kontaktua
2018.12.07
11:13

Ari izan, ibili, jardun… Iraupen-aspektua aditzetan (lehen idazketa)

Zeozer egiten, zeozertan ekitea adierazoteko, aditzaren iraute-aspektua aditzen emoteko, egitura bat baino gehiago ditugu euskeraz, sarritan eukalkitik euskalkira, hizkeratik hizkerara aldatzen diranak, edota esangura berezitasunen arabera, bizikide diranak.

Esku artean darabilgun egitekoaz itaun egiteko era diferenteak dagoz. Jarduera moduaren arabera, itaun egin geinke: Zertan zabilz? edo: Zertan zagoz? Hizkeren edo eskualdeen arabera: Zertan ari zara? Zertan diharduzu? Zeri dautsazu? Eta baita be: Zeri daragoiozu? edo Zertan daragoiozu? Eta, orain momentuko ekitea ez danean: Zeri ekin behar deutsazu? Zeri ekingo deutsagu?, edo: Zeri ekin deutsazu orain artean?

Ari izan

Bizkaieraz landa, ari izan aditza da orokorrena prozesuaren aspektu-alderdi hau adierazteko, dialekto eta hizkera ia guztietan. Momentuko, hitz egite uneko gertaera adierazoteko: ari dira: “Zertan edo zer egiten ari dira?”. Lehenagoko momentu bateko gertaera adierazoeko: ari izan dira:Ikasten ari izan da lehengo urte osoan.” Gertakizuneko aspektua, ariko dira markatzen da: “Kantatzen ariko dira berandura artean.” Aditz-izena aritze egituraz gauzatzen da: “Horretan aritzea komeni al da?”.

Partizipio burutuaren era nagusia ari izan bada be, bada analogiaz sorturiko bigarren era bat, aritu, tradizino laburrekoa idatzian, baina berbaz asko hedatu dana.

Aditz konplexu honen (ari izan) aspektu egitura, edo berez ikasi, edo ondo beregandu ez dauenarentzat, erraza izaten da erabilera okerretara jotea. Ikastetxe bateko ordezkari bati berbaz jasoriko esaldia da ondokoa: “Ikasleak atsedenaldian futbolean aritzen dira”. Sasiko aditza da *aritzen dira hori, edo iraganeko *aritzen ziren. Aukera bi dira onargarriak: momentuko futbol-jokoaz badihardugu, ari dira; eta sarritakoaz edo ohikoaz bagabilz: ari izaten dira.

Analogia bidez sortu dan aritu partizipioa erabilita, zuzen sortzen dan aditz perifrasia da: aritu dira. Baina zer esateko? Orain momentuan ari dirala? Ala lehenago ari izan dirala? Bigarren honen aspektua markatzen dala gehienik esan daiteke, entzuten dan kontestuen arabera.

Gertakizuneko aspekturako egitura zaharra eta nagusia, ariko dira izanagaitik, gero eta gehiago entzun edo irakurten da: ari izango dira. Bigarren hau zuzentzat jotekoa da berez, gurako / nahiko / beharko dau edota biziko da egitura nagusi orokorren ordez, gura izango, nahi izango, behar izango edo bizi izango zuzenak lirateken moduan. Baina izango horregaz eregitako aditz perifrasiok ez dira nagusiak, ez lehenestekoak; saihesteko erabilerak dira. Lehenengoak dira gomendatzekoak. Kasu honetan, ariko dira.

Ibili

Lehenengo eta behin gogorazo behar da, sartaldeko euskerearen, eta neurri baten erdialdekoaren, markak dirala -ten ibili, -ten egon tipokoak. Ekintza edo prozesu bat jardunean edo iraunean egotea adierazoteko beste egitura bi, -ten ibili eta -ten egon dira. Lehenengoa, dinamikoa, eta bigarrena, estatikoa. Berbazko esaldi ohiko bi ipinteko: Umeak olgetan dabilz eta Jatetxean afaltzen dagoz. Ibili eta egon aditzak trukatuko bagenduz, beharbada ez leukie ondo joko: *olgetan egon zein *afaltzen ibili. Zein dan horren arrazoia? Olgeta edo jolaste jarduerari ibili lango aditz aktibo bat joakolako berez, eta jate, afaltze jarduerak egonean egiten ditugulako, ez ibilian.

 

Ibili aditzaz mobimentua, zirkina, eragina adierazoten daben prozesuak markatzen dira. Zeozer egiten edo zeozertan ekinean dabilen bati egiten jakon itauna izan ohi da: Zertan zabilz? Eta erantzuna, izen batez erantzuten bada: beharrean, lanean izan daiteke; edota izen konposatu bidez: artajorran.

Baina gehienetan aditz-izen inesiboaz emoten jako erantzuna, -ten atzizkidunaz.

/Izen + aditzizen/ egitura konposatuaz erantzunda: mahats-batzen, piper-kordatzen, gaixo-zaintzen, hazi-ereiten, barri-zabalantzen… nabil.

Aditz-izen mende-perpausaz emoten bada erantzuna, izan daiteke.

Gure tradizinoan ugari eta sendo lekukotua dan egiturea. Mogelen testigantza bi ezarriko ditugu erakusgarritzat: “Gu gabilz kate eta katigutasun lotsagarri bat urratuten, arnasa baketsu ta nasaitua bilatuten”. “Joan zan baso atan ardiak zainduten ebillen mutil bategana”.

Egon eta euki

Aditz-izen inesiboari atzean dago, egoan, egoten da, egoten zan moduko aditza erantsi ezkero, prozesuaren egonkortasuna, irautea adierazoten da gehiago; prozesu estatikoa. Gaztelaniaz “estar + gerundio” egiturei jagoke -ten egon euskerazkoa, aurreko -ten ibili gaztelaniazko “andar + gerundio” egitureari jagokon antzera.

Egitura bitzuk kalkotzat jotea, eta batzuen ustean baztertzea, ekarri ohi dau batzuetan honek, baina, bildurrok eta susmo txarrok baztertuta, naturaltzat eta aiututzat epaitu beharrekoak dira gure ustez; konplexu barik erabiltekoak. Tradizino idatziak sendoro bermatuak diralako bata eta bestea.

Entzuten, ikusten legezko aditzak egon aditzagaz darabilguz sarri. Halan: “Esaizu esan beharrekoa, entzuten nago eta”. Klasiko moderno baten gutun bateko berbak: “Uste dot ze entzuten nagoala berorren agotik” (Balentin Berrio-otxoa).

Jan, edan legezko aditzak be egon aditzagaz darabilguz ia beti. Mogelen alegi baten, otsoak bildotsari dinotsazan erasozko berbak: “Zetako loitu deustazu ura edaten nengoan artean?”.

Euki aditzak hartzen deutso ordea egon aditzari, prozesuaren subjektu aktiboa jokoan sartu gura dogunean. “Odola irakiten daukat” esan geinke, “Nire odola irakiten dago” esan ordez. Mogelen esaldi bategaz on eginda: “Nire biotza erreten daukat”.

Ibili eta egon, bata zein beste

Badira prozesu batzuk, ibili edo egon aditzagaz, bata zein besteagaz buztartzen diranak, edo leitekezanak, eta ezbaia sortzen da batzuetan, zein hobeto ekantzen dan esangura jakin baterako.   Ikasten dabil edo Ikasten dago, biak dira erabiliak eta entzunak.

Normalean, esanguraz arean diferenteak izan ohi dira, aditz bera ibili edo egon aditzagaz buztartuta: Ikasten nago, dinoanean batek, momentu horretan ikasten ari dala esan gura dau. Ikasten dabil dinoanean, beharbada luzaroagoko jarduera bat aditzen emoten dihardu; halan: Ingeniaritza ikasten dabil unibertsidadean.

Edan aditzagaz, esan geinke: Urlia ardaoa edaten dago, edanean, edate egoera baten dagoanagaitik. Baina bestetik: Orain be edaten dabil, esan geinke, gelditu barik edaten diharduala adierazoteko; edate dinamikoa, gehiegizkoa beharbada. Eta sarritako edo luzaroko edatea bada be, esan geinke: Beti dabil edaten. Egunero dabil edaten. Gelditu barik dabil edaten.

Jardun aditzak be prozesuaren iraute ikuspuntua adierazoten dau, aditz-izen inesiboaren ondoren agiri danean. Aditz egitura ohikoenak izan ohi dira: dihardu, ziharduan, jardun dau, jardun eban tipokoak. Bizkaieraren ekialdean dau aditz honek, bai tradizinoz, bai gaur egun, erabilerarik handiena.

Itauna: Zertan dihardu? Erantzuna askotarikoa izan daiteke: berbetan, jaten, lanean, pintatzen…

Mogel idazlearen lekukotasun bi. Bata, aditz perifrastikoaz: “Badira baserritar, bizar egiten jarduten dabenak”. Bestea, aditz trinkoaz: “Arrotasun andi bategaz baziarduen jasoten torre au”.

Jardun aditz honen esangurea, kontestu askotan, “berba egin, berbaz ekin” adierakoa bada be, berez eta jatorriz askoz zabalagoa da, “edozertan, edozein ekintzatan” jardun leike pertsona batek.

Jarraitu eta segidu aditzak be prozesuaren iraute aspektua markatzeko asko erabiliak dira; lehenengoa idatziz gehiago, bigarrena berbaz. Mogelek, bere alegietako baten, arranoaren eta azeriaren alegian, honelan idatzi eban: “Azeri gaixo, ta besteti gaistoak, ikusirik ezin euskiola ezer arranotzarrari, jarraitu eutsan illeteaz ta palaguaz eskatuten bere umeak”. a

Jarraitu aditzaren eremu semantiko zaharra, “norbaiten edo zerbaiten atzetik joatea” dan arren, gaztelaniazko “seguir” aditzaren balioa erantsi jako, aldi modernoan gehituz joan dala. Horregaitik beharbada, segidu mailegua biziro erabilia da berbetan, idatzirako baztertuxe egon arren gaur egun. Ekintzaren iraupeneko adibide arruntak dirateke: Segidu irakurten. Segidu jenteari poz apur bat emoten.

Ekin aditzak beste ingurune askotan estaltzen dau aditz prozesuaren iraute aspektua. “‑‑Zertan ekiten deutso? ‑‑Perretxiko-batzen ekiten deutso zapatu-domeketan”.

Eutsi aditzaren joko trinkoak be beteten dau berbeta batzuetan iraupen-aspektu hau. Lekeitio aldean-eta, hondino entzuten da hiztunen onen ahotik honetariko esaldiak: Horretan dautse. Zertan dautse? Bide beretik ondo esanda dagoz: Idazten dautse. Irakurten dautso.

Eragon aditzaren jokoa aitatuko dogu gaurkoz azken. Gaur egun Nerbioi aldeko herrietan eta Zeberio aldean entzuten dana, baina lehen Arratia aldean be entzuten zana. Eragon aditzaren jokoan, 3. pertsonako adizkiak dira ezagunenak: daragoio orainean, eragoion iraganean: jaten daragoio, idazten eragoion, zertan daragoio?

Aditzaren aspektu iraunkorraren gai honek hari askoz luzeagoa dauka berez. Gure helburua, ezagunak ditugun marka batzuk aitatzea izan da, iturriaren emoia agortzeko asmo barik.

 

Iturriko

2018-12-07

Ikusita: 41
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera