kontaktua
2017.09.08
10:03

BAINO juntagailu aurkari gisa

Euskeraz, arau mailan behintzat, baina eta baino garbi bereizten ditugu, juntagailu  kategoriakoak eta adbersatibo edo aurkaritza sailekoak diranean, gaztelaniaz “pero” eta “sino” egiten diran legetxe –edota alemanez aber eta sondern banangoak diran legetxe–. Beste hizkuntza batzuetan, ostera, juntagailu marka beraren azpian bilduak dira aurkaritza mota biak, aurkaritza mugatua edo murriztua adierazoten dabenak (baina) eta guztizkoa edo absolutua adierazoten dabenak (baino, baizik).

Baino markak juntagailu aurkari gisa dauen betekizuna dogu hemen aztergai. Izan be, jakina da baino markak beste eginkizun garrantzitsuago batzuk dituala euskal gramatikan, sintaxi zein semantika mailan.

Eginkizun nagusia, konparazino marka gisa, -ago … baino egituraren barruan: Belea ez da dan baino baltzago egingo, esaera ezagunean daukaguna, adibidez.

Bigarren eginkizun indartsu bat, ezezkako perpausetan ohi daukana da, batzuetan besterik markaz lagundurik, beste batzuetan bere soilean erabilirik. Bata: Dirua baino besterik ez eukan. Bestea: Baserriko arrautzak gura badozuz, bila etortea baino ez daukazu.

Baina euskeraren sartaldean baino marka, baizik juntagailuak aspaldi zaharretik hartua eukan aurkaritza balioa adierazoteko sartu zan hor XVIII. mende beranduan, eta testu idatzietan apurka-apurka burua agertzen hasi zan, eta denporearen puruz indarra hartzen eta eremua irabazten joan da.

Baizik marka, baizikan eta baizik eta aldaerakaz, ekialdekoa da funtsean, ekialdekoa eta erdialdekoa, gipuzkera eremuan be ondo sustraitua baitago, nafar eta Iparraldeko eremuez ostean. Baina sartaldean bakan edo guztiz mehats erabilia da (eta izan da) baizik, edozein baliogaz dala be.

Sartaldeko gure klasikoen artean, aurkaritza absolutua markatzeko agiri dan marka nagusia, eta beharbada ugariena, ezpada dala esan daiteke, gaztelaniazko sino markaren ordain gisa; funtsean gaztelaniazkoaren kalko garbia. Mogelen alegietako esaldi hau lekuko: “Au ez da bizi izatea, ezpada beti eriotzearen atzamarretan ibiltea”. Edo idazle berorren doktrina luzeko beste hau: “Ez dira artuemon oneek zuzenak eta garbiak, ezpada nekezale askoren ondagarriak”.

Bada bigarren marka bat, gramatiketan gitxitan baino aitatzen ez dana, baina gure tradizinoan –eta gaur egungo berbetan be baietz esango neuke– garbi eta ugari lekukotua dana. Egitura banakaria edo distributiboa daukala esango dogu. Honakoa: /ez + aditza, eta bai + aditza/. Mogelen Peru Abarka-tik jasoko esaldiok egitura honen agergarri adiutuak dirala-ta nago. Bata: “Ez dabil zu legez basatzarik basatza oinetako meiakaz, eta bai zaldi, berak beste urte dituanean”. Bestea: “Ez egizu ekarri saldarik, eta bai katilu bat, ardaoa gero edateko”.

Eta azkenez, bada hirugarren marka bat, baizen (baxen) eginkizun hori aspaldi zaharretik bete izan dauena. Viva Jesus izenburuaz ezaguna dogun bizkaierazko dotrina zaharreko pasarte bi dakardaz hona. Bata: “–Iru Jangoiko dire? –Ez Jaune, Jangoiko bat baxen”. Bestea: “baie eztago guztietan da bakotxean, Jangoiko bat eta Jesu Kristo gure Jaun bat baxen”. Baina baizen markaren balio zahar hori gure ahozko herri tradizinoan be gorde da harenbaten. Dantza-kopla ezagun baten agiria dakart: “Santa Eufemiako zelaidxen / laprast einda jausi nintzen, / ez neuen hazurrik hausi, / gorputza mailatu baxen”.

Baino, juntagailu aurkari absolutu gisa banaka baino ez da agiri XIX. mende hasiera horretan idatzirik. Mogeldar osaba-lobak eta Pedro Astarloa dira erabiltzaile zaharren artean ezagunenak. Mogel zaharrak bizkaieraz zein gipuzkeraz, bietara darabil. “Ez naz ni neskea, neskatila utsa baino” idazten dau behin. “Zenbat alditan predikatu zuen Jesu Kristok, etzala bera etorri legea urratzera, gordetzera baino” idatzi eban gipuzkeraz El catequista vascongado liburuan.

Mende horretan eta hurrengoan ugaritzen eta indartzen joan da baino juntagailu aurkari kategorian. Ez bakarrik idatzizkoan; berbaz edo ahozkoan esango neuke askoz gehiago.

Baino aurkaritza juntagailu lez sartzeak sintaxi mailako aldaketa sakonak be ekarri zituan beragaz. Ezpada eta baizik, juntagailu klasikoak, bigarren esaldiaren aurre posizinoan erabili izan dira gehiengo handiz. Eta horrez gainera, euron erabilerak ez eban eskatzen elipsia aplikatu beharrik; batez be aditzarena.

Baino bigarren esaldiaren atzenean kokaturik agiri da, erabilten hasten dan hasiera bertatik.  Eta bigarren esaldiko aditza, edo haren parte jokatua, guztiz eta ezinbestean ezabatzen da; ezin da agiriratu. Mogel zaharraren aitatu diran adibide biez ostean, beste zaharretariko batzuk aitatu geinkez. Juan Jose Mogelena, bata: “Jangoikoak emondako itxureak ez dau apainduria bearrik, dezenzia baino”. Pedro Astarloarena, bestea: “Ez dira seme bi, bat bakarrik baino”.

Gaur egun, sartaldeko hizkeretan nagusi da baino, eta ezpada, ezpada ze, ezpabe ez baztertuxeago, berbaz oraindino erakusten daben bizitasuna gorabehera.

Erdal kalko sunda hori joan da ezpada horren kaltetan. Baina idatzirako guztiz gomendagarria izan daiteke, baino erabiltea gordinegi dan kasuetarako. Bestetara esanda, baino eta ezpada biak dira alkarren lagungarri edo osagarri; baino egitura laburren juntadurarako. Eta ezpada, bigarren esaldia luzea edo korapilatsuagoa gertatzen danerako. Batek esan lei: Nik ez ditut gustuko esaldi luzeak, laburrak baino. Baina hiztun berorrek, idazteko orduan, ondoko esaldi hau sortu lei: Auto barria ez dot erosi egunero eta hurreko bideetatik ibilteko, ezpada bide luzeak egin edo oporretan joan behar dodanerako.

Berba baten esanda, baino, baizik, ezpada, baizen… bide guztiek garoez Erromara, eta alkarri enbarazu gitxi eginda, barriz.

Iturriko

2017-09-08

Ikusita: 92
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera