kontaktua
2017.11.03
11:35

EsaTEARREN eta esanARREN helburu-kausaren artean

Atzizki zaharretarikoa dogu –rren euskeraz, baina orokorrean –arren itxuraz darabilgu ia beti. Arren hitz bakun modura be ezaguna dogu: ha erakuslearen gainean eregia dogu arren. “Mesedez eta arren” esapidea gaur be bizi-bizi dago, osagai biak sinonimoak dirala balio enfatikoa hartzen dabela, berbarako, erreguzko eskari bat egin gura dogunean. Beste esangura gehiago be baditu arren horrek, hemen aitatuko ez ditugunak.

Idatzi honetan alboan lagako ditugu baita, izen, adjektibo edo kategoria nominal edo pronominalekin atzizki gisa agiri danekoa: pozarren, itxurarren, zeure ederrarren eta ildo horretakoak.

Aditzizenaz –edota partizipioaz‑ kausa-helburuen eremu semantikoan agiri daneko esparrura mugatuko dogu gaurko gure jarduna: esatearren eredukoetara, eta –gaitik atzizkiaz darabilguzanakaz sortzen dan alkarren lehia edo zeingehiagoka agirian ixtea.

Aditzizenari eransten deutsagunean atzizki hau, era diferentetara agiri da gure tradizinoan. Era nagusia, eta gaur egun ohi darabilguna, -tearren dogu –edo -tzearren, aditz partizipioa -tu tipokoa danean, gaurko arauen bidetik‑: egotearren, ibiltearren, parkatzearren. Aditzizenari erantsi jakon atzizkia, kasu honetan -arren da, -a- mugatzaile zahar izoztua erdian eta -rren atzizkia atzean dala.

Baina aditz partizipioek erromantzetik mailegaturiko amaiera-atzizkia dabenean, -au (-adu zaharra) edo –idu (amau edo segidu aditzen kasua), sartaldeko idazle klasikoetan nagusiro agiriko dan amaiera -etarren dogu, gaur egun be hondino berbeta batzuetan entzuten dana: parka(e)tarren, sinest(e)arren. Baina nagusi dira gaurko sartaldeko hiztunen artean pentsetearren (edo pentsatearren kostaldean) tipoko ereduak. Azken baten, denporearen joanean, -tearren atzizki-egitura nagusitu da besteen aldean. Eredu klasikoa, -etarren, Pedro Astarloaren hurrengo esaldi biotan agiri jaku garden. Bata: “Itxiko zeunkezala beste zeregin guztiak mai atara ez uts egin edo faltetarren”. Bestea: “Egingo dabee pekatu onelakoak, leenengoan jakin arren euren ofizioa, aztuten badabe euren alperkeria eta nagitasunagaitik, edo ez estudietarren”.

Eta ezin aitatu barik itxi hirugarren atzizki-aldaera bat be, -terren, aldi zaharretan askoz ugariagoa zana, baina XIX. mendean be hondino bizi-bizi dirauena ‑eta ahozko berbetan gaur egunera arte be leku batzuetan baietz esango genduke‑. Aldaera zahar horren bereizgarria da -a mugatzaile barik txertatu jakola aditzizenari: -te + -rren. Berez arkaismoa dogu –rren atzizkia, -arren atzizkiaren aurrean, eta aditzizenari dautsala bardin –terren, -tearren atzizkiaren aurrean. Eta bizkaieraz ez eze, gipuzkeraz be agiri da arkaismo hori. Mogelek bere gipuzkerazko dotrina baten honelan idazten dau: “Il dezu zeure etsaia, edo aur bateatugabea, bekatua estaltzerren”. Bizkaieraz be bardin idazle berorrek: “Emoten deustazu ogi zati au mesedez, borondate bakarraz, ondoguraz, edo estalduterren zure lapurretea?”.

Atzizki hau, -rren, kausa edo arrazoi-emote baliokoa da berez eta jatorriz. Bizkaierazko testu zahar eta klasikoetan sarri agiri da zerren, kausazko mende-perpausen hasieran, erdi eta ekialdeko tradizinoan zeren agiri dan legetxe. Adibide zahar bi. Mikoleta bilbotarraren gramatikako dialogoan holan dirautso jaunak morroiari: “Indazu jazten, zerren gura dot jaigi”. Bertso Bizkaitarrak deritxoen bertso-txortako ahapaldietariko batek beste hau dakar: “Gauza au, neure iritxian, / fundaetan da inbidian, / zerren garean ezagunak / gu erreinu guztian”. Itaun-galderetan be agiri da noiz edo behin, baina nekez. Itaunetan, zergaitik (edo zegaiti) erako hitzak dira nagusi; hau da, -gaiti(k) postposizinodunak. Baina batean zein bestean kausa edo arrazoi-emote esangurea da nagusi, itauna zein erantzuna izan.

Kausa-helburuen arteko mugak lausoak dira berez be, endemas gramatika mailan. Bermeoko hiztun peto-petoei sarri entzun deutset zetako erabilten, kausazko mende-perpaus baten hasieran, gutariko beste batzuk zegaitik ze erabiliko genduken kontestu berberean. Kausa esangurea izaten da nagusi, igaroko jazoerei buruz gabiltzanean, eta helburu zentzua gailentzen da, etorkizun edo gertakizun diran ekintza edo prozesuei buruz gabiltzanean. Gaztelaniaz be “por” preposizinoa balioz bikotxa dogu; arrazoi beragaitik.

Mendeko perpaus bat aditzizenaz eregiten dogunean, aditzaren aspektua bururagabea izan ohi da; ez burutua. Emoteko, emotekoan, emotekotan, emotekotzat zein emotearren etorkizunari begira dagoz gehienetan, ez igarotako edo amaitutako ekintzei. Arrazoi hori be tartean dago, emotearren ereduko mendeko aditzak zertarako helburu-itaunari erantzuten askoz sarriago agertzeko, zergaitik kausa-itaunari baino.

Kausa-helburuen eremu semantiko horretan –tearren eta –teagaitik atzizkiak biak lehian gertatu izanak be eragin dauela pentsau lei atzizki bien arteko eremu partiketa bat, -tearren helburu zentzurako eta –teagaitik kausa zentzurako. Ondo dakigu zentzu-erdibanatze hori beti holan jazoten ez dana, baina joera nagusia hori dala esan lei. Mogelen adibide bi ekarriko ditugu, bata helburu zentzukoa gehiago dana eta bestea kausa zentzukoa gehiago. Helburu zentzua dauka lehenengo honek: “Baina guraso onak, bat ondo baino obeto ipintearren, eztau aztu bear guztien gurasoa dala”. Kausa zentzua agiri dau beste honek: “Zerren bestelango gaixo-ikustetan baino aloger edo bearsari geiago emoten bajatzu odola ateratearren, bildur izateko da diru gureak azi edo geitu ez degizan odola aterateko premiñak”.

J. Mateo Zabalaren ondoko esaldi biok be argi darakuse –tearren markaren helburu zentzuaren pisua. Bata: “Gurasoak euren umeen kontra egongo dira txakur eginik, orreek oin onean imintearren eta ondo ikustearren egin zituezan lukurreria eta tratu okerrakgaitik, eta eurai gustu emotearren laketu eutseezan gauzaakgaitik betiko galduak izan bearko dabeela-ta”. Bigarren honetan helburuzko mende-perpaus bi, menderagailu diferentedunak, baina esanguraz kideak: “gaixoa ez larritutearren, estututa deungagotu eztedintzat, ondo artuko eztaben barria ez emotearren, batek bere esan gura ezteutso iltera doianik”.

Helburu zentzuaren esparru zabal horretan be, adizlagunaz eregitako menderagailu bat baino gehiago dira lehian, berariaz emotearren eta emoteko. Aditzizen egitura biotan dago helburutasun ikuspegia, baina -teko helburu generiko edo neutroagoa dan bitartean, -tearren helburu markatuaren adierazle da; helburutasun zuzenduagoa, fokalizatuagoa, intentsidade handiagokoa adierazoten dau. Kausa-helburu kontzeptuak biak dira berean.

Aditz partizipioaren gainean darabilgunean -zinoan be nagusiro balio kontzesiboa hartzen dauen arren, kausalidade zentzuak be burua agertzen dau noiz edo behin. Gaur nekezago, baina tradizino zaharrean gehixeago. Mogelen ondoko esaldi horretan ezezkako perpausan gorde da balio kausazkoa: “Zer esango litzate, entzungo balitz baserritar batek bedeinkatuten dabela maila, ez jakinarren barberu ain apaindu ta Madrilen urteak egin dituanak?”. Ez jakinarren aditz menderatu horren esangurea ez dakialako aditz menderatuaren berbera da. Denporan atzerago jota, Barrutiaren gabon-antzerkian aurkituko dogu barriro: “Pobrero jaio zara, Jesus dultzea, ediro ezin arren ostatu obea”. Ediro ezin arren hori, idoro / aurkitu ezin izan dozulako mende egituraren baliokidea da. Aditz partizipioaren gainean arren erabiltea, berariaz ezezkako perpausan, egitura bakana da, gitxitan agiri dana, baina arren postposizino atzizkitu horren azpian datzan kausazko, arrazoi-emotezko balioa azaleratzen dau.

Atzizki honen ezezkako egitura nagusia ez emotearren sintaxi eredukoa da: ez marka aditzaren ezkerrean dala. Baina bada bitxitasun bat, bizkaieraren sartalderengo alderdian ez marka hori –tearren atzizkiaz bat eginik agiri danekoa, biek batera eztearren postposizinoa garatzen dabela. Egitura horixe agiri jaku ondoko perpaus bietan. Zeanurin entzuna honako esaldia: “Inbitazinorik pagau eztearren, egiten dau, etorri ez”. Eta Txorierrian entzunikoa da bigarren hau: “Luzatu eztearren, ez ditut kantauko kopla guztiak”.

Bego gaurkoz honenbestegaz.

Iturriko

2017-11-03

Ikusita: 45
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera