kontaktua
2018.02.22
13:40

ASKO lagunek hori baleki…

Asko zenbatzaileaz, zeharka, 2016-03-31ko Bizkaieraren Atarian jardun genduan, izenburua: “Askorik, nahikorik, hainbesterik… Zenbatzaileak -ik partitiboaz bai, gero?” eban idatzian. Harako idatzian, zenbatzaile zehaztugabe diran hitzei, ezezkako edo itaun perpausetan -ik aplikatzea ez dala orohar gramatikaz bideragarri ez gomendagarri baieztatzera gentozan, eta hiztunen usadioan salbuespen nagugia asko zenbatzailearena gertatzen dala autortzen genduan: askorik ez da behar, askorik ez dago, askorik ez daki moduko esaldietan.

Asko zenbatzailea, esangura bi edo hiru diferenteak beregandu leikezan hitza izanaz gainera, gramatika-kategoria diferenteez azaldu daitekena be badala autortu daigun lehenengo. Izenordaina, batzuetan: Askok ez daki hori. Izen multzo baten determinatzailea, beste batzuetan: Jente asko batu da. Kontu zahar asko entzun dira.

Adjektibo kategoriara be makurtzen da batzuetan, -a mugatzailea lagun dauela: Askoak eta askoak batu ziran jaialdira. Izen kategoria be izan leiteke, hau be -a mugatzaileaz: Askoak eta larrak ez dakarre mesederik. Gitxia eta neurria hoba izaten da jate kontuan. Kantitate-adberbio modura sarri darabilgu: Gure mendietatik asko ibiliak dira neska-mutilok.

Graduatzaile kategoriaz be hizkera batzuetan franku entzuten da, samar, samarra erabiliak diran antzera, berariaz Artibai, Deba eta Urola aldeko hizkeretan. Adjektiboei laguntzen: “Eder askoa da ardao hori”. “Guapo askoa zara”. Adberbioei eragiten: “Ondo asko pasau dogu”. Domingo Agirre ondarroatarrak honako lekukotasuna eskeini euskun: “Mariak, zuek bezela, laster askoan igaro zituan bere gaztetasuneko egun loratsuak” (Sermoiak).

Asko zenbatzailea, izen edo izen multzo bategaz batera agiri danean, haren atzean da ia beti, “anitz” esangurea gordeten dauela: gazte asko, ume txiki asko, behar asko. Hori da lege nagusia, salbu ekialdeko hizkeretan. Anitz izen multzoaren aurrean erabilia dan eremuetan, haren ordez asko darabilenean, berezko joerea dabe sintaxi berbera, aurre posizinoarena, hari ezartea: Anitz urtez > asko urtez.

Baina kontua da, gipuzkera eta bizkaiera euskalkien eremuetan be, bai tradizino idatzian, eta bai gaurko berbetan be –berbaz edozelan be mehatsago erabili izan arren–, izen multzoaren ezkerrean kokaturik erabilteko joerea zaharra da, aspaldikoa. Baina aurre posizinoan agiri danean, bai tradizino idatzian, bai ahoz, esangura berezia beregantzen dau; atze posizinoan darabilgunean dauenaz bestelako balioa.

Mogelen Peru Abarka-n esaldi ezagun bitan agiri da sintaxi hau, eta R. M. Azkuek, obra honen gaztelaniazko bertsinoa emokeran, ‘edozein, beste edozein’ edo horrelatsuko esangurea autortu eutsan asko horri esaldi biotan. Bata zan: “Ze gizon galanta asko nekezalek jazten dituan muetakoak erabilteko!”. Bestea: “Asko nekezaleri esan bazeuntsa, etzenduan urtengo emendi beste barberu edo zauri-osagillaren baten premina baga”. Baina Mogelek berak be, “hainbat” esangureaz darabil beste obra edo idatzi batzuetan aurre-posizinoko asko hau: “Ez dabe asko aberatsek kontu ateraten, zelan errenteruak pagau bear dituen amarren-primiziak”. Hor jagokon esangurea ez da, ezelan be, anitz, “mucho” dalakoa.

Itxura baten klasikoa dirudian aurre posizinoko sintaxi horrek bizirik dirau gaur egun be. Baina sintaxi horregaz ez dauka ez “anitz”, ez “nahikoa, aski” esangurarik. Goian aitatu diran esangura bien artean zabuka dabilela esango neuke. Batzuetan, “edozein, beste edozein” esangurea dau; eta askoz sarriago “hainbat” edo horrelatsuko balioa. Sintaxi honegazko erabilera, gaur egungo hiztun zeheen artean (adin batetik gorakoetan, berariaz) zabal dabil Bizkaiaren sortaldetik Gipuzkoarantz: Durangoalde, Deba-Leniz, Urola eta Goierriko hizkeretan entzun ohi da gitxienez, eta inguru zabalagoetan, seguru asko.

Han-hor-hemen neuk jasoak dira honetariko esaldiak. Abadiñon eta Iurretan, ikasle izan ditudan bertako lekukoengandik –eta honeek euren gurasoetatik– jasoak dira lehenengo esaldiok. Eurotan asko zenbatzaileak edozein zehaztugabearen hurreko balioa dauka: ‘Asko gizonek hori baleki’ (= Baten batek hori baleki...) (Abadiño). “Asko lekutan esaten badozu hori... igual hartzen zaitue aurrean!”. “Asko pertsonak entzungo baleu hori...”. “Asko modutan aurkitu ezkero eta ertzainak agertu...”. “Asko lekutan aurkitu ezkero gasolina barik, txarto pasau behar!” (Iurreta).

Gipuzkoako hizkera diferenteetan batuak dira bigarren esaldiok: “Ezin da asko lekutan holakorik esan!” (Lazkao). “Baziran orduan asko kasurik egiten ez zienak elizari, baina oso nabarmenak izaten ziran haiek!” (Usurbil). “Asko gaztek ba al zekik ba zer nahi duen!» (Urrestilla).

Zenbatekoaren kontzeptua beti ez dator bat zenbakarri edo kontagarri izateagaz. Izen asko dira neurgarri modura hartzen ditugunak, baina ez dira ezinbestean kontagarri. Jentea neurtu geinke asko edo gitxi esanda –edo hainbat, hainbeste eta halako zenbatzaile zehaztugabeak erabilita, baina multzoa, piloa kontenplatzen da, ez zenbat diran zehatz. Baina ostera, ume, kipula edo ibaiak zenbaki bidez kontau edo zenbatu geinkez.

Asko zenbatzaileak eremu bietako izenak hartu leikez aise. Gari asko dinogunean, gari piloa esaten gagoz, eta gari gitxi dinogunean, gari apurra. Baina aldiz, lagun asko dinogunean, pertsonen zenbateko handia adierazoten gagoz, nahiz zehaztasunez adierazo ez. Euria, energia, beroa, denporea… neurgarriak dira, baina orohar ez ditugu zenbatzen, zeharkako neurriz ez bada (litroak, graduak, kilobatioak…)

Aditzagazko komunztaduraz da azkenengo oharra. Asko zenbatzaileaz, aditzagazko akordioa singularrez egiteko joerea da nagusi. Bai izen neurgarriakaz –jente asko batu da–, baina baita zenbakarriagaz be gehien bat, nahiz eta honeekin ez beti. Bigarren kasuan akordio sistema biak dagoz indarrean, eta biak dirala onargarri esan daiteke. Singularrezkoa, beharbada, gomendagarriena: Ume asko doa ikastolara. Huts asko egin dot azterketan. Baina pluralezkoa be barra-barra darabilgu, eta nekez epaitu geinke akats lez: Asko gaisotu dira negu honetan gure lantegian.

Bego honenbestez.

 

Iturriko

2018-02-22

Ikusita: 133
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera