusita: 81
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera