kontaktua
2017.10.05
19:46

DALA, DANEKO eta izan aditzaren beste adizki izoztu batzuk (behin-behineko bertsinoa)

Aurreko baten erion (dariola), eutsi (dautsala), ekin (zeri nakion) adizki izoztuen gainean jardun genduan, eta gogoratzen genduan horretariko mordoa zala euskal hizkeretan barreiaturik, batean ez bada bestean. Oraingo idatzi honetan izan eta beste aditz batzuetan arreta ipiniko dogu.

Adizki bat hizkera baten izoztua dala dinogunean, aldakaitz bihurtu dala esaten gagoz, aditz jokoak eskaintzen dituan persona, denpora, aspektu aukera anitzak geldiarazoak izan dirala, eta esaldi testuinguruak ez daukala eraginik adizki horretan.

Izan aditz funtsezkoagaz jazo dan lexikalizazino edo izozte fenomenorik agiriena dana/danak det. multzokariari jagokona da. Dan adizki erlatiboak mugatzailea hartzean dana garatu zan eta honek esangura berezi bat beregandu; gaztelaniaz esanda, “lo que es” adierazotetik “todo” adierazotera igaro zan. Horren plurala, sartalde euskera zaharrean (eta klasikoan be hainbat kasutan) diranak (direanak) esaten zana danak esatera etorri da, eta berez hirugarren pertsonakoa dan danak 1. eta 2. perts. pluralak (gu eta zuek) adierazotera heldu da mugatzaile hurbila erantsita: danok. Lehen zaharrean gareanok eta zareanok moduko adizkiak erabili eitekezan gu guztiok eta zuek guztiok adierazoteko.

Dan adizki erlatiboaren baliabideak askoz emankorragoak gertatu dira beste kontzeptu asko adierazoteko be. Banan-banan garanduko ditugu batzuk.

Gauzaeztan (gauzeztan) adjektiko finkatuaren atzean gauza ez dan erlatiboko egiturea daukagu, “ezebereza” edo “balio gitxikoa” dala norbait (edo inoiz zerbait) aditzen emoteko. Eta singularrez gauzeztana dana pluralez gauzeztanak bihurtu da. Pluralez be erabili geinke, gauza ez diranak, baina lexikalizatze barik.

Idatziz aurrekoa baizen lexikalizatua ez bada be, eta osagaiak banan idatzi izan arren, behar ez dan (behar eztan) esapideak be halako izen kategoria nortasuna beregandu dau, berau darabilen hiztunen gogoan, “ezbehar” (desgracia) edo hurreko esanguraz. Mutiko zoztor gaiztotxa bati agiraka egitea: “Bajatu zaitez horma horren gainetik, jausi eta behar ez danen bat egin ez daizun”.

Denpora eremuko esapideak sortzeko hartu dau dan adizki erlatiboak, ez trinko gisa, beste aditz batzuen laguntzaile gisa baino (joan, igaro, pasa, heldu…) berebiziko indarra eta bizitasuna. Sarriago igaroko edo leheneko denpora-aldietarako erdi eta sartalde hizkeretan (joan, igaro, pasa), etorkizunekoetara baino. Ekialdeko hizkeretan (Iparraldean berariaz) jagitasun aparta jadetsi dau heldu den esamoduak, erdi-sartaldeko euskaldunok datorren adizkiaz ordezkatuko gendukena; eta zuberotarrez bada oraindino jiten den esapidea be. Zabal eta ugari darabilguz, berbaz zein idatziz, joan dan, igaro dan, pasa dan aditz egiturak erdi eta sartaldean, eta heldu den ekialdean.

Atzean darraien izen sintagma, jatorriz eta berez jagokena, singularrekoa da, baina lexikalizatu dan ginoan, pluralerako be horrelantxe egonkortu da. Joan dan egunean dinoanari berez urteten deutso joan dan egunetan, eta halantxe joan dan urteetan be. Gramatika arauak zorrotz betetera jo ezkero, pluralerako joan diran egunetan, asteetan, hileetan, urteetan eskatuko litzateke, baina hiztunok aspaldi galdua dogu joera hori, joan dan aditz singularraren mesedetan. Nire gomendioa da, horrelako esamolde taiuko egitura tinkoetan hiztunen senari jarraitzea, gramatikarien zorroztasunari baino gehiago. Zein euskal hiztunek ez leuke ontzat joko: Joan dan urteetan be ez dot ikusi. Baina egiari zor jako esatea, joan diran ereduko aditz egiturak be ezagunak dirala izen sintagma pluralakaz: joan diren hamar urteotan idatzi eban behinola Axularrek; baina guztiz urriak, halanda be. Eta beste hainbeste heldu diren, lekukotua dogu tradizino idatzian, baina erabilera murritza dau hiztunen ezpanetan.

Bigarren aukera bat be badauka denpora-esapide honek adizkiari jagokonez: dan hori daneko bihurtzea. “Joan daneko hamar egunean”, “Joan daneko hiru astean” barra-barra entzuten dira gure hizkera batzuetan (Markinakoan, urrunago joan barik). Izan be adizki erlatiboak –neko atzizkia hartzen dauenean ondoko izen bategaz lotzeko, ia beti denpora esparruko izenagaz jazoten da. Adib. Hemen bizi ziraneko urteak. Eta –ko atzizkia denpora eremuan darabilguzan aditz partizipioakaz be guztiz erabiliak dira: Joako urteetan, igarako egunetan etab.

Danik, adizki erlatiboa -ik ablatibo atzizkia dautsala, konposatu egituran dirauen beste aditz izoztuetariko bat dogu. Denpora eremuko adberbio egituretan bere lekua egin dauena, gaur, atzo, lehen, aspaldi, beti, orain, aurten, igaz eta era horretako denpora-adberbio jakin batzuekaz, oraingo (hitz egiten dogun uneko) momentutik atzerako adberbioakaz denpora tarte baten hasiera puntua edo lehen erreferentzia adierazoteko; hau da, noiztik hasita. Halan sortuak dira: noizdanik galdetzailea, inoizdanik zehaztugabea, oraindanik, aurtendanik, lehendanik, aspaldidanik, igazdanik, betidanik eta gitxi batzuk gehiago. Etorkizuneko adberbioakaz erabilirik ikustea arraroagoa da; halanda be ezaguna da gitxienez bihardanik, eta etzidanik be ez jaku bitxiegi begitantzen. Bizitza-aroaren adierazle dan gaztedanik be ezaguna da, gitxi erabilia izan arren.

Eta denbora-tarte baten azken muga adierazotera datorren adizki izoztua, aurrekoaren osagarria, daino dogu, dan arte gaur egungoaren anaia biki zaharrena. Hau aitatu diran aurreko denpora adberbioen eremu beretsuan loratu da. Halan garatuak dira: aurtendaino, gaurdaino, oraindaino eta taiu honetako beste adberbio batzuk. Halanda be, daino honek lehiakide itzal handiko bat dau ondoan, -dino, *edin aditz erroaz garatu dan dedin adizkiaren era laburtua, sartalde euskeran din bihurtu zana, -no atzizkiaz lagundua: dedino > dino. Adizki honek, atzizki bihurturik, garatu ditu oraindino tipoko adberbioak.

Dala adizki modala dogu esapide batzuetan izoztu dan beste bat. Denpora eremuan zabal dabilen bat, orain dala dogu. Orain dala denpora asko, orain dala urteak, orain dala hile asko… egiturek ondo erakusten dabe atzean izen sintagma singularra zein plurala onartzen dabela, eta atzean erabili beharrekoa egunak, asteak, hileak, urteak erako izen sintagma plurala izanda be, nekez darabilkegula orain dirala adizki pluralaz, idatziaren eraikuntza prozesuan gramatikari-ingeniariren baten eskurik egon ez bada. Aspaldi dala esapidea be guztiz finkatua eta egonkortua da. Baina hedabideetan barreiatu diran desbide batzuk ez dira gomendatzekoak, edozelan be. Urteak dirala, orain urteak dirala eta halakoak, esan gura dogu.

Dala horren inguruan bilbatuak dira ezezkako egitura bi be: gura ez dala, berbaz gureztala, eta behar ez dala, berbaz behar eztala. Egitura eginak dira berez biak, baina gura ez dala bigarrena baino estuago josia. “Gureztala jo zaitut”, “Gureztala jausi jat basua” eta halakoak guztiz finkatuak dira sartaldeko hizkera batzuetan, “nahi barik, gura barik” esangureaz.

Izan aditzaren jokoagazkoa bururatzeko, Iparraldean, Zuberoan, erabilia dan zena aditz jatorriko hitz finkatua gogorarazo nahi neuke, gure “difuntu, difunta” hitzen esangurakidea. Xarles Videgain adiskideari jasoriko adibide bi erantsiko ditut hemen: “Ene zenek ez zuten sekula ametituko”. “Ene etxenko zenek”. Zuberoako hizkeran beregaintasun osoa hartu dau zena hitzak, beste hizkeretan orokorrean aita zena, ama zena tipoko egiturak nagusi diran lekuan.

Honenbestez gaurko jarduna.

Iturriko

2017-10-06

Ikusita: 107
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera