kontaktua
2018.10.17
12:27

Da-ETA eta daLA-TA kausalidade atzizki diranean

Kausalidadea, arrazoi-emotea mende-perpaus batez adierazoteko, eta postposizinoa eta –la eta / -la-ta atzizkia moderno modukoak dira hizkuntzaren historia perspektiba batetik ikusita.

Askoz lehenago sortu eta garatu izan dira euskeran beste menderagailu kausal batzuk: -lako atzizkia dogu guztion artean hedatu eta ezagunena gaur egun. Batez be euskerearen sartaldean eta erdialdean.

Aurre-marka batzuk be badira: batetik ze (eze) sartaldean eta ezen ekialdean; bestetik zerren sartaldean (gaur egun zaharkitua) eta zeren ekialdean; eta literatura aldetik lilura gitxiago darakusen beste gehiago: zergaitik edo zergaitik ze, zergatikan eta beste.

Gaurko idatzian gure azalpena eta (ta) eta –la eta (-la-ta) marketara mugatuko dogu. Eurok izango ditugu gure itua, eta ituan joten ahaleginduko gara.

Eta postposizino kausal gisa

Jatorriz eta juntagailua da marka honen sorburua. Juntadura marka danean juntagailua, esaldi biren erdian kokatzen da; edo hobeto esanda, bigarren esaldiaren hasieran, bien bitartean eten bat egiten dala: Berandu da, ETA etxera noa.

Baina perpaus buruan agertu beharrean, esaldiotariko baten atze-marka modura darabilgunean, perpaus bion arteko hartu-emon balioak aldatzen dira: bien ekintza-prozesuak sumatu edo pilatu bakarrik ez, ezpada esaldi bataren prozesua bestearen kausa, arrazoi edo zergaiti bihurtzen dogu. Eta marka postposizino modura daroan esaldiaren prozesua bihurtzen da beste esaldi-prozesuaren kausa, arrazoi edo zio.

Adibide batez abiatuko gara: Banoa etxera, berandu be bada-ta. Ordena atzekoz aurrera ipinita be bardin eratu daiteke esaldia: Berandu be bada-ta, banoa etxera. Bigarren honetan etena, esaldi bien banakuntza egiten dauena, -ta horren ostean dago, eta ez eta juntagailu danean lez, haren aurrean. Ortotipografiaren aldetik eredu bikotxa onartu leiteke: eta osorik eta banan idatzita, edo -ta modura, era laburtuaz, marratxoaz aurreko hitzetik banandurik agiri dala.

Ohikoena, -ta atze-marka hori esaldiaren aditz jokatuari dautsala erabiltea da, batez be idatziz: da-ta, dau-eta, dago-eta, dabil-eta… Baina berez, aurreko esaldiko beste edozein sintagma be agertu leiteke eta aurreko posizino horretan. Sarritan aditz partizipioa bera: Zelan agurtuko zaitut ba, ez zaitut ikusi eta? Gertakizun aspektuaz: “Jaramonik ez deust egingo-ta, bihotza erdibituko jat” (J. Altuna, Ipuiñak). Izen sintagma bat be gertatu ohi da atzerengo leku horretan: “Zulatu jaku txalupea-ta, laster ondatuko gara’ (Etxeita, Josetxo). Adberbio bat: Egin orain ahal dana, ez gara betiko eta.

Lehenagoko testuetan, mende perpaus mueta honetan, aditz jokatuari atzenengo lekua bermatzeko, ezezkako perpausetan aditz perifrasiaren ordena neutroa mantentzeko joerea egoan. J. Mateo Zabalaren hurrengo esaldi honek darakusanez:  “Ez ibili, bada, […] indarka askatuteko; zeure buruari kalte ekarri ta besterik egingo eztozuta”.

Eta / -ta hori kausalidade marka lez erabiltea ez da berez zaharra, idatzizko testuei jaramoten badeutsegu behintzat. Lekukotasunak ugaritzen, XIX. mende barrenetik honuntz hasten dira, baina XIX. mende hasieran be badira beronen lekukotasun banakak.

Euskararen sartaldean dago gehien eta aspaldien errotua, baina erdiko euskalkietan be normaltasun osoz erabilia da. Ekialdeko tradizinoan, ostera, ez da ezaguna, kausa balioaz behintzat. Eta gramatikarien artean, XIX. mendearen erdialdean argitaratu zan Mateo Zabala- beronen argibideak dira goiztarrenak eta berenberegikoak. Hara zer dinoen:

"170. A los dichos puede agregarse ta o eta, que suele ponerse tambien al fin a los artículos, y que unos la pronuncian unida a ellos, y otros separada. Su significación se explica en castellano con supuesto que, puesto que, pues que, pues, porque... y puede usarse en vez de lako (...) v.g. "Jauna, ken niganik, pekatari galdu bat naz-eta. (Eskulib. 145) (...)". (Verbo regular vascongado).

Añibarrok 1802an honan idatzi eban bere Eskulibruan: “Jauna, alde zaite niganik, zerren naz bekatari andi bat”. Handik ia hogei urtera, 1821ean egin zan birrargitaraldian, Eskuliburua izenaz ‑geure eretxian J.Mateo Zabalak bere lumaz egindako berridazketan‑, honetara agiri da esaldi berori: “Jauna, ken niganik, bekatari galdu bat naz eta.”

Esaldi bien arteko ordeneari jagokonez, ohikoena, esaldi nagusia aurrean eta kausazkoa atzean ipintea da. Baina berez, ordena hori malgua gertatzen da, erabilerei ohartuta. Batez be berbazkoan. Hiru ordenaren ereduak:

- atze kokaera: Sinistu eidazu, egia garbia da-ta.

- aurre kokaera: Neuk be ez dakit eta, zelan esango deutsut ba!

- barru kokaera: perpaus nagusiaren barruan: Gero be, orain artean sarri ikusi dira-ta, pasauko dira horrelako kasuak.

Esangurearen aldetik, eta / -ta markaz eregitako kausa-egiturak arrazoi-emote leuna adierazotekoak dira. Menderakuntzatik baino hurrago, juntaduratik hurrago dagoz berez egiturari jagokonez. Tradizio klasikoan eze aurre-markak edo gaur egungo ze aurre-markak adierazoten dauen antzeko kausalidadea adierazoten dabe, gaztelaniaz “pues” preposizinoaren antz-antzekoa. Eta gehiago esango neuke: -ta/eta atze-marka tradizinoko eze/eze aurre-markari txandea hartzera etorri dala; haren ordain eta ordezko bihurtu dala euskera bizian. Euskal hizkuntza barruan, berezko joerea dagoalako, atze-markak indarra hartzera, eta aurre-markak ahultzera.

Menderakuntzatik baino juntadura erlazinotik hurrago dagoala esan dogu –ta/eta atze-marka horren funtzinoa. Horren froga agiria da, aditz alokutiboakaz ondo ekantzen dala, menderakuntzetan jazoten ez dan fenomenoa. Halan, arazo barik esan ohi da: Ez eiok opatu, ez jok gura eta. Baina –lako atzizkiaz berridatziko bagendu: Ez eiok opatu, ez dauelako gura. Gramatika zehatzaren ikuspegitik, lehenengoa juntadurazko egitura, bigarrena menderakuntzazkoa.

-la-ta / -la eta menderakuntza eredua

Itaun egiten dogunean, Zergaitik itaun-hitzaren ordez Zer dala-ta erabilten da sartaldeko hainbat lekutan, eremu zabaletan, esango neuke –Mungialdeko Gamizko herria jatort akordura, neure txikitako hango egotaldiak gogoratuz–. Halan eskatu leioz kontuak ama batek umeari: “Zer dala-ta ez zara joan eskolara?”.

Laburzurrean erantzun leio mutiko sasieskolagileak, esanez: Hau dala-ta, hori dala-ta, azkenean ezin izan naz eskolara ailegau.

Itaunean dogun menderagailu bera darabilgu euskaldun askok –sartaldean berariaz, baina erdialdean be zabal dabilen egiturea dogu–, kausa subjektiboa adierazo gura dogunean mendeko perpausaren bidez.

Kausalidearen barruan, kausa objektiboa eta kausa subjektiboa bereizten ditugu eta/-ta soila edota -la-ta/-la eta marka bikotxa erabilita. Eskolari batek arrazoitu leike bere eskola-lagunaren hutsegitea, esanez: Periko ez da eskolara etorri, ohean gaixorik dago eta. Kasu horretan, gaixorik egotea arrazoi objektibotzat emoten da, guztiontzat baliokoa dalakotzat. Baina bigarren aukera bat be badauka erantzuteko: Periko, gaixorik dagoala-ta, ez da etorri eskolara. Bigarren kasu honetan, gaixorik egotea Perikoren (edo haren etxeko edo hurrekoen) arrazoia da, baina esaleak, eskola-lagunak, ez dau beretzako hartzen arrazoi hori; inorena, besteren baten arrazoia da; eta bera, arrazoi horren transmititzaile hutsa.

Esapide finko batzuetarako bidea be urratu dau menderagailu bikotx honek, batez be berbeta mailan. Bata, izan aditzaz eregitakoa, maiztasun handikoa: dala eta ez dala. Halan: “Zeu zarala eta ez zarala, mundu guztia baragarri ibili da”. “Bera dala eta ez dala, beharrera joan barik geratu naz”. Edo Azkueren adibide bat bitarte dala: “ta zeuen buruagaz kezkarik asko daukazue hau dala ta ez dala”.

Bigarren bat, -la-ta beste barik dalakoa, gaztelaniazko “sólo porque, únicamente porque” dalakoaren ordaina. Domingo Agirreren erabileran: “Batzuk eta besteak gogoratu eta ikasi behar ditugu, eta ez urrundu eta bazterrera bota, geureak ez dirala-ta beste barik” (Kresala).

Hirugarren bat, -la-ta egon dalakoa, sustraian kausala izan arren, egon aditzagaz batera konpletiboen funtzinoa beteten dauena: “Berandu gabilzala-ta nago, berandu dala-ta nago».

J. Mateo Zabala bilbotarra dogu (eskura ditudan datuen arabera), -la-ta menderagailu hau idatziz goiztiarren darabilen idazlea. Eta harrigarriena da, zein ugariro darabilen bere sermoietan. Ia beti (ez beti baina), perpaus nagusiaren ostean ; eta ez hori bakarrik ; mende-perpausaren barruan be atzerengo lekuan kokaturik. Ohartu gakiozan hurrengo esaldi honi : “esan eban, a nonbait [aurki, auiaz] etzala bere ama; bere ama pobre ezeuki bat zala ta”. Esan eban aditz nagusiaren azpian etzala aditz konpletiboa, eta eta honen azpian zala-ta mende perpaus kausala. Esaldi argigarria, -la-ta menderagailua -la menderagailu konpletiboaren hedapen edo garapena dala erakusten dauena. Hurrengo esaldi honetan be, mendeko perpaus konpletibo baten azpian erabilirik daukagu kausala: “Dirausku beti prest egoteko, geuk eztakigun orduan etorriko jakulata”. Kasu honetan, -teko aditz nominal konpletiboaren azpian.

Arrazoi subjektiboa adierazoten dauela argi darakusen esaldiak dira hurrengo biak. Lehenengoan, gurasoaren arrazoia argiratzen da: “Gurasoak, gurasoa zalata, egin eutsan soldadu andi bategaz ezkontzea”. Bigarren honetan, guraso bien argudio edo arrazoia: “Itxi eioezue bere ibilten danza ta fiestetatik, joaten erromeria ta beste ibilte nastekoetara, txikerrak direalata; eta gero ikusiko dozue.”.

Mendeko kausala aurre posizioan agiri da batzuetan, gitxienetan izan arren. Halan Lizardi idazlearen hurrengo honetan: “Nere koxkorrak ezagutzen ez ditukela-ta, haien argazki bat eskatzen didak.” (Lizardi).

Baina menderagailu hau oparo erabilten XX. mendean barrena hasten dala esan daiteke: oparo erabili ezeze,  eremuz ekialderantz zabaltzen be bai; hau da, bizkaieraz eta gipuzkeraz nagusiro. J.B. Eguskitza, Kirikiño, M. Arruza eta beste hainbat aitatu leiz gerra aurreko idazleen artean, edo L. Akesolo, E. Erkiaga eta zerrenda luze bat gerraostekoen artean.

Eta literatura balioen aldetik ez da bazterrean ahazturik lagatekoa, Kresala elabarrian Kitolis kapituluan, Domingo Agirre bardinbakoak idatzitako pasarte hau: “Bakarrikgelditu ginanean a, berandu be bazala eta, hotz be baegoala-ta, arrain pixka bat be bageunkala-ta... hasi ginan etxeruntz”.

 

Iturriko

2018-10-12

 

Ikusita: 64
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera