kontaktua
2017.09.15
10:00

DAUTSALA, DARIOLA eta NAKION aditz izoztuen bizirik irautea

Aditz batzuk euren aditz-jokoa guztiz galtzera, edo joko murriztua izatera edo adizki zaharkitu batzuen bidez euren errastua ixtera ailegatu dira hizkuntzaren ibilian. Aditz batzuen adizki zaharkitu batzuen gainean argibide batzuk emotera gatoz oraingoan.

Aditz zahar batzuen joko trinkoa modu normal batez heldu da gaurdaino, batez be oraineko jokoan, gitxiago iraganekoan, eta hainbat urriago alegiazkoan. Baina beste aditz batzuen jokoari jagokozan adizkiak –berez aditz-jokoaren paradigma osorik edo ia osorik beteteko gaitasuna dabenak–, mintzairan, hiztunen berbeta bizian hitz izoztu izatera etorri dira, fosilizatu bihurtzera, hitz lexikal aldakaitz bilakatzera. Ez beharbada euskerearen hizkera guzti-guztietan, baina bai euskera-eremu zabaletan. Adizki fosilizatuok aditzaren joko diranik be ez da sarri hiztuna konturatzen; era lexikalak dira hiztunarentzako soilik, lexiko-errepertorioko hitz autonomoak. Hala eta guzti be, hiztegietan ez ohi dabe gehienetan sarrerarik, arau mailan autortzen ez jakelako lexikalizazino gradu hori.

Adizki gitxi batzuetara mugatuko dogu oraingo jarduna: dautsala, dariola eta nakion.

Eutsi aditzaren jokoa –ez aditz laguntzaile legez emon deutsut edo eroan deustazu moduko aditz perifrasietan sartalde euskeran darabilguna–, ezpada bere esangura propioaz aditz autonomo edo beregain gisa dogunekoa– era murriztuan baino ez da entzuten, hondino bizi edo erdi-bizi dan lekuetan be: dautsala. Ermitea txorretxeari dautsala dago. Txarritokia etxeko hormeari dautsala dago izan leitekez gaur egun hondino entzun leitekezan erabileren adibide. Dautsala egon lokuzino bihurtu da, bat eginda, erantsita edo inkauta dagoala esateko.

Baina badauka beste adizki bat be, finkaturik iraun zain dauena: “Autso!” esaten da hitanoz hainbat lekutan, zuka “Eutsi!” esaten danerako, gipuzkera eremuan “Tori!”. Zer dan kontua, gero! Autso eta Tori, biak dira sortzez hi edo to tratamentukoak. Biak inperatiboak, aginte erako formak.

Autso edo autsa adizki zaharren azpian “agarrar, sujetar” esangurea dago, honako errefrau zaharrean argi agiri dana: “Autso Txordon artz orri, ta nik iñes daida” (RS 422).

Eutsi aditz trinkoaren joko zaharra intransitiboa zan: nor/zer-nori/zeri erakoa. Eta autso aginteera-adizki horren egitura hori da, hain zuzen: hi hari autso. Mogelen denporan be ez egoan guztiz hilda adizki trinko honen argumentu-egitura zaharra: “Korkamistea ta oni dautsazanak”.

Mogelek bere alegietariko baten beste pasarte hau darabil: “Autsa ogi zati bat!”, “hartu, eutsi, tori” esangureaz. Bigarren honetan nori-nork egiturako bihurtu da aditzaren erregimena: hik autsa ogi zati bat.

Txakurra norbaiten kontra xaxatzeko be, txakur horri otxa! edo otsa! esatea be hondino entzuten da hainbat lekutan: Otxa hori ez da besterik, autsa aginteerako adizki zahar berbera baino, harean desitxuratuta.

Erion edo jarin aditzaren jokoaz sortua da dariola adizki adberbiala, eta berori da dirauen bakanetarikoa, sarriroen isurkari edo erdi isurkari izaerako izenakaz (negarra, malkoa, odola, bitsa, izerdia, txiza, mukia, kaka), gasezko edo usaimenezko izaerakoakaz (kea, hatsa, uzkerra, kiratsa, usaina) edota osterantzekoakaz. Gaitzespen esangurako izenakaz sarriago, baiespen zentzunekoakaz baino (poza, irribarrea).

Denporan atzerago joan ahala, beste adizki batzuk be loratzen dira, batez be herri literaturako generoan. Dario adizki soila, 3. perts. sing., Kandelarioetako errezitadu ezagunean: Kandelario, lario, hatxari ura dario… Balada azpigeneroan be, harako “Orbelak airez aire” dalakoan, erion iraganekoa gorde da ondoko koplan: “Ha ez zan ulia, / ezpazan urria, / ulondo bakotxeko / erion perlia” (Orozkoko bertsino bat). Zeanuriko bertsino baten erion hori erinoz desitxuraturik kantetan eban lekukoak; adizki zuzenaren esangurea lausoturik egoan seinale.

Literatura idatzian beranduagora arte iraun dabe, oraineko ez eze, iraganeko adizkiok, baina 3gn pertsonakoak ia beti. J. Mateo Zabalaren hau lekuko: “ta begi bietatik zara-zara eriozan negar anpullu [malko] gozoak”.

Dariola hau, balio figuratiboan erabilitako hainbat izenegaz bihurtu da emonkor, dana dalakoa dariola egotea, persona batek larregiz edo ugariegi isurtzen dauen edo daukan zerbait adierazoteko. Adierazkortasun apartekoa irabazi dau dariola honek balio figuratiboz erabilitako izenekin batera. Eta ez bakarrik literatura idatzian; ahozko berbetan gehiago aurreratu dala esango neuke. Izen materialak dira batzuetan: dirua, urrea, baina inmaterialak sarriago: sua, haserrea, berbea, lotsea, guzurra.

Zerinakio da aditz jatorriko beste hitz bitxietariko bat. Zerinakio egon, “zer egin jakin barik, zeri edo zein zeregini heldu edo oratu jakin barik” adierazoteko erabilten dan hitz adberbiala da. Hitz konposatu horren oinarrian zeri nakion mende-perpausa dago, zeri ekin edo zeri ekin deiodan (ez dakidala) adierakoa, baina nakion lehen pertsonako adizki trinkoaz eregia. Azkuek Gernikan entzundakotzat dakar bere hiztegian: “Ementxe naukazu, zeri nakio” (V-ger), geroago itzulita eskeini ebana (Euskera 1934 (II): “aquí me tiene usted sin saber qué hacer, litm. a qué me dedico”. Gernikaldean neuk ez dot entzun, baina Bermeoko erabileraren lekukotasun bardinbagea eskeini deusku Begoña Bilbao biltzaileak: “zeri nakion hasi ta gero dana akaba”, “zeri nakion zeri nakion, jan eta jan eta biberak akaba”, “hemen zagozan arte, zeri nakion jertsea egingo deustazu”, “aiuntamentuan be halan egoten dira, zeri nakion” (Bermeoko euskara. Lexikoa eta esamoldeak, 2002). Eta bizkaierarik sartalderengoan be J. Manu Etxebarriak lekukotasun bikainak eskeini deuskuz Zeberio aldetik: “Zeri nakio dagozala, norantza hartu ez dakiela, katu bat ikusi euden pago baten adapoan miau baten” (Gorbeiako Ipuinak 1), “Mariano zaharra be etorri jakun tartera han etxean zeinakio egon barik arrasti guztian” (Gorbeiako Ipuinak 2). Nakion adizkia –n menderagailu barik finkatu da lexikalizatu danean. Adizki honetan ohargarria da, bestalde, lehen pertsonaren gainean izoztu dala; hiztunak bere buruaz balihardu lez gorde dala hitz lexikala.

Ekin aditzaren adizkiak aginteera eremuan gorde dira batipat. Nakion horretan be agindu-mezu hori dago norbere buruari buruz: hasi naiten, ekin deiodan.

Azkuek Tolosan jasorikotzat eskeintzen deusku beste adizki bat, 3. pertsonakoa: Dakiola, gaztelaniaz honetara itzulita: "Dakiola, que siga trabajando".

Denporan atzera eginda, Mogelek behin darabilen gakiozan adizkia be gogoan hartzekoa da; hau be, aginteerakoa eta 1. pertonakoa, baina pluralez emonda: nakion singularraren plurala: “Gakiozan aurrera!” darabil idazle markinarrak, “segidu daigun aurrera” gaur esango gendukena adierazoteko.

Hakio aginteera adizki soila dogu azkenik: hi pertsonari zuzenduriko agindua. Denporan XVI. mendera atzeratuta, birritan gitxienez bai agiri da errefrau zaharretan, beti be agindu balioaz: “Ar ezak maiatzean auntz baltzaren eznerean, / ta akio beti betsegien eznerean.” (RS 411), “Adin onari akio. / Emprende lo razonable” (Garibai).

Eta amaitzeko, Mogelek bere Nomenklatura-n, hitz-zerrendan berezitzat dakarren berba bat gogorarazo. Honetara dakar: “Sarrakijua sartu: Meterle el judío en el cuerpo”. Sarrakioa, sekulako bildurra adierazoteko, ez da besterik, sar hakio aditzaren nominalizazinoa baino: bildurra, izua, ikarea sar hakio. Kasu honetan hakio ez da adizki trinkoa; aditz laguntzaile gisa erabilirik dago, baina aditz bera funtsean. Ez beki sarrakiorik gorputzean sartu behintzat eta ez gaitezan laudardar jarri.

 

Iturriko

2017-09-15

Ikusita: 142
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera