kontaktua
2016.03.17

Bata-bestea jagoten dabe. Bata-besteari ondo esaten deutsie (diote)

Berba bakarra da bata-bestea, nahiz marratxoaz idazten dana, nahiz bereiz: bata bestea. Gure eretxian, marra-lotureaz hobeto eta argiroago erakusten da hitz bakar izate hori, nahiz konposatua izan. Funtzino sintaktiko bakarra daukagu hitz horretan, eta ez bi; batzuetan batak bestea idatzirik dakuskunean, pentsa eragin leikigu izen sintagma bi dirala, subjektua eta objektua, baina erreprozitate-markatzat darabilgunean hitz bakarra, funtzino bakarrekoa, dogu hor.

Hitz bi eta funtzino bi diranean, sintaxia be diferentea daukagu: aditzagazko akordioa singularrez, batez be. Halan esana geinke:

Ahari bi hasi dira topeka, zuria eta baltza, eta batak (zuriak) gehiago egin deutso besteari (baltzari). Era laburrean: Batak besteari gehiago egin deutso (Ahari buruzuriak ahari burubaltzari).

Baina sintagma biok bakar bihurtzen diranean lexikalizazinoaren indarrez, hitz konposatu izatera datorrenean, sintaxian be eragina dauka. Hau da: batak bestea, batak besteari, bata besteagaz hitz alkartu izatera etorririk, aditzagazko akordioa bestelakoa da: subjektuari dagokionez plurala eta bata-bestea izenordain alkartuari dagokionez, singularra. Alkar izenordainagaz jazoten dan antz-antzean. Halan esaten da, eta idatzi be:

Ahari biek bata(k)-besteari itzelezko topekadak emon deutsiez (dizkiote).

Neska-mutilok bata-besteari sendo oratu deutsie (diote), ibilian jausi ez egiteko edo.

Morfologiaren aldetik, banan idatzi ezkero osagaiok, ergatibo-atzizkia mantentzea toketan dala dirudi, nahiz eta ahoskatu ez. Marratxoaz alkartu ezkero, ezabatu daiteke: bata-bestea, bata-besteari.

Aditzagazko akordio horren frogatzat, autore modernoen lekukotasun batzuk:

Bata bestearen ondoren kaleratu zireaneko ta Maripak eskinitako ur bedeinkatuaz zer egin ez ekiala” (R.M. Azkue Bein da betiko) [ziraneko eta ez  zaneko]

“Eta bata-bestearen zereginak aldatu egin behar ebezala otu jakon” (F.Bilbao IpuinBarreka) [ebezala eta ez ebazala]

“Holan, bata-bestearen eredu zirala, onbidezko larrosa eder-onuratsuak egunoro-egunoro sortzen ebezan” (Mañariko Ipuinak) [zirala eta ez zala]

Semantikaren aldetik  neutroa da bata-bestea. Bardin erabili daiteke gizakientzat, bizidunentzat zein bizibakoentzat. Bata-besteagaz ez daukie zerikusirik dinogunean, izan leitekez lagun bi, katu bi zeinda auto bi.

Zein kasutan erabili ohi dan sarrien izenordain alkartu hau? Hara hemen:

Nork kasurik ez dago. Ezin da esan bata-besteak.

Nor kasuan ohikoa da. Halan: “Neska-mutilok bata-bestea barik ezin dira bizi be”.

Nori kasua be behin baino sarriago agiri da. Halan, Berrio-otxoa dontsuaren gutuneko hau: “Alkar ondo hartu beie, batak besteari bere faltak sufrituagaz”.

Beste guztien artean ugariena, maiztasunik handienekoa, noren-zeren genitiboa dogu: bata-bestearen ondoan-gainean-kontra-atzean-ondorik… Hara adibide batzuk: “Zoritxar guztiak bata bestearen atzean etorri jakuz”. “Txiki txikitatik, umetatik, Aita ta Ama esaten ikasi genduanetik, bata bestearen lagun izan arren, aspaldiko urteotan alkarregaz bizi izanda bere, ez ete dogu, bada, alkar ezautu?” (Azkue Bein da betiko). “… itzek ezpanetatik belarrietarako bidean sailean ta bata bestearen ondorik ibili bear dabela” (Azkue Latsibi), “Ango aukerazain Andraka zarra eskolara eroanda, bata bestearen ganean itaune bi onetxek zuzendu eutsazan” (Azkue Latsibi).

Nogaz eta zerez kasuak be ugari antzekoak ohi dira. Halan: “Noz dau bere lagunik hilotzik botaten, / inoz bata besteaz aserratu arren?” (Arrese-beitia Gerrea). “Ahunzkumeak, behingoan ez baina, astindu eben noiz edo noiz amaren hutsak emotsen bihozmina eta bata-besteagaz olgetan hasi ziran” (F. Bilbao Ipuin-barreka). “Euren buruen jabe ta eskuko izango diran giza-batzak ipini nahi dabez, eta gero, ondo balitz, bata besteagaz alkartu, baina guztien buru izango dan jaurgo ta agintaritza barik” (J.B. Eguzkitza Gizarte-auzia).

Amaitzeko, itaun bat: alkar eta bata-bestea erreproziate-izenordain badira biak, zertan datza euren arteko diferentzia?

Jatorri berezia dabe batak ta besteak. Erakusleak (ha, har-) ditu batak, zenbatzaile mugatuak ditu bigarrenak. Lexikalizatze zaharragoa dauka lehenengoak, eta oraintsuagokoa bigarrenak. Euskera osora hedatua da lehenengoa, baina bigarrenaren lexikalizazinoa erdi eta sartaldean garatu da gehienbat.

 

Iturriko

2016-03-10

 

Esatekoak 0
Ikusita: 1025
2016.03.10

-DUN izen-atzizki, garraio-atzizki

Prakaduna izan da, gure parajean gizonezkoa izendatzeko beste izen bat. Berez prakadun prakak daroazana da, gonadun gonaz jantzita dagoana dan letxe. Eta berez izenlagun edo izenondo diran berbok –gizon prakaduna, andra gonaduna–, pertsona-izenaren kategoria izatera heldu dira; batez be prakaduna. Ez hainbeste, ezta gitxiago be, gonaduna. Tradizinoaren ikuspegitik baegoan horretarako arrazoirik, prakak eroiezanak gizasemeak ohi ziralako eta gonadunak, andrakumeak. Baina atzizkidun hitz bat guztiz lexikalizatzen dan momentutik, bere jatorrizko esangura zaharra lausotu egiten da sarritan eta barria sendotu. Hau da, nahiz eta emakumeak prakaz jantzita ibili gaur egun, horrek ez dau kentzen prakadun berbea gizaseme izenaren sinonimo gertatzea.

Bide beretik, zalduna ohi deritxagu gizaki modu bati, edo zaldiz doan jineteari, edo jaun prestu bati, gaztelaniazko “caballero”-ren ordaina. Eta gure idazle mogeldarrek, osaba-lobek, abarkadun berbea izendatzen dabe noiz edo behin baserritarra edo nekazaria. Markinaldean aldi haretan holan be esaten eutsien seinale.

Baina lexikalizazinoa baino behinago atzizki gramatikala dogu -dun atzizkia era librean darabilgunean. Bardin erantsi geinkeo izen bati –bizardun, txapeldun, motxiladun edo karretiladun– edo izen-izenondoz osoturiko multzo bati –praka laburdun, arkondara zuridun edo garriko zabaldun–, eta baita izenlagunaz lagunduriko izenaz eregitako multzo bati be –probako ididun–. Norbait edo zerbait beste norbait edo zerbaiten jabe dala –dun atzizkiaren bidez adierazoten dogu izen sintagma barruan.

Adjektibo asko dira, bestetik, -dun atzizkiaz eregiak, sarritan izen zein adjektibo izan leitekezanak, bestetik. Zorduna deritxo diru edo dalakoaren zorretan dagoanari, eta hartzekoduna, zor dan hori hartzeko daukan gizaseme edo emakumeari. Erruduna deritxagu zerbaiten errua egozten deutsagunari.

Esangura trinkoagoko hitza dogu euskalduna, bere hizkuntza euskara dauena, euskera ez dakienari erdaldun (erdaradun) deitzen deutsagun antzera.

Baina atzera izenetara etorrita, Azkuek behinola aitatu eban izen eratorri esparru bat begiz jo gura neuke. Honan dinosku bere Morfología Vasca-n:

“En la práctica, tiene este sufijo aún más amplitud que la mera posesión, pues no sólo significa persona que tiene tal o cual cosa, sino persona que lleva, que vende, que trae… etc; y así decimos ogidun panadera, “la que vende o reparte panes”, dejando para quien lo hace okin (ogigin). Sastardun, basurero, es el empleado municipal que recoge basura yendo de puerta en puerta” (Morf. 153-154).

Sartaldeko, eta erdialdeko, hiztunok garatu dogun eratorkuntza ildo bat dogu honako hau. Halantxe ditugu astodunak¸ beste eremu batzuetan astazainak ditugun lekuan; astoaz generoa igaroten ebenak (arraina, garia edo dana dalakoa). Mandodunak be ezagunak dira, mandazainak ezagunagoak izan arren. Eta zaldidunak be badira, zaldunak ezeze, eta esangura berezi horregaz: zaldiz generoaren eroan-ekarrian dabiltzanak izentetako.

Saldu-erosi, eroan-ekarri, igarote edo garraio jarduera hori dala eta, batzuetan generoaren izenak emoten deutso oina lanbide horri. Halan, arrainduna, arrain-saltzen dabilena; ardaoduna, ardao-saltzen; esnedunaletxerua be maileguz–, esne-batzen edota saltzen diharduana; ogiduna, ogi-saltzen; gaztaiduna, gaztai-saltzen; eta zaztarduna, zazkar-batzen dabilena. Txarriduna esaten deutsie leku batzuetan txarri-tratanteari, eta txarrizaina be bai, txarriak hazi zein saldu egiten dituanari.

Beste batzuetan, lorra edo garraioa egiten dauen bitartekoak emoten deutso oina lanbide-izenari. Pataria bada, goian aitatu diran astodun edo mandoduna. Ibilgailua bada, taxiduna edo kamioiduna. Ibilgailuaren kasuan, garraioaz ate, berorregaz dabilena izendatzen da sarritan: motorduna edo autoduna, esaterako.

Berba baten ondorio bat: -dun atzizkia gaur egungo jarduera-lanbide barrietarako be aplikagarri dalakoan gagoz, berariaz aitatu dogun igarote edo lorrean eroate esanguretarako.

 

Iturriko

2016-03-10

Esatekoak 0
Ikusita: 896
2016.03.03

Leitekena da, baleiteke… ala izan leiteke?

Guztiok dakigu badirala adizki batzuk, aditz trinko lez nekez erabilten diranak, edo erabili be ezin leitekezanak. Bestetara esanda, aditz laguntzaile bakarrik izaten diranak edo izan leitekezanak.

Halangotzat ditugu subjuntiboan eta ahaleran ohi darabilguzanak: *edin iragangaitzetan (ez izan), eta *ezan iragankorretan, edo neurri baten sartaldeko euskerako egin aditzaren adizkiak.

Nekez esan edo idatzi geinke: Hori holan dadin edo Halan dedila modukorik. Hor toketan diranak besteok dira: Hori holan izan dadin (edo daiten) batean; halan izan dedila bestean. Nekez esan edo idatziko dogu: Ikastea mesedegarri daiteke guztiontzat, ezpada: …izan daiteke...

Ez dogu ukatu euskera zaharrean *edin aditzak era trinkoa be ezagutu izan dauela, eta esangura jakin bategaz: ‘bihurtu, bilakatu, izatera heldu’. Gure errefrau bilduma zaharrenean (1596) badira gitxi batzuk. Bat: “Arotz dinean zirola, oski gitxi urratu doa” (dinean = dedinean). Beste bat: “Lotsaga nindin, ogiz ase nindin” (nindin: nendin).

Baina ez da zuzena, ospakizun amaiera baten: Hala bedi! Esatea. Izatekotan be: Hala izan bedi. Edo adizki trinkoa erabili nahi izan ezkero: Hala biz. Izan aditzaren aginterako adizki zaharra.

Ba- baieztapen atzizkiaz indarturik liteke moduko adizki ahalerazkoak erabilteko joerea be zabal dabil, eta aspalditxorik. Halan dakar Urruzunok, esaterako: “‑Baliteke honuzkero zerbait elkarri eskutitzez adierazirik egotea” (Euskalerritik Zerura). Egitura ezagunak dira: baliteke/baleiteke... leikena/litekeena da... eta halakoak. Gure gomendioa, dana dala, izan leiteke egitura erabiltea da.

*Ezan aditz iragankorra, bizkaieraz gaur erabilten ez dana (eta zahar edo klasikoetan noiz edo noiz), laguntzailea izan da bere osoan euskeran, lehen zein gaur. Trinko lez erabili izan dan bakarra egin da. “Zaran bat dagianak, bi dai” dino errefrau zahar batek; hau da: Zaran bat egin dagianak bi egingo ditu. Nekez entzun ez irakurri daiteke: On diezazula! Edo antzekorik. Bai, ostera: On deizula!

Eta zergaitik erabili geinke egin trinko lez eta *ezan, ostera, ez? Ba berezko izaeraz *ezan beti izan dalako laguntzailea, idatzietatik ikasi dogun ginoan. Egin aditza, ostera, trinkoa da jatorriz, eta euskalki guztietan, gainera. Eta trinko izatetik ailegau da laguntzaile izatera, sartaldeko hizkeretan eta erdialdekoetan be bai neurri baten.

Baina ahaleran irakurri eta entzuten dira noiz edo noiz dezake tipoko adizkiak trinkoak balira lez. Halan esaten ei eban Joxe Mari Aranalde euskalzaleak, Gazteluko semea bera, behin baino sarriago: “Gizon hori dezakeana da”, eukitsua, eskuartekoduna edo diruduna zala esateko. J.A. Uriarte bizkaitar klasikoak gipuzkerara itzuli eban Biblian be, guztia dezakeana edo antzeko esaerak agiri dira, ‘ahalguztiduna’ esateko, Jainkoagaitik berariaz. Honetarikoak, kasurako: “Guztia dezakeanak nigan gauza handiak egin dituelako”, “Gizonak egin ez dezaketena Jaungoikoak badezake.”

Baina nire begitantzinoa da, guztia daikeana egituraren kalkoz sortuak ez ete diran dezakeana eta horren idekoak. Izan be, Kredoaren euskerazko bertsino batzuetan agiri da esamodu hori. Halan Mogelek dakarren bertsinoan: “Sinistuten dot guztia daikean Aita Jangoikoagan”.

Salbuespenak salbuespen, gure gomendioa da bide erregularrari jarraitzea.

Dezake edo lezake bere hutsean erabili baino hoba da ahal edo ezin modalez lagunduta erabili: ahal dezake, ahal lezake, ezin dezake, ezin lezake. Edo beste aditzoinen bategaz lagundurik: eman dezake, ikus lezake.

Heltzen dira mezutegira noiz edo behin honetariko mezuak: bihar goizean egingo den ekitaldiaren berri bidaltzen dizuet, dezakezuen neurrian hurreratzeko. Holakoren bat beste norbaiti berbidali nahi izan ezkero, berridatzi eizue, mesedez eta arren, azken partea beste modu honetara: …ahal duzuen edo ahal dezakezuen neurrian bertara hurreratu zaitezten.

Bizkaieraz gaur nagusi dan laguntzaile aoristoa, egin aditzaren adizkiez garatua da. Baina aditz trinko lez erabiltea aspaldi galdua da. Kultismo modura edo formula finkatu banaka batzuetan ez bada, mehats edota bape ez dira erabilten egin-en adizki trinkoak. Mogelek dakarren errefrau hau: Ez dakit hemen urtea badagit, nekez entzungo dogu gaur horretara: “urtea egingo badot” edo “urtea beteko badot”, akaso.

Horregaitik, bada, bizkaieraz be daian, lei eta halako adizkiak, subjuntibokoak zein ahalerazkoak, holan hutsean erabiltea ez dogu gomendatzen gaur egungo idazkerarako. Askoz egokiagotzat joten ditugu ahal daian, ezin daian edo ahal nei, ezin nei eredukoak.

 

Iturriko

2016-03-04

Esatekoak 0
Ikusita: 1191
2016.02.25

Jente UGARI ala jentea UGARI?

“Ekintza ugari [gure elkartean] datozen astetan”. Zezeil honetan bertan mezutegian jaso dodan albistea. Esaldi horretako hiru berbari luzatu deutset begiradea: ekintza ugari, datozen eta astetan. Eta neure barrurako egin dot: neuk idatzi behar izan baneu, beste era honetara egin neukean: Ekintza ugariak hurrengo asteotan Euskararen Etxean. Ez gaitezan epai zorrotzak emoten hasi, dana dala.

Berbaz ez baina, idatziz orioaren antzera zabaltzen hasi dira ekintza ugari, jende ugari, auto ugari erako egiturak. Gramatika begiz azalduta, izen mugagabe baten jarraian ugari, izen sintagma bakarra osotzen, izen multzoaren determinatzaile zenbatzaile lez erabilirik. Nonnahi irakurten dira honetarikoak; irakurri, dinot; idatzi egiten diralako. Berbaz entzun, nekezago, beti-betiko hiztunen ahotik behintzat; euskera etxean edo jente euskaldunaren artean berez ikasi dauen hiztuna bada behintzat.

Ugari hitzak sintaxi diferenteak onartzen ditu: bi bere-bereak, tradizino zaharretik datozenak; eta hirugarren bat, analogiaz edo erantsi jakona: jente ugari, ekintza ugari eredua, hatan be.

Etorki zaharrekoak, adjektiboarena eta adberbioarena dira; moda barrikoa, determinatzaile kategoriakoa.

Adberbioa danean, zenbatekoa edo kantitatea adierazoteko, ugari bere soilean erabilten da, franku hitzaren esangura eta sintaxi beretsuaz. Bedarra ugari edo dirua franku egitura paraleloak dira; gaztelaniaz, “en abundancia”. Izen mugatu baten atzean erabilten dogu sarri: Bazkaritan jana eta edana ugari emon euskuen. Baina apartetxuago be egon daiteke: Maiatzean ugari egoten da bedarra gure landetan.

Adjektiboarena da bigarren kategoria. Fruta-arbola bategaitik esan ginai –madari, sagar edo okaran dala‑ ugaria dala esaten dogu. Edo ortuari bategaitik –piper landara mota bat, kasurako‑, asko emoten badau, ugaria dala. Edo ume bategaitik be, beti berbetan eta geldi egon ezin dan bategaitik, ugaria dala esan geinke.

Zerbaiten kopuru, neurri edo aniztasuna adierazoteko, esaterako baso baten arbola asko dagoala, hiztunok honetara esan ohi dogu: arbolea ugari dago baso honetan. Nekezago, ostera: arbola ugari edo halangorik.

Gure klasikoek halantxe esan eta idatzi eroien. Mogelen adibideak dira ondokoak. Kantitate-adberbioaren sintaxiaz: “ezarri arren simaurra ugari”, “emoten deusku gauzea ugari”, “jatekoa ugari eta larregi”, “dirua ez badozu ugari”.

Gainerako egiturak ez ditugu madarikatuko, baina bai behinik behin berbaz eta idatziz trongalekotzat ditugunak gomendatu.

Iturriko

2016-02-24

Esatekoak 0
Ikusita: 959
2016.02.18

Ehunetik gora da?

Denpora asko ez da, irratiz entzun neutsala esatari bati euskeraz esaten honako esaldi hau:

“Berbagunek eratutako batzarrean milatik gorak parte hartu dute”.

Berehala zurtu jatazan adimen-belarriok eta neure buruari esan: milatik gora lagunek edo euskaltzalek esan baleu, ondo aparauko eban, baina baina horretara ez, behintzat.

Zein da kontua? Zenbatzaile bati –hogei, ehun edo mila dala‑, kopuru horrez gaineko kopuru edo zenbatekoa dala adierazo gura dogunean, zenbaki horri gora, edo hobeto esanda –tik gora atze-egitura gehituta, ezin deutsagu deklinabide-atzizkirik erantsi, ez nork (zenbatek), ez nori (zenbati), ez noren (zenbaten), ez osterantzekorik: hogeitik gora, ehunetik gora edo milatik gora esan geinke, baina beti be nor kasuan (zenbat). Ezinezkoak dira: hogeitik gorak, ehunetik gorari edo milatik goraren tipoko egiturak. Deklinabide-kasu horreetan onartu ahal izateko aukera bakarra, sintagma horri izen edo izenondo bat gehitzea da: hogeitik gora lagunek, ehunetik gora gazteri edo milatik gora kalteturen protesta.

Euskeraren ekialdean ezaguna da gaur be beste atze-hitz bat hori bera esateko: ehunez goiti, milaz goiti, baina egitura hori ere nor kasuan baino ez, beti be.

Beste zein aukera daukagu, deklinatu orduan arazo hori ez izateko? Balio bera edo hurrekoa dauen beste baliabideren batera joatea: eta gehiago, baino gehiago edo horretarikoren batera.

Horrelan erabili geinkez: Hogei mutil baino gehiagogaz egin da aprobea. Edo: Ehun lagun eta gehiagorentzat atondu ei dabe bazkaria, seguru.

Bide batez zenbatzaile konplexu honeekaz sortu ohi dan beste arazotxu bat: aditzagazko akordioa. Donostiako Tabakaleraren berrinauguratzea dala-ta, eraikuntza hori tabakogintzan ebileneko aldirik onenetako behargin-kopurua dala-ta kronikagileak idatzi edo esan ebana: “1935erako Donostiako Egiako Tabakaleran mila langiletik gora zegoen”. Nire belarrientzat hori be gordintxuegia: mila langiletik gora egozan edo zeuden esango leuke euskaldun batek nahinon. Teoriaz adizki singularra logikoagoa ete litzateken? Baleiteke, baina hizkuntza biziak ez dira matematika teorikoen dantzan bizi, hiztunen ezpanetan baino.

 

Iturriko

2013-03-26

Esatekoak 0
Ikusita: 1044