kontaktua
2016.12.16

BiKUNTZAko bizimodu estua

Atzizki hau, -kuntza, aurrez pentsa leiteken baino ugariagoa da gure tradizino idatzian, oraintsuan edo azken hamarkadetan ezagutu dauen hitz-sorkuntza indar barritua edo aurrerakuntza bazter itxita be.

Euskera kultura-hizkuntza lez garatzen eta hedatzen joan dan ginoan, kultura-hitz barrien sorkuntza be bizituz joan da, eta eratorkuntza prozesu horretan atzizki hau izan da mesedetuenetariko bat. Izan be, euskal edo jator usaina darie beronegaz sorturiko eratorriei, batetik. Eta zentzun dinamiko baten adierazle diran izen abstraktoetarako ondo ekantzen dan atzizkia dogu, bestetik.

Jakina da badituala lehiakideak be -kuntza atzizkiak. Hitz edo berba hartzen baditugu oin-hitz modura, hizkuntza eta berbakuntza garatu dira, baina bi horreen aldamenean badira beste batzuk: hizketa eta hizkera batetik eta berbakera, berbeta, berbaikune bestetik. Ibili aditzaren gainean eregia da ibilkuntza, lehiakide dituala ibilkune, ibilketa eta ibilkera, zein bere adiera edo zehetasun bereziakaz.

Hizkuntza eta berbakuntzaren antzeko kideko eratorriak beste gehiago be badira. Halan, antolatu eta eratu aditzen gainean sorturiko antolakuntza eta erakuntza izenak.

Euskerazko zientzia-izen moderno asko sortu dira -kuntzari esker. Medikuntza arloan ebakuntza, adibidez, edo urigintza (hirigintza) arloan eraikuntza.

Hazi aditzean oinarrituak dira hazkuntza guztiak, besteak beste abelazkuntza. Eta hezi aditzaren gainean eregia, hezkuntza. Ikasi aditzean, ikaskuntza, eta irakatsi aditzean, irakaskuntza. Ikertu aditzean, ikerkuntza. Prestatu aditzean, prestakuntza. Barritu/berritu aditzean –eta ez horren jatorriko adjektiboan–, barrikuntza /berrikuntza, gitxi batzuk izentetearren.

Gaur egungo gai eta jakintza arlo diferenteetan dago ondo ordezkaturik atzizki hau. Dala irakaskuntza, dala ekonomia, dala filosofia, edo bardin artea.

Baina jo daigun atzera azterren zaharragoen bila. Azarri (ausartu) aditz zaharretik garatua da azarkuntza (ausardia), gure errefrau zaharretan agiri dana: “Azarkuntzeak bildurra uxa bez, ze ilteko edo biziko gudura goakez” (RS 165).

Zemai izen zaharragotik garatua dan zematu aditzetik eratorria dogu zemakuntza izena be, zemai edo mehatxuak egiteko berbazko egintza adierazoten dauena. J. Mateo Zabalaren idatzietan ugaria: “iragarteko ze gorrotogarriak dituzan seme-alaba gaisto, gurasogin gogorrak, egiten deutsez kontrako zemakuntza itzalak”. Juramentuetan lau eratakoak dagozala gogorarazoten deusku idazle berorrek: “Lau modutakoa da juramentua: baieztua, edo baiezkoa, zematugina / zemakuntzazkoa edo amenazazkoa, biraozkoa eta aginduzkoa.” Añibarrok “juramento conminatorio” erdal kontzeptuaren ordaintzat dakarsku berori.

J. Mateo Zabala bilbotarra dogu atzizki honi emendioa ondoen antzekoa ateraten deutsana, baina artean Mogelek eta Añibarrok be polito ustiatu izan dabe euren idatzietan. Hiruron testu marapiloko hariari tenka eginez, hainbat kontzeptu abstraktu adierazoteko izen eratorkuntzagaz topo egingo dogu. Abede ordenaz aitatuko ditugu batzuk. Arkuntza, presentzia adierazoteko: “Sinistu egidazue, guztizko kalte negargarriak etorri dira, gurasooak umeen arkuntzan (parean) alan eginagaiti”. Haserrakuntza (haserrekuntza), haserre edo haserretu hitzen gainean sortuak dira, artean batez be Mogelek eta Añibarrok darabilen hitza, baina ugarien idazle bilbotarrak horraitino; ondoko pasarte zorrotz honetan zehatz txertaturik: “Kanpora bada, biraoak, kanpora juramentu alperrak, kanpora aserrakuntzak ta ordikeriak, kanpora berba loiak, zantarkeriak ta seigarreneko guztia”. Atzerakuntza be taiu zaharreko izena dogu, baina ez gaurko adieran, ezpada “retraimiento, desgana” zentzunean. San Pabloren hitzetan: “Jaunak, zeuek dakizue Asian sartu nintzanetik, zer ta zelan egin dodan zuen artean egon nazan aldi guztian; zelan izan ez dodan atzerakuntzarik zeuei Jangoikoaren bidea erakusteko”. Berbakuntza eta hizkuntza izenen gainean eihoriko eratorriak dira (berba eta hitz), batzuetan “lengua, lenguaje” esangurarik orokorrenaz: “Euskaldunak bagara, zetarako berba egin ez geure asaben berbakuntzan?” abertentzi eta epai zorrotza zuzentzen deutse Mogelek herritar euskaldunei. Beste batzuetan berbaldi, alokuzino edo diskurtsoa zentunaz darabil: “Alexandroren berbakuntzia bere gaixotasunian adiskide ta osagileai”. Baina berbakuntza, berbeta modu, berbakera, “modo de hablar” adieraz agiri da beste idazle batzuetan: “Biraoa, berbakuntza gaiztoa, kanta soinu loiak ta berba zantar desonestuak ta ain lotsagarriak…” (Añibarro). Bilakuntza dogu, gaur nekez, baina gure klasikoetan sarriago agiri dan beste berba bat, baina esangura espezifiko bategaz, gaur “azterketa, esamina” esango gendukenaz, batez be kontzientziako bilakuntza kontzepturako. Egikuntza, hau be gaur mehats erabilia, “hazaña” adierarako erabilia da: “Sein-jokoak izango dira orduan geure begietan erreinuetako gorabeerak, gerrak eta osterantzean erregeak eskuartean erabili oi dituezana egikuntzarik andienak eta mundu zabaletik atxina ikusi doazan jazokerarik astunenak” (J. Mateo Zabala). Estukuntza hitza baino “estura, esturasun, esturaldi” eta oin bereko beste batzuk zabalago dabilz gaur, baina ez jat ukatuko eratorri bikaina danik, idazle beronen honango pasarte bietan kasurako: “Zure adiskide batek bear dituz eun dukat bear-ordu edo estukuntza baterik urteiteko”; “Baia onelango estukuntzetan estuak leku emoten badau, oba da abade maisuari lizentzia eskatutea, ta gero bere baiezkoagaz bear egin”. Gertakuntza eta jazokuntza izenak be gaur bakan entzunak dira, gertaera, gertakizun, gertaldi, jazoera eta honangoak zabal dabilzan bitartean. Bilbotar idazlearen adibide bana: “Eneunkio bein bere azkenik emongo onen ganean jazo direan gertakuntza edo exenpluak esan gura banituz”. “Entzun, gurasoak, zeuen bildurgarrirako san Jeronimo andiak dakarren jazokuntza [jazoera] arrigarria”.

Eratorri gitxi entzunak dira beste honeek be: Gurakuntza (“naikunde ta gurakuntzak goiturik). Ibilkuntza (“munduko zorakerietatik, ibilkuntzetatik”), gaur ahaztuxe, ibilera, ibilkune, ibilketa, ibilaldi hitzen mesedetan. Larrikuntza (“estutasun ta larrikuntza andiak”). Luzakuntza (“penitentzia egiteko erabili nituzan atzerapen ta luzakuntzak”).  Gaur baztertuxe ditugu era berean batzakuntza eta bilkuntza hitzak, batzar, bilkura, bilera eta beste batzuen mesedetan.

Hainbat eratorri zahar, gaur be zabal dabiltzanak dira. Gorago aitatu dogun haserrekuntza dogu horreetariko bat. Errakuntza dogu beste bat, tradizinoan zein gaur zabal dabilena. “Zeinbat errakuntza ta oker-uste ez da izaten” pasartean sinonimo eta guzti argitzen deusku idazle bilbotarrak beronen esangurea. Eta bide beretik, kobekuntza, okerkuntza eta prestakuntza.

Azkenekoz zenbakiekin eregiriko eratorriak aitatu nahi neukez. Bakuntza, batzakuntza eta bikuntza zehazki. Bakuntza, “unión, alianza” esanguraz lekukotua dogu ekialdean: “Ta kongregazio ta kofradi, kofradeen ta kongreganteen noizean beingo bilerak, bakuntzak eta juntak dituena.” (Mendiburu), baina Azkuek Orozkon neska-mutilen arteko bakuntza erregistratu deusku, ezkontza edo hurreko esanguraz. Batzakuntza izenaren atzean batzan eta batzandu hitzak ditugu, sartaldean guztiz ezagunak, eta gure idazleetan ondo lekukotuak. Neska-mutilen gau-bigirak dirala-ta darabile behin baino sarriago gure sermoilariek izen hau: “Izan doaz bigirak, gauetako mutil-neskatilen arteko batzakuntzak, erroldak, oletara batuteak” (J. Mateo Zabala).

Bikuntza, lehenago, etxe edo teilape berean bizi ziran auzo edo familiakaitik erabilten zan: “baita bere litxurrerietan dabiltzazanak, emen artaburu batzuk ostu, an gari puska bat, bestean kabilla batzuk; edo bikuntzako lagunari orain abiko arrautzak, guero oilo bat eta alan. “Bikuntzan biziteak gure artean oirantsura arte beste esangura bat euki dau. Etxe edo baserri berean guraso zaharrak eta euren seme edo alabearen familia, senar-emazte gazteak, etxe horretara ezkonduta bizi diranean, baserrietxe horretako irabazi guztiak erdibana egin behar ditueneko kasua. Etxea pobrea bazan endemas, bikuntzan bizitea estukura handikoa izaten zan. Gaur ahazturik gagoz ia bikuntzako bizimodu horregaz. Baldin etorkizuneko ekonomia larrialdiren baten atzera horretara ez bagaroaz.

 

Iturriko

2016-12-16

Esatekoak 0
Ikusita: 942
2016.12.09

"Txakurrak txakurkirik ez dau jaten"

Errefrau moduko esaera hau entzun neutsan aspalditxu Mendatan neure hurreko bati, etxeko eta senideen artean alkarri kalterik ez jakela egiten aitzen emoteko. Azkuek beste era honetara jaso eta idatzirik itxi euskun: “Otsoak otsokirik ez dau jaten” (68 znb. EY, III). Itzulpen eta guzti: “carne de lobo”. Nork bereak edo beretarrak nekez kaltetu (edo jan) ohi dituala aitzen emoteko.

Txakurkia eta otsokia ez dira, egia esan, gizakiok janaritzat ditugunak, baina -ki atzizki horregaz erakarri ohi ditugun izen asko ditugu geure lexikoan, “janari” eremukoak, eta “okela, haragi” arlokoak zehatzago, ugaritasun edo kopuruari jaramoten badeutsagu behintzat.

Jakia ez da edozein jateko leku askotan (Lekeition, berbarako), janari sendoa, elikadura sendokoa baino (txitxi eta okelea gehienbat).

Horregaitik darabilgu hain sarriro -ki atzizkia hainbat haragi-mota izendatzeko. Txarrikia edo saiheskia edonon eta edozeinen ahoz entzun daitekezan berbak dira. Tripakia be guztiz ezaguna, leku batzuetan tripakailuak, tripotxa, erraikia, hestekia edo sabelkia edo beste moduren batera esaten badeutse be.

Baina euskera osoan barrena errepertorio askoz ugariagoa jaso geinke -ki atzizkidun haragi gauzen artean. Zerrendatu daiguzan batzuk. Ardi eta ahuntz artean sartzen bagara, hor idoro geinkez aharikia, ahunzkia, ardikia, azurikia, bildoskia, zikirokia eta gehiago. Ganaduetan sartzen bagara, hor idoroko ditugu behikia, txahalkia, zekorkia, zekenkia eta beste. Txarrikortan edo txarritokian sartzen bagara, hor daukaguz txarrikiagaz batera urdekia, txarri haragia adierazoteko, eta haren parte estimaduak izan ohi diran saiheskia, solomokia, urdaikia, odolkia eta enparadu. “Odolkiak ordainetan” entzun ohi da Gipuzkoan berban berban, euskera sartaldean “odolosteak ordeaz” darabilgunaren parean. Azpikia esaten jako leku batzuetan (Bermeo), erderaz “falda” deritxonari.

Hegaztietara bagoaz, oilakia, eperkia eta txorikia jatorkuz berehala gogora. Nekezago entzungo dira zozokia, birigarrokia, egaberakia, galepekia edo pospolinkia, baina behin entzun ezkero, edonork ulertuko leuke eta estimau be sartaginean. Erbikia be ezaguna baizen estimadua da, untxikia be izan daiteken moduan. Ez hainbeste, ostera, katukia, erbia edo konejua dalakoan sakatzen ez bajaku platerean behintzat. Arrantza-herrietan amuzkia esaten deutse amuari, itsasoan arrainak harrapetako ipinten jakon jaki-pusketari.

Mogel idazle handiak hitz-joko ederrez itxi euskun untzeturik –ki honen esparru semantiko hau bere alegietariko baten: “Otsoak batu zituan ahariki, ardiki, erbiki ta eperki asko bere lezara, berak gogoaak emon ahala egun askotan jateko”.

Beste janari mota batzuekaz be zabal dabilen atzizkia dogu -ki zorionekoa. Eratorri batzuetan zentzunik generikoenaz darabilguz. Halan, arrainkia edozein arrain jakirentzat darabilgu, dan motatakoa dala. Baina atunkia, atun espeziekoen haragiarentzat, ostera.

Barazkia ohi deritxo eremu zabaletan, sartaldean “ortuari” eta ekialdean “egoskari, eltzekari” esaten jakonari. Baratzak emoten dauen edozein jateko. Kasu honetan, haragia barik, berdura gauzea. Esnekia be, esneaz eginiko edozein janarirentzat baliokoa da, gaztelaniaz “lácteo” ohi deritxan guztirako.

Metaletarako be erabili izan da apurren bat –ki atzizkia, zein metal mota dan adierazoteko. Burdinkia izan daiteke ezagunen antzekoa, baina ezagunak dira era berean suharrikia (cuarzo), tupikia (cobre), zidarkia/zilarkia edota urrekia. Aurreko horreei beste material-izen batzuk erantsi ezkero be, erraz ulertuko gendukez zer diran leiarkia eta beste.

Zur, egur, arbola eta landara munduan dauka atzizki honek beste harrobi txiki bat. Zura zer dan dakienak, badaki zurkia zer dan, eta bardin egurretik egurkia, abarretik abarkia, adarretik adakia edota ebaten dan egur zati bategaitik esaten dan epaikia. Arbola mota diferenteetara bagoaz, eta batez be zein zur edo material darabilgun ohe, mahai edo makila bat egiteko aitzen emon gura dogunean, eurrezean eta librero erabilten ditugu, harako ate ha gaztainakia dala, horrako ohea intxaurkia edo eltzaurkia, akulua hurreskiz edo hurrizkiz egina dala. Bide horretatik sortuak dira harizkia/hareskia, ezpelkia, sagarkia edota arkaziari esateko leku batzuetan entzuten dan arantzakia (Morga).

Tresna, tramankulu, eta batez be soineko arloetara be errazto hedatu ditu atzizki honek atzaparrak. Estalgi edo estalki dogu horreetariko bat, guztiz ezaguna. “Alaba umaginari ama estalgi” dino gure errefrau zahar batek (RS 111), eta bilduma berorretako beste batek beste era honetara dakar berba hori: “Lapiko ezin dana estalgi litzate, ze edozeinek dauko bere lekua bete.” (RS 69). Iragazkia/irazkia izen ezaguna da, esne edo isurkariak irazteko ontziari, iraztontziari esateko. Lokia be hitz ezaguna da, ontzi baten orakarria seinaletako. Mogelek aitatzen dituan lanabes-izen batzuk, gaur erabilera urria edo galdua dabenak: belaikia, lakazkia, itxoroskia edo ujaikia. Ezagunagoa jaku itsuskia, ginarrea edo erratza be esaten jakona, ze lanabes hori egiteko erabilten dan zura edo materiala dago horren atzean, erderaz “brezo” deritxona.

Ipingia deritxe leku batzuetan, praken edo soinekoetan eransten dan txaplateari, adabakia edo adabarria be izena jakonari. Beroa jagoteko soinekoetan be ugaria da atzizki hau: berokia, tapakia, buruzkia, estalkia, abrigukia edota janzkia orokorrean, izen ezagunak dira arlo horretan.

Eta atzizki honi akabera emoteko, gatozan azkenez gizakion eremura, hor be emonkorra dogu-eta atzizki hau. Handikia esan ohi jako goi-familia bateko kideari, “magnate” esatea lez; handien kastakoa adierazoten da –ki horregaz. Aberaskia dala esaten dogu, aberatsen artekoa dala esateko. Baina bide beretik, astakia badinotsagu norbaiti, astoen kastakoa dala-ta bera iraintzen gagoz. Aldi baten asko entzunak ziran giza-izenetan modu honetako eratorriak: abadekia, frailekia, maisukia tipoko izenak. Funtsean, estatus batera hondino ailegau barik dagozala adierazoteko. Halan esan ohi jake norbere seme-alaben lagunai suinkia edo errankia, koinatukia edo koinatakia. Nahiz horretarako –gai konposatu-hitza arauzkoagoa eta jasoagoa dan, -ki horregaz nahastau da herri-hizkeran, neutralizazino egoera bat sortuaz. Horretara bihurtu dira senargai eta andragai batzuk herritarren ezpanetan gizonki eta andraki.

Luze joko leuken arlo zabala dan ezkero –ki atzizki honena, bego gaurkoz bere honetan.

 

Iturriko

2016-12-09

Esatekoak 0
Ikusita: 1114
2016.12.02

EuriANTZ. Ume ANTZ …

Antz izen-hitz emonkorra gertatu da euskeran, erdi eta sartaldeko hizkeretan batez be, baina ekialderantz be zabaldu dituelarik bere hegoak.

Gaur ahaztuxe eta baztertutxe dau antz izen-hitzak “azterren, errastu, lorratz” esangurea, eta zabalena eta gehienontzat ezagunena, “itxurea”, gazt. “parecido” dalakoa dogu. Esangura honen arabera sortua da herri batzuetako ahuntz-erderan esaten dan “antzeko-parecido” adjektibo-hitza.

Konparazinoak egiteko darabilgu batzuetan, ezezka: “Antzik be ez! Antzik be ez da! Antzik be ez dauko! Antzik be ez daki zure beste”, gaztelaniaz “ni punto de comparación” esatea lez. Antza emon be sarri darabilgu, norgehiagoka eta lehiaketetan kasurako, konparagarri gisa: “Irabazi ez arren, antza emon deutsagu sikeran”, edo ezezka: “Antzik be ez deutso emon: hogeta bi eta bost geratu dira” (pelotaka).

Antza euki, norbaiten edo zeozeren tankera, taiua edo itxurea daukala esateko ezeze, sarri darabilgu mende-esaldi baten buru modura. Antza dago edo antza dauka, dirudi, esan lei (ze) aditzen balio hurrekoaz agiri ohi dira, erderazko “parece que” horren ordainez; batzuetan atzetik –la atzizkidun esaldia darraiola, eta beste batzuetan antza horri aurretik –n atzizkidun aditz erlatiboa dautsala: “Euria dakarren antza dauka” edo “Euria egiteko antza dauka”, edo bardin: “Denporeak hoberantz egingo dauen antza dauka”. Aditz osagarria lagun dauela: “Horrelako begi urtenakaz niri begiratuteko, antza dago sekula ez nauela aurrean ikusi”. Dinogun hau ez da alperreko kontua, ze aditz lokuzino lez antza euki/antza egon honek emendio handia, errendimentu oparoa eskeintzen dau mende-perpaus oinarrizkoak garatzeko. Horretara ez daukagu zertan beti emoten dau horretara joten ibili beharrik, gero eta sarriago jazoten dan moduan, “parece que, se conoce que” esangurako egiturak sortu gura ditugun bakotxean.

Perpaus adberbio gisa darabilgun antza jorratzea be ez da gure oraingo asmoa. Sartaldean ugariak dira: Bai, antza. Ez, antza. Badaki, antza. Ez doa, antza... ereduko esaldiak, zeinetan “dirudienez, itxurea, hurrean, aurki” marken sinonimo gisa oparo entzuna dan; ez hainbeste idatzian.

Berariaz jorratu gura dogun puntu bat, antz izena hitz konposatuen bigarren osagai gisa darabilgunekoa da. Egitura batzuetan lexikalizatuago, beste askotan era libreagoz.

Izen, adjektibo, adberbio eta beste kategoria batzuekaz erraz garatzen ditugu honetarikoak. Izenakaz: “Ume antza dauka. Azeri antza agiri dau. Txori antza dauka arpegian”. Adjektiboakaz: “Gorri antzekoa da. Txiki antza hartu deutsat. Gaizto antza dauka galanta! Triste antza igarri deutsat”. Eta adberbioakaz antz hori adizlagun bihurtzen dogu: antzean. “–Zelan gabilz ba? –Ondo antzean esan beharko. Makal antzean dabil aspaldion”.

Adjektibo eta adberbioakaz darabilgunean, graduatzaile modura jokatzen dau antz osagaiak, samar, asko, garbi, galant eta beste hitz batzuk legetxe. “Aspaldion lelo antza hartzen deutsat” bati, dinogunean, lelo osotzat ez bada, erdi lelotzat hartzen dogula esaten gagoz. Norbait guapo antzekoa dala badinot, guapo-guapoa barik, guapo samarra  edo guaporantz gehiago daukala dala esaten gagoz. Janari bategaitik esan geinke, gazi antza daukala edota gozo antza.

Gizakietara etorrita, begiak urten beharrean dituan pertsona bategaitik eraz esan geinke, zoro antza dauakala. Edo zahar-gazte edadetu bategaitik, gazte antza daukala, edo gazteegi zahartu dan bategaitik, itzelezko zahar antzak hartuta dagoala.

Koloreetara etorrita be, gorri antzekoa da edo gorri antza daukala dinogunean, gorriskea dala esaten gagoz. Eta bardin urre antza edo beste kolore baten antza.

Eta adberbioakaz be graduatzaile gisa darabilgu batzuetan: “Txarto be ez, ondo antzean”:

Eguraldi kontuan egonkortu da -antz bigarren osagai lez hainbat izenetan. “Gaur euriantza dago” Edo: “denporeak euri antza dauka” normal esaten ditugun esaldiak dira. Edurrantza, hotzantza, neguantza be ezagunak ditugu. Ilunantza be halantxe. “Egun guztian itsasoan ta ilunantzagaz portura”, “Erromerian ilunantzera batuten dira”; Eusebio Maria Azkuek idatzitako bertso-ahapaldiak dira. Eta bada beste bat, ostantza, aspaldi zaharretik jatorkuna: “Argi-izarrak urten dau / zeruan goian ostantzean” kantetan dau Mondragoeri su emon eutseneko eresi zaharrak. Ostrantza deritxo beste leku batzuetan, egunsentiari edo goizabarrari. Ostantza, ilunabarrari deritxe Gipuzkoako itsasaldean, Getarian esaterako.

Leku-espazio kontuan be agiri da antz hori konposaturik. Sutantza esaten deutsie Oinati aldean sutondoari: “Etorri bedi sutantzera!” esan eutsan behinola Azpilletako Ursulak fraileari. Baina suantz edo sutantz esaten diran moduan, ezaguna da etxeantz be, etxe ingurua edo etxe buelta adierazoteko. Eta beste horrenbeste urantz. “Urantzera etorri”, ura dagoan ingurura hurreratzea da.

Gizakien arloan be emonkorra dogu antz. Lexikalizaturik dagoana, beharbada, gizantza. Joxe Migel Barandiaranen berbak dira, Isturitzeko leizezuloan idorotako hazurrak dirala-ta: “Isturitzko hezur batek dauzkan giza-antzeko irudiak”.

Baina hortik gorakoan konposatu libre modura agiri da sarriago: “Berba egikeran abade antzak ditu”. “Begi ederrokaz aingeru antza dauka neskatila horrek”. “Gizon antzik be ez dauka”. “Begiak urtenda eta, zoro antza dauka itzela!”. “Txarri antzak hartuta dago aspaldion”: Arrese-Beitia poetaren ahapaldi honetan beste eredu bikain bat: “”Begira egiozu, / dauka artzain antza, / arpegiko azala / baltzerana dauka”.

Euskeraren Egunaren inguruan gagozala, poz antzean igaro daiguzan egunok.

 

Iturriko

2016-12-02

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1198
2016.11.24

BERE eta BERAREN

Gaurko euskeran bere, beraren eta haren edutezko-erakusleen artean diran mugak lausotu egin dira denporearen joanean, eta hiztun edo idazleok nongoak garan edo nondikoak, edota euskaldunzaharrak edo barri-ikasiak garan kontu eginda, lehenengora, bigarrenera edo hirugarrena joten dogu, eta sarritan argi jakin barik zer dala-ta zeinen aldera obentzen garan. Gaztelania-erromantzean hain ugaria eta askotakoa dan su posesiboagazko gurutzaketan dago gure nahasbidearen azpi-arrazoietariko bat.

Sartaldeko euskaldunon artean nahasbiderik handiena bere eta beraren erakusle bihurkarien artean gertatzen dana da. Idatziz marka banangoak eta bereiziak dirala jakin arren, gaur ahoz nekez bereizten ditugu, alkar-neutralizatutzat jo daitekez, eta laburturik oguzten ditugu berbaz. Era landuan beraren dana, berbaz, leku batzuetan beran, beste batzuetan beren, edo eta bere esaten da. Mugatzaileaz berana edo berena esaten danaren atzean berarena dago. Eta berea esaten danaren atzean, bere posesibo bihurkaria.

Gaurko hiztunon erabileran haren eta beraren ondo samar bereizten dira. Haren erakusle soila da, edute-genitiboan emona, eta berau fisikoki seinalatzen dan zerbait edo ezaguna dan zerbait gogorazoten danean ohi darabilgu. “Ikusten dozu harako gizon praka laburduna? Ba haren etxean sarritan bazkalduta nago”.

Beraren, bera izenordainaren edute-genitiboa dogu, eta bata eta bestea ingurune beretsuetan darabilguz. Izenordain honek “birraitamena” adierazoten dau; berba-ekarrian lehendik ezaguna dan edo lehenago aitatua dan norbait edo zerbait barriro gogorarazoten danean edo izentau nahi dogunean, bera horregaz adierazoten dogu nor edo zer hori.

Euskerearen sartaldean –eta erdialdean, orohar‑ bera izenordain edota determinatzaileak askoz bizitasun handiagoa dauka, ekialderantz eta iparralderantz baino. Ekialdean hura eta bera izenordainen arteko oreka, erakusle soilaren aldera obendu da. Sartaldean, ostera, ha horren eremua esanguraz mugatuagoa da –seinalatze edo gogoratze neutroa‑ eta bera birraitamenezkoarena hedatsuagoa. Bera izenordainak, neu lehenengo gradukoak legez, ez dau bakarrik “birgogoratu” edo “birraitatu” egiten; galdegai edo fokuaren indarra be beregantzen dau; ez beti, baina jeneralean intentsidade-indarra dauka bera horrek. “Berak ez dau ezer esan” entzuten dogunean, kontestuan ezaguna dan norbaitez ari gara. “Berari bota deutsie errua. Bera da erruduna” dinogunean, bera horretan ipinten dogu fokua; galdegai bihurtzen dogu, kontestuan ezagun izanez gainera.

Beraren genitiboa, bada, ez da besterik bera izenordaina noren kasu genitiboan emonda baino. “Berarena da errua”. “Beraren kontuak dira horreek; berak jakingo ditu ondoen”. “Berarentzat erosi dogu, ez zuretzat”. Baina beraren hori bere posesiboagaz lehian bizi izan da mendez mende, eta funtsean, bere erabili ezin dan eremuetarako, edo nekez erabili daitekeenetarako garatu da euskeran beraren; horrretan lekukotu da.

Batetik, aposizio funtzinoetarako. Beraren horrek inon izan badau erabilera ziurra, izen sintagma genitibo baten aposizioan izan da: haren beraren, gizonaren beraren ereduko egituretan. Halan erabili eroien lapurtar klasikoek. Axular dogu eredu bikaina: “Errege hunek, lege haur hunein zinez begiratzen zuen denboran, gerthatu zeikan errege hunen beraren semeari, legearen haustera”. Edo Frai Bartolome: “Egia da, munduaren beraren asierati euki ditue ausilariak Jaungoikoaren aginduak, ta daukez gaur bere, ta eukiko ditue munduaren azkeneragino”.

Bestetik, izenordain gisa, nahiz eta hemen, genitiboan erabilirik, beraren eta bere harea mugikorretan nahasirik ibili sarri. Izenordain eredu argia J. Mateo Zabalaren hau: “esan zuk ari eginiko mesedeak, beraren zuganako esker deungea”.

Eta hirugarrenik, izen bati laguntzen doanean, batzuetan “mismo” esanguraz, beste batzuetan “propio” esanguraz. J.Mateo Zabalaren adibide bik on egingo deusku dinoguna: “Jangoikoak berak mundu onetarako bere dirauskula eze, alango juralariaren etxeari etorriko jakala jausi ta galdu bearra eta Jaun beraren birao gogorrak auts egingo dituzala etxe orren arri ta zurginokoak”.

Bere, ostera, beste etorki batekoa dogu. Eta aurrekoagandik kategoria berezia: izenlagun posesiboa dogu, eta “bihurkaria”; neure, zeure eta geure diran legetxe. Euron erabilgunerik zaharrena, euskeran –edonongo euskeran‑ aditzagazko akordioa beteten dauenekoa da. Nork ez dau ezaguna harako herri-, dantza-kopla hau: “Artolak dauko, Artolak dauko, Artolak dauko ustia, / beria dabela, beria dabela / mundu guztiko jentia”. Kopla horretan dogun egitura hau da: “Artolak berea dau mundu guztiko jentea”. Eta aditzagazko akordiorik ez balego, berarena tokatuko litzateke lege garbian: “Artolarena berarena da mundu guztiko jentea”.

Betiko hiztunek, adin batetik gorakoek endemas, toketan dan ingurune batzuetan bere eta berea ondo erabilten dakiez. “Alaba-bakarrak surtako hautsa be berea” errefrau-esaerea entzunda daukat behin baino sarriago Mungia aldean. Aditzaz horniduko bagendu: ...“surtako hautsa be berea dau” esango genduke, dudarik be barik.

Bigarren pertsoneaz eregiko bagendu be bardin. Itauna honetara egingo genduke: “Zeurea dozu hor bigarren ilaran dagoan autoori?”. Eta lehenengo pertsonan be antzera: “Ez daukagu geure seme-alabarik, baina inorenak jagoteko be ez gagoz”.

Jabier Kalzakortak, Markinan esaten dala-ta, esaera ezagun baten aldaera osotuagoa gogorarazo deust: “Hor konpon, Maria Anton. Txakurrak buztana berea jon”. “Berea dau” letxe, baina andrentzako hitanoz adierazota: jon.

Baina neurea, geurea edo zeurea, aditzagaz akordiorik ez dagoanean be aise erabilten ditugu, batez be sartaldean: neurea da..., geureak irabazi dau... zeure esana egingo da. Eta zein da kasu horri hirugarren pertsonan jagokon izenordaina? Berea ala berarena? Hor dago untzea.

Bere eta beraren kontuan urak aspaldi nahasturik eta arreturik datoz uharkan behera, eta guztiz ez bada erdi bardindurik darabilguz euskaldunik askok, aditzagazko akordiorik dagoanentz be ez dakigula, jaramonik be hartzen ez deutsagula, eta hain gitxi ardura be deuskula.

Baina idatzirako beharko dogu, nonbaiten be, arauren bat, bere eta beraren arteko bizikidetza bermatuko dauena! Horretara gatoz.

Bere zaharra eta orokorra dogu euskera osoan; alderik alde. Baina beronen erabilera ez da leku guztietan bardin emoten.

Bere euskera zaharrean bakuna zein aniztuna izan zeitekean, numeroz neutroa: berea izatea, batena izatea edota gehiagorena izan zeitekean. Denporan aurrerago, pluralerako eurena (edo erena) garatu zan sartaldean eta berena erdialdean; oraintsuan modaratu dan beraien dalakoaren enborreko forma. Iparraldean luzaroagoan eta hobeto gorde da bere balio pluralduna, hegoaldeko hizkeretan baino.

Axularren ondoko pasarte horretako bere biak be pluralari jagokoz. Baina esamolde finkoetan txertaturik dagoz: bere buruz eta bere baitan. “Zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo: berak dira bere baithan asko klar eta ozen” (Axular).

Baina haren hondarrak hemen be badira. Esaera finko batzuetan balio zahar horrek dirau hondino, singular zein plurala biak hartzen dituan bere horrek. “Bere lekuan itxi oinetakoak” esaten dogu errazago, “euren lekuan” baino. “Berez ez dira egiten beharrak, putz eginda” esaten dogun moduan, nekez darabilgu eurenez ingurune horretan. “Bere horretan itxi egizuz arazook, aurrerago konponduko dira eta” dinogunaren lekuan, nekez darabilgu “euren horretan”. “Bere kabuz hartu dabe erabagiori” esatea zilegi da, “euren kabuz” hainbat behintzat. “Beretik urtenda” bi edo gehiagori buruz be predikau geinke, “eurenetik urtenda” nekezago entzuten dan bitartean. “Berebiziko poza hartu dabe” esango genduke, eta ez euren biziko. Berba baten, bere posesiboa zenbatekoari buruz, bat-anitz izate puntuan, neutroa izan zan aldiko errastuak gaur be bizi-bizi ditugu, esamodu finko eginetan behintzat.

Baina sartalde euskerako idatzi zaharretan behin edo behin baino ez da agiri bere aniztasun kontestuan. Kapanagaren hau, bat: “Esaten dau Sazerdoteak pobluagana biortuta, ulerretan emaiteko, erraz joan deitezala bere bearrera” (Dotr.). Ez da kasualidade hutsa, euren edutezko plurala gure testu zaharrenetarik agiri izatea, numero banaketa argia eginik: euren pluralerako garatu ahala, bere singularrerako mugaturik geratu zan.

Bere, perpausan agiri dan nor edo zer dalakoa barriz aitatzean erabili izan da tradizinoz, aditzagaz akordioa jagoten daben nor, nork edo nori kasuko izen baten birraitamena dagoanean; erabilera bihurkaria, bestela esanda. Baina sartaldeko hizkeretan –eta sartaldeko ez diranetan be‑ bihurkaritasuna gordeten ez daben inguruneetan be bardin agiri da, testurik zaharrenetarik.

Bere eta beraren gaur egun orekan mantentzeko modu egokia izan daiteke, bere hori aditzagazko akordioa dagoan esaldietarako ixtea, eta holakorik ez dagoanean beraren genitibo erregulardunari leku emotea, eta hurbiltasuna jagon beharreko kasuetan, beronen eta berorren hurbilei.

Hari luzea darion matazea bilbatzen dauen ezkero gai honek, hurrengo jardun baterako itxiko dogu gainerakoa.

 

Iturriko

2016-11-23

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1233
2016.11.17

BiziMODU, bazkari MODUKO bat, gaixo MODU

Modu hitz ugaria eta askotarakoa da euskeraz, berorren erdal jatorria gorabehera. Pirinio peko lurraldean askoz gehiago, Iparraldean baino. Eta Hegoalde horretan be, sartaldeko hizkeretan ugaritu da gehien, batez be hizkera bizian, hiztunen erabileran.

Aspalditik datozan erabilerak dira: Zer moduz? Inolako moduz. Ze modutan eta horretarikoak. Aspaldikoak dira, baita, postposizino erara darabilguneko egiturak be: Lehengo moduan, modura edo modukoa. Lagun moduan, modura edo modukoa. Eta bardin: Gure moduan, modura eta modukoa. Aditzagaz be aspalditik darabilgu: Dakizun moduan. Esateko moduan eta eredu horretako hamaikatxu.

Izen bakun modura be txito erabilia izan da. Sarritan, era edo tankera zentzuaz, gaztelaniazko “manera” lez: Horreek ez dira moduak, jenteari berba egiteko. Bai beste esangura batzukaz be. Ahalbidea, ahal izatea adierazoteko: Ahal baneu baina… nik ez daukat modurik, inori ezertan laguntzeko. Ondasunak, bitartekoak edo baliabideak adierazoteko be eurrezean erabilten da. Azkuek jasoriko harako esaldia dogu lekuko parebakoa: “Modua daukanak jan daiala oiloa; modurik ez daukanak, artoa”.

Baina gaurko gure berbakizuna, hitz konposatuetan dauen erabilereaz da. Goiko izenburuan agiri diran eta beste hitz alkartu askotan agiri danekoa.

Egunero entzuten dogu berbaz modu izena, beste izen askoren atzean eta haregaz bat eginda, hiztunak era librean halantxe ipinita. Nork ez ditu esan edo entzun honetarikoak: Hau da bizimoduaren tristea, guk daukaguna! Ze jentemodu da aspaldion ingurura biziten etorri jakuna? Bizimodu eta jentemodu, holantxe batera idazten ditugu, hiztunontzat be hitz alkartu egin-eginak dirala, guztiz lexikalizatuak.

Baina izen-berbarik gehienei era librean eransten deutsegu batzuetan modu hori atzean. Ez da bardin esatea: Andrea hartu dau edo Andra modua hartu dauena! Edo andra bati entzutea: Gizon modua da hori ba? Gizonaren taiurik be ez dauka eta?. Edo: Pertsona modua da hori ba? Piztia dala esan lei, pertsonea baino gehiago.

Goiko erabilerotan eta berbaz sortzen ditugun beste askotan, izen-berba bati modu erantsi ezkero, halako sunda negatiboa, gitxiesgarria emoten deutsagu. “Hau da okela modua! Ez dago hau jango dauenik amaren semerik!”. Haragiaren kalidadeari mesede gitxi eta kalterik asko egiten deutso modu horrek. Eguraldi txarra dakarrenean be, batek baino gehiagok daki esaten: “Denpora modua ipini dauena! Honegaz nora urten nei ba?”.

Badira izen batzuk, euren esangurearen eztasuna edo gitxitasuna adierazoteko, modu hitzagaz alkartzen ditugunak. Ezezkako perpausetan, jakina. “Asti modurik euki ez arren, ezin ezetzik esan; derrior bete behar eskatutakoa”. Esan gura da: astirik apenas euki arren. “Gerraosteko urteetan liburu modurik ez egoan euskeraz irakurri ahal izateko”. Ia ez egoala euskerazko libururik adierazo gura da. “Orduko sasoian diru modurik be ez geunkan, baina gazteak ginan eta osasuna ona!”. Diru modurik edo diru apurrik, bat dira esaldi horretan.

Baina denporan atzerago jota, izen bat modu hitzagaz alkartzeak adierazo gura ebana zerbait neutroa zan: mota, tipo, era, genero edo klasea adierazotea beste barik. Pedro Astarloa durangoarra dogu hitz honegaz egitura alkartuetan gehien antzean baliatzen danetarikoa. Hara beronen erabilera batzuk:

“Batuten dituz al daizan martitzak, eta irakatsirik onei, ze gerra modu egin bear jaken frantzesai, abietan da eurai ekiten, antxina gure gurasoak erromatarrai legez.”

“Ezagututeko zer dan emen galazoten jakuna, jakin bear dogu bear modu bi dagozala”.

“Ezin esan leikez birao modu guztiak, eta alan bakarrik azaldu edo esplikaduko dodaz ezaunenak, jakin daizuben nos dirian pekatu mortal, eta nos benial.”

Mogelen Peru Abarka-ko Maixu Juanek itauntzen deutsanean Peruri: “Ze eguraldi modu dago?”, ea zelango denporea dagoan itaundu gura dau beste barik, eguraldi txarraren susmo barik. Eta idazle beronek, Peruren ahoz, Maixu Juan adiskideari erakutsi nahi deutso euskaldun modu diferenteak dagozala: “Ona emen iru euskaldun modu, prantzesa, kiputza ta bizkaitarra, alkar ederto aituten dabeenak”.

Moduko izenlagunaz be egiten dogu batzuetan izenagazko alkarketa. Izenak adierazoten dauenaren antzeko, itxurako zerbait dala aitzen emoteko darabilgu moduko hau. Gosari moduko bat bada, ez da benetako gosaria, haren ordezko eta gitxiago dan zerbait baino. Betso moduko bat egiten dauenak, beharbada ez daki bertsotan, baina antza emoten ahalegintzen da. Ipuin moduko bat kontauko dauela dinoanak aitzen emon gura dauena da, ipuin izatera be ez dala heltzen.

Mogel idazleak, Noeren denporetako ujolte nagusiaren istorioa kontatzen deuskunean, gizaki gitxi batzuk eta abere modu batzuk salbatu izan zirala, honetara edesten deusku: “zortzi gizon ta andra, lau aetati, eta beste lau oneetatik gorde zituala kutxa ontzi moduko baten, nun bere gorde zirian animalia batzuk, gero barriro geitu zitezan”. Ontzi moduko horregaz aitzen emoten jaku, ez zala benetako ontzia; antza emoten eutsan zerbait baino.

Modu, adberbio kategorien sortzaile be izan daiteke, adjektibo baten ondoren, Bizkaiko inguru batzuetan behinik behin. Gaixo modu, gaixo antzean edo erdi gaixorik esateko, edo geldi modu, geldi antzean, erdi geldirik esateko. “Orduan egunean gaixo modu ibili zan umea”, entzun neutsan oraintsu ama gazte bati. Aspaldiko kontalari batek, bere gazte denporako ibilteak dirala-ta, honetara kontau eban behin: “Lau gizon ginan han geldi modu, eta Urkiolara joan ginan ida-ebaten”.

Modu hitza, erdal usainagaitik baztertu izan dabe XX. mendeko idazle askok. Usain txarra hartu, nonbait, berba honi. Sistematikoki baztertua izan da ontzat eta handitzat dagozan idazle batzuen aldetik. Baina ordua da urok uherkara bihurtu daitezan. Jatorria nondikgurakoa izanda be, zergaitik modu hitzari bere lekua bihurtu idatziz eta eredu jasoan, baldin euskal hiztunek guren daben berbea bada?

Hala biz.

 

Iturriko

2016-11-17

Esatekoak 0
Ikusita: 964