kontaktua
2018.01.09
08:39

DAMU IZAN / BEHAR EUN aditz lokuzino eredua

Lotsa izan aditz lokuzinoak lotsa da sortzen dauen moduan, behar izan ereduak behar dau sortzen dau, pertsonala danean behintzat, edo behar da, inpertsonala danean. Aditz tolesgarri modura, partizipioan izan esaten badogu be, jatorriz eta berez edun da, edo eun erabilera zaharrean, Iparraldean gaurdaino iraun dauen ukan aditz partizipioaren kidea.

Edun balizko partizipioa da gehiago, izatezkoa baino. Eduki aditz partizipioa, sartaldean eugi (zaharra) edo euki (gaurkoa) bihurtu dan moduan, edun ez da dokumentaturik agiri (dakigula), baina eun bai, eta hainbat biderrez, batez be XVI. eta XVII. mendeetan. Harrezkero haren lekuan izan sartu da, partizipio modura da eta dau, iragangaitz eta iragankorra, biak ordezkatzen dituala. XVI. mendeko Landuchioren Bokabularioan, gaztelaniazko hainbat aditzi emoten jakoz euskerazko ordainak /Izen + eun/ aditz multzo egituraz. Horreetarikoak dira: bear eun, mirakuru eun edo piedade eun. Izena mugagabez, eun aditz partizipioa darraiola. “Atsegin andia da amore eutea” dirausku aldi horretako Bizkaiko amodio kantu zahar batek be: amore eun, gaur “maite izan” esango gendukenerako.

Bazter itxiko ditugu hemen, beste aditz batzuen modal legez be jokatzen daben aditz lokuzinoak, hau da, behar izan, ahal izan, gura izan, nahi izan, ezin izan… euroi aparteko tratamentua eskaintzeko, erea datorkenean.

Aditz lokuzino honeetariko asko erregimen bikotxekoak dira, ahaztu ezineko puntu bat beti be. Hobe da lokuzinoak aukeran dauka hobe dogu, hobe dozu, hiztuna edo entzulea inplikatu ezkero. Falta da lokuzinoak be falta dogu, falta dabe, zerbaiten faltan dagoana aditz prozesuan sartu ezkero. Ez da ardura dinogun moduan, ez deusku ardura darabilgu, nori ardura deutsan zehaztu nahi izan ezkero. Ez da izaten inoren erruki jente asko dinogun moduan, zehazten dogu beste batzuetan: Erruki zaitut, koitaduori!. Halan gertatzen da beste hainbat aditz lokuzinogaz be.

Aditz lokuzinoek lehen osagaitzat izen edo adjektibo bat ohi dabenez, honeetan aspektua markatzeko estrategiak halabeharrez aditz garbiak diranetatik diferenteak ohi dira, lotsa izan aditz lokuzino ereduetan legetxe.

Aspektu bururagabea izaten aditzizen inesiboa tartekatuz bideratu ohi da: balio dau > balio izaten dau, zor dogu > zor izaten dogu. Sasikoak dira, horratino: Zenbat *balioten dau eta soka horretako, behin baino sarriago entzun zein irakurten diranak.

Etorkizun aspektua markatzeko egitura bi ditugu aukeran. Orokorrena eta gaur egun zabalena izango aditza tartekatzea da. Baina bada bigarren bat, gure klasikoetan gehiago agiri dana, baina gaurko hizkeran nekezago entzuten dana: aditz multzoko izen edo adjektiboari zuzen eranstea -ko atzizkia. Zabal-ezagunenak, aditz modalak dira: beharko, gurako, nahiko, ahalko, ezingo legezkoak. Baina horreek begoz oraingoz ateko bandan.

Aditz modalen multzo horretarik hurrekoa dogu uste izan lokuzinoa be, irabazi uste dau, galdu uste dau tipoko egiturak onartzen dituan aldetik. Etorkizun aspekturako erarik ezagunena usteko (dau) dogu, nahiz uste izango (dau) eredua be ohikoa izan.

Balio izan aditz lokuzinoaren futuroko aspektua markatzeko be balioko (dau) dogu erarik ohikoena, nahiz balio izango (dau) be naturala gertatu.

Baina badira, gaur gitxiago entzunak izan arren, tradizinoan horrexetara eregi izan diran beste batzuk be gertakizun aspekturako. Ezagunen artean, agiriko, damuko, zorko, hobeko, gogoango… eta gitxi batzuk.

Agiri izan aditzarena agiriko dau dogu.

Ardura izan aditzarena ardurako. Halan: “Gugaitik gitxi ardurako deutso horri!”

Damu izan aditzaren geroko aspekturako dogu: damuko dozu. Nafarroako bertso txorta ezagun bat, gatxizenez “Trabuko” esaten eutsen bati eginikoa, guztiz erara datozanak berau erakusteko: “Goizuetan bada gizon bat / deritzen zaio Trabuko; / hitzak ederrak, bihotza paltso, / sekula etzaio paltako; / egin dituen dilijentziak / berari zaizkio damuko”.

Hobe izan aditz lokuzinoak be, bardin iragangaitza danean zein iragankorra, hobeko ereduko futuro aspektua onartzen dau, eta dau laguntzaile iragankorraz halan darabile gure klasikoek behin baino sarriago. Mogelenera barriro: “Obeko dozu jan ta bakean itxi alango ordi galtzailla bati” (PAb), “Obeko dozu jaztea neure soinoko batzukaz” (PAb).

Zor izan aditzaren gertakizun aspektu, zor izango zabalagoaren aldamenean, zorko dau eredua be ezaguna dogu. Gure klasiko biren adibide bana: J. A. Mogel: “Zu lango apainduen zain dagoz olanguak, ta arnasea bere zorko dozu” (PAb). J. Mateo Zabala: “zubek zor deutsazubena legez zorko deutse benturaz zuek lango askok” (Bermeoko sermoitegia).

Aditz lokuzino honeetariko zati on batek edun > euki eboluzinoa jasan dau. Halango bat edo beste gogorarazoteko:

Min izan aditza min euki izatera etorri da hizkera askotan, min izenak mugagabe dirauela. Klasikotasun izaerako egiturak dira: Min dot. Non dozu min? Azkuek tamalez ikusten dau eboluzino hau: “Sentir o tener dolor. Hoy, desgraciadamente, nos valemos de la locución min eukiiduki. En lugar de min dot, que se decía entonces, hoy decimos min daukat, me duele, tengo dolor” (Dicc.).

Aditz lokuzino batzuk zahar gelditu dira, zaharkituak; gaur nekez erabilten dira. Horreen artean aitatu daiguzan:

Laztan izan, amodio kantu zahar baten datorrenez: “Laztan dot eguzkia, / idargia maite, / zeu ikusi bagarik / neu ezin nengoke” (Xahoren bilduma).

Autor izan be gaur gitxi baino ez darabilgu, autortu aditzak kendu deutsalako bere lekua “reconocer, conceder” esangurarako. Baina gure klasikoetan ondo sustraitua dago. Hurrengo pasarte honetan, Mogelek ezagutu eta autor izan sinonimotzat darabilz esangura esparru horretarako: “Bazaut, autor dot, ta ez daukat aztuta bizkaitar barrukoentzat gatx izango dala kiputz euskerea ondo aditutea” (Konfesino ona).

Damu izan aditzagaz be antzera jazo da, nahiz eta ezagunagoa gertatu gaurko hiztunontzat aditz hau, garizumako eleiz kantu bati esker berariaz: “Damu dot, Jauna, bihotz guztirik, zu nahigabetu izana”. Damu dot horren ordez errazago esango genduke gaurko hiztun askok: Horren damua daukat, eta akaso baita, hainbat kalkoagoa dan damutzen naz bera be.

Erruki izan iragangaitz zein iragankor modura dakusku jokaturik. Guztiz ezagun egiten jaku  harako eleiz errezu formulako “erruki zaidaz” dalakoa, nor-nori erruki izan argumentu egituraduna. Baina nor-nork erruki izan egitura iragankorra aurrekoa baino sustraituago eta zabalago dabilelakoa daukagu. Mogelen alegietako pasarte hau jatorku harira: “Eskiniko deutsee dirua aurrez, erruki balitue legez, emongo deutseez gari ta artoak, ta nosbait bazkariren bat; baina eskatuko deutsee gero emona baino geiago.” (Mog Ip 44). Erruki izan transitiboak gaur egun arte iraun dau gitxi-asko. Erruki dot edo erruki zaitut legezko urteerak normalak dira hiztun helduen artean, nire errukirik bape ez daukazu be dan legetxe. Halanda be, errukitu aditza nagusitu da, esapide jakinetatik aparte, eremu semantiko guztietan, bigarren argumentua instrumentala edo soziatiboa dala: errukitu zaite guzaz edo errukitu da zuekaz ereduko esaldien bidez.

Gogoan izan aditz lokuzinoa guztiz ohikoa dogu gaur be. Ez ostera, etorkizun aspektuaz garatu dan gogoango dozu ereduko aditza. Ez bakarrik da bitxia beronen egitura, gogoan-go + laguntzailea, ezpada batez be berorren esangura berezia, zemakuntza inguruneetakoa. Mogel idazlea dogu beronen berme nagusia. Peru Abarka-ren atzeko berbategian berak seinalatzen deusku egitura eta esangura honen berezitasuna: “Goguango deubat, deunat o deutsut: no te lo echaré en olvido: amenaza”. Eta bere alegietan testu barruan sarturik darabil beste birritan. Bata: “gogoango dozu nosbait nire esanak ez egina”. Bestea: “gogoango dok niri bazkaria ucatua”.

Gorroto izan aditz lokuzinoak be denporearen ibilian mugatzailedun izatera jo dau: gorroto deutso izatetik gorrotoa deutso izatera, eta oraintsuagoko aldietan gorrotoa deukotso bihurtzera be ailegau da. Edozelan be gorroto izan aditz lokuzinoaren argumentu-egitura nork-nori erakoa izan ohi da, Mogelen ondoko pasartearen araberakoa: “Esango dozu alango mutillak gorroto deutseela karta ta jokoari?”. Baina hau baizen zaharra eta indartsua dala esan daiteke gorroto hartu lokuzinoa be, honek be mugatzailedun aldaerea daukala: gorrotoa hartu. Milia Lasturkoren eresi zaharrean dogu jada dokumentaturik: “Mondragoeri artu deutsat gorroto, / giputz andraok artu ditu gaxtoto”.

Lagun izan aditz lokuzinoak be bizitasunez dirau euskaldun onen artean, baina joerea, halanda be, lagundu aditzaren mesedetan atzean gelditzekoa da. Lagun izan gazt. “acompañar; ayudar” esangurakaz erabili izan da tradizinoan, eta uste baino ugariago, berariaz sartaldean. Mogelen adibide hau lekuko: “deitu euskuen erreguz legez, ta gu lagun genduezala, gure indarren bidez jaso zituen makurturik erabilezan buruak” (Peru Abarka); hau da, guk lagunduta.

Opa izan, batez be ‘deseo izan’ adieraz, nori argumentuaz lagundurik erabili izan da, lehen gaur baino gehiago. Gure klasikoetan bada eredu onik: “Opa izan neutsan gatxa otsuari; agaiti etorri jat orain neuri” (Ip 31)” (Mogel Ipuinak).

Amaitzeko, aholkutxo bat. Geure literaturan zein oratorian estilo onari eta jagiari men egiteko, guztiz mesedegarriak diralakoan gagoz, aditz lokuzinooi bere onurea eta emendioa ateratea, ondo datozanean; ez da zertan beti, baina. Neurri onaren oreka jagonda; adinon.

 

Iturriko

2018-01-05

Ikusita: 630
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera