kontaktua
2018.05.25
07:51

EGIN aditzagaz eregitako aditz multzoak “EGIN DANTZAN gugaz” eta “DANTZATU gurekin” zabuka (lehen idazketa)

Aditz kategoriak garatzeko euskereak dituan hitz-sorkuntza baliabideak, gramatika batzuetan agiri daben soiltasuna baino hainbat konplexuagoak dira. Bide eta zidor diferenteak ditu euskal lexikografiak aditz kategoriako unitateak sortzeko.

Kale kantoi baten irakurritako iragarki bateko deia da: Dantzatu gurekin. Dantza-ikastaro baten iragarkia, modu erakargarriz eta deigarriz onduta. Baina geure artean berehala sortzen da zalantza: dantzatu ala dantzan egin? Ala biak? Balio berberaz ala banangoaz? Tradizino idatzira bagoaz, berehala ohartzen gara dantzatu dala zaharrena eta hedatuena, eta da tipoko laguntzaileaz erabili izan dala. Tolosako 1619ko paskinetan datorren legetxe: “Andre ederrok orduan danzatu oi dira besterekin”.

Dantza izenetik eratorpen bidez sortua da dantzatu. Beronen erregimen nagusia da laguntzaileduna: dantzatzen da, baina albotik, sartaldean batez be, dantzatzen dau be garatu dalarik.

Baina hori baino jakingarriagoa da dantza egin aditz multzoa be aspaldi garatu zala, sartaldean berariaz. Barrutia eskribauak XVIII. mendean idatzi eban teatroan dinoan lez: “Neska zarrok danza egin da mutilok dirua pagadu”. Eta hurrengo pausua izan da, dantza izen mugagabearen ordez dantzan adizlaguna hautatzea aditz multzoa eregiteko. Frai Bartolomeren berbaz: “Inok bere ezin legiala Jaungoikoa serbidu ta deabruagaz dantzan egin”. Eta eboluzino guzti hori gitxi balitz hondino, dantza izena bera be jantza edo yantza bihurtu dala sartaldeko hainbat lekutan.

Aditzaren morfologia bi garatu dira hizkuntzaren ibilian, aurrez aur edo parez pare, bata -tu atzizkiagazko eratorkuntza, eta bestea egin aditz askotakoa izen mugagabearen lagun dala sortua; lehenengoa ekialde eta erdialdean orokortu dana eta bigarrena sartaldean nagusitu dana.

Ur, ura izena hartzen badogu, urtu aditza garatu da eratorkuntza bidez, esangura eremua zabalduz: edurra urtzen danean, ur bihurtzen da, baina burdinea edo beruna urtzen diranean, burdina-saldea edo berun-saldea gertatzen da; solidoa zana likido bihurtzen da, isurkari; esangura esparru zabalagoz, beraz. Baina urtu aditzari albotik garatu jako, erabil-esparru askoz murriztuagoan bada be, ur egin aditz lokuzinoa, berariaz esapide baten barruan entzuten dana: odolak ur egin. Muxikako andra edadeko bati neuk entzuniko esaldia da: “Alabea hil jakonean, disgustuaren disgustuaz odolak be ur egin jakozan eta haxegaitik hil zan”.

Eta ur hitzagaz garatu dan beste aditz multzo bat be erara dator aitatzea, -a mugatzaileaz lagundurik garatua: ura egin, landarei, lorei ura egin, ‘ureztatu, garotu, erregau’ adierazoteko.

Izen edo adjektibo kategoriako hitz askogaz, mugagabetasunaz markatuak eurok, alkartzen da egin aditz konposatuak eregiteko. Aditzok esanguraz dinamikoak edo ebolutiboak ohi dira. Eta erregimenez, gehien-gehienak dau erako laguntzailedunak, iragankorrak. Baina gitxi batzuk, da erakoak, iragangaitzak.

Da tipoko laguntzailedunak gitxien-gitxienak dira, baina adierazgarriak eurok be. Eboluzino, aldaera, bihurrera ikuspuntua gorde ohi dabe. Horreetarikoa dogu handi egin, ‘hazi’: “Umea handi egin da”. Harri egin lokuzinoa be ezaguna dogu harritu aditzaren esangura berberaz: “Batzuk baino ezpada bere, / joan ziran entzutera. / Harri eginik geratu ziran, / ikusiaz beste baga.”. Lei egin be aitatu leiteke, leitu ‘izoztu’ espresetako: Ura lei eginda dago. Eta zahar egin aditz multzoaz baliatu geintekez zahartu aditzaren esangurea emoteko: “Aspaldion ikusi barik euki dot eta zahar eginda topau dot akaburengoan”.

Dau tipoko laguntzaileez eregiten diran aditz multzoak dira askozaz ugarienak. Badira aditz multzo batzuk, da tipokoetan lez, -tu atzizkiaz eratorritakoen paraleloan garatu diranak. Ahalegin egin multzoak badau aldamenean ahalegindu, ausnar egin multzoak ausnartu, dei egin multzoak deitu, hauts egin multzoak haustu, lagun egin multzoak lagundu edota leher egin multzoak lehertu. Eta matasa horri tenka ekin ezkero, beste hainbat akordura ekarri geinkez.

Baina badira beste batzuk, ostera, /Izen + egin/ multzo legez bakarrik dirauenak, eta nekez -tu atzizkidun eratorri modura. Badira multzoak -tu atzizkidun eratorririk ezagun ez dabenak: barre egin bai, baina *barretu ez. Hots egin ezaguna dan moduan, hostu ez (hots izenagaz lotuta behintzat). Eta honeen ondoan badira beste batzuk, -tu atzizkidun eratorria ezagutu bai, baina guztiz sekundarioa edo saihetsekoa dabenak. Halan negar egin multzoaren ordez, bideragarri da negartu, eta apurren bat erabilia be bai, baina nekez ahoratzen edo lumaratzen doguna.

Sarri be sarri jazoten dan fenomenoa da, -tu atzizkidun eratorria izanagaitik, esangura bereziren baterako izatea, ez aditz multzoaren esangura nagusi bera adierazoteko. Txixa egin esangura neutroko aditza da (‘orinar’), baina Bermeo aldean entzuten da inoiz txixatu be, barrez txixatu eta horrelako esapideetan.

Aditz askoren kasuan gertatu da morfologia bien arteko lehia, zeingehiagoka. Eta azken baten, morfologia bata edo bestea nagusitzen da hizkuntza-eremu jakin baten. Aldarrikatu aditza guztiz oraintsukoa da; gudu aurrean “pregonar, proclamar” kontzeptua euskeraz emoteko finkatua; oinarrian aldarri izena eta aldarrika adberbioa dituala. Adberbio eraren (-ka atzizkidunaren) gainean eregia dogu aldarrikatu; esangura-eremu berezi bati estaldura emoteko sortua. Baina tradizinoz ezagunak doguzan hitzak –gaur egun be Bermeo, Mundaka eta inguruetan sarri dantzuguzanak–, aldarria, aldarrika eta aldarri egin dira. Idatzizkoan geriza zabalegirik erakutsi ez arren, aspaldi zaharretik datozan berbak seguruenik. Baina aditz multzo horren esangurea gehiago izan da “agiraka egin, errieta egin”, aurreko beste esangurea baino.

Aditz multzoa eta eratorria biak bizikide diranean, batak eta besteak esangura banangoak jagotea da lege nagusia, gehienetan hurreko esangurak izan arren. Berba hitzaz bilbatua da berba egin, ‘hitz egin, mintzatu’, baina berbatu eratorriak bestelako esangurea gordeten dau, ‘hitza eman’. On egin aditz multzoak eta ondu eratorriak esangura esparru banangoak ditue orohar. Mesede egin geinkeo baten bati, baina norbait mesedetzea beste zerbait da: baten baten fabore edo alde egitea. Jan-edanak gatx egin leio pertsona bati, baina gauzak, egoera baten ondorioz, erraztu beharrean gaxtu egin leitekez.

Garakuntza luzea eskatzen dauen gaia dogu aditz multzoen hau, eta oraingoz bego horretan, hurrengo baten destolesten jarraitzeko itxaroan.

 

 

Iturriko

2018-05-25

Ikusita: 186
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera