kontaktua
2015.10.08

Bizkaiko euskal idazleak: “Don Grabiel” Manterola (Zeanuri 1890-1977)

Jose Miguel Barandiaran eta Gabirel Manterola. Sara Etxea, Ataun, 1974.

Izenez Gabriel; euskalzaleen artean euskerazkoa, Gabirel; eta herriko jendearentzat Don Grabiel izan zana Zeanurin jaio zan 1890ean, eta 1977an hil.

Aita barik hazi zan, eta Zeanurin lehenengo eskola urteak egin ostean, Galdakaora joan zan osabeagaz biziten. Han egoala hasi zan latin ikasten. Gasteizko Seminariora joan zan gero, Filosofia eta Teologia ikasten (1905-1913), baina abade egiteko gazteegia zanez, urtebete itxaron behar izan eban eta 1914an abadetu zan.

Seminarioko sasoian beste euskalzale ezagun batzuk euki ebazan ikaskide, Jose Miguel Barandiaran eta Manuel Lekuona esaterako.

Abade egin barri Eibarrera bialdu eben, abade laguntzaile eta monja kapelau. Han egon zan 1936ra arte, gerra hasi arte.

Eibarren egoala euskalgintzan asko lagundu eutsien ezaupide barriak egin ebazan, Urroz historiagilea, Ibargutxi eta Polikarpo Larrañaga beste batzuen artean.

Gazte-gazterik irakurle sutsua izan zan Gabirel, kanpoko aldizkari eta literatura asko leiduten eban. Gaztetan literatura katalana asko irakurri eban (Verdaguer eta Torras i Bages), aldizkari frantses, italianoak eta beste batzuk.

Gehien baten Eleizeari buruzko gaiak erabili ebazan, baina barri zabala eukan Europako ganerako herrietako Eleizearen gorabeherak zirala-ta. Astero kronika bat egiten eban halango gaiekaz, kazetaritza saio antzera, prentsa bilduma modura, beste herrietako barri emonaz.

Ibargutxik «Jaungoiko Zale» taldean sartu eban. Talde hori euskaldun abadeen taldea zan, euskaldunei Eleizako gauzak euskeraz erakusteko sortua. Talde horrek berorrek izen bereko aldizkari bat atara eban eta hor asko idatzi eban Manterolak. Zenbaki bakotxean bi-hiru artikulu argitaratuten ebazan, hainbat izenorde erabilita: “Mitarga”, “Urigoitia”, “Gabirel”, “G.”..., eta izen barik be asko.

Errepublika garaian hileroko Jaungoiko Zale asteroko Ekin bihurtu zan, eta hor be lehen beste kolaborazino egin eban. Baita beste aldizkari batzutan be: Euzkadi, Zeruko Argia, Yakintza, Argia, Karmel, Olerti, Redención, Agur.

Euskal munduko persona handiekaz hartuemona eukan. 1921ean esaterako, Durangon “Euskal Egunak” egin ebezan, gaurko aste kulturalaren antzekoak, dana euskeraz. Eta hor emon eban hitzaldia Manterolak, Barandiaran, Ormaetxea «Orixe», Eguzkitza eta beste batzukaz batera. Aitzolegaz be euki eban hartuemona.

Idazle ugaria izan da, asko eta era askotako gauzak idatzi dauz: artikuluak, itzulpenak, antzerkia, poesia. Asko argitaratu barik dagoz. Hona bere idazlan batzuk:

Santuen bizitza laburrak (1925), Ipuintxoak (1929) Schmid-en ipuinak euskeratuta; Goi-izpiak (1921) olerki sorta; Jesukristoren Nekaldia itzulpena; Gabonetako antzerki jaunkoia itzulpena. Azkenengo biok Bilboko Coliseo Albian antzeztu ziran.

Gabirel Manterolaren bizitzan, garai haretako beste euskalzale guztienean moduan, gerra etena izan zan. 1936an Inglaterrara joan zan hemengo ume talde bat jagoteko ardureagaz. Han egon zan 1948ra arte, gorriak pasetan eta miserian biziten. Itzulpen asko egin ebazan sasoi horretan, eta gauza asko leiduteko aukera euki eban, Euskal Herrian egoan zensuraren aldean. Hil arteko urteak Zeanurin emon ebazan.

Esatekoak 0
Ikusita: 921
2015.10.01

Kontu-kontetan ala buru-nekatzen?

Zertan zabilz? Zertan diharduzu? Zertan daragoiozu? Zer egiten zagoz? Halako itaunen aurrean, erantzuna emon orduan, darabilgun jarduereagaz erantzun behar jako. Lehenagoko lanbide edo jarduera bat bada, egurrak txikitzea esaterako, modu bitara erantzun geinke gitxienez. Era laburrean, hitz alkarketa bidez: Egur-txikitzen edo egur-txikietan, erregistroen arabera. Edo era osoan, gramatika-marka guztiak agirian dirala: Egurrak txikitzen. Alkarketa bidezko laburbide hori dogu gogoetagai oraingoan.

Egitura horren bidez izendatu izan ditue gure baserritarrek euren betiko hainbat langintza eta zeregin. Gizonezkoa joango zan landara bedar-ebaten edo andra-gizonak solora indaba-batzen edo patata-batzen, edo andrea joango zan asteroko plazara bendeja-saltzen. Izan be, nekazari gizartean jarduera jakinak izan dira ereitea (patata-, gari- zein baba-ereiten), lurrak emondako jeneroa batzea (gaztaina-, intxaur-, piper-batzen), ebatea (bedar siku batzen), jorratzea (artajorran), saltzea (bendeja-saltzen). Ez ahal ditugu gogoan behinolako arta-zuritzeak, arto-garantzeak eta neska-mutilek lantzean etxe baten iluntzetan egiten ebezanak, orduko gau-bigiretan gure fraile sermoilariei hainbeste buruhauste emoten eutsenak?

Nekazari gizartean egun, erritu edo ohitura seinaladuak izan dira egitura horregaz adierazo diranak. Halangoa zan neguan txarri-hiltea egiten zan eguna. Umeak be ez ziran eskolara joaten egun horretan. Uzta sasoian egun seinaladua zan gari-jotea egiten zan eguna, Mogelen berbaz era zaharrera esanda, galjaiteak.

Egun seinaladuak izan dira bizitzako erritu batzuetakoak. Halangoa izan da, lehenago, neska-mutilak ezkontzeko asmoak hartuta egozanean, euretariko bata bestearen etxera aurkeztu edo joaten zanekoa, etxe-ikustea edo arpegi-ikustea egiten zana. Andra sein egin barrien kontura, egun seinaladua izan da andra-ikustea be: auzoko edo hurreko andrak, emakume sein egin barriari, seingintzatik hamabost egun barruan egin ohi eutsen ikustaldia, opari eta guzti. Emazte erdituen gorabehereaz jarraiturik, eleiz-sartzea edo eleiz-sartzatea deritxona be aitatu behar, gaur usadioz kanpo egonagaitik. Seingintza ostean andrea, sein eta guzti sarritan, eleizara lehenengoz joaten zaneko garbitze-erritua. Bizitzaren zikloari jarraiturik, heriotzeagaz edo, zehatzago esanda, gorpu-emote eta hileta erritugaz loturik dago ogi-hastea esaten jakon ohiturea. Aulesti aldean holan deritxo, hileta osteko lehenengo domekan egiten dan olata-meza osteko otordutxoari.

Herri-jokoetan be ezagunak dira txinga-eroatea, harri-jasotzea edo bizkai erara harri-altzetea, beste askoren artean.

Sarritan jazoten ziran zoritxarreko etxe-aldatzeak be, ugazabari errentea ordaindu ez jakolako edo ugazabak etxe hari beste usu bat emon gura eutsalako. Etxeko tresneria, ohe eta inguru guztiak gurdian ipini eta beste lekuren batera etxe bila joan beharra. Gaur egun be, bankuen mailegu ziriz beteei erantzun ezinda, hamaikatxu familiari gertatu jako etxe-egozte mingarria.

Lantzean behin gizon-hilteak be gertatzen ziran, gaur hedabideetan sarriegi irakurri edo entzuten diran andra-hilteen modukoak; giza-hilteak litzateke genero bientzako esan leitekena.

Jarduera batzuk lehen zein gaurkoak dira: lehen neska-laguntzen egiten bazan erromeria ostean, gaur be antzera, neska- zein mutil-laguntzen, neskatilea ausartagoa izan ezkero. Gure artean egunerokoa da soineko-aldatzea, edota gizonezkoetan eguneroko ardurea da bizar-kentzea, edota komunera goazenean praka-eranzten eta praka-janzten ibili beharra.

Saltzaileak be askotariko jeneroenak izan ohi dira. Batzuk pentzu-saltzen ohi dabiltza, beste batzuk ardao-saltzen, arrain-saltzen edo ogi-saltzen. Lehengo zein gaurko jarduerak dira ur-ekarteak, bide-barritzeak eta holakoak.

Badira aditz batzuk beste batzuk baino sarriago agiri diranak holako konposatuetan. Emon aditzaz eregiak ez dira urrienak: barri-emotea, berba- edo hitz-emotea, kontu-emotea, esker-emotea, laztan-emotea eta soka horretakoak.

Eta amaitzeko, gure itauna. Hitz-alkarketa tipo hau ez ete da lanbide, zeregin edo jarduera barri eta modernoetarako be erabilgarri, artean erabili bako hitz-bikoteen bidez jarduera barrutiko kontzeptu barriak edo modernoak adierazoteko? Terminologia barria sortu orduan, ezin ahal dogu zahar-barritze prozesu bat abian ipini eredu honezaz baliaturik? Beti -pen, -keta, -kuntza, -gintza eta beste eratorkuntza konplexuetara joten ibili barik, ez ete da hainbat kasutan garbiagoa, zuzenagoa eta errazagoa bide-konpontze erakoak erabiltea, derriorrean konponketa bila joaten ibili barik?

Galtze oinarritzat hartuta, ez ahal dira bideragarri kontrol-galtzea, erritmo-galtzea edo diru-galtzea? Edo irabazte abiapuntutzat hartua, merkatu-irabaztea, kuota-irabaztea edo gudu-irabaztea? Edota plan izenetik abiatuta, plan-prestatzea edo plan-bideratzea?

Guk halan deritxagu behintzat, irakurlea.

 

Iturriko

2015-09-18

 

Esatekoak 0
Ikusita: 928
2015.09.24

Jan ahala. Emon ahala

Oraindino oraintsu irakurri neutsan ikasle bati honako esaldi hau: “Txikitan euskaraz mintzo baginen ere, urteak aurrera zihoazen heinean, gaztelerak menderatu gintuen”. Esango neuke, euskera landuan egin dala ezagunago eguneroko berbetan baino, idatziz ahoz baino gehiago, esate-modu hori.

Berehala etorri jatan burura: urteak aurrera joan ahala idatzi baleu, laburrean borobilago esango eukean, hiztun euskaldunen erregistrotik hurrago, edozein euskaldunek euskerea darion-darionean burutik ahora ekarri baleu lez.

Horregaz batera etorri jatan akordura, Ondarroako berbaikunea bizitzeko eta balioztatzeko bertako erakunde eta alkarteek atondu daben plan bat, honako sloganagaz bateatu dabena: Ahuakemonala. Igaro dan bagilean aurkeztu zan lehiaketa antzerako plan hau uri horretan. Ahuakemonala: holan dana batera irakurrita, edonork pentsau lei, beste inon ezaguna ez dan berba bitxiren bat dogula hor, baina idatziko arauetara ekarri ezkero, edonork hartuko leuskio antza: ahoak emon ahala. Ahoz darabilgun berbeta freskoa bere jarioan, bere berezitasun eta guzti batzea hartu dabe asmotan ondarroatarrek horren bidez. Arrakasta ona jadetsiko ahal dabe! Opa deutsegu behintzat. Baina ahozko berbetako bitxi ederrok, batu eta ostean idatzizko ubidera ekarteko ahaleginik egiten ez bada, ereindako guzti horren uztea labur geratuko da, jasoaren erdirik be ez da literaturaren baratzara irauliko.

Aditz partizipio bati, esanguraz dinamikoa dan bati, jan, esan, egin, eroan, emon… legezko bati ahala atzean ipini ezkero, postposizino bat balitz lez, iraupenezko prozesu bat eregiten dogu, beste ekintza edo prozesu baten paralelo doana. Halan: Aitak dirua emon ahala gastetan eban semeak esaldian, dirua emotea eta dirua gastetea bata bestearen parean doazen gertaerak, prozesuak, dirala adierazoten gagoz. Gaztelaniaz “según, a medida que, conforme” preposizino edo aurre egiturekin adierazoten danaren kidekoa.

Egia da, hori esateko euskeraz beste baliokide batzuk be badirala. Ibili ahala egituraren ordainak izan leitekez: dabilen neurrian, dabilen ereduan edota goian ipini dogun heinean. Baina (sartu, urten, emon…) ahala egiturak badau alde on bat: laburrean eta adierazkortasun apartekoz prozesuak markatzea.

Gaztelaniaren “según” (+ aditza) egituraren pareko bat be ezaguna eta erabilia da euskeran, lehen eta gaur: Zelan hazten zoazan, gehiago ikasten saiatu behar da. Edo zelan… halan egitura banatzaileaz: Zelan sartu, halan urten; zelan etorri, halan joan; zelan emon, halan hartu. J. Mateo Zabala idazlearen esaldi bategaz on egin daikegu zelan… halan… egitura hori, sarritxotan guztiz baliagarria gertatzen dana ekintza progresibo biren arteko denpora erlazinoa espresatzeko, gaur desmodara egon arren eta garbizale batzuk susmagarritzat jota baztertu gura izan arren: “Eta zelan urteetan aurrera doazan, halan dotrinea bere hobato jakin behar dabe”.

Kopuru handiagaz lotuta ohi dago ahala hori ingurune askotan. Jatordu baten jatekoa edo edatekoa franku egon bada, jan-ahala eta edan-ahala egon dala esaten da; hau da, zenbat gura. Pedro Astarloaren berbaz: “Askok eta askok, jan ahala jan arren, ase-ase egiten ez badira, edo gehiago jan ahal leiela geratuten badira, uste dabe baru egiten dabeela” (UD2). Eta J.Mateo Zabalaren berbaz: “Askok eta askok uste dabe eze, edan ahala edarren, burua nahastauta euren buruen jaube ez direala parau arren, ez dala katua hartutea”.

Ahala atze-hitzagaz batera ahalean be zabal dabil, zertan erako galdetzaileen ordainez: Pedalei emon ahalean joan da aurbeheran tximistea lez.

Idatzizko tradizinoan horren ugaria ez bada be, berbaz normal-normala da eta toketan danerako eralten bada, laburbide erosoa eta onura handikoa estiloaren aldetik idatziz zein ahoz. Erabili ahala ikasten da artez erabilten.

 

Iturriko

2015-09-15

Esatekoak 0
Ikusita: 635
2015.09.14

Bildurkilik eta Hotzakilik

Bizkai sartaldean, Arratia aldean berariaz, sarri entzuten da bildurkilik berbea, bildurkilik egon, beste paraje batzuetan bildurretan, bildurtuta, bildurrez beterik edo bildurrez ikara… esaten danerako, Bildurrak hilik esamoduaren era josia. Inguru zabalagoan entzuten dira, ostera, egitura berekoak diran hotzakilik edo gosekila.

Hor atzean dogun gramatika-egitura zaharra da euskeran, euskerearen zahartasun ezaugarritzat be behin edo behin aitatzen dana: bildurrak hilik, hotzak hilik, goseak hila. Euskeraz ergatibo-sintagma batez adierazoten doguna, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan kausa zentzuzko adizlagun batez adierazoten da, de (edo por) preposizinoaren bidez: “muerto de (frío/miedo/hambre).

Hartu aditzaz eregiak dira egitura horregazko ugarienetarikoak, loak hartu guztien buru dala. Urlia loak hartu dau egitura zaharra dogu, urliak lo hartu dau arruntaren ondoan. Edozelan be, zuzenagoa gramatikaren aldetik, urlia loakartu da baino, sarritan entzuten dana berau. Hobesten dana dau laguntzaileagazkoa, da laguntzaileagazkoa barik. Izan be, gaurko hiztun askok, berariaz gazteek, aditz laguntzailez aldatzeko joera hartu dabe, eta esaten dabe: umea lokartu da, loak hartu dau esan beharrekoa.

Hartu aditz horregaz berorregaz sortuak dira beste hainbat. Giza gorputzaren egoera edo aldiakaz edota giza gogaldiakaz lotuak dira: larriak hartu dau (larritu da), ikareak hartu, nerbioak hartuta egon (senetik urtenda) edo dardareak hartu. Mogelen idatzietarik jasoak dira honakoak: “ikara gogor batek artuten nau”, “artu eban biotzeko ikara andi batek” (JAMog CO 97), “Ez zaituala ikara barri batek artuko […]?”, “direanak artu zituala gorputz guztiko dardara edo ikara andi batek”.

Ildo berean erabilten dira, amorruak hartu, arrabioak hartu edo erneguak hartu, gurariak edo gurari bizi batek hartu, minak edo min bortitz batek hartu, heriotzeak hartu, gatxak edo gatx txar batek hartu eta beste gehiago. Baina gizakiaren egoeraz ostean, izadiaz edo natura inguruaz lotuak be ezagunak dira. Halan, gauak hartu, Mogelek honetara darabilena: “artuten badau gabak baso bakar baten” (Konf. 31).

Erre aditzagaz darabilgun ezagunetariko bat, umea logureak erreta egon, esaterako. Baina ezagunak dira beste batzuk be: egarriak erre, Mogelek honan idazten dauena: “ta uraren ondoan, ni egarriak erreten?” (Ipuinak ).

Jo aditza sarri entzuten dogu jota egon esamodu barruan. Kanpo-eragileren baten joten zaituan, hainbat hitz-kate sortzen dira egitura honetakoak: gatxak edo gaisoak jo, atsekabeak jo eta beste: “Zelango atsakabeak joko ez eban bere biotz gaiztoa!” dirausku Mogelek.

Euki aditzaz be sortzen dira batzu-batzuk: bildurrak euki, adibidez: “Bildurrak dauka gaixoa edan baga” (Mogel).

Igaro aditzak ‘zeharkatu’ (atravesar) esangurea daukanean, ardaoak, hotzak, goseak... erako kateak erraz sortzen dira. Ardaoa mintzagai dala, “ez nau oraingino inok ikusi ardaoak igarota” darabil Mogelek bizkaieraz, eta “ez nion igarri edateko unean, anbeste igaroko ninduela ardoak”, gipuzkeraz.

Gizakiaren sufrigarri izaten da hotza, beste fenomeno batzuen antzera, naturatik edo gizakion barrenetik sortuak dirala: “Otzak igaro bear nau” edo “Otzak dar-dar narabil”, Mogelen hitzetan.

Euskal hizkuntzaren tradizinoan egitura hau guztiz emonkorra subertau da, gaur atzeraka doala dirudian arren. Eta hiztunok edo idazleok, euskal hizkuntzak emoten deuskuzan ahalbideei etekin eta onura barriak ateraten ikasi behar dogu, eta halan sortu daikeguz sustrai zaharretatik landara barriak, lehenago sortu izan diran antzera: goseak amaitu behar eban, lo batek iraun deust gau osoan edo iges dau loak nire begietatik.

XVI. mendean idatzitako errefrau zaharrak be horrelantxe gogorarazo euskun: Odolak su baga diraki. Odola da dirakiana edo irakiten dauena gure barruan, ez geu.

 

Iturriko

2015-09-14

Esatekoak 0
Ikusita: 777
2015.07.29

Hiztegia 19: Sukaldariak eta gatzemaileak

Gastronomia eta sukaldaritza hain modara dabilen egunotan, uraren gaineko bitsean esango genduke, Donostiako Basque Culinary Center Ikasgoa aitzindari dala, eta Euskal Herria gastronomi turismoaren erdigune ipinteko ahaleginetan gabiltzan aldi honetan, zilegi bekit esparru horretako euskal berba batzuei dantzan eragitea.

Gaur egungo jateko-maneatze guzti horretan sukaldariak dira protagonista, herri-berbetan kozineru berbeaz ezagunagoak, edo orain dala aspaldi Mendiburu oiartzuarrak txito egoki barazkalginak eritxenak. Sukaldari berbea bera be lehenengoz idazle horrexen idatzietan irakurri geinke. Ez da dudarik, berba eratorri horren oinarrian sukalde hitza dagoala, jatekoa atondu ohi dan etxeko gune nagusia, bizkai euskeran ezkaratza edo suetea esaten doguna, edo sutondoa esangura estuagoan, edo ekialdean supazterra.

Halan bada, sukalde berbatik eratorria dogu sukaldari, jatekoa gertau, prestau edo atontzeko ardurea dauen pertsonea izentetako, horretara kozineru erderatikoari bidea zarraturik. Hurrengo pausua sukaldaritza eregitea izan da, lanbidea izen abstraktu batez adierazoteko, gaztelaniaz “cocina” edo “gastronomía” darabilguzanen lekurako. Gerraosteko berbea da, edozelan be, zorioneko sukaldaritza, baina harrezkero ospe handia irabazi dauena.

Bada, horraitino, aspalditik datoren beste izen jatorrik be, guztiz aintzat hartzekoa dana. Mogel markinarrak Peru Abarka-n gatzamailea esaten deutso sukaldariari. Lehenagoko ola zaharretan burdinea egiten eben olagizon sufriduen artean izentetan dau gatzamailea. “Gatzamaille gaixoak daroa nekerik gogor eta gogaitgarriena eta irabazterik laburrena” dirausku idazleak. Ola baten, beronen zeregina izaten zan lapikokoa zaintzea eta aldi berean urtzaileari laguntzea. Gatza emon jatekoari, hortik jatorko gatzemailearen izena. Mogelen berbaz: “Izentetan da gatzamailea, honek jagon edo zaindu behar dauelako lapikoa eta honi gatza ezarri edo emon”. Baina ez hori bakarrik: “Hau da beste hiruren (olagizonen) morroi edo otseina lez, aginduten jakon guztia egiteko”. Gatzemaile berbeak ez dau, zoritxarrez, biderik edegi gaur egungo berbeta modernoan, baina berba zaharra eta herritarren ezpanetan sortua da, lehen ofizio horretakoak izentetako erabilten zana. Ez da asmakuntza txar bat, berba jatorra baino. Nahiz eta gaur osagileek  jente askori gomendatu jatekoari gatzik ez egiteko, zoritxarreko tentsinoa dala eta ez dala.

Eta lanbidetik jarduerara bagoaz, zelan adierazo aditz bakarraz jatekoa prestau esangurea? Sukalde-lanean jardun edo kozinan ibili esateko, gaztelaniaz “cocinar” dagoan moduan, euskereak berezko berbarik ez ete dauka ba? Betiko euskaldunon artean entzunenak, beharbada, jatekoa egin eta jatekoa gertau, eta erdialdean janaria prestatu. Ezagunak dira, horraitino, beste izen-aditz buztardura batzuk be: jatekoa manejau, jatekoa atondu eta holakoak. Baina aditz multzook gaztelaniazko “preparar la comida” horren ordainak dira gehiago, “cocinar” aditz soilarenak baino. Berba bakarraz hutsune hori beteteko, aspaldiko urteetan lehian sartu dan aditz eratorri barriago bat daukagu, sukaldatu, gastronomia modernoan indarrean dabilena, barriz.

Gatzemaile eta sukaldariak lagun, osteratxoa egin dogu euskerazko sukaldaritzan zehar.

Lagunok, osasuna, bakea eta lapiko ondo betea!

Esatekoak 0
Ikusita: 788