kontaktua
2018.01.19
10:52

Ameneko, Aurki eta Ausaz. Probabilitatearen eta zalantzaren artean marka bitxi batzuk

Esaldi baten bidez adierazoten dogun adierazpen baten inguruan ziurtasun osorik ez daukagunean, segurtasun oso bako adierazpena danean, adberbio kategoriako hitz jakin batzuk erabilten ditugu, aditzen emoten dogun gertaera, ekintza edo prozesu hori probabilitatearen eta zalantzaren arteko erdi-graduren batekoa dala erakusteko.

Euskera batuan agian eta beharbada dira kategoria honetako markarik ezagunenak. Baina berez beste adberbio edo multzo mordoa dira esangura eta funtzino hori beteten dabenak euskerearen luze-zabalean: apika eta agidanean ditugu erditik ekialderantz, eta noski/naski be bai, eta gaur egun gipuzkeraz halako “segurtasun” edo “baiespen” zentzunaz erabilia izan arren, Iparraldean oraindino be “probabilitate” balioaz dirau naski horrek.

Ete (bat. ote) hitz modalak be, itaunetan, zeregin berbera dau: Etorri ete da? dinogunean, beharbada etorri izango da edo hurreko mezua adierazoten gagoz galdera erretoriko baten bidez.

Marka asko eta askotarikoak dagoz horretarako euskeraz, hizkeratik hizkerara aldatzen diranak, lehenagoko aldietatik gaurko erabilerara aldatzen diranak, eta idatzizko usadiotik ahozko erabilerara be polito aldatzen diranak.

Baina adberbio-marken ugaritasuna eta aniztasuna da nabariena, perpausen “zalantza-probabilitate” modalidade lauso honen eremuan. Eta gai honek mataza lodia egiten dauen ezkero, beronen firua osorik askatzen hasi barik, zati bat egingo dogu. Gaiaren arlotxu bati oratzea dogu artezena, eta idatzi honetan behintzat, “bitxitasun” puntua darien marka batzuetara mugatuko dogu jarduna, gainerakoak hurrengo baterako lagata.

Ameneko markeari helduko deutsagu lehenengo.

Beronen esangurak, bat baino gehiago dira. Bata, gaur askoz zabalago dabilen beharbada eta edo gure klasikoen artean sarri irakurten dan menturaz adberbioen hur-hurrekoa da. Bestea, gaur ohi darabilguzan antza, dirudienez, nonbait adberbioen hurrekoa.

Ameneko honen hedadura murrizten joan da denporearen joan-etorrian. Gaur egun, dakigula, Bizkai euskerearen bazter-bazterrean ez bada, beste inon ez da entzuten, ezta sartaldeko hizkeraren adierazgarri sendoak diran ibar eta haranetan be: ez Arratian, ez Txorierrian, ez Butroialdean. Ekialderantza ez da horren zizinik be. Halandaze, Bizkaiko tradizino-euskerearen bazterrerengo ibarrean, Nerbioialdean bakarrik entzun daiteke ameneko hiztunen erregistro natural gisa: Orozkon, Zollon… eta Zeberion be, dirudienez. Orozkoko lekukotasun bi eskiniko ditugu. Sinesio Estiballes bertako lekuko eta ikertzailearen pasarte hau balia bekigu, euskera jasora ekarrita: “Auzo daukagun andra zantar horregaz kontuz ibilita be ez joagu nahikoa izango, ameneko”. Edo Itxi Rotaetxe Labayruko lankidearen beste esaldiok: “Durundua asmetan da auzoan. Etorri dira bakazinoetatik, ameneko.” “‑Zenbat seme-alaba daukie honeek, ba? ‑Lau, ameneko.” “‑Azkenean, zertan parau dira, ba? Joango dira, ez dira? ‑Bai, ameneko.”. “Ameneko, oraingoan egia esan deust guzurti halakoak!”

Baina orain mende bi eta mende eta erdi, Arratia eta Bilbo aldetik jatorkuz ameneko honen oihartzunak eta lehenengo erregistroak. Añibarro idazle frantziskotarra, Areatzako semea jaiotzaz, izan genduan marka honen eta beste batzuen erregistro ziurra itxi euskuna bere Voces hiztegian, aipu bat baino gehiagotan gainera. Bat, hauxe: “QUIZA, tal vez, acaso: c. bearbada, ausaz, aujaz, noaskiro, menturaz; b. ameneko”. Bizkaiko berbatzat finkatzen dau.

Baina hori baizen adierazgarria da bere sermoi-idatzietan erabili izana, eta pasarte batzuetan sinonimoak hurrean darabilzala. Hala Misionari obran: “Zeinbat gogorazino txar, zeinbat gertaldi negargarri, zeinbat kalte gogor ta jazoera zorigaistoko mundu zabalean ikusiko etzan, kristiñauak ondo ta astiro ziñatu balira? Bearbada urlia arako bekatu lotsagarrizkoan jausiko etzan, goixean ondo ziñatu baliz. Menturaz urlizia ilgo ez eben, krutze santearen etxerik urtetean egin baleu. A! ameneko bestea orain infernuan ez legoke, ekandutu ta oitu baliz krutze santeaz nosik bein ziñatuten!” (Misionari I, 4)

J. Mateo Zabala bilbotarra, amatatik Areatzako errastua ebana dogu ameneko markaren beste erabiltzaile nagusia, gure eretxian Añibarro baino aberatsagoa. Idazle honen bereizgarri bitxienetariko bat da, hitz batzuk, idazlearentzat bereziak diranak, era bitara edo hirutara eskeintzen deuskuzala pasarte batzuetan, kakotx artean sinonimoak dirala. Sermoia esan behar zan herrian era batera edo bestera erabilten bazan, sermoigileak berba hori erabili eian, eta ez bestea: hori zan arrazoia.

Lau pasartetxu eskiniko ditugu Zabalaren sermoi-idatzietatik. Bata: “Ezkondu ez gitxik bere izan oi dituez alkarren artean seiñak izateko eztirean, edo ameneko [bear bada] galarazoteko direanak”. Bigarrena:“Gurasoen baiezkoa bagarik, eta [ameneko] bear bada euren belarrietara bagarik, ezkontzako berbak emoten dituezanak”. Hirugarrena: “Batean ordeaz ta itxaronean emon deutsalako laborea, ganadua, dendakoa edo bear ebana; bestean bear bada [ameneko, menturaz] kobradu eztabelako”. Laugarrena: “urteiten dozu gaubeko ainbeste orduetan tabernatik, etxerako biderik zabalenak estu ta bedar dozuzala; emen estropezau, an jausi, orain batera eta gero bestera, nondik zoazan bere ameneko ondo eztakizula”.

Aurki da bigarren perpaus-adberbioa. Beronen esangurea: “ziurrenik, segurutik, nonbait”. Hau be eremu urrikoa, balio honegaz behintzat.

Ezagunagoa, zaharragoa eta askoz zabalagoa da aurki adberbioa denpora esanguraz: “laster, luzatu barik”. Eresi zahar bateko ahapaldi zati hau, lekuko: “Etorri zan aurki atetirean Eneko Pagoetako bere arma gezi barriakaz.”. Aurki: laster. Atetirean: kanpotik.

Non entzuten da gaur aurki, “beharbada, hurrean, antza”, perpaus mailako balio horregaz? Butroialdeko herrietan batez be, Mungialdean zein Uribe-kostan, eta Txorierrian. Gitxi entzuna da, halanda be. “Etorriko da, aurki”. “Bai, aurki” (Sopela).

Berez hedadura zabala eukan lehenago, gipuzkeran eta goi-nafarreran be lekukotua dago, Azkuek on egiten deuskunez. Eta literatura idatzian be, ugari ez arren, sustrai seguruak ditu aurki horrek.

Idazle modernoen artean, Azkue bera kenduta, Zamarripa sondikarra dogu lekukorik seguruenetarikoa. Beronen liburuetariko baten sarrerako paragrafoa jatorku aukera-aukeran, zerren aurki eta hurrean biak darabilzan bata-bestearen atzean: “Hau Kili-kili hau, geuk gura eztogula, Zaparrada-antza hartuten hasi da, aurki; ta gura geunken baino luzetxoago urteteko antza be artu dau hurrean ta, hurrengorako itxiko dogu, zeure baimenagaz, beronen amaia».

Baina Aboitiz lekeitiarrak be, bere kantuetariko baten behintzat badarabil marka hau: “Baina nire ikaslarik / ez jat ez konbeni. / Nai dozu egin dagidan / osagilla Eguzki?/ Ogi andi bat bere / egiten bada erdi bi, / aurki bakotxarentzat / izango da gitxi.”.

Eta idazle klasikoen babes bila hasten bagara azterka, barriro be Zabala bilbotarragaz egingo dogu topo. Añibarroren izena be aitatzen da, bere Esku-liburua obratxoaren 1821eko bigarren argitaraldian darabilela-ta. Baina zergaitik ez da agiri, ez bere Voces hiztegian, ez beste bere sermoi-liburuetan? Noren ikutua izan daiteke, 1821eko bigarren argitaraldi horretan hiru biderrez agertzea aurki testu barruan? Gure ustez, zalantza gitxi dago, bere komentu-lagun gazteago eta erdi-herritarra eban Mateo Zabalaren lumea ibili dala bigarren argitaraldi hori atontzen. Hona horko adibide bi: “Au alan izanik, badot nik zerurako usterik? Bai, aurki.”.“Bai beintzat, ama, bai; oraintxe, aurki, esan lei, itxasoa baxen andia dala zeure larritasuna.”. Hurrengo pasarte hau, Zabalaren sermoietariko batekoa da: “Nondik eztakizuela, ondatuko jatzuez diru orreek. Eztira aurki zuen llobeetara edo birllobeetara elduko.”

Ausaz edo auiaz da hirugarren marka bitxia. Gaur egun berau entzuten ez da erraza, herri-berbetan behintzat. Hizkera jasoan, idazle batzuk berreskuratu dabe ausaz adberbioa. Eusebio Erkiaga, Txillardegi eta Mitxelena bera ditugu hiru eredu bikain.

Baina tradizino idatzi mardula dauka, eta hizkera diferenteetan, Larramendiren hiztegia eta beraren euskerazko izkribu apurrak lekuko seguru dirala: “Are gogaikarriena da, txarlari oiek ikustea ta aditzea, nola dauden isekaz ta musinka euskeraz ederki dakienen jolasari, bein Nafarroako minzoa dela, gero Bizkaiko berba dongea, batean ausaz ere Goierriko hizketa dezula, bestean noaskiro Beterrikoa.”.

Bizkaierazko tradizinoan errotu da, halanda guzti be, sendoen ausaz hori, aldaera nagusi bi dituala: ausa eta auiaz.

Hiztegietan, Añibarrorren Voces dogu barriro be iturri ziurra: “ACASO, adverbio, unas veces viene con duda: c. bearbada, ausaz, aujaz, menturaz; b. ameneko; g.n. noaski, noaskiro.”. Ausaz eta aujaz (auiaz), oinarrian aldaerak diranak, biak aitatzen ditu.

Mogel markinarrak, behin gitxienez, badarabil adverbio hau, ausa idatzirik, baina handik gora ez deusagu gehiago irakurri. Sermoietariko baten honelan dino: “Eztogu ezagututen, ausa, zein eukiten dogun geure erdian, orazinoian edo altara aurretan gagozanean.”.

Ausa aldaera honek jarratzaile sendoak izan ditu XX. mendeko gure idazleen artean, Azkue, Kirikiño eta Orixe, besteak beste. “Gipuzkoako eztakit zein erritan, joan zan txartela artutera Praixko eritxon gizon bat, ez ausa errime errimea Dotriñan” (Azkue), “Geldoki baten trena luzarotxo egon zan, besten bati itxaroten ausa” (Kirikiño).

Auiaz aldaera (aujaz idatzirik be bai) idatziz gitxitan agiri da. Mateo Zabalak badarabil, baina ia beti beste markaren bati laguntzen, haren sinonimo gisa. Adibidez: “eta ez leuke auiaz [auraz, aurki, nonbait] egingo, gogoan baleuke Jangoikoak Eskritura Santuan dirautsena.”

Ausaz aldaera da, azken baten, aurreko besteon artean gailendu dana, eta horretarako arrazoi sendoak dira, bai tradizino idatziz, bai hedaduraz. XX. mendearen hasieretatik bertatik gure idazle kultoen artean ausaz marka horri lilura edo miresmena autortu jako, eta Juan Bautista Eguzkitza lemoarraren lekukotasuna zilegi bekit, honen frogatzat. Andres Urrutiak atondu eta Labayru Fundazioak argitaraturiko haren Sermoiak liburuko pasarte bi. Bata: “Geure asabakandik artu dogun siniste au okerra balitz, jarauntsiz itxi dauskuezan oitura ta ekanduak gaizto, ustel eta zikinak balira, gure erri onek, bere euskerea galduaz, siniste ta ekanduetan ausaz irabazi egingo leuke”. Bestea: “Zein ete da, ba, Jaunak gizonari emon dautsan eginen ori? Zein, izentau dautsan elburu ori? Ausaz lurreko gauzen menpeko, otsein eta jopu izateko egin ete dau Jangoikoak gizona?”.

Bego oraingoz honenbestegaz honetan.

 

Iturriko

2018-01-19

Ikusita: 184
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera