kontaktua
2018.12.14
11:52

-IK atzizkia Ezeztapenaren eremuko sintagmetan (lehen idazketa)

Atzizki partitiboaz, -ik atzizkiaz markaturik darabilguzan izen edo adjektibo sintagmak nor-IS baten forma bereziak dira. Baina ez dabe, ez kasu aparteko bat, ez funtzino aparteko bat ordezkatzen: beti be nor sintagma baten forma bereziak dira, baina funtzino berbera daukie perpausan.

Zehaztasun hau gogorazotea beti dator ondo, ze gure gramatika batzuetan, ospe eta izen handikoetan be, kasu aparteko lez tratatu izan da deklinabideko paradigmetan partitiboa. Egia da, morfologiaren aldetik diferentea eta berezia dala, baina perpaus barruan nor-IS baten sintaxi funtzino berbera beteten dau, eta ez beste funtzino bat.

Sintaxi alderditik ikusita, -ik atzizki partitiboak –a/-ak mugatzaileen edo bat-batzuk zenbatzaileen egiteko hur-hurrekoa beteten dau: izen edo adjektibo sintagma baten determinatzaile izatearena.

Egia da, semantikaren aldetik, -ik horrek ez dauela ezer mugatzen, ez determinatzen; justu kontrakoa, desmugatu edo indeterminatu, zehatzago esanda. LagunIK, etxeRIK, txikiRIK, txarrIK dinogunean, informazino bi emoten dira:

a)      Batetik, numeroaren bikoiztasuna aldentzen da: bat eta gehiago-ren arteko banakuntza galdu egiten da, bien partiketa, erdibitza ezabatu, neutralizatu: ez bat, ez asko. Gramatikan [+/- sing] markakoak ohi dira.

b)      Bestetik, ezaguntasuna guztiz aldentzen da: lagun, etxe, txiki eta txar diralako izakiak ezezagunak dira guztiz; mugagabeak, zehaztubakoak. Gramatikan [-det] tasuna daroela esan ohi da.

Partitibodun Izen Sintagmen funtzinoak

Izen sintagma batek, -ik atzizki partitibodunak, oinarrizko funtzino bi bete leikez esaldi-perpausan:

-Subjektuaren funtzinoa, perpaus horretako aditza nor erakoa, iragangaitza, danean. Halan: LagunIK ez da agertu batzargelara.

-Objektu zuzenaren funtzinoa, perpaus horretako aditza nor erakoa danean, iragankorra. Halan: LagunIK ez dogu ikusi batzargelan.

Ze aldaketa gertatu da esaldi horretan, baiezka egotetik ezezka egotera aldatu danean? Ze aldaketa gertatu da nor-IS (izen sintagma) horren barruan? Baiezka emonda, esaldiok honakoak izango ziran: Lagunak agertu dira batzargelara. Lagunak ikusi ditugu batzargelan.

Determinatzaileari jagokonez, -ak mugatzaile plurala erabiltetik -ik determinatzaile partitiboa erabiltera.

Aditz kopulatibodun esaldien salbuespena

Nor izen sintagma dagoan esaldiko aditza lokarri-aditza danean, kopulatibo deritxogun horreetarikoa danean, ez da gertatzen -a/-ak > -ik aldaketa; ez dago izen sintagma barruan eraldatzerik.

Baiezka formulatu daigun: Liburua aberasgarria da edonorentzat. Bardin deusku liburua ezaguna dan zein edozein liburu dan. Ezezka berridatzi nahi izan ezkero esaldia, ezin izango genduke -ik partitiborik txertatu hor. Gramatika arauz okerrekoak lirateke hurrengo aukera biok: *Liburu-RIK ez da aberasgarria. Liburua ez da *aberasgarri-RIK.

Laburrean esanda, zuzenak dira hurrengo esaldi eredu biok. Subjektu funtzinoan: Jenterik ez dabil gaur kalean dagoen hotzaz. Objektu funtzinoan: Amak ez dau gaur ogirik erosi, asti barik ibili dalako. Baina okerrekotzat joko genduke izan aditz kopulatibo edo lokarrizkoaz eregiriko hurrengo hau: Ez da *mesedegarririk egun osoan jan-edanean ibiltea. Ezta be, aditzizenaren gainean txertaturik agiri dan hurrengo hau be: Berba egin behar danean isilik *egoterik ez da komenigarri izaten.

Atzizki partitiboa onartzeko baldintza nagusiak

Gramatika eta semantika alderdiko baldintza jakinak bete behar ditu izen sintagma batek eta bera daroan perpausak, bideragarri izan dadin partitiboaren eraldaketa. Hara zeintzuk, labur:

IS batek -ik partitibo-atzizkia onar dezan, gramatika eta semantika alderdiko zenbait baldintza bete behar ditu. Hala ez izatera, ez da bideragarri partitiboaren transformazioa. Gorago aitatu diranez gainera, hara zeintzuk:

- Izen eta adjektibo kategorietako hitzek onartzen dabe berez, eta nekezago osterantzeko kategorietakoek.

- Zenbatzaile kategoriako hitzei berez ez jake eransten partitibo-atzizkirik. Eta gertatzen diran kasuak, salbuespenezkoak dira, orohar.

Baietzetik ezetzera esaldia aldatzean, hara zelan gertatzen dan:

Nahikoa daki => Ez daki nahikoa

Hainbeste ikasi dau => Ez dau ikasi hainbeste.

Aski da egindakoa => Egindakoa ez da aski.

Lagun gitxi ditu => Ez ditu lagun gitxi.

Lan asko egin dau => Ez dau lan asko egin.

Zenbatzaileon artean salbuespenik agiriena asko dogu. Izan be, asko => askoRIK eraldaketa ohikoa da hiztunen artean. Hala esaten dira:

Ez daki asko-RIK (baina Ez daki asko be bai).

Asko-RIK ez da behar (baina Asko ez da behar be bai).

- nor-IS horrek, gorago aitatu dogun lez, balio zehaztugabea edo indefinitua euki behar dau. Semantikoki zehaztua edo ezagutua bada izen edo adjektibo sintagma hori, ez da bideragarri partitiboa txertatzea. Ondoko ezezkako esaldi bion artean:

Lagun-A ez da etorri

Lagun-IK ez da etorri

Lehenengoan laguna ezaguna da, lagun jakina da. Bigarrenean edozein lagun izan daiteke.

- IS-nor batek, transformazinoa jasan aurretik onartu leikezan determinatzaileak honeek dira: -a / -ak, bat / batzuk. Baina marka hutsa be (Ø marka) izan daiteke, hain zuzen aditz lokuzinoetan sarritan daukaguna.

Baina ostera, transformazinoa ezinezkoa da IS batek balio zehaztua edo ezaguna dauenean. Hau da: -a / -ak [+def], -ok hurbila, edota erakusleak: hau, honeek, hori, horreek.

- Aditz multzoak /Izen + egin/ erakoak diranean, gehien-gehienek partitiboa hartzen dabe ezezka edo galdezka dagozanean. Halakoak ohi dira: berba egin, barre egin, negar egin, huts egin, putz egin eta beste asko. Adibidez:

Ez eban berbarik egin batzar osoan.

Ez egizu negarrik egin.

Baina badira beste aditz lokuzio batzuk ostera, egitura lexikalizatuagoa dabenak, eta partitiboari lekurik egiten ez deutsienak. Halakotzat jo leitekez: hots egin, hitz egin, hitzartu, antzeman…. Euretariko batzuk, lexikalizatze gradu handikoak izanaz gainera, batera idazten dira.

Izen konposatu batzuk, /ez entzun, ez ikusi + egin/ erakoak, gai dira partitiboa hartzeko. Jose Antonio Uriarte idazlearen esaldi honetan, esaterako: “O Jaungoikoaren semearen ama! Ez egiezu arren nire erreguei ezentzunik egin” (Marija)

- Baina ezin dabe partitiboaren transformazinorik onartu behar izan (edun) erakoek, ezta  egitura predikatiboa daben aditz multzoek: hotz izan, gose izan erakoek.

Zor izan:

Dirua zor deutso. => Ez deutso dirurik zor.

Zorra izan (euki), bai ostera:

Zorra deutso eta horregaitik dago kezkaturik => Ez deutso zorrik eta ez dauka zertan kezkatu.

Akatsik ohikoenak

- Sarri jazoten da, aditz kopulatibodun perpaus barruan,  berariaz da (izan) aditzaz eregia danean perpaus hori, analogiaz okerreko bidea hartzea. Baiezka bada: Asko edatea ez da ona, ezezka ezin da bideratu: Asko edatea ez da *onik. Ez eta: *Asko edaterik ez da ona.

Ez da osasungarria goizaldetan kanpoan ibiltea esango dogu, baina ez: …goizaldean kanpoan *ibilterik.

Ondo esana dago: Osasunarentzat ona da bazkaritan ardao apur bat edatea, baina ez … ardao apur bat *edaterik.

Hizlari bati entzundako hurrengo hau, erabilera okerreko horren erakusgarri argia dogu: “Ezinezkoa da kalitate *onik *gauzatzerik”. Atzizki partitibo biak dagoz oker erabilita. Ezinezkoa da aditz multzoaren aditza, da, kopulatiboa dalako batez be, eta atzean dituan kalitate ona eta gauzatzea nor-IS biak horren eraginpean dagoz. Era zuzena ondokoa genduke: Ezinezkoa da kalitate ona gauzatzea edo bermatzea edo jagotea, hainbeste -ik edo –rik barik.

- Ezezkako perpausen azpian baieztapena izkutatzen da batzuetan, baiezkako perpausa. Horren adibide dogu ondoko esaldia: “*Argirik besterik ez zeukan paradisu hark”. Esaldi horretan -ik atzizkidun sintagma bi dira. Bigarrena, berezkoa: besterik ez zeukan. Lehenengoa, ostera, oker erabilia; azpian baiezkako perpaus bat datzalako: argia eukan, besterik ez eukan.

- Aspalditxu da, gure artean agiriko leku zarratuetan (taberna, kafetegi eta enparaduetan) erretea galerazo zala, eta iragarkiak ipinten hasi ziranean, danetarik ikusten zan hasieran. Halantxe, erreteko debekua iragarteko, leku batzuetan idazten eben: Ez dago erretzerik, aditzen emoteko han ezin zala erre. Baina egotegi barruan erre eitekela iragarteko, horren kontramezua, justu kontrako adierazpena egiteko, idatzirik ipini izan da: Hemen badago erretzerik. Bigarren hau, baieztapena, lehenengoaren, ezeztapenaren, kalko garbia da, baiezka emonda: ez dago > badago. Baina kalko okerra, desegokia gure ustez. Aukera hobeak badira. Bat: Hemen erre leiteke. Baina ez ahal dala, …erre ahal da. Beste bat: Hemen erreteko baimena dago, edo esanguraz antzekoa danen bat.

Galde-perpaus orokorretan eta batzuetan nor-zer tipoko galdera partzialetan -ik partitiboak daukan papera, eta mende-perpausetan, berariaz baldintzazko, erlatiboko eta denporazkoetan jokatzen dauena, hurrengo baterako itxiko ditugu, ez gehiegi luzatzeko. Honenbestean bada gaurkoa.

 

Iturriko

2018-12-14

 

Ikusita: 578
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera