kontaktua
2018.06.29
10:42

“Heu haz hi mozoloRIK ASKO, txatxar buruhandiori!”

Mikel Zarate idazlea (1933-1979), abade egin eta lasterrera, Mallabiko Gerea auzoan egon zan aldi labur baten abade-zereginetan, handik lasterrera Txorierriko bere jatorri parajera hurreratu arte, orduko Derioko Seminarioan bertako ikasle gaztetxuen, abadegaien, arduradun-irakasle izateko. Hantxe emon zituan ondoko urteak, hil aurretxura arte, hondino gaztetasun lerdenean heriotzeak jo baino lehen.

Derion egoala idatzi eban bere lehen elabarria, Haurgintza minetan (1973), Euskaltzaindiaren nobela saria irabazi ebana. Elabarri horretan txertatu eban pasadizu baten kontura dator aitamen hau. Idazleak herriko berbaz entzun ebana batura ekarrita sartu ebana, eta hainbat aldiz kontetan berari entzun geuntsana; Geria aldeko mutiko batek berari esana, hurrean; lotsabagatasun handiko berbak, orduko sasoian mutiko zoztor batek abade jaun bati aurpegira esateko: “—Hi, Enrike: Mozolua ikusi duk? —Heu haiz hi heu mozolurik asko, txatxar buruhaundi hori! —erantzun dio berehalaxe Mozoluk.” Gereako orduko mutiko euskaldun berabetekoaren berbakeran bizi-bizi egoan atzizki partitibodun egitura hori –mozolorik asko‑, gramatika gauzen barri barik mutikoari berez-berez urten eutsana, pentsaurik edo susmaurik berari adar-joka edo burlazahar ebilkolakoa gure Mikel, honi eskarmentua emon guran edo.

Edozelan be egitura neutroagoa zatekean: Heu haz hi mozoloa! erantzutea, heu haz hi mozolorik asko! baino. Aurrean solaskide ebanaren mozolotasuna putzitu gura eban mutikoak mozolorik asko erabilita, bestetara baino.

Gaurko hiztunen artean, beste egitura zahar askoren antzean atzeraka doan egiturea, tamalez, baina halabeharrez.

Asko zenbatzailea da kategoria horretako hitzen artean, beragaz batera doan izenari (edo izen sintagmari) –ik partitiboa sarrien datxekana. Eta asko zenbatzailedun izenari –ik erantsi ezkero, haren edukiaren neurria, zenbatekoa, hanpatu egiten da, asko izatea ugariagotu. Guztion ezaguna dan esker-emote formula baten, eskerrik asko dalakoan, tinkoturik geratu da egitura hori. Ez da agiri, ostera, esker mila edo esker anitz formuletan, honeetan be mila eta anitz zenbatzaileak azaldu arren.

Ordena diferenteak onartzen ditu izen partitibodunaren eta asko zenbatzailearen arteko egitura horrek. Funtsezkoena, goian ipini dogun berori: /Iz + -ik + asko/. Egitura honek bizirik dirau oraindino be, batez be edadeko jentearen artean, euskaldun sendoen kasuan. Muxikako alaba bati, andrazko bati, neuk entzuna da hurrengo hau: “Hórrek badekie suberterik asko munduen!”. Denporan apur bat atzerago jota, herri poesian azterka hasten bagara, erraz idoroko ditugu ondoko honangoak, batez be dantza-kopletan. Bat: “Bilbon barberurik asko, / endemas Barrenkallean, / neu bere haraxe noia / buruan min dodanean”. Bi: “Harako zeuk gure ta / neuk ez neuenean, / berba labanik asko / zeunkan zuk minean”. Hiru: “Soloan nagonean / eguzki berotan, / neure pentsamentua / lekurik askotan.”.

Graduatzaile bat, guztiz, erdian dala be erabilia izan da egitura hau. Pedro Astarloaren esaldi hau lekuko: “Gauza bi onexekaitik egiten oi dira ezkontzarik guztiz asko, geienak ez esaterren” (P.Astarloa, UD I, 257)

Baina alderantzizko ordenaz be sarri aurkituko dogu. Batzuetan /asko + Iz + -ik/ egiturapean. Eta gehiagotan, /asko da + Iz + -ik/ erara.

Lehenengoaren adibide bikaina dogu eresi zaharretan agiri dan ahapaldi hau: “Gomizek asko lagunik, / zabal arabaarrik, / giputz ondo ederrik, / bizkaitar urduri gogorrik”, zeinetan hiru sintagma kateatu jarraikoetan markatzen diran izenak –ik partitiboaz, beti be askotasuna edo ugaritasuna hanpatzeko.

Bigarrena, asko izan aditz lokuzinoaren inguruan garatua, zabalago erabili izan da, bai berbetan, bai tradizino idatzian. Mogelen adibide batzuk datoz era-erara berau azaltzeko, izan be idazle klasiko honek berariaz maite eban egiturea dogu hau: “Asko da berbarik, ta ekin daiogun aurrean daukagun oni” dirautso Maisu Juanek Peruri, berba egiteari itxi eta jaten hasi daitezan. Aurrekoaren antz-antzekoa da hurrengoa be, hau Peruren ahoan: “Asko da soinurik; amaitu daigun pitxar ondoko ardaoa, ta Jangoikoari eskerrak emonda, goazan oera”.

Denporan atzerago jota, jaso daigun Barrutia eskribauaren esaldi hau be: “Asko da lorik! Esna zaitez!”.

Beste zenbatzaile batzuk be maiztasun gehiagoz edo gitxiagoz erabilten dabe partitibodun sintagmak eregiteko.

Erdi zenbatzailea adjektibo kategoriaz darabilgunean, erdia singularraz edo erdiak pluralaz, honi jagokon izenak sarri hartzen dau –ik partitiboa: Honegaz biderik erdia eginda daukazue. Etxerik erdiak arrakalatuta ikusten ziran. Jenterik erdia erbestekoa zan plazan. Teilaturik erdia jausi beharrean dauka etxeorrek. Mundurik erdia estu eta larri dabil, gerrak dirala-ta.

Paulo Zamarripa idazlea maisu izan genduan idazten zein gramatika-argibide adiutuak eskeintzen. Berari jasoriko adibidea dakargu: “Bostgarren paperaren erdia be baltzitu dogu, irakurlea. Paperaren erdia eta paperik erdia.

Nahikoa modernoagoa da zenbatzaile modura asko baino, baina hau be sarri darabilgu beronen ondoko izenari -ik dautsala. “Gaurkoz nahikoa da beharrik! Bihar segiduko dogu.” Edota ordena neutroaz, -ik nahikoa dalakoaz: “Barrerik nahikoa egin dozue gure kontura eta zoaze haize freskoa hartzen!”.

Gehiegi eta larregi zenbatzaileak be inoiz agiri dira partitibodun sintagma baten ondoan: “Larregi daukat minik” dino Peru Abarkako bentereak.

Gitxi be maiztasunez erabili izan dan zenbatzailea dogu. Mogelen esaldi bat ekarrita: “Gitxi izan dira San Agustinek baino amodio geiago Jangoikoari izan deutsanik” (Konf.On).

Ugari hitzari be, zenbatzaile dan neurrian, partitiboa eroso joako: “Baneukan zer barrizturik eta zer eginik ugari” (Tomas Gerrikagoitia).

Franko/franku zenbatzaileaz be bai batzuetan: “Burukominik franko emon deusku arlo horrek!”.

Beste zenbatzaileari dautsala be sarri erabilten da baiezkako perpausetan. Hori besterik da erabilten da, beste gauza bat, bestelako zerbait dala marketako. Mogelek zaldi eta astoaren alegian darabilen pasarte honi ohartu gakiozan: “Arik urte batzuk igarota, izan eban astoak ugazaba obago bat, zeinek emon eutsan obeto jaten, ta bear gitxiago eragin, zerbait gizendu ta bear egiteko indartu zedin. Besterik jazo jakon zaldijari”. Aditzen emoteko, guztiz kontrakoa gertatu jakola zaldi harroari.

Zenbatzailerik agirian ez dala be, harridurazko perpausetan berariaz, izenari edo adjektiboari –ik eranstea nahikoa izaten da balio hanpatzailea esaldiari emoteko. Bakotx zenbatzaile adjektiboa da partitiboaz sarri darabilgunetariko bat, herri berbakeran batez be. Badago bakotxik! Ikusten da jentemodu bakotxik domeka iluntzetan kalean! Edo Zamarripari berari hartu deutsagun hau: “Horrek esaten dau guzur bakotxik!”.

Adjektibo konparatiboakaz be, -ago atzizkidunakaz, erraz azaleratzen da partitiboa, beti be harridura perpausetan: Badago hori baino hobarik hemen! Txarra dala dinozue baina, bada txarragorik, mutilak!

Edozelan be, baiezkako perpausetan –ik atzizkia gehitzen deutsagunean izen edo adjektibo bati, ez dogu egiten –eta ez da egin behar‑ baieztapena adierazoteko bakarrik, ez da –ik txertatu behar baieztapen neutro bat espresatzeko. Partitiboa sartzea adierazkortasunaz eta hanpaduraz lotuta dago: edukiaren askotasuna adierazoten da gehienetan, eta harridura edo exklamazino ingurunean erabilten da. Bestetara esanda: -ik partitibodun sintagmak markatuak dira. Euron azpian askotasuna edo ugaritasuna datza funtsean.

Ez da bardin: Badira horretarako arrazoiak, edo: Bada horretarako arrazoirik esatea. Bigarren esaldiaren bidez, arrazoirik asko eta lar daukagula esaten gagoz; lehenengoan adierazpen neutroa, markatugabea egiten ari gara.

Ez da bardin: Bihar euria egingo dau esatea, edota: Bihar egingo dau euririk!. Bigarren esaldiaren azpian, sekulako euritzak egingo ditualako mezua dago.

Partitibo-atzizkiak kantitate eremuan, aitatu ditugunez gainera, erabilera asko eta ugariak ditu, baina gaurkoz honenbestegaz askoko da.

 

Iturriko

2018-06-29

Ikusita: 192
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera