kontaktua
2018.05.15
21:46

NEURDIN, BERDIN lokailuak “Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du.”

Errefrau ezaguna dogu azpiburutzat ipini dogun hori: Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du. Azkuek Euskalerriaren Yakintza-ko errefrau bilduman jasorik dakar 125. zenbakiaz, beronen antzeko beste bigaz batera: “Alper da Maria makilatu, ez bada berez bihurtu” eta “Arpel da Maria makilatua, ez bada berez bedinkatua”. Xabier M.ª Muniberen El borracho burlado antzeslanetik hitzez hitz jasoa.

Gipuzkera eremuan jasorikoa da berdin lokailuaz josiriko errefrau hori, eta beste bi aldaerok baldintza perpaus bat, ezezka emona, darabile horren ordez: ez bada. Sartalde euskeran ez da ezaguna berdin lokailu hori eta balio horregaz, Lazarragaren poesia salbuespen nagusi dala. Sartaldeko bardin aldaerea nekez agiri da balio horregaz dokumentaturik. Euskeraren erdialdekoa eta ekialdekoa dogu berariaz berdin hori lokailu gisa eta esangura horregaz, erdialdetik ekialderanzkoa. Gaztelaniaz emon leikeon ordaina: “como quiera que”, “ya que” edota “en cualquier caso” konjunkzio multzoen hurrekoa izan daiteke.

Azkuek jasoriko errefrauan, berdin horren kokagunea bigarren esaldiaren sarreran dogu. Posizino hau dogu berez nagusi eta ugariena, aurrerago ikusiko dogunez, baina ez beti halanda be. Errefrau hori berori askoz goizago batu eban Larramendik bere Diccionario Trilingüe ederrean: “Alper da Maria makillatu, ezta berdin zentzatu”. Aditzaren ostean, bigarren posizinoan agiri da aldaera honetan. Lokailuaren leku-malgutasunaren seinale garbia.

Lazarragaren idatzietan ditugu bardin lokailuaren adibiderik baliotsuenak. Menderakuntza egituran sarrera gisa agiri da bardin hori, denpora-kausa balioko perpausan, bardin (…) -n azkero: “Zorigatxean, oi, neuretako, / amorea dot ezautu, bardin gura naben azkero, / onein kureldo tratadu.” (11r), “Joan Lopez jauna Zuatzuko, / ene esan bat egizu: / bardin on ez deretxun[az] gero, / donzeilleorri itxazu” (26r); perpaus nagusian: “Berbarik asko esan ei duzu, / zeurorrek ala gurarik; | ene ausenzian eginik; / baia bardin irabaziko / ez dozu gona barririk” (Lazar 47r1)]

Edozelan be erabilera guztiz mugatua ezagutu dau berdin lokailuak gure tradizino idatzian, eta mintzairan be oraindino bizirik badirau be, ez osasun onez; atzeraka doa eta mehats entzun daiteke orohar.

Tradizino klasikora bagoaz, Pirinioz beheitian Larramendi dogu egitura honen lekukorik onenetarikoa. Euskeraz askorik idatzi ez eban arren, bai hiztegian, bai euskal txatal laburretan, bardinbako adibideak eskeini deuskuz. Adibide bi. Bata: “Esaiok, begira ditzala hirekin batean, naiz aurkez, naiz atzez, goitik, betik, zearka edo zuzenka; eztik berdin idoroko bere erriko hitzen antza deuanik, ta are gitxiago igerriko, itsuka bada ere, zer esan nai deuan.” Bestea: “Ez orrelakorik Andoaiñen billatu; ezta berdin andoaindarren artean ain zikinkiro kutsaturik. Guztiak dirade biotz nobledunak, honraz, leialtadez, prestutasunez, kristau onen fedez bete beteak.”

Mogel idazle handiak honango banakuntza egiten eban bere idatzietan: berdin gipuzkeraz eta neurdin bizkaieraz. Bata eta bestea, gitxi batzuetan baino ez dira agiri idatzietan. Bai berdin, bai neurdin, perpaus hasieran kokaturik kasu guztietan. Latinezko testu hautuen euskal bertsinoetan darabil, kasurako: “Alperrik zapalduko dezu itzez ta oiuz soldadu erkin, koldar ta milikatua; ez du zirkinduko ondo esanak, ez agiraka gogorrak. Berdin berez bear du, ta jatorriz bezela ekarri biotzeko azkortasuna.” (VersB 10). Baina gipuzkerazko dotrina luzean beste esaldi bitxi hau dakar, ziurrenik herri-hizkeratik jasoa: “Jan ta edan dezagun; berdin laster ilko gera.”

Bizenta Mogelen egile-izenaz 1804an argitaratu zan Ipui Onak alegi bilduman beste hainbat pasarte eder agiri dira berdin honegaz josiak; alkarrizketa giroan guztiak. Osaba abadearen gerizea ez dago urrun eurok idatzi zituan lumatik. Bat hautuko dogu, hitzaurre gisakoan dakarrena: “Gauza onik badago, esan dezatela iñorena dala, ez nerea; okerrik badakuste, egotzi nere gaiñera; berdin arteak ez du emango sagarrik.”

Neurdin dogu bigarren lokailua. Berdin baino askoz murritzagoa, bai tradizinoz, bai erabileraz, bai eremuz. Azkuek argitasun berezirik ez deusku emoten beronen gainean. Hiztegian lokailu “kausal” balioa egozten deutso, gazt.: “como quiera, puesto que”, eta Mogelen elabarriko adibiderik ezagunera zuzentzen gaitu. Honek bere azken berba-jardunean, Aita Pedroren ahoan honako berbok ipinten ditu: “Itxi egiozu erderati euskerara biurtu guriari; neurdin gauza garbirik egingo ez dozu” (PAb 133). Bere Morfología-n aldiz, konjukzinoei eskeiniriko X. kapituluan honango berbak ipinten ditu: “Itxi egiozu erderati euskerara biurtu guriari; neurdin gauza garbirik, “continuativas” deritxenen artean sartzen dau (483.or.), arren, bada, beraz eta beste batzukaz batera, eta ezaugarri bi eransten deutsoz: (B-arc), bizkaierazkoa eta arkaikoa. Ez dirudi guztiz halan danik. Bizkaierakoa bai, baina eremu urrikoa: bizkaiera ekialdekoa, izatekotan be.

Neurdin eta berdin lokailuen etimologiaz Koldo Mitxelenak emondako argibideak jatorkuz era-erara. Ikertzaile errenteriarrak (1970, PT, 289) baliokidetzat joten ditu, eta berdin lokailuaren adibide-balioak azaldu: “berdin ez da etorriko ‘ya que no va a venir' o, en castellano local, '(porque) igual no viene’”. Horren jatorritzat neur-din emoten dau: “y hasta acaso se debió distinguir berdin da ‘es igual (que él)’, de neurdin da (es decir, *nihaur din da) ‘es igual (que yo mismo)’”. Jatorri bereko eta gradu desbardinekoak zirala jatorrian bata eta bestea, neur-din eta ber-din.

Berbeta mailan ez dakigu neurdin bizirik dagoanentz, ez non eta noiz arte egon dan. Nekez entzun daiteke inon. Eta irakurri, Markinako Eskolako klasikoen artean, Juan Antonio Mogelenean gitxi batzuetan, eta askoz oraintsuago Ondarroako seme Domingo Agirreren Joan-etorri bat Erromara bidaia-kontaeran. Hauxe da abade ondarroatarraren pasartea: ““Gabeko hamaikak dira, hotz egiten dau; hor eta hemen, txoko guztietan, gizon langileak eta baita emakume batzuk bere lo dagoz, neurdin zorro zarren gainean, edo pardelen batzuk burkotzat harturik”. Antz guztia dauka, don Domingorentzat berba ezaguna zala neurdin, testuinguruan era naturalean, berezean sarturiko berbea. Hitz zaharkituarena baino, inguruko berbetatik baturiko hitzaren antz gehiago dauka, nahiz Azkueren Hiztegia ondo eta barrutik ezagutzen eban.

Klasikoen artean Juan Antonio Mogeli baino ez deutsagu jaso neurdin lokailuaren lekukotasunik. Ez Juan Jose eta Bizenta bere lobek, ez Astarloatarrek, ez Frai Bartolomek ez dabe agiri –guk ezagutzen ditugun idatzietan behintzat– neurdin honen aztarrenik.

Juan Antoniok bai badarabil bere idatzietan. Bizkaieraz berariaz, baina behin gipuzkerazko idatzi baten be bai. Latin klasikoen testu hautuen euskal bertsinoetan, bai bizkaieraz, bai gipuzkeraz, bitzutan darabil neurdin: “Bearrak geitu bear dau agintea, ta estuan indar barri batzuk artu. Noranai joan, neurdin gero bere burdineaz edegi bearko dogu bidea” (Peru Abarka) / “Noranai joan, neurdin burniarekin idiki bearko degu bidea” (Versiones Bascongadas).

Peru Abarka-n ezeze, sermoietan be idatzi eban neurdin lokailua. Obra bietako adibide bana. Lehenengoa, maisu Juan barberuaren ezpanetan darabilena: “ta bazaut aserratuten bagara, eskatuko deuskula pagu andiren bat bazkari txar onegaiti; ta neurdin ez deutsagu ura kenduko ardaoari, ta ez dot uste beste zaragietako ardaoa egongo dala puruagoa.”. Bestea, bere sermoi batekoa: “Onetan iraun bagendu, etzan ain arritutekoa Jangoikoak gugan eukitea bere biotza. Neurdin ez geunkan guk errurik, ain loi jaio ta sortuteaz gorputz ta arima.”

Baina Mogelentzat berarentzat be bitxia eta banaka zan ordurako berba hau. Horrexegaitik jaso eban beste berba berezitzat eukazanakaz batera Nomenclatura atalean, adibide eta itzulpen eta guzti: “en vano quebraré la cabeza contigo, neurdin, alperrik ausiko dot zugaz buruba”.

Honenbestegaz gaurkoa.

 

 

Iturriko

2018-05-18)

Ikusita: 181
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera