kontaktua
2017.09.29
09:48

Sanmigelak gure artean

Irailaren 29an San Migel ospatzen da gure herrietan. Markinan, kasurako, egun horren inguruaan dantza berezi bi egiten dabez: Xemeingo ezpata-dantza eta Mahaigainekoa.

Arretxinagako ermitea berezia da. Barrualdean monumentu bitxia dauka, alkarri eusten deutsien hiru harritzarrez osotuta. Harriok dirala-ta teoria, siniskera eta interpretazino ezbardinak dagozan arren, inok ez daki ziur zer diran. Harrien erdian dago santuaren irudia. Esaerea da, neska edo mutil-laguna bilatu gura izan ezkero, harri-multzoari hiru buelta emon behar jakozala erdiko zulotik igarota.

Meza ostean Xemeingo ezpata-dantza egiten da San Migel egunean. Lehenago, antza, Gorpuzti egunean egiten zan. Dantzariak konsejupetik urteten dira plazara. Gaur egun hamabost dantzari izaten dira: kapitaina edo “maisu-zarra”, lau dantzari ezpata laburrakaz, eta beste hamar ezpata luzeakaz.

Dantzariak zuri-gorriz jantzita doaz. Apaingarri modura San Migel Goiaingeruaren eta Xemeingo armarriaren kutunak ipinten dabez. Kapitainak loredun txaleko marroia eroaten dau bereizgarri lez.

Dantzariek irudi berezia egin eta kapitaina ezpaten gainean hartzen dabe. Goian daukiela, kapitainaren eta ezpata laburdun dantzarien txanda izango da. Horixe da dantza honen berezitasuna.

Gauerdian beste dantza-saio bat egingo da, Mahaigainekoa. Udaletxe zaharreko plazatxoan batzen da jentea, txistulariak harrera egin eta gizonezko dantzariak plazarantza datozenerako.

Lehenengo aurreskua edo soka-dantza egingo dabe, herriko neskak plazara aterata. Gero dator Mahaigainekoa. Horretarako egurrezko mahai handia, jesarlekua, ardau-pitxarra, edalontzia eta farola jartzen dabez plaza erdian. Dantzariak, oraingo honetan neskak eta mutilak, hasi aurretik buelta bat egiten deutsie ermiteari. Aurrean doanak, kapa eta guzti jantzita, alkatearena egiten dau, eta ilintia daroa eskuan.

Txistularia joten hasten danean, dantzarietako batek, mahai gainera igon eta baso bete ardau edaten dau. Jarraian, dantzari guztiek Horra hor goiko kantua abesten dabe.

Horra hor goiko 
harestitxu baten
kukuak kumeak 
egin dozak aurten,
kukuak egin, 
amilotxak jan
haxe bere kukuaren

zoritxarra zan.

Eta holan danak igaro arte. Dantza-saioa biribilketeagaz.

Ikusita: 81
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera