kontaktua
2018.01.26
08:32

ANTZA, HURREN, SEGURU, KONTIZU Ahozkotasunean Probabilidade eta Zalantza arteko marka ezagunak

Perpausaren prozesua zein neurritan dan ziurra edo ez hain ziurra, horretan datza perpaus osoari eragiten deutsien adberbio-markak, era batekoak edo bestekoak txertatzea perpausan.

Aurreko idatzi baten hiru markaren inguruan jardun dogu: ameneko, aurki eta ausaz, hirurak berezi edo bazter erabilera dabenak, bai ahoz, bai idatziz, eta berariaz sartaldeko hizkeretan erabili izan diranak. Baina idatzizko tradizino segurua dabenak, mende bi edo gehiagokoa.

Bigarren idatzi honetan, ahozkotasun mailan sustrai sakona dabenak, baina idatzian moderno antzekoak diranak izango ditugu jardungai.

Adberbio-marken kokaera dala-ta, edozeintzuk izanda be, euron malgutasuna da gogoan hartzekoa; posizino malgua izan ohi dabe perpausan: behin hasieran, behin akabuan, edo behin barruko lekuren baten. Diskurtsoaren senak zelan agindu, hataraxe antolatzen ditu hiztunak (edo idazleak) marka honeek.

Antza, edo aditzaz lagundurik: antza danez, antza dagoanez, antza danetik edo antza dagoanetik, sartalde euskeran, berbeta mailan bizitasun handiz eta beharbada zabalen dabilen marka dogu, “dirudienez, agi danez…” marken kideko modura.

Tradizino idatzi klasikoan ez dau oihartzunik, eta idatzi modernoan be era nahiko mugatuan. Hogeigarren mendeko idazleetan, sartaldeko euskerakoetan, agiri da berariaz: Zamarripa, Kirikiño, Azkue, Otxolua aitatu gineiz gerraurreko idazleen artean, eta gerraostekoetan Lino Akesolo, Felix Bilbao eta beste hainbat. Edozelan be, ahozkotasunetik hurreko literaturan agiri da sarrien eta ondoen lekukoturik.

Esaldiaren atze partean sarri erabilten dogu hiztunok, batez be berbaz: Bai, antza. Ez, antza. Gaixorik dago, antza. Galarrena dakar, antza, ze itsaso partetik ilun dago. Idazle baten lekukotasuna agertzekotan, hauxe bat: “Ezbear au etxeko zurubi edo eskaileratan jazo yakon, baten batek labangarrien bat ipinirik, antza.” (L. Akesolo IG I 358).

Baina esaldiaren aurre-aurrean agertzeko arazorik be ez dauka. Atxakiak ipinten ibili da; antza, ez dau etorri gura. Gure moduan ez dau berba egiten; antza, ez da hemengoa.

Eta barrualdean be bardin agertu leiteke: “Inguru haretan ebilen beste otso batek be hartu eban, antza, zeozeren usaina.” (F.Bilbao Ipuin barreka).

Hurrean, “antza, dirudienez” esangurakoa da gehien baten, berbaz batzuetan, perpaus mailako marka lez, oinarrian daukan “hurbil” leku adberbioaren baliokide izateaz aparte. Eta “segurutik, ziur asko” adieraz beste batzuetan.

Non entzuten dan? Txorierri aldean, Arratia aldean eta Nerbioi aldeko herrietan batez be. OEH corpus-hiztegira joten badogu testigantza bila, bizkaieraren eremu osokoak topau daitekez ia (euretariko batzuk, oker sartuta edo esangura honi ez jagokozanak behintzat), baina, idatziak idatzi, berbaz bizkaiera sartaldera mugatzen dala beronen esparrua esan daiteke, eta sartalde horretan be, Butroialdea bazter gelditzen dala. Txorierri aldea dauela hurrean honek bere paradisua ziurta daiteke, errakuntza handi barik.

Idazle klasikoen artean nekez idoroko dogu marka honen errasturik. Añibarroren idatzietan behin be ez, sartaldekoa izanagaitik, eta J. Mateo Zabalaren bilbotarrarenetan be, noiz edo noiz: “Ain da gatx ardaora emonik dagoana salbetea ze, ezin dala urrean, diño S. Juan Krisostomok, ordi bat ezek bere mobidu ezin leikealako.” (Bermeo).

Zamarripa sondikarrak be aurreko esaldian dauen esangura beretsuaz darabil hurrean hau: “seguru antzean, ziur asko”. Hona Kili-Kili bilduma-liburuan dakarzan esaldi batzuk: “Gatx egongo da, hurrean, gu zerura eroaten geuk gura eztogula” (XIX), “Lehenengo neuk erreparau neutsan hurrean, ta gero, neuk esanda aurki, beste abadegei batzuk” (109), “Baterako, barreak egiteko ipuina dok hauxe. Baia poztutekoa be badok hurrean” (145).

Mikel Zarate Lezamako semearen idatzietan adibide bakanak baino ez ditugu aurkitu, inguru horretako berbetan barra-barra erabilia izan arren. Baina Lezama eta Larrabetzu aldean “antza danez” esangurea da nagusi: –Ez hoa hi, Bizkuter, arineketara ala? –Ez. Zahar egin nok ni horretarako. –Arineketari asko batu ei dituk aurten. –Bai hurrean” (Ipuin antzeko).

Arratia aldeko testigantza lez, Lino Akesolo, Dimako semearen lekukotasunak balio deusku, honek sarri darabilelako hurrean bere idatzietan. Bat aitatzeko: “hileta-mezaren batera joaten dan bati entzunda nago ez dakiela berak nongo edo zelango eskolea dauken gure abadeak euren hitzaldietan hain taiuz eta hain ederto hitz egiteko. Lekuonak sortu eta zuzenduriko Kardaberaz Akademiak badau horretan zer ikusirik, hurrean.” (Idazlan guztiak I).

Eta etnotestu bateko aipuagaz osotu gura genduke aurretik esana. Asier Bidart ikertzaileak Lezaman batutako etnotestuetan adibide ugari dagoz hurrean honenak, eta bat hauxe: “Ganguren pentsetan dot dala, San Antonio baizen honatxoagoko kaskua, Ganguren haxe dalakoa jaukat neuk, han munarriak egon zoazan lau herritako separazinoa egiten dabenak; pentsetan dot, metal-iturria, ha iturria baizen haratxoago, lau munarri, ikusita jaukadaz. Urte asko ez dok, eta lau herrien separazinoa egiten ebela entzunda euki noan han, hurrean Galdako, Zamudio, Lezama eta... Begoña-edo, Bilbo-edo egiten dozak zatitu”. (Lezamako etnotestua)

Seguru perpaus marka, seguru be, segurutik, seguru antzean eta beste aldaeraren bat be lagun dauela, berbaz behintzat, maiztasun handiko hitza da, idatziz, dauen erdal mailegu usainagaitik, idazle askok bazter itxi izan arren.

Tradizino idatziaren lilurarik gitxi baino ez dauka, baina berbazko erabileran bizitasuna eta indarra ez ditu falta. Ekialdeko tradizino idatzian segur, segurki erak dira ezagunenak; seguru eta honen ildokoak, hegoaldekoak eta berariaz sartaldekoak dira.

Sartalde euskeran Añibarro dau lekukorik zaharrena eta zuhurrena. Seguru bere eta bai seguru erak dira probabilidadeko perpaus marka lez proposatzen deuskuzanak, bere hurreko berbeta erregistrotik jasoak, ziur asko. Interesgarria da Añibarrogan, seguru bere marka hau zeharka emondako informazinoaren balioa bermatzeko proposatzen dauela, ei-omen modalek edo dinoenez moduko adizki adberbialak beteten dabenaren antzeko balioaz. Horixe da arrazoia, gaztelaniazko “creo que” egituraren baliokidetzat emotearena bere hiztegian, esangura beretsuko beste marka ezagun batzukaz batera: “CREO QUE: c. ausaz, aujaz, seguru bere, bai seguru, nonbait, nonberebait” (Voces). Interesgarria da, bestetik, ekialdeko tradizinoko segurki aldaera honen aldamenean be erakustea: “SEGURAMENTE: c. seguru, segurki, seguru bere” (Voces). Hiztegian darabilen seguru bere hori, gero bere euskerazko idatzietan banaka baino ez da agiri: “Artu egizuez, bada, adibide txikiok, ta ondo gordetan badozuez, seguru bere, orain bakarrik lorak direanak, elduko dira denporaz frutu elduak izatera” (Lora Sorta).

XX. mende hasieratik gora, gure klasiko modernoen artean ugariago agiri da seguru. Azkue, Zamarripa, Lino Akesolo dira, gehiagoren artean, seguru be darabilenak, Añibarroren bideari jarraiki. Adibide bana: “–Eta gero, seguru be, gero Epikok parka eskatu behar. Eta ezin izan zegikean bestera.” (Azkue Latsibi). «Jausten hasi ta gero, zutundurik, gora ikaragarri bat jaurtin dau, seguru be» (Zamarripa Firi-firi). “Halango zaldi arinik eta hango erradura-hotsa, seguru be!” (Lino Akesolo Ipiña).

Felix Bilbao morgatarrak, ostera, seguru darabil bere ipuinetan: “Eztialdi ona izan juen, antza. Behintzat Mari Kontze eta Jose Mari pozik jetoazan etxerantza. Trenez, seguru.” (Ipuin barreka).

Esaldi baten adierazkizuna zeharka emondakoa lez aurkeztu gura danean, entzundakotzat edo, marka aproposa dogu seguru edo seguru be. Gomendagarria, erara datorrenean.

Kontizu da idatzi honetako laugarren eta azken marka. Hau be, ahozkotasunari guztiz atxikia, idatzizkoaren distira bakoa, modernoa batez be, ez tradizino zaharrekoa, baina berbazko jarioan sarri eta zabal dantzuguna. Sartaldeko euskera osoan hedaturik dago, gitxienez be.

Kontizu hori ez da besterik, kontu egizu aditz lokuzinoaren era sinkopatua baino, baina lexikalizatze gradu sendoa jadetsi dauena, eta esangura propio bat, eta beraz, hatakotzat onartu beharrekoa.

Adierazoten dan prozesu baten probabilidadea aitzen emoten da beronegaz, antza, segurutik, aurki eta ikusi ditugun beste batzuen hurrekoa. Ondarroatar eta erbesteko baten arteko alkarrizketa labur honetako erantzunak argitzen dau apurren bat marka honen erabilera: “–Ondarroa lehengo lekuan dago? ­Lehengo tokian egongo da, kontixu!”, ondarroatarraren erantzuna.

“Bai, kontizu”, “Ez, kontizu” tipoko erantzunak entzuten dira sarri, esate baterako, norbait ea etortekoa dan itauntzen danean eta erantzuna segurua ez danean, norbere ustea adierazoteko.

Nahikoa izango da, kontizu, hona artekoaz oraingo, eta hurrengo baten helduko deutsagu harilari, ea hari gehiago agintzen dauen.

 

 

Iturriko

2018-01-26

Ikusita: 138
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera