kontaktua
2018.02.16
11:01

Egin AHAL dana egin AHAL bada, ondo goaz

Ahal, esanguraz “ahalmen, ahal izate, botere” adierazoten dauen izen bat, izen kategoriakoa izateaz gainera, aditz jokoan be funtzino eta esangura garrantzitsua hartzen dauena da. Aditz jokatuen modalidadea markatzeko berezitu ditu hizkuntzak, eta eboluzino horren bidez izen kategoriako izatetik aditzaren osagai “modal” izatera etorri dira.

Ahal modalaren sail berekoak ditugu, bakotxa bere esangureagaz, honako besteok be: behar, nahi, gura, uste, gogo eta, harean diferentea dan arren, zelanbait baita ezin marka be.

Idatzi honetan ahal modalidade-markaz jardungo dogu soilik, ezezkako ahalmena adierazoteko darabilgun ezin marka hurrengo baterako lagata. Ahal markak berak eskeintzen dau ertzik asko, zehaztasunak emoteko.

Ahal –edo al, aal hegoaldeko tradizinoan–, potentzial edo ahal izate zentzuaz aparte, beste balio batzukaz be agiri dan modu-marka dogu aditz jokoan. Balio optatiboa edo desirazkoa, uxala markaren hur-hurrekoa, gertakizuneko partizipioaz: Egongo al zara bakean!. Zalantzadun galdera adierazle, itaun perpaus barruan, gaztelaniazko “acaso, por ventura” adberbioen hurrekoa: Ez al dozu jakin etorriko zala? Baietz uste neban. Oraingoan ez ditugu jorratuko modalidade balio biok be.  Gatozan, bada, ahaleraren modalidea adierazoteko ahal darabilguneko kontestuetara.

Ahalerazko modua aditz jokoaren bidez adierazoteko, aditz multzoari ahal txertatzea, aukeretariko bat da, beste batzuen artean. Aditz laguntzaileen bidez adierazoten da ahalera sarri be sarri, “ahalerako adizkiak” deritxegunen bidez: joan daiteke, etorri leiteke, esan daikegu, eroan geinke... ahalerazko aditzak dira. Eta ahalerazko aditz paradigmako adizkiakaz lehian, ahal hitz modalaz eregitako aditz multzoak ditugu: esan ahal dana, egin ahal danean, eroan ahal badozu…

Baina euskerearen erdi eta sartaldeko hizkeretan, kontestu sintaktiko (eta semantiko) banangoen arabera egiten da sistema bataren eta bestearen erabilera. Muga eta baldintza jakinak eskatzen ditue egitura batzuek eta besteek. Ahal hitz modala aditzean txertatu ohi dan kontestu eta baldintza horreek zehazten saiatuko gara ondoko lerrootan.

Aditz trinko bategaz batera nekez erabilten da ahal modala. Dator edo daki adizki trinkoei ahalera modalidadea erantsi nahi bajake, ez da eregiten euskeraz *ahal dator edo *ahal daki ereduko egiturarik. Ez eta mende perpausan be, *ahal badator edo *ahal dakiena eredukorik. Aukera nagusi bi, edo hobeto esanda hiru, ditu hizkuntzak ahalera kutsua bermatzeko.

Bata, tradizino zaharrekoa eta gaur galduxea, -ke atzizkiaz markatzea: datorke, dakike. Baina gertakizun aspektua da horretan nagusi, ahaleraren gainetik: “Dakianak artzaiten / dakike emaiten. // ‘Quien sabe tomar sabrá dar’.”

Bigarrena, adizki trinkoa perifrastiko bihurtzea. Ahal, orohar, menderakuntzan txertatzen da honelakoetan. Dator > etorri ahal danean, etorri ahal bada, jakin ahal badau, jakin ahal dauen guztia.

Eta hirugarrena, ahalerazko adizkiez baliatuz, aditz perifrastikoa garatzea. Egitura hau batez be perpaus nagusietan edo –la atzizkidun osagarrietan garatzen da: etorri leiteke, jakin leitekela deritxat.

Edozein kasutan be, ez dogu gauzatzen prozesu baten ahalera-izaera: Etxera *ahal goaz ereduko aditz egituren bidez. Esateko era normalak besteok dira: Etxera joan geintekez. Eta ahal sartuta: Etxera joan ahal garanean joango gara.

Gakiozan aspektuaren alderdiari.

Orain momentuko ahal izatea, bururagabea deritxona markatu nahi bada, eta esaldi nagusia bada, normalean ez dogu ahal markaren bidez egiten, euskerearen sartalde eta erdialdeko hizkeretan behintzat. “Yo me puedo ir ahora” adierazo nahi badogu, usadioz euskera darabilgunok, ez gure tradizinoko idazleek, ez darabilgu: Ni orain joan ahal naz. Darabilguna da ahalerako adizkia: Ni orain joan naiteke, edo neinteke. Bata zein bestea, ze euron arteko bereizkuntza semantikoa aspaldi neutralizatua dago gure hizkeretan.

Mendeko osagarrian, -la atzizkiaz markatuan badago ahalera egitura hori, orduan be ahalerazko adizkietara joko dogu. Ni orain joan naitekela uste dot. Nekez erabilten dogu: Ni orain joan ahal nazala uste dot.

Gainerako menderakuntza guztietan, bai ostera: Joan ahal garan guztiak. Joan ahal bagara. Joan ahal garanean. Joan ahal garalako. Baita –la adberbialaz eregitakoetan be: Egin ahal dozula, ez egitea ez dago ondo.

Iraganeko bururagabean beste hainbeste gertatzen da. Egun horretan etorri ahal ziran edo Momentu haretan ekarri ahal genduzan nekez erabilten ditugu. Iraganean, momentu jakin baten gertatzen ari dan prozesuaren ahal izatea adierazoteko be, ahalerareko iraganeko adizkietara joten dogu orohar: Egun horretan etorri eitekezan edo momentu haretan ekarri geinkezan hobesten ditugu hiztunok.

Desbideratze badaezpadakotzat joko gendukez gaur egungo gure hizkera sistemaren arabera (sartalde eta erdialdeko hizkerez dihardut), kalean entzuten diran honen antzeko esaldiak:

- Joan ahal naiz. Joan naiteke hobetsiko genduke.

- Egin ahal da. Egin daiteke edo leiteke hobetsiko genduke.

- Nik badakit neska horrek lan hori egin ahal dauela. Beste hau hobetsiko genduke: ...egin leikela/lezakeela edo ...egin daikela/dezakeela.

Aspektu burutua, amaitua edo perfektoa adierazoten dogunean ostera, izan txertatzen dogu aditz perifrasian, eta ahalera adierazoteko ahal izan multzoaz baliatzen gara. Horretara, orainaldiko burutuak lirateke: joan ahal dira, ekarri ahal izan dogu, ikusi ahal izan dira edo emon ahal izan deutsat. Eta iraganean be bardin: ikusi ahal izan ziran edo eroan ahal izan genduzan.

Ohiturazko aspektua, habituala be deritxona, ahal izatea barruan dala, ahal izaten multzoaz adierazoten dogu: ikusi ahal izaten dira, irabazi ahal izaten dogu eta eredu horretakoak erabiliz.

Gertakizuneko aspektua, futuroa dalakoa adirazoteko, ahal izango egituraz baliatzen gara Pirinioz hegoaldeko hizkerarik gehienetan, eta ahalko, orohar, Iparraldeko eta nafar hizkeretako ezaugarria dogu. Egin ahal izango dira edo eroan ahal izango ditugu egiturez baliatzen gara sartalde eta erdialdeko hizkeretan. Egin ahalko dira eta eraman ahalko ditugu tipoko perifrasiak ekialdeko, berariaz Iparraldeko, hizkeretakoak dira.

Aoristoko aditz laguntzaileak (*edin, *ezan, egin...) be onartzen dabe berez ahal hitz modala, baina gaur nekez erabilten da, tradizino klasikoan ohikoa izan arren.

Subjuntiboko adizkiak ohi dira batzuetan:

- “Erosiko ditut topau al daidazan basko edo kiputzeko liburuak” (Mogel). Gaur egun egiteerako adizkiaz ordezkatuko genduke: …topau ahal ditudan…

Ahalerazko adizkiak ohi dira beste batzuetan:

- Itaun perpaus bat: “Guzurra esan al baleite gauzaren baten intenzino onagaz, inok pekatu egin bagarik?” (Kapanga). Gaur egungo sisteman itaun hori beste era honetara egingo genduke: Guzurra esan leiteke…?

- “alan azaldauko neuskezuz beste gauza asko euskera garbian, begiakaz ikusi al deitekezan zan, azur edo mamin gauzeetan” (Mogel). Gaurko usadioan ahal hori ez genduke txertatuko: …ikusi daitekezan…

Ahal aditz perifrasian sartzen dogunean, laguntzaileak iragangaitza edo iragankorra izan behar dauen, izan ohi da beste zalantza puntuetariko bat. Aditz perifrasi barruan ahal sartzeak ez dau baldintzatzen aditz laguntzailea da edo dau tipokoa izatea. Aditz nagusiak agintzen dau laguntzailearen izaeran, ez ahal hitzak. Halan bada: joan ahal izan dira, baina ez joan ahal izan dau; etorri ahal baziran, baina ez etorri ahal baeben.

Egia da, hainbat lekutako herri-berbetan, egiteerazko laguntzailea dau erakoa, transitiboa erabilteko ohitura dagoala. Halan: Joan ahal badot esaten da leku batzuetan, eta ez joan ahal banaz. Zuzenak dira egiturok herri-berbeta mailan, baina ez arau mailan. Araua, tradizioaren bidetik finkatu da beti be, eta tradizino idatzian ez dago horretan zalantza izpirik.

Bego gaurkoz honetan, ahal aditz modalari buruzkoa.

 

Iturriko

2018-02-16

Ikusita: 184
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera