kontaktua
2018.09.27
15:14

“Etorri IZANGO da” aditz perifrasia eta beste aukerak

Aditz perifrasia, aditz konposatua be deritxona, aditz atal bigaz osotuari deritxo: partizipioa eta laguntzailea. Oraingo idatzian, atal biko perifrasi horretan izan aditza erdian sartzean, txertakuntza horrek aditz prozesuaren aspektuan eragiten dituan aldakuntzez jardutea dogu helburu, berariaz izango gertakizun aspektuko markara mugaturik, osterantzekoak hurrengo baterako ixten ditugula.

Izan aditzaren aspektu diferenteko erak –izan, izaten, izango, ekialdean izanen– txertatzeak, aditz perifrasiari era batera edo bestera, berariaz aspektuaren aldetik berezitasun semantikoak eragiten deutsoz. Etorri da edo etorri izan da ez dira esanguraz bat. Etorten dira eta etorten izan dira be ez dira gauza bera. Jazoten dira eta jazo izaten dira perifrasien balioak be ez datoz bat. Eta azkenez, gaurko gaiari joakona, etorriko dira eta etorri izango dira, hainbat gitxiago hondino. Batak eta besteak banango esangura garbiak ditue.

Eta iraganeko adizkiaz lagunduta be aspektu diferentziak hor dirau: Etorri ziran # etorri izan ziran. Etorten ziran # etorten izan ziran. Etorten ziran # Etorri izaten ziran. Aspektuaren aldetik eragiten deutse izan, izaten, izango/izanen partizipioek aditz perifrasiari, eta lehenengo biek, gaur egungo erabileran behintzat, prozesuaren maiztasunagaz lotuta.

Mogelek, bere berba-jardunetan, Peruren ahoan esaldi hau darabil: “Maia prest dago, jatekoa bere bai, ta nire umeak oraingo gosetu izango dira. Maria, atera eiguzu saldea.” Gaztelaniaz: “para ahora ya les habrá entrado el apetito”. Hiztunak, berbetan dagoan momentu horretan, jazoera edo egoera bat –umeak gosetuak egotea– gertatu izan dalako ustea edo susmoa adierazo gura dau gosetu izango dira aditz perifrasi horregaz; benetan jazo izan dalako ziurtasunik edo frogarik euki ez arren.

Oraingo denpora-adberbioak asko laguntzen dau aditz prozesu horren baldintzak ulertzen: berbetan gagozan une horretarako, nahiz gertaera horren ziurtasun osorik izan ez. Ustearen, probabilitatearen inguruan ari gara.

Aditz prozesuaren balio-esangura hori, “futuro perfektua” dalakoarena, gaur egungo euskaldun askok ez daki era horretara esaten, eta dakigunok edo ikasi dogunok be nekez erabilten dogu horretara. Hizuntzaren erabilera onean, landuan, erabili behar gendukela, inondik be.

Balio horretarako, horren lekuan beste egitura batzuk erabiltera joten dabe gaur egungo euskaldunik gehienek. Adibide bera erabilita: Oraingo gosetuta egongo dira, da aukera bat. Oraingo edo honezkero gosetu izango ziran da beste aukera bat. Oraingo edo honezkero gosetuta egongo dira,da hirugarren aukera bat. Honezkero gosetuak izango dira, dogu laugarren aukera bat. Eta hurrengo, beharbada gure artean gehien entzuten dana edo zabalen dabilena: Oraingo edo honuzkero gosetuko ziran. Badira beste aditz egitura batzuk be, balio bera edo antz-antzekoa adierazoteko gai diranak, ausaz. Baina oraingo idatziak /gosetu izango dira/ dalako egituran zentratzea da gure asmoa.

“Futuro perfektua” deritxon denpora-aspektudun egitura hau, gosetu izango dira dalakoa, zaharra edo aspaldikoa dogu euskeran, denporearen joan-etorrian hiztun askorentzat usadiotik aldendua egon arren; egitura zaharkitu gisa bazterturik. Honen antzeko beste egitura batzukaz jazo izan dan antzera, euskeraren alboetan gorde dira eta erdialdean aldatu, aldendu edo modifikatu. Baztertze horren arrazoia, gehienetan, neutralizatze prozesu soil batena izan da. Beste zein aditz egiturak estaldu dauen berori? Oraingo gosetuko ziran dalakoak batez be.

Egia esan, Mogelen denporan be egitura bi horreek lehian ziran hiztunen erabileran, eta euron arteko neutralizatzea bidean zan. Idazle beronen hurrengo beste aditz perifrasi honek be gertakizun perfektuaren balioa dauka: “Maixu Juan, goazan eskaratzera; oinak bustiko jatzuzan, eta aldatu egizuz”. Gazt. “se te habrán mojado los pies”.

Idazle beronen alegietako beste pasarte bat be dakargun aurrera, aurrekoaren taiu berekoa: “Erdu neure etxera, ta emongo deutsut zer jan ta zer edan, bada mendi onetako eur gogorrak ta bideko nekeak janaren ta berotu bearraren preminan imini izango zaitue”. Beste era batera adierazota: “segurutik imini zaitue” edo “imini izan zaitue”.

Aditz perifrasi egitura hau ez da idatzizkoan sarri agiri dan horreetarikoa, eta klasikoen artean be, batzuen artean ondo lekukotua dagoan moduan, beste batzuen artean ostera, edo bakan agiri da edota sekula be ez. Pedro Astarloak oparo darabil, esaterako; baina ez hainbeste Añibarrok edo Frai Bartolomek. Dana dala, XIX. mendearen lehen erdiko idazleentzat gitxi-asko ezaguna da perifrasi hori. Eskura ditugun lekukotasunak erabiliko ditugu geure azalpenerako.

Aditz perifrasi hau erabilia dan testuean, maiztasunez agiri da denpora-adberbioren bategaz lagundurik: sarri, gitxitan, noiz edo noiz, inoiz… Ingurune batzuetan, bada, aspektu habitualaren kutsua dariola dirudi perifrasi honi, baina ez beste batzuetan, ostera. Ezinbesteko loturarik ez dagoke berez aspektu habitualaz; baina joerea baietz esan daiteke.

Adibide gitxi batzuk. Frai Bartolomeren honetan gitxitan eta nekez dira prozesuaren maiztasuna markatzen dabenak: “Gitxian ikusi izango da seme bat edo alaba bat bere gurasoari lotsa txarra ekarri deutsana; (…) gitxitan edo nekez ikusi izango dala onako seme bat edo alaba bat zaartza onean auzoak ta etxekoak estimetan dabeela, eriotza ona egiten”. Pedro Astarloaren hurrengoetan sarri dogu maiztasuna adierazoten dauen adberbioa: “Sarri ikusi izango dozue markes, konde edo beste gizon andiren bat, bere alboan darabilela metaillu edo medailla zirar edo urrezko eder bat”; “Sarri ikusi izango dozue, zelan eguzkiak joten daben bidriera baten”.

Aspektu habitualagazko lotura egitea ez da alperrekoa, ez lebabakoa; izan, aspektu markatzaile gisa erabilia dalako aditz perifrasi barruan, gaur egungo hizkeran eta lehenagotik be. Joan izan da, etorten izan dira, ikusi izaten dira legezko aditz perifrasi ereduetan, izan horrek eransten deutsan berezitasuna maiztasun aspektua izan ohi da: “behin baino gehiagotan” gertatzen dala prozesua, hatan be.

Baina behingo prozesua adierazoten dauela dirudi beste kontestu askotan, ohikotasunaz zerikusirik ez daukana. Halan Frai Bartolomeren esaldi kate honetan: “Guztiak dakien ta ezkutau ezin dozun pekatu bat egiten badau zeure semeak edo alabeak, aren errua bere inori ezarten deutsazu. Mutil deungaren batek galdu izango dau zeure alabearen onestidadea. Ordi jokolariren batek engainau izango dau zeure semea. Bestelan eurenez ez dakie zure umeak gauza txarrik egiten.” (I 15). Edo Añibarroren hurrengo honetan: “Ni bart il neindekean; berein il izango dira; gaur asko ilgo dira; eta bearbada ni lenen.” Esan nahi da: asko eta asko hilda gertatu izan dirala bart (guk zehaztasun horren ziurtasunik euki ez arren).

Ezezkako egituran be eskubide osoz erabili daiteke, eta erabili izan da. Pedro Astarloaren esaldi kate hau lekuko: “Askok eta askok eztabe inos guzurrezko juramenturik eguin izango. Askok eta askok eztabe inoenik kendu izango. Askok eta askok ezteutse gatx egin deutsenai gorrotorik euki izango. Baiña guztiz gitxi izango dira murmuradu eztabeenak”.

Iraganeko aditz laguntzaileaz eregitako perifrasi egiturak be agiri dira inoiz. Halan J. Mateo Zabalaren hau: “sei eguneko bearragaz [makaldu] indargetu izango zirean gorputzak”.

XX. mendeko idazleen artean be ez da lekukotasunik falta, berez atzeraka doan egiturea dala ezagun izan arren. Txorierriko erabileratzat onartu beharko dogu Paulo Zamarripa sondikoztarrak darabilen hau: “–Parkatu bei, jauna. Berori nire testamentua hartuten etorri izango da… –Bai, horretan nator.” (Zaparradak).

Sartalde euskeran, gaur egun, berbazkoan non dirau bizirik aditz perifrasi honek? Bizitasunik gehien, sartalde horren sartalderengo ibarretan: Nerbioi ibarreko euskerea ahul eta indarge dagoan arren, ibar horrexetan agiri dauela esan daiteke. Eta modu apalagoan, Arratia aldean, eta beharbada Txorierrian. erdizka eta Nerbioi aldeko euskaldunen artean osoago. Baina Markinaldean be indarrean dago, ditugun lekukotasunen arabera.

Hara hemen, Orozko eta Zeberioko lekukotasun batzuk:

Juan Manuel Etxebarriak Zeberiokotzat emondako kontestuak: “Bedarra ebagiten joan dala denporea da, eta honezkero ebagi izango jok” (Juan Manu Etxebarria. Zeberio), (Futbol partidua 10etan amaitzekoa zan) “Hamar t’erdiak dira eta honezkero akabau izango da”. (Umea eukiteko egon da eta denporea pasauta) “Honezkero euki izango dau.”. “Basorantza urten dauela aspaldi da eta honezkero heldu izango da.”. “Hain egunetan ezkontzeko izan da... eta honezkero ezkondu izango dok.”.

Orozkoko berbetearen lekuko biren testuak emongo ditut, euskera landura ekarrita. Sinesio Estiballes: “Gaur asistenta sozialori tropezau dot. Etorri izango da berein-berein, norberak ze itxura daukan ekosten.” (Sinesio Estiballes). Itxi Rotaetxe: “–Etorri da Mari? –Esan badau, etorri izango da.”.

Jon Etxebarriak, Arratiako Arantzazuko semea bera, autortu deust egitura biak dituala ezagunak: etorri izango da eta etorriko zan. Zeanuri, Arantzazu edo Zeberioko jenteagaz diharduanean, berez lez esango leukela etorri ixingo da, baina beste egiturea be guztiz naturaltzat dauka: Etort’ordua dok eta, oingo etorriko zoan.

Markinaldean, Jabier Kalzakortaren esanean, guztiz natural erabiliak dira joan izango da, ekarri izango dau, etorri izango da eta eredu horretakoak. Adibide bat: “Bera geratu da ekartekotan. Ez dot ikusi baina, ekarri izango dau!”. “Etxetik laster urtetekotan geratu da plazara joateko, eta honuzkero joan izango da”.

Baina bizkaiera eta gipuzkeraren eremuetan orohar, neutraliazitze fenomenoa nagusitu da, eta etorriko zan, joango ziran ereduko aditz perifrasiek estaldu edo beregandu dabe futuro perfektuaren balioa. Durangoaldeko kasua, adierazgarri. Eskualde horretan etorri izango da eredua ez da gaur egun ezaguna. Jesus Eguzkitzak Atxondo partean, hori bera esateko, honetara esango litzatekela dino: “Behin honezkero etorriko zan”, eta bigarren modu batera esatekotan: “etorri izango zan”.

Bizkaieraz kanpoko eremuetan, idatzizko tradizinoan erabilera guztiz urria daukala esan daiteke. Lehengo zein oraingo lekukotasunak guztiz eskasak dira, gipuzkeraren eremuan argiro dakuskunez. Lardizabal eta Iztuetaren moduko idazle esanguratsuen idatzietan ez da agiri egitura horren testigantzarik. Agirre Asteasukoren idatzietan noiz edo noiz islatzen dan egiturea, Beterriko hizkeran ohikoa dan hau: /Partiz + -a + izango + aux/. Perifrasi egitura hau normalean pasibotasuna markatzeko erabili ohi da: Parkatzen dakiena parkatua izango da eredukoetan. Baina herri-erregistroan badauka futuro perfektuaren balioa be. Hara ondoko adibide biok: “Jauna, nik gauz ura esan orduko, barreatua izango zan, aditu nuan alabaiña bi edo iru lagunen aurrean.” (Erakusaldi II), “Jauna, nik esan nuan gauz ura barreatua eta zabaldua izango zan, bada nik aditu nuan bi edo iru lagunen aurrean.” (Erakus II).

Gipuzkera eremuan, Beterri aldean berariaz, /etorri izango da/ egitura zaharretik garaturiko –a mugatzailedun aldaera hori indarrean da gaur egun be: /Part + -a + izango + aux/ dalakoa. Hala: “Ez diat ikusi, baina honezkero etorria izango dek” (Andoni Sagarna).

Urola aldean, Azpeitian jasoriko hurrengo esaldi biok, laguntzailea orainean eta iraganean daroen eredu banangoak erakusten deuskuez. Orainekoa: “Honuzkero etorria izango dek”. Iraganekoa: “Ordurako jaioa izango huan” (Patxi Goenaga). Baina Urola aldean be neutralizatze bidea oso aurreratua agiri da: Honuzkero etorriko huan guztiz normaltzat eta hedatuagotzat joten da.

Bizkaieran oraindino indarrean dagoan /etorri izango da/ eredua Nafarroako hizkeretan be bizi-bizirik dago, aspektu-aditza izanen edo izain dala. Etxalekun jasoriko testigantza: “Gaurgero etorri izain da” [izanen da] (Sagrario Aleman). Leitzan eta Iturenen be antzera esango leukie: “Ez dut ikusi baina, etorri izanen da”, “Hori ikusi izanen duzu”, “Lana egin izanen du” (Patxi Zabaleta & Andres Iñigo).

Gorago aipatu ditugu, batez be adibideen bidez, denpora-adberbioak jokatzen daben papera, prozesuaren probabilitatea markatzeko: oraingo (oingo) sartaldean, honezkero / honuzkero Bizkai-Gipuzkoako eremu zabalean, eta gaur gero Nafarroan.

Gomendio gisa, duda barik erabilgarritzat joten dogu /etorri izango da/ aditz perifrasia, berariaz euskera landuan. Literatura sorkuntzan izan daiteke, inon izatekotan, onuragarri.

Eta gaia agortzeko asmo barik, bego gaurkoz honenbestegaz, nahikotzat, gai hau.

Iturriko

2018-09-27

Ikusita: 288
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera