kontaktua
2018.09.14
10:43

BAINO, BESTERIK, BAINO BESTERIK eta taiu bereko juntagailu adbersatiboak

Aurkaritzazko juntagailuen artean, maileguzko izenez adbersatiboak deritxoenen artean, badira batzuk bereziak diranak euren esanguraz eta testuinguruz, eta han-hor-hemen darabilguzan lotura-marken artean zalantzak eta ezbaiak sortzen deuskuezanak.

Horreetarikoak dira baino, besterik eta baino besterik, biak batera marka bakarra osotzen dabela. Honeek hirurok (eta beste gehiago be) aurkaritzazko juntadura absolutua adierazoteko bigarren juntagaian agertzen dira, bigarren esaldi hau ezezka emona dala; hau da, ez hitzaz (edo ezeztapena adierazoten dauen beste hurrekoren batez) markatua danean.

Juntagailu marka osoak, bada, dira: baino + ez, besterik + ez, eta baino besterik+ ez. Esangura beretsuaz erabiliak dira beste marka batzuk be: ezpada eta baizik berariaz. Baina sintaxi aldetik aparteko jokaerea dabenez, atal honetatik ate itxiko ditugu.

Baino ez juntagailua

Hartu daiguzan abiapuntutzat honango esaldiok. Bata: “Horixe baino ez dogu behar: eurak geure ganetik paretea!”. Bestea: “Pobre bizi dala! Dirua baino ez dauka eta!”. Bizkaiera eremuko edozein lekutan ezpanetatik berez jalgiten jakozan esaldiak, edozeini.

Laburbidezko egiturea dogu baino ez dalakori. Azpian datzazan egiturak osoak izan leitekez. Batean: “Horixe behar dogu; besterik ez dogu behar”. Bestean: “Dirua dauka; besterik ez dauka”. Oinarrian, euretariko bakotxean, esaldi bi banangoak ditugu; bietan aditz bera errepikatzen da: behar dogu # ez dogu behar eta dauka # ez dauka. Eta horrelakoxe kasuetan aplikatzen da errazen elipsia: jarraiko esaldi bitan egitura bera errepikatzen danean, erlatibo perpausetan eta osterantzeko batzuetan jazoten dan legetxe.

Halanda ze, besterik sintagma partitiboa oinarrizko egituran egoan bera da.

Baino nondik garatu edo erakarri da funtzino horretara? Konparatze-egituretatik, hain zuzen baino -ago goranzko marka konparatzailetik. Oinarrian datzazan egiturak, horren arabera izan leitekez: Hori baino gehiago ez… eta Dirua baino gehiago ez…

Berbaz barra-barra darabilgun egiturea dogu baino ez, eta berorren aurrean doan sintagma izan daiteke izen batena, adjektibo batena, adberbio batena, aditz batena…, berba baten, edozein hiz kategoriarena. Halan esaterako: gorria baino ez, gaur baino ez, joan baino ez, Europan baino ez, basoa baino ez… eta halantxe zenbat gura, malgutasun osoz.

Sartalde euskerako tradizino idatzi modernoan ondo errotua dago egitura hau. Domingo Agirreren esaldi hau izan bedi baliagarri: Kurrukarako gosea Jaungoiko guzurrezkoen erakuspen oker bat baino ez da” (Auñemendiko Lorea).

Besterik ez juntagailua

Beste zenbatzailea, ezezko perpausan eta balio mugagabeaz erabilirik, eta ingurune horretan –ik atzizki partitiboa beregandurik, bihurtu da juntagailu marka izatera. Goian aitatu dogu, esaldi bi banango izatetik esaldi bakar izaterako urratsa zelan garatu dan; baino-ren kasuan lez, elipsi bidez egitura laburrera jota.

Bada itsas herrietan kantetan dan kantu bat, Bermioko portuan / goixeko ordubidxetan hasiera dauena, zeinen ahapaldi batek berbok kantatzen dituan: Ez da besterik entzuten, / ez da besterik entzuten: / Txo, atrakaizu batela!. Kasu honetan perpaus bi ditugu alkartuta. Horretatik garatua da esaldi bakarrean mezu osoa alkartzea. Gitxi gorabehera: “Batela atrakatzeko baino besterik ez da entzuten.” Esaldi banango biak alkartzeko beste modurik ez dago, baino eta besterik jokoan sartuta ez bada.

Besterik ez juntagailuak aurrean dauen izen edo adjektibo sintagma singularra edo plurala izan, aditzagazko numero-akordioa bardin jagongo dau: plurala danean, aditzean be islatuko da pluraltasun hori. Txakur horrek zorriak besterik ez DITU, eta ez zorriak besterik ez *DU.

Izen sintagma partitibo normala balitz, aditzean nor-sintagma singularrean eskatuko leuke: Txakurrak ez DAUKA zorririk. Baina gure kasuan besterik ez da jada izen sintagma partitibo normal bat, egitura izoztua baino, juntagailu marka izateko finkorik geratu dan lotura-marka bihurtu dana, partitiboaren tasun guztiak galdurik.

Horrexegaitik bada, gaur egun ikusten diran erabilera batzuk agramatikaltzat jo beharrekoak dira. Halan: “Makina honek txartelak besterik ez *du onartzen” esaldiak ditu adizkia eskatzen dau, txartelak IS plurala dalako.

Kontrako kasua litzateke ondokoa: “Makina honek txartelik besterik ez *ditu onartzen”. Kasu honetan txartelik IS partitibo normala da, eta horrek berez eta legez eskatzen dau aditzaren jokoan objektu singularra markatzea: txartelik besterik ez DU onartzen.

Baino besterik + ez juntagailua

Baino eta besterik, biak batera juntagailu konposatu bakar gisa, ezezkako perpaus barruan, ez marka aurrean zein atzean agertu daitekela, sarri gertatzen dan egitura da.

Hizkuntzak, bere ibilian, marka biak alkartzera jo dau, eta euskerearen sartaldeko ‑berariaz bizkaieraren erdi eta ekialdeko‑ hizkeretan marka hau nagusi izatera etorri da juntadura mota hau adierazoteko. Eta erdialdeko hizkeretan barrena be baietz esan leiteke.

Berbeta naturaletik jasoriko hiru adibide emongo ditugu: “Horrek ez dauka gorrotoa baino besterik”. “Dirua baino besterik ez eukan”. “Aurre-aurrean daukazu. Begiratu baino besterik ez daukazu, zeu konturatzeko”.

Esan leiteke, baino eta besterik markak euren soilean erabilita baino enfatizatze handiagoa irabazten dauela baino besterik egitura bikotxak. Hizkuntza barruan, juntagailu soilaz (baino edo besterik) edota biak alkartuta erabiltea, koexistentzian dira: biak erabilten ditue hiztun askok, zer adierazo gura dan, haren arabera. Aurkaritzazko juntadura tipo beraren maila bi dirala pentsa daiteke: juntagailu banangoaz, neutroagoa, eta marka binangoaz, indartuagoa. Baina segurutik badira hiztunak, egitura binangoa baino ez darabilenak. Horrek esan gura dau, orokortu egin dirala, zelanbait neutroagoa bihurtu dala.

Tradizino moderno idatzian erabili izan diranen artean hiru idazle lekukoren adibideak erakarriko ditugu. Domingo Agirre: “ez naz batzar onetan egon azken artean, eta zure hitzak baino besterik ez ditut entzun” (Auñemendi). Felipe Arrese-beitia: “Beietan ia ez dot ikusten / Tubalen ume zintzorik. / Ez dalako gaur hemen entzuten / erderaz baino besterik” (Ama Euskeria).

Azkue lekeitiarrak be badarabil, baina juntagailu biak sintaxi libreagoan agiri dirala: “Hauxe baino etzan besterik orduan entzuten” (Latsibi), “Errenteru batek ugazabarentzakoa baino beste berbarik, ez botorik eztauko” (Latsibi), “Kartagon etzan apurtxo baten euli-soinua baino beste otsik entzun.” (Azkue Latsibi).

Baina apur bat azterka egitea nahiko da, Kirikiño lango idazle sendoek be zein ugari eta sendoro erabili izan daben baino besterik bikotxa, ohartzeko.

Badira, aurrekoez gainera, beste marka batzuk, edo aurrekoen aldaki batzuk, esangura eremu horretan erabili izan diranak, edota erabilten diranak. Hara zeintzuk:

Besterik / ezpada

Mateo Zabala bilbotarraren adibide bategaz on egingo dogu beronen biziraupena: “Etxake entzuten besterik, ezpada berbarik astunenak, garratzeenak eta lotsabaakoenak”.

Baizen (/baxen) ez

Gaur egun nagusi diran baino, baizik eta besterik juntagailuaren egiteko eta balio berberaz erabili izan dan juntadura-marka dogu berau; zahar itxurakoa eta zahar etorrikoa berez, baina bizkaieraren sartaldean hondino be guztiz galdu ez dana. Edozelan be, bizkaierazko literatura klasikoan ondo sustraitua. Mateo Zabala bitarteko hartuta on egingo dogu atzera be, marka honen bizi indarra, eleiz sermoi giroko kontestuakaz baino ez bada be: “zer esango dot arako […] Pazkoaz baxen konfesetan eztireanak gaiti?”.

Baino aurkaritza juntagailuaren kide-kidea dogu baizen marka hori: “au ezta zeure jantzian jausi dan txingarra baxen”, “denporea emoteko baxen eztoguz guk esaten berba, ipuin ta kanta orreek”.

Gaurkoz honetan itxiko dogu azalpena, nahiz eta berez hari-matasa honen firua luzea be luzea izan.

 

Iturriko

2018-09-14

Ikusita: 103
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera