kontaktua
2018.07.06
09:10

“Partidua hasi ORDUKO gola sartu” Lehentxuago eta gerotxuago zibu-zabuan

Bizkaia Irratiko entzule batek oraintsu egindako itaun bat atxakia hartuta idatzia da lantxu hau. Entzule horri gogor egin jakon esaldi horren mezua. Beraren erabileran eta buruan, “partidua hasi orduko” zan esatea lez: partidua hasi baino lehen edo partidua hasi aurretik. Bestetara esanda: hasi orduko denpora-marka erabilita, bere euskal senean, kontraesan bat egoan futbol partiduaren inguruan: lehenengo partidua hasten da eta gero gola sartzen da. Gola sartu dabe bada perpaus nagusiaren prozesua, ezinezkoa da denporazko mende prozesua, partidua hasi, lehenago edo arinago gertatzea. Hiztun horrentzat orduko postposizinoa oker erabilita egoan, orduko horren esangurea, harentzat, baino lehen edo aurretik marken bardintsua dalako.

Baina partidua transmititzen egoan esatariarentzat, partidua hasi eta batera gola sartu ebela iragarri gura ebanarentzat, ostera, hasi orduko guztiz era zuzena zan, orduko horren bitartez beste denpora erlazino bat adierazo gura ebalako: ekintza-prozesu bi bata bestearen atzean, baina segidu-segiduan gertatu zirala; alkarren jarraiko ekintza biren ia bat-batekotasuna. Bigarren hiztun honentzat, hasi orduko esatea zan hasi eta batera, hasi eta berehala, hasi eta segiduan esatea legetxe.

Orduko denpora postposizinoak bizitasunik gehien erakusten dauen eremua euskerearen sartaldea bada be, eremu osoan izan da gitxi-asko erabilia, eta sartaldeaz kanpo era berezi batez lapurtera eremuan, baina erdialdean eta nafar hizkeretan ere bai gitxi-asko.

Zein izan da orduko marka horren eboluzino semantikoa, aditz partizipioaz batera darabilgunean? Tradizinoari eta erabilerari ohartzen bagatxakoz, argiro dakusku, gaur dituan balio bion artean prozesu bien jarraikotasuna adierazoten dauena dala zaharrena eta eremuz zabalena, tradizino idatziari bagagokoz; prozesu biak bata bestearen atzean, jarrai-jarraian jazoten dirala adierazoteko marka izan dala: mendeko prozesua lehenengo, eta nagusia ostetxuan, ia bat-batera. Errefrau ezagun batek on egiten dau garbi denpora oreka hau: “Abenduko eguna, argitu orduko iluna”.

Lazarragaren lekukotasun apurrak be argiak dira esangura aldetik. Bata: “Bada bere aek ondo begiratu orduko, salbaje biak arrebatadu zituen Sirena ta Silbia, zeinzuk utra laster ta erroitu andiaz eroan zituen florestati beera, Silberok eta Doridok remediorik emun al baga”. Bestea: “Ordu askotan, oi ta, bear dau / iregi bere polsea. / Semerik badeu, esaten jago: / — Aita, egidak jakea. / Ari jakea egin orduko, / alabeorrek gonea. ” (42r).

Denpora-balio horrek bere horretan dirau hizkera guztietan ‑bizkaiera barru dala‑ denpora luzean. J. A. Mogelek berak be adibiderik gehienak esangura horretakoak ditu. Adibide bi. Bata: “Aotik atera orduko [biraoa], gomutau ta kontura zan”. Bestea: “Zer egin daroagu erre-usaina sentiu orduko?”. Esangurak garbiak dira: atera eta batera, sentidu eta batera.

Baina idazle beronen beste adibide batzuk beste denpora-oreka baten adierazle dirudie. Bata: “Erein orduko garia oraingo euskaldunen lurrean, onek saratu bear dau”. Bestea: “Emoidazu laztan bat urten orduko emendi”.

XIX. mende hasieratik indartzen eta hedatzen joan da lehentasun esangura hau, baina ez dator guztiz bat baino lehen, aurretik marken balioakaz; mendeko ekintza nagusikoa baino lehenago gertatzen da, baina aurre-aurretxoan, denpora-tarte guztiz laburra bien artean dala.

Frai Bartolomeren ondoko adibideok be esangura hauxe on egitera datoz. Bata: “Askotan, geu kontuan jausi orduko, doa gure pensamentua uste ez dogun lekura”. Bigarrena: “Zer egiten dau sugeak? Inor akordau orduko, ixilik eztena sartu, berenoa ezarri, ta gaixotu, ta il”. Baina idazle beronen beste pasarte batzuetan ostera, ez dirudi denpora-erreferentzia bera gordeten danik, bata-bestearen jarraikotasuna baino: “besteak berba bat esan orduko, erremuskadeagaz atzera sartuten deutsala”.

Esan daiteke denporaren joanean, bigarren balio hau zabaltzen eta sartaldeko hiztunen artean nagusitzen joan dala. Hori da arrazoia, gaur egungo hiztunik gehienentzat bitxi gertatzea hasieran aitatu dogun esaldi hori: Partidua hasi orduko gola sartu dalakoa.

Baina gaurko hiztunen artean apur bat aztarrika hasi ezkero, berehala loratuko dira euron ezpan artean honetariko esaldiak be. Gernikaldeko Ana Oar-arteta lankideak Ajurian jasoak diran bi ekarriko ditut lekuko. Bata: “Erropak eskegi orduko euria hasi dau”. Bestea: “Neuk bueltea hartu orduko berbetan hasten dira ikasleak”. Barrutiko auzoan egin ditudan itaunketa batzuen erantzunak be bide berekoak izan dira.

Halako bidekidetasun antzeko oreka bat agiri da /Partizipio + orduko/ egituraren balio bien artean: balio zaharra oraindino indarrean dala ezagun da, balio barriagoa, modernoa, nagusi agertu arren.

Sintaxiaz ohar labur batzuk

Mende perpausaren atze-marka modura agiri danean, orduko honek egitura diferenteak ditu aukeran. Hiru edo lau, gitxienez. Egiturarik ohikoena eta hedatuena, aditz partizipioagazkoa da: esan orduko. Ezaguna dau bigarren bat be, baina mehats erabilia, aditz jokatuagazkoa, -n atzizkia adizkiari dautsala: datorren orduko. Bada hirugarren bat, -te aditzizenaz eregia, eremuz eta erabileraz murritzagoa: joatorduko, ikustorduko, egotorduko. Eta badau laugarren bat, denporearen barruti horretan, aditza eliditurik dala: leku izenekin, -ra adlatibodun adizlagunaz: etxera orduko, hara orduko. Eta denpora- edo ordu-izenakaz, absolutibo kasuaz: seirak orduko, zortzirak orduko, urte akabua orduko.

Aditz jokatuaz darabile gure idazle batzuk, klasikoak berariaz. Esangurea, denpora-sekuentzia, aditz partizipioagaz dauen berbera: ekintza biren arteko berehalakotasuna, bata-bestearen jarrai-jarraiko izatea. Mogelen pasarte bi. Bata: “Zagoze bada prest ta sendo, arerioakaz eskuetara etorri bear dan orduko” (PAb). Bestea: “Baietza emon eban orduko Democlesek, agindu eban Dionisiok ipini egiela gizon axe urrezko oe baten”. J. Mateo Zabalaren beste hau ildo berekoa dogu: “nik ezteutsat gatxik opa, baia bera dakusdan orduko odol guztiak irakiten deust”. Eta bardin Astigarragaren hau be: “Konfesau zan ordukoxe geratu zan berba barik, ta ezer entzun ez ebala, eta euki ezkero bere gorputza subil bat legez denpora zati baten, ondo surtuta beukazan bere arimako almonak edo potentzijak, il zan.” Gaur egungo berbetan ez dirudi erabilia danik, edo gitxi entzuna da behintzat.

Aditz jokatuagaz ezagunagoa eta erabiliagoa da, berbaz be, -n orduan egiturea: kanpaiak joten dauen orduan eta baten bat ilten dan orduan. Kasu honetan, prozesuen arteko denpora-orekari jagokonez, aldi berekotasuna datza azpian; denpora berean gertatzen dira ekintza biak.

Orduko postposizinoa aditzizenari dautsala, esatorduko, emotorduko, ikustorduko… ereduaz, Arratia eta Nerbioi aldeko ibarretan erabilten da hondino be, baina sustrai zaharrak ditu berez. Añibarroren idatzietan be agiri da noiz edo noiz: “Ave Mariak jotorduko orazinoak” darabil behin, eta: “Itxadon egizue, bada, santutasun ta bertutezko frutua, zein dan fruturik egiakoena, eta eztozue gitxi egingo, irabazten badozue ilte orduko”, idazten dau beste behin.

Gaur egun be bizi-bizi dirau ibar biotako berbetan. J. Manu Etxebarriaren Gorbeia inguruko ipuin-esaunden bilduman badira hainbat lekukotasun. Kastrejanako zubiaren ipuinekoa dogu hau: “Ta orduan (…) kukurrukuarena kantatorduko esan eutsien egingo ebela zuria”. Zeanuriko bati entzuna dot beste hau: “Bialdu eiozu mezua beharretik joatorduko”.

Aditzizenagazko egitura honek mende-perpausaren lehentasuna adierazo ohi dau: baino lehen, aurretik marken baliokidea dogu.

Aditza agiri ez danean, edo orduko izen kategoria bati darraionean, honako egitura banangoak erabili ohi dira.

Batetik -ra orduko. Espazio edo leku adierazle diran izen edo adberbioakaz: hara orduko, mendira orduko. Bada esapide bat, agindu edo mandatu bat, joan-etorri edo eroan-ekarri bat arin egin behar danean erabilten dana: Hara orduko hemen. Hona orduko han. Aditzik ez da agiri, baina azpian mogimentu-aditz bat datza: joan, ailegau… Esangura nagusia, berehalakotasuna ohi da, ekintza biak segidu-segiduan egitearena. Baina beti ez da hain argia: lehenagokotasuna adierazoten dala dirudi beste testuinguru batzuetan. Mezara berandu joiazanakaitik idatzi eban gure Mateo Zabalak: “Abadea euren begira ez, ta eurak ara orduko, edo emon zan mezea, edo bai beintzat igaro”.

Aditzizena adlatiboan dala, -tera orduko egituraz garaturiko esaldiak be ezagunak dira, eta idazle batzuen erabileran polito erabiliak. Frai Bartolome etxebarritarra dogu kasurik agiriena. Auzi eta pleituez diharduela darabilzan pasarte bi. Bata: “Ara emen (…) ze mendi gatxa, altua ta aldapatsua igaro bear daben auziaren errazoiak, juezak erabagia emotera orduko”. Bestea: “Ta orduan bere, bideti etxera biurtuta, kontuak obeto ateraten badituzu auzitan astera orduko, nekez garbatuko jatzu”. Egitura horren esangurea, baino lehen markaren berbera.

Aditz partizipioagaz atze-marka lez, orduko ezeze, ordukoxe adierazkorra be ezaguna da; gaur egungo berbeta batzuetan be baietz esango neuke. Eta hiztunek, orduko klasikoaren ondoan ordukoxe garatu badabe, denpora-sekuentzien anbiguidadea kentzeko izan da: ordukoxe markaren bidez ekintza bien jarraikotasuna, berehalakotasuna zaindu gura izan dabe hiztunek. XIX. mendeko frantziskotar sermoilari eta idazle baten pasartea dakargu aurrera: “Ikusi ordukoxe bere gorputza bere arimeagaz batera ikaragarrizko ziega atan, jarraituko deutso konturik eztaukan demoninoen banda batek, ta ezarten direala bere ganian suge bibora amurratuak legez, ezarriko deutse euren berenoa bere zentzun guztietan ta penauko dabee ezin esaneko moduan”.

Gaurkoz bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-07-06

Ikusita: 71
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera