kontaktua
2018.06.22
10:57

Sanjuan bezperea

Euskal Herriko bazter guztietan, ekainaren 23an San Juan bezperea ospatuko dogu. Kristauek egun hau San Juan Bateatzailearen jaiotzagaz lotu arren, ospakizunaren jatorria askoz be atzerago bilatu behar dogu. Udako solstizioagaz eta eguzkiagaz lotuta dago; hau da, udeari ondo etorria emoteko egiten zan. Sasoi honetan dira urteko egunik luzeenak eta gaurik laburrenak; horregaitik esaten da "egunik luzeena San Juanena" dala.

Erritu asko eta era askotakoak egiten dira egun honetan; danak antxina eguzkiaren omenez egiten zirenetan oinarrituta. Errituak, alde batetik, indarbarritzaileak izaten dira; eta bestetik, babesa eskatzeko, bai personentzat, bai solo eta ganaduentzat.

Naturako hiru elementu dira nagusi: sua, ura, eta landareak. Sua da sinbolorik ezagunena eta zabalena. Iluntzean, auzo eta herri guztietan, suteak egiten dira eta jentea inguruan batzen da eta suaren gainetik salto egiten dau, indarbarritzeko eta azaleko gaixotasunetatik babestuta egoteko. Orain hamarkada batzuk, horrez ganera, gari-txortak biztu eta soloetara joaten ziran, suagaz soloak lapurrengandik, sorginkerietatik eta pizti txar guztietatik babesteko. Konjuruak esaten ziran: "San Juan bagileko, denpora ederreko, artoak eta gariak kaxan gordeteko, zapoak eta sugeak surtan erreteko. Gora San Juan!".

Beste erritu batzuk uragaz lotuta dagoz, egun honetan, erreka, itsaso eta iturrietako urek indar berezia hartzen dabelako. Horregaitik ohikoa zan eguzkiak urten aurretik, erreketan bainatzea, bedar ganean garoa hartzeko oinutsik ibiltea, gari-soloetan biluzik ibiltea, edo baraurik iturrietako ura edatea.

Landarak eta lorak, ostera, ekatx eta justurietatik babesteko erabilten dira. Horretarako sanjuan lorak edo sanjuan txorta izeneko erramilletea prestetan zan bedar, lora, gari eta arto landara, berakatz, kinpula eta abarrez. Txortea bedeinkatu eta kamaran gordeten zan harik eta ekatxa etorri arte. Orduan bedar batzuk hartu eta surtara botaten ziran eta etxe ke horregaz lurrintzen zan.

Horrez ganera lizar erramak eta elorri zuria be ipinten dira etxeko atearen alboetan eta soloetan, babestuta egon daitezan.

Ikusita: 120
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera