kontaktua
2018.05.04
09:09

GizonTZAKOA eta GuztiENTZAKOA -TZAKO eta -ENTZAKO atzizkien hitz-sorkuntza ahalmena

Azkuek bere Morfología-n (130 or.) beren-beregi aitatu eta deskribatzen dau -tzako eratorpen atzizki gisa: “Se compone del sufijo adverbial tzat “por, como si fuera”, y el consabido declinativo ko, verdadero proverbo. Dongatzat, lapur usainekotzat, sorgintzat ta guzurtitzat zeunkan luebagin au, dijo Moguel (…). Añadiendo el ko a estos y cientos vocablos análogos sale el calificativo de “supuesto, presunto”. Dongatzako el presunto malvado, lapurtzakoa el presunto ladrón, sorgintzakoa el tenido por brujo, guzurtitzakoa el presunto mentiroso. Aitatzakoa se dice en B por padre putativo o adoptivo… etc.” Eta horregaz loturik aitatzen deusku aintzakotzat, Frai Bartolome zitatuz.

Izenakaz (umetzat, ardaotzat), adjektiboakaz (ontzat, txikitzat) edo izen-adjektibo multzoakaz (pertsona ontzat, mendi altutzat) erabilia dan -tzat atzizki prolatiboa birrizen edo birradjektibo bihurtzen dogu atzizki horri -ko erantsi ezkero. Eratorkuntza prozesua garatzen da -tzako atzizki bikotxaren bidez, izen kategoriaz batez be, baina adjektiboakaz eta aditz partizipioakaz be bai neurri apalagoan.

Eta eratorkuntza horrek esanguraz murriztu eta zehaztu egiten dau hitz eratorri barria, Azkuek artez dinoan lez “supuesto, presunto” adierea egotziz. Gaur egun zuzenbide eremuko terminologian ustezko izenlaguna modaratu da, nori edo hari ziurra eta frogatua ez dan zerbait (kaltezkoa sarritan) egozten jakonean: ustezko bortxatzailea, ustezko iruzurgilea, ustezko salatzailea. Eta erdi ahaztuta daukagu, dana dalako erru-egozteari –bardin deutso lapur, hiltzaile zein auto-gidari izan–, -tzako, -tzakoa eranstea nahiko dala, esanguraz ustezko horren ordeak egiteko.

Lexikalizatze gradurik altuena irabazi daben eratorriak, ugarien darabilguzanak bestetik, senidetasun eremukoak ditugu: alabatzakoa esan ohi da eta alabaordea be bai; esanguraz bardin-bardinak ez badira, hur-hurrekoak bai behintzat bata eta bestea. Alabaorde edo alabaizun, odolekoa ez dan baina alabatzat hartua, ezagutua eta etxekotua dagoanagaitik esan ohi da, gazt. ‘hijastra’. Alabatzako berbea, aurrekook baino gozoagoa eta bigunagoa da; konnotazino neutroagoa dauka; berbaz alabatzat darabilgunontzat, alabatzakoa alabatzat daukagun neskatoa da, alabatzat dagoana, alaba tratua emoten jakona, berez edo odolez izan ez arren; gazt. ‘hija adoptiva’.

Beste hainbeste esan daiteke semetzakoaz be. Eta bide beretik beste senide-izen batzuez be: anaiatzakoa, ahiztatzakoa, nebatzakoa neba-arreba esparruan. Era berean: aitatzakoa eta amatzakoa guraso eremuan. Eta bardin: lehengusutzakoa, osabatzakoa, izekotzakoa senitarte zabalagoan. Baina gramatika-legeak bidea askerik ixten deusku beste giza-kidetasun askotarako: suin, erran, senargai, andragai, ginarreba eta enparauko.

Eratorbide honek hurrengo urrats bat be ezagutu dau: semetzat hartzen dana, semetzakoa izatera datorrena, aditz bidez espresa daiteke, semekotzakotu egin dogula esanez, alabatzat dagoana alabatzakotu daiteken era berean. Eratorkuntza adierazgarria, euskal hizkuntzaren adierazte ahalbide sendoak ondo agiriratzen dituana.

Giza izenen eremu horretan da, hatan be, -tzakoa atzizkia sarrien darabilguna. Andra bati entzun neutsan behin gizonezko bategaitik honetara eragoten: Gizona da hori ba? Gizontzakoa, justu-justuan. Gizona barik, gizontzakoa deitu hobeto ez ete dan nago. Azpian datzan ironia garbia da: urlia horrek ez dau merezi gizon deitzea (edo gorabeheran motz-laburra dalako, edo izaeraz ganorabako antzekoa dalako), nahiz gizartearen aurrean gizontzat agertu.

Adiskidetzat hartua dagoana dala-ta be adiskidetzakoa dala esan ohi da, baina horrek ez dau esan gura benetako adiskidea danik. Halan darabil behin Frai Bartolomek: “Baina, bada geure adiskidetzakoa animosoa, sendoa, jarkia, indartsua, inoren bildurrik ez daukana ta arerio guztietati librau ginaizana, entero maite dogu.” (Bart Ikas I, 56).

Gizakiaz osteango kontzeptuakaz be erabilia da -tzakoa. Erlijino giroko bat aitatzeko, pekatutzakoa, pekatutzat dagoana edo hartzen dana adierazoteko. Frai Bartolomeren lumatik jalgiriko berbak atzera: “Kexau jakozan juezari Joseren kontra. Jose sartu eben kartzelan. Ta azaldau zan bere pekatutzakoa”. Pekatutzakoa, pekatu izan edo ez, batek edo batzuk pekatutzat joten daben horri deritxo.

Gaur egun, Markinaldeko berbetan berariaz, aditz partizipioz eregitako perpausetan erabilten da bizitasun handiz atzizki hau, beti be -a mugatzaileaz lagundurik. Jabier Kalzakorta adiskideagandik jasoriko esaldi bi, beronek bertako herri berbetatik jasoak, ezarriko ditugu hona, era landuan idatzirik. Bata: “Gaurkoz amaitutzakoa egin joagu eta bihar errematea emongo jautsagu”. Bestea: “Bazkaldu edo bazkaldutzakoa egin joagu-ta... nahikoa dok gaurko!”.

Denporan atzera jota, barriro be, Markinatik urrun bakoa dan Frai Bartolome etxebarritarraren idatzietan idoroko ditugu taiu honetako esaldiak noiz edo behin. Hurrengo esaldi biok autortzari buruzkoak dira, pekatuak askatu kontzeptuaren harikoak. Bata: “Jakin bear dozu, pekataria badoa bere ariz konpesore bere ustezko nasaietara, erreztoago, penitenzia gitxigaz ta pekatariaren beraren naira irago dagion ta pena gitxigaz pekatuetati askatutzakoa egin dagion, ez daukala zetan piau alako konpesinoiagaz.” Bestea: “Jazo leiteke, alako prailerik edo abaderik bada, zeuen dantzetako ta piestetako pekatuetati zuei absolbidutzako bat edo askatutzako bat konpesinoian errezto egitea ta pekatuko okasinoe jakin orretan zuei ibilten istea”.

Aurrekoaren osagarritzat -entzako atzizki bikotxaz zertzelada gitxi batzuk gehitu gura gendukez. Mogel idazle bardinbakoak ondo baino hobeto sortu eta finkatu eban guztientzako adjektibo eratorria, eleiza “katoliko” dalakoari euskal ordaina emoteko. Kredoa edo Sinesten dot errezuan honelan formulatu eban pasarte hau: “Sinistuten dot Espiritu Santuagan, Elexa ama santa guztientzakoa, santuen partiltasuna, pekatuen parkazinoa, aragiaren biztuera barria, eta beti iraungo daben bizitzea”.

Baina guztientzako eratorriak esangura zabalagoa irabazi izan dau sortu izan zanik eta aurrera: “orokorra, jenerala”, indibidual edo banakakoaren antonimo gisa. Halan darabil Pedro Astarloak, urrunago joan barik. Fedearen izaera dala-ta dino: “izan leiteke fedea banakakoa eta guztientzakoa, edo argiago esaterren, modu bitan sinistu ginaikez fedeko artikuluak”. Eta mezako sakrifizioen frutuak dirala-ta be hau dirausku: “Onetarako jakin bear dogu, mezako sakrifizioan dagozala frutu bi, bata da berezko edo espeziala, bestea guztiena, guztienzakoa edo jenerala”. Tamala da guztientzako berba honi gure lexikografoek eta idazleek etekin handiagoa atera eza, baina alperrik da joaniko urari presea egitea.

Hari honi jarraituz, esan daiteke euskal hizkuntzak berezko sena dauela -entzat > -entzakoa garapena egitekoa. Geure aldetik gaineratu daigun, guztiok daukagula geuretzakoa edo norberentzakoa irabazteko eskubidea, baina ardurea hartu behar dogula inorentzakoa be hornitzeko. Horretara helburu biak joko ditugu ituan : bakotxarentzakoa eta guztientzakoa.

 

Iturriko

2018-05-04

Ikusita: 232
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera