kontaktua
2018.04.13
10:02

DABIL eta IBILTEN DA aditz egituren arteko lehia Trenez DABIL egunero ala Trenez IBILTEN DA egunero? (lehen idazketa)

Euskeraren estilo liburuetan dabilen auzi puntuetariko bat da, aditzak era trinkoa daukanean, ea zilegi danentz adizki trinko hori erabiltea, aditz prozesua maiztasunez, ohikotasunez jazoten dala adierazoten dan kasuetarako. Adibide gisa, “Trenez dabil egunero” moduko esaldietan, dabil erabiltea badaezpadakotzat jo behar ete dan, eta “Trenez ibilten da egunero” erabili behar dalakoa gomendatzea edo finkatzea.

Egia da, adizki trinkoak perpaus nagusian darabilguzanean, gehienetan edo sarriroen une horretan berean jazoten diran prozesu edo ekintzak adierazoteko ohi darabilguzala: Olgetan dabil. Geldi dago. Hor dator. Etxera daroa. Suertea dauka. Hemen dakardaz….

Eta egia da halaber, adizki trinkoak indarrean dabezan aditzek euren egitura perifrastikoaz adierazoten dabela, orohar, prozesu habitual edo ohikoa: Hemen egoten da. Hona etorten da. Kanpora joaten da. Txantxetan ibilten da. Gose izaten gara. Borondatea eukiten dau. Pisu astunak eroaten ditu...

Baina adizki trinkoak aspektuaren aldetik, momentuko aspektu puntukariaz gainera, eremu zabalagoa hartzeko gai dira erabilgune edo testuinguruaren arabera. Eta horren adigarri garbia daukagu, maiztasuna edo ohikoa dan prozesua adierazoteko, aditz egituraz aparte beste markaren bat lagun danean esaldi barruan ohikotasun hori markatzeko. Jo daiguzan batzuk: ohi modala, beti, sarri, egunero, hilero, urte guztietan… edo beste horretarikoren batzuk.

Ohi hitz modalaz hasiko gara. Ohi hitz modala atzeraka joan da sartaldeko euskeran. Lexikalizaturik –hau da, hitz segida finko zabalagoaren barruan estalirik– dirau egitura batzuetan: ohi dan lez (berbaz ohidalez) eta ohi dan lezko edo ohi dan lango (berbaz ohidalezko eta ohidalango) dira sartaldeko euskerako ezagunenetariko bi. Baina gaurko hiztunen artean nekez entzuten dira ohi dauka edo etorri ohi da erako aditz egiturak, euskera jasoan edo landu antzekoan ez bada.

Baina auzi puntua beste hau da: ohi maiztasun aspektuaren adierazle izanik, zelan buztartzen da dabil adizkiagaz, berez aspektu puntukaria euki beharrekoa, gramatika joera nagusien arabera. Baina hizkuntzaren erabilera errealean ohi dabilz eta ibili ohi dira (ekialdeko sisteman ibiltzen ohi dira), biak dira emaitza naturalaz, lekukotasunei men egiten badeutsegu, egitura zuzenak.

Euskerazko tradizino klasikoak apur bat azterka egitea nahiko da, nahia eta gehiago  adibide aurkitzeko ohi+ adizki trinkoaz eregiak, bai orainean, bai iraganean. M. Larramendik bere hiztegian dakarren esaera bat, lekuko: “la costumbre hace ley” honelan dakar euskeraz: “Oiturak legea oi dakar”. Ohi dakar horren balioa gaztelaniazko “suele traer” aditzaren berbera da.

Zer esan gura dau horrek? Dakar adizki trinkoa aspektuaren aldetik testuinguru horretan, puntukari/ez-puntukari aurkaritza kontuan, neutroa dala, markatubakoa. Aditz egitura horretan ohi hitz modalak markatzen dau aspektu habituala, adizki trinkoa bere horretan gelditzen dala. Gramatika lege zaharrak ez gaitu behartzen hor dakar, ekarten dau aldatzera.

Aditz trinkoagazko egitura lexikalizatu bat aitatu dogu gorago: ohi dan lez, ohi dan lango. Horren atzean ohi da aditz egitura daukagu, ohi modalari da aditz trinkoa eransten deutsagula. Izan be, ohi da segida hau dogu gure tradizinoan beste era honetako egitura ugarienetako bat.

Milia Lasturkoren eresi zaharrean dokumentatua XVI. mende goiztarrean: “Gizon txipi sotil baten andra zan. / Atearte zabalean oi zan. / Giltza porra andiaen jabe zan. / Onra andi asko kunplidu jakan”.

Oraintsuagora etorrita, bizkaiera klasikoaren sorrera aldira, XVIII. mende akabu eta XIX. mende hasierako testigantzak dira Mogelek eskeintzen deuskuzan batzuk. Izan eta ibili aditzen adizkiak dira sarriroen darabilzanak ohi modu-marka honegaz. Peru Abarka obrakoak dira lekukotasunok: “or oi zabiltzee zeuben jakituria usteaz”, “lepo ganean niri igorzten oi dabil”, “zelangoa oi dan baserrietxeko janlekua”, “Alan oi dabilz, inok ezertako gura ez dituala”, “Gabaz ere oi dabiltza eizan bezala”, “galondoetan oi dabilen epertxua“.

Aditza perpausan denpora-adberbioz lagundurik agertu leiteke. Eta prozesuaren maiztasuna, ohikotasuna adierazoteko batzuk dira: sarri, beti, egunero, momentu guztietan, egun guztietan, urte guztietan… Auzia hau da: adizki trinkoak ezinezkoak ete dira horretariko adberbio edo adizlagunakaz batera esaldi berean? Hiztun naturalen berbazko emaitzetara bagatoz, berez-berez darabilezala horretariko egiturak ohartuko gara.

Beti adberbioagaz normala da adizki trinkoen erabilera. Adibide batzuk: Beti dauka zeresana. Beti dabil txantxetan. Beti dator berandu eskolara. Mutiko hori beti dago gurean sartuta. Iraganeko adizkiaz: Beti egoan zelataka. Beti ebilzan zirika. Esangura aldetik, beti adberbioak jarraiko denporea adierazoten dau gehiago, aldiro edo aldizkakoa baino gehiago. Horretan datza, besteak beste, adizki trinkoakaz bateragarri izatearen arrazoietariko bat.

Baina -ten atzizkidun aditz perifrastikoaz be berez-berez jalgiten jakuzan esaldiak dira: Beti egoten da geuri itxaroten. Beti ekarten dau sariren bat umearentzat. Beti eroaten dau semea Santi Mamiko futbol zelaira. Egitura bien arteko diferentziarik egotekotan, ohiko prozesuaren enfatizazioan egon daiteke: egoten da, ibilten dira ereduagazko esaldietan prozesuaren ohiko-izaera markatuagoa dala.

Sarri adberbioa beti baino markatuagoa da berez aspektu habituala adierazote kontuan. Horregaitik, beharbada, adizki trinkoaz barik, -ten atzizkidun perifrastikoaz esaldia atontzeko joera handiagoa ohi dauka: Sarri etorten da autoagaz. Sarri eukiten ditu konbidaduak etxean. Sarri eroaten dau alabea zinera.

Egunero, astero, hilero, urtero adberbioen azpian be maiztasun perzepzinoa datza; aditz prozesua behin eta barriro jazoten dalakoa agirian dago mezuan. Halanda be, hiztunen erabilereari bagagokoz, adizki trinkoaz uste baino sarriago agiri dira berbeta naturalean: Egunero doa lanera. Astero dator gurera. Egunero dakarsku ogia etxera. Urtero dakar ardaoa Nafarroatik.

Halanda be, nagusi eta ugariena aditz konposatuagazko egitura dala esango genduke: Morroi hori sarri etorten da gurera. Egunero-egunero joaten da gau-eskoletara. Ahal dauen guztietan eroaten deutso amari oparitxoa.

Ondorio guztiz garbirik ateraten erraz ez badago be, onargarritzat joko neukez nik, maiztasun adberbio edo adizlagunekin batera adizki trinkoa darabilen egiturak. Eta arrazoitzat hau emongo neuke: dago, dabil, daroa adizkiak aspektu puntukariaren aldetik neutroak edo erdi-neutroak dira, eta egoten da, ibilten da, eroaten dau perifrastikoak aspektu habitualaren aldetik markatuak dirala.

Hainbat aditz dira, sasoi baten adizki trinkoak ezagutu eta onartu izan dabenak, baina hiztunen aho-mihinean usadioa galdu dabenak. Gure arteko ezagunenak, ikusi, entzun eta ezagutu dira. Hor dakustaz ama-alabak honantz etorten esatea normala zan lehenago gure artean, momentuko ikustea aditzen emoteko. Baina, behin dakustaz galdu ezkero, ikusten ditut bihurtu da hiztunontzat aspektu bien adierazle: puntukariarena eta habitualarena.

Bego gaurkoa honenbestegaz, hurrengoan hari-matasareari tenka ekiteko moduan.

 

Iturriko

2018-04-13

Ikusita: 141
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera