kontaktua
2011.08.05
10:44

Otorduak

Etniker Euskalerria taldeak argitaratzen daben Euskalerriko Atlas Etnografikoaren lehenengo aletik (La alimentación doméstica en Vasconia) hartutako pasartetxo bat dakargu Labayru Gaurren zenbaki honetara, otorduai jagokena, hatan be.

Mahaian jezarri orduko ohiturak Euskal Herri osoan antz-antzekoak dira: aita mahaiburuan paretan zan, ama sutondotik hur bazkaria atera-eta egiteko, eta gainontzekoak mahaiaren edo lapikoaren inguruan.

Ezkaratzean jan ohi zan, subazterretik hur eta jangela jai handietan edo konbidadu asko egoanean baino ez zan erabilten.

Zeanurin, esaterako, holan atontzen zan mahaia. Aita izaten zan mahaiburu, eta bera ez egoanean, edo hil ezkero, etxera ezkondutako semeak hartzen eban haren lekua. Senitarteko enparaduak, bakotxak bere lekua eukan. Amaren lekua, esan dogun lez, sutondotik paraje egoan. Mahaikide barriak egozanean, amak itxi egiten eutsien bere lekua. Amamak askotan aulki txiki baten jezarrita jaten eban, mahaian beretzako lekua egon arren.

Jaiegunetan, aita betiko lekuan eta gizonezkoak ziran konbidaduak bere inguruan jarten ziran. Holako egunetan taldeak sexuaren eta adinaren arabera eratzen ziran. Holan ba, umeak, mahaia beteta egoanean, beste mahai txikiago baten ipinita jaten eben.

Etxean edadeko abadea bizi ezkero, bera zan mahaiburu; otoitza be berak zuzentzen eban. Ostera, abadea etxera konbidau etorri ezkero, aitak ez eutsan bere lekurik itxiko.

Kriadu-kriadak, edo otseinak eta seintzainak euren adineko umeakaz batera jezarten ziran. Eskekoak kanpoan jaten eben, atearen ondoan.

Lagun guztiak mahaiaren inguruan jarri eta jan-edanak bedeinkatzen ziran. Horretarako, gizonezkoak txapela eranzten eben eta andrak ume txikiak geldi egon eitezan ahalegintzen ziran. Usua zan lez, errezua familiakiderik zaharrenetariko batek egiten eban: aitak edo amak, aititak edo amamak. Gaur egun, ostera, umerik gazteenak be egiten dau.

Jan-edanak bedeinkatzeko modurik nagusiena, gaur egun lez, paternosterra (Aita gurea, Agur Maria eta Aintza) errezetea zan. Otoitza zuzentzen dauenak lehenengo zatia esaten eban eta besteak bigarrenagaz erantzuten eutsien. Errezuaren aurretik zein atzetik aitearen egiten eben danak.

Badagoz euskeraz jan-edanak bedeinkatzeko beste esaera batzuk, gaur egun gitxiago erabilten badira be. Konturako:

 

  • Gure Jaun eta Jaungoikoa bedeinkatu eizuz jaten doguzan janariak.
  • Jauna, bedeinka gaitzazu gu eta hartzera goazen janari eta edaria.
  • Jaten doguna eta edaten doguna eta begiakin ikusten doguna Jaungoikoak bedeinkatu dagiala.
  • Mahai honetan batzen garanok, Zeruko mahaian be batu gaitezala.

Etniker Euskalerria. La alimentación doméstica en Vasconia.
Bilbao: Etniker Euskalerria, 1990, 77-93 or.

Ikusita: 1469
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera