kontaktua
2015.01.27

Ura dala-ta

"Mila urte igarota ura bere bidean". Halan dino esaera zahar batek, erdal hizkuntzetan be kideak dituana.

Ur berbea zaharra dogu gure hizkuntzan, bat izatekotan. Hau ez da behintzat latinetik erakarria, aqua latinoagaz ez dauka-eta zerikusirik.

Ura dala-ta lehenengo gramatika ohar bat egin gura neuke. Toki-denbora kasuetan darabilgunean, euskal sartaldean, eta erdialde zabalean be, mugagabez ohi darabilgu, euskerearen ekialdean jazoten ez dana. Halan esaten dogu: uretan, uretara, uretatik eta uretako. Uretan uger ibili, uretara joan, uretatik urten edo uretako arrainak. Ekialdean, ostera, urean, urera, uretik eta ureko erabilten dabe, toki-deklinabideko atzizki neutroakaz; ez, sartaldean lez, -ta-artizkidunakaz.

Mugagabez erabilte horrek badau bere arrazoia. Izan be, ura continuum bat da: isurian, jarioan datorren eta doan gaia. Gai estimadua gizakiontzat. Berau barik ez ginateke biziko eta gure lurretan be laborerik ez ortuaririk ez litzateke erneko ez haziko. Arbolarik be ez. Bedarrik be ez.

Sartaldeko euskera zaharrean urtan agiri jaku dokumentaturik behin baino sarriago. Halan, Mikoletaren gramatika liburuskaren atze parteko amodio kantuetariko baten ahapaldian honetara kantetan da: Amoren kontentuak eztaude irauten, / urtan bitsa legez dira galtzaiten. Lazarragaren kuadernoko herri-kopla horreetariko baten be antzera agiri da: Urtan eder arria, / aen gaiñean txoria;/ amorantia lekidanari / atera neio begiak” (Lazarraga, 17r).

Urak beste baliagarritasun asko be baditu. Argindar iturri nagusietariko bat gure inguruan Duero ibaiaren ur-jausietatik sortua eta ekarria da. Handik dator behinola gure artera argindarra ekarten eban enpresearen izena be: Iberduero. Baina berton hurrago be hainbat etxetan sortu izan da argindarra, geure erreketan ur-jausiak eraginez, harrizko edo zementuzko konporta batzuk eginez, ura urtegi antzekoetan bilduz eta ubideetatik urari bide apartekoa eraginez. Gure ibarretan horri eskerrak sortu ziran behinola olak, burdinolak, eta errotak, boluak, gaur be oraindino guztiz galdu barik dagozanak. Ubidea, urbidea, esaten jako, urari indarra sortzeko aparteko kanalbide horri. Ura ubidetik etorten da andaparara eta andaparatik sartzen da errotarako. Zenbat ur behar dan, hainbesteko txorroa zabaltzen jako urari. Ur horrek bira eragiten deutso errota-harriari. Gure boluetan mendeetan zehar horrexek eiho ditu gure gari-artoak. Aspaldiko esaera bat bada, lanbide zahar hori gogorazoten deuskuna, beste mezu bat guri transmititzeko bada be uraren eta boluaren irudi hori: Urrutirean bolura dator ura. (De lejos al molino viene el agua) (RS 147)

Ura, danaren ganetik, edateko da, gizakiok zein abereek. Hori akordauazoten deuskun errefrau zahar bat be bada: Ogiagaz ura, oragaz eroen elikatura. (Panconagua, / mantenimiento de loco y mastín) (RS 246).

Gaur ur-txorroa etxe barruan daukagu, baina lehenagoko aldietan mendietako urbegietan,  edo gerora gizakiok egiten joan garan iturrietan, herriko plazetan edo auzoetan eregiten ziran iturrietan, iturriko kainuari erion ur-negarra edo ur txirristada edo ur txorroa izan dira giza komunidade osoen bizigarria, eta hartuemon leku aproposa: Maritxu, nora zoaz eder galantori? Iturrira, Bartolo, nahi badozu etorri.

Fruituen zukuari be ura esaten jako.Horregaitik dira fruta batzuk urtsuak eta beste batzuk ur gitxikoak. Halanik esaten dogu limoi-ura, laranja-ura, madari-ura edo mahats-ura.

Ura, batez be uriolak, uiolak sortzen diranean, ibai-errekek gainez egiten dabenean, urak menderaezin bihurtzen diranean, kalte eta dainu handien sortzaile bihurtzen dira, ibarretan, soloetan, kaleetan edo etxe sotoetan. Uraren indarrak beragaz eroaten ditu lorrean ondasunak zein pertsonak, triskantzak eta heriotzak eraginez. Horregaitik erabilten da oraindino, norbait urak eroatearen irudia, pertsona bati pazientzia hartu behar dauela aholkatzeko: Urak ez zaroaz eta hartuizu pazientzia, entzuten da Gernikalde eta Busturialdean. Halan jaso eban Azkuek, eta antzera J.M. Etxeita nobelagile mundakarrak bere Josetxo-n: Urak ez haroa eta hartuik, Martin, eroapena. Itsasherrietan, urbiziak diranean itsasoak eragiten dituan kalteak be gogoan izatekoak dira.

Batzuetan gainez eginagaitik, urak bere bidea egiten dau, bere uherkatik ohi doa beherantz; sekula be ez gorantz. Hori be errefrau zahar batek gogorazoten deuskun mezua: Mila urte igarota, ura bere bidean.

"Ez dok hamairu" taldeko kantarien bidez egin da gure artean ezagun harako esaera zaharra: Urak dakarrena urak daroa. XVI. mendearen akaburantz Isastik bere errefrau bilduman honetara ekarrren, gaztelaniazko argibide eta guzti: «Por la hacienda adquirida por malas formas, como de ordinario se consume por las mismas, dicen: Gure mandoa, urak engarren eta urak aroa. // Nuestro macho, el agua te trajo y el agua te lleva» (A 19).

Esamodu edo esapide asko dira ur kontzeptuaren inguruan sortuak. Ezagun batzuk ekarriko ditugu gomutara, gizakiari buruz uraren irudiaz sortuak. Bi uretako arraina izan. Odolak ur egin. Ez ur ez ardao izan, edota Ez ur ez gatz, edota Ez ur ez olio.

Uraren kualidadea adjektiboen bidez adierazoten da; ur berbeari atzetik adjektibo ezagun eta jakinak erantsirik.

Halan, itsaso edo ibaiko sakonereari buruz, ur azala edo ur sakona esaten da. Edota ur mehea, (gaztelaniazko 'vado'), alde batetik bestera igaroteko modukoa danean.

Uraren tenperaturea dala-ta, urhotza, urepela‑hortik Urepelherri-izena‑, ur beroa‑hortik Urberuaga auzoa, ur termalakaitik ezaguna ­dala. Eta surtan berotan ipini ezkero, ur irakina.

Uraren kolore eta garbitasunaz, esaten da ur garbia, edo gardena, eta kontrakoa adierazoteko, ur lohia, ur zikina, ur arrea eta beste.

Dabilen ura, garbia bada, edateko ura da. Eta ur geldia edo lotua bada, osasunaren kalterako izango da. Ekimen eta eraginkortasun edo bizitasun gitxiko personeagaitik be esaten da, ur lotua dala (Bermeon entzuna).

Eta ur handiko arraina dala esaten da, astuntasun edo ahalmen handiko pertsonea danean.

Ura, beste izen bategaz konposaturik eregiak dira honangoak: Urbegia (manantiala), ur jausia (cascada), ur negarra (ura tantaka datorrenean) edo ur jarioa edo ur txirristada, mehe eta fin datorrenean.

Urak gora eta urak behera dagozala esaten da hilgora edo hilbehera danean.

Urak banandu egiten ditu lurrak eta gizarteak sarritan. Halan sortuak dira: Uraz urrutia (Bilbo) edo Uraz arantze (Gorliz). Edo uraz beste aldean, edo uraz handik, edo uraz haraindi.

Eta krisialdian, mehealdian gagozanean, edaritzat urari emongo deutsagu estimazinoa, behinola  Barrutia Mondragoeko eskribauak bere Gabonetako teatrotxoan idatzi eban lez: Ene jana ta ene edana, urarekin ogia.

Iturriko

2015-01-27

Esatekoak 0
Ikusita: 1196
2014.11.07

Arratiako euskera-modua

Arratiako Bedia herrian, lehenagokoek Kolazino esaten eutsien horretan, Arratiako berbetearen ganeko berbaldi txorta bat hasi da iragako astean, ibar horretako berbeta-moduaren edo moduen ganean zehaztasuntxu batzuk azaltzeko berbabidea emoten dabenak.

Arratiako euskerea dinogunean, lehenengo argitu beharrekoa, ibarra edo eskualde geografikoa eta bertabeko berbakerearen mugak bat ez datozala guztiz. Arratiako berbakerearen edo berbakeren mugak zabalagoak dira, ibarraren esparrua baino. Zeberio, kasurako, askorentzat ez da Arratia, zeharreko ibar bat baino, Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal ibarrak lotzen dituana. Ugao aldera dagoan Zeberioko berbetea hurrago dago, beharbada, Arrankudiaga-Ugao aldekotik. Galdakao eta Usansoloko hiztunak berbeta aldetik Arratia barruan sartu beharrekoak al dira, edota noragino bai eta nondik hara ez? Usansolo Arratiatzat joteko arazorik ez leuke egon behar, kontizu, berbakereari joakonean. Ibarretik goi zelaira igon ezkero, behin Barazar eta Dimako portuak goitu ezkero, lurrak Zeanurirenak zein Dimarenak dirala, hango berbeteak ez dauka Arratiakoagaz zerikusi esturik, Ubidekoak edo Otxandiokoak, esan gura dot. Goi zelaiko berbeta horrek Arabako lautadakoa dau seniderik hurrenekoa.

Uribe merindade zaharraren hegoaldera dago Txorierria be. Larrabetzutik Erandio-Leioa ingurura arte doan ibarreko euskereak Arratiakoaren antz handia dauka; diferentziak gorabehera, senide hurrekoak dira, eta batzuetan igarten errez be ez, zein nongoa dan. Gaur Uribe-kosta deritxogun parajean, ostera, hainbat urruntzen da, ostera. Paulo Zamarripa sondikaztarrak ia bardintzat joten zituan Txorierriko eta Arratiako berbetak.

Arratia barruan be goia eta behea dira, goitia eta behetia. Arratia goitia Zeanuritik Igorre ingurura arte ailegetan da, Dima barru dala. Eta beheitian, harik Galdakora doan alderdia. Goikoek gehio esaten dabena, behekoek geao esaten dabe, edo goikoek berbotsa esaten dabena behekoek berbalotsa, adibide pare bategaz erakusteko alderdi bakotxean badirala berezitasunak, eta areago hondino, herri batetik bestera be bai, hurrean.

 

Euskera zaharraren gordeleku

Ez da guzurra, Arratiako berbakeran badirala beste leku batzuetan gorde ez diran berba, adizki eta esakera batzuk, zaharrak edo itxura zaharrekoak diranak. Baina hori ez da Arratian bakarrik jazoten. Oinatira goazala, Markinaldera goazala edota itsasaldean Bermeo edo Ondarroara goazala, nahinon idoroko ditugu zelango edo halango arkaismoak, moduren baten esanda.

Horren arrazoitzat behin baino sarriago joten da Arratia edo arratiarrak bakartuago bizi izan diralako dala hori. Lehenago-lehenago halan izango zan hori, baina Arratian ezeze, beste leku askotan be bardintsu, ibar edo haran batekoak auzokoaz urrunagokoen barri nekez ekien denporetan. Arratia inguruakaz bidez ondo lotuta egon da aspaldiko belaunaldietatik, bai Arabako goi-lautadeagaz eta Bituriegaz, eta zer esanik be ez Bilbogaz. Zalpurdiak, eta idi-buztarriak be, aspaldiko denporetatik ibili dira atzera-aurrera, goitik behera laborea, ardaoa eta laborantza-generoa ekarten, eta behetik gora burdinea eta bestelakoak gorantz eroaten, Arratian zehar. Zerbait harritzekoa izan daiteke, Gasteiz eta Bilbo aspaldi erdaldunduak izanik, erdi-erdian dagoan Arratian euskereak hain bizi, hain oso eta hain indartsu, hitano eta guzti, zelan iraun dauen. Eta, ostera, Gorliz eta Plentzia lako betiko itsas herri euskaldunak, Bilbotik urrun barik baina ondoan be ez, zergaitik erdaldundu diran hain arin. Arratiarrek euren berbeteari izan deutsen eraspenak eta harrotasunak be zerikusi euki lei horretan. Arratiako tranbiaren kontuak, ia geure egunetakoak diranak, ez da zertan aitatu. Arratiarrak Bilbon birik baten egon dira Bilbo Nagusiaren industrializazinoa hasi zanik gora, eta lehenagorik be. Neskatila asko etorten zirean krida eta gizonezko asko errio hegaletako moiletara zama-ontzien karga-deskarga beharretara. Erderea, gaztelania, berez lez ikasi eta ezagutu dabe arratiarrek aspaldirik, Txorierriko bendejerak eta beharginek egin daben moduan; honeek be euren etxe-, auzo-, herri-berbeteari tinko eutsiaz.

Egina izan leiteke, beharbada, Arratiako euskaldunek uri nagusietako erdaldunakaz euki izan dabela kanpo-hartuemon gehiago, beste eskualde euskaldunetakoakaz baino; esan gura da, Orozko eta Nerbioi aldekoakaz edo Durango aldekoakaz baino. Beste era batera esanda, euskera egin izan dabenean, arratiarrakaz egin dabela askoz gehiago, beste euskaldunakaz baino. Horretan egon daiteke, beharbada, arratiarren euskal berbetearen berezitasunaren eta zahartasunaren giltza. Bat behintzat.

 

Literatura eta herri literaturaren gordeleku

Bizkaiko su beroa deitu izan deutse behin baino sarriago Arratiari. Ekialde bazterreko lurraldean legetxe, Bizkaian eta Hego Euskal Herrian, hemen gorde izan diralako hainbat balada edo erromantze zahar, herri literatura genero zahar sundako bat aitatzearren. Frantzie-kortekoa baladea dogu eredu bikain bat.

Literatura idatzian, Arratiagaz zerikusi handia daben idazle bi, alkarren segiduko belaunaldikoak: Pedro Antonio Añibarrom Areatzako semea, eta Juan Mateo Zabala, bilbotarra, baina amatatik jatorriz Areatzakoa. Amaren euskerea edonondik dario sermoilari honi bere idatzietan.

Denporan hurragora etorrita, gogoan hartzeko idazleak dira Larrakoetxea anaiak, Juan Kruz Eguzkitza lemoarra, Gabirel Manterola zeaniztarra edo Lino Akesolo dimostarra, guztiok bere maila goreneko idazleak. Horrek ez dau esan gura, euren idatzietan arratiar tasun hori erakustera jo dabenik guztiak, ezta hurrago be.

 

Arratiako berbaikunearen ezaugarri ganetiko batzuk

Arratiako euskerearen ezaugarri batzuk, edo han gorde diran berezitasunak

- Fonetika aldetik, ezaugarri askotan, Arratia eta Txorierri aldeko berbaikuneak batera antzean datoz. Izan be, Gallo eta Erletxeta bidekurutze dirala, mendi aldraparik igaroteko behar izan barik, leun-leunean baterik bestera erraz joteko ibarrak dira bixeok.

Halan, yan, yoan, yausi, yosi lango aditzen lehen hotsean batera datoz. Halanda be, ezaguna da horraitino j hotsa be, Jangoikoa, Jaune, anajea eta halango berba bakan batzuetan. Zehatzago izateko, Jaune eta yaune ez dira bat arratierako legean, bata zerukoa eta bestea etxaguntza ederren batekoa izan leitekez.

- Morfologiari jagokonez, izen-adjektiboetan, mugatzaileak bokalez amaituriko berba bategaz joten dauenean, Arratiakoa da bokal-bikoteen era zaharrenak gordeten dituana. Hori izan daiteke, arratiarrek euren euskerearen ganean daben harrotasunaren arrazoietariko bat. Alabea eta plazea entzungo dozu; edo etzea eta merkea. Berbak -i bokalez amaitzen diranean, -ie batera zarratzen da -ia zaharra: ogie, ardie, mendie eta zaldie entzungo dituzu. Berbearen azken bokala -o danean, bere horretan batuko dira: astoa eta sendoa. Eta -u amaierakoetan be -ue zarratze txikia: mundue eta zerue. Zeozegaitik gure sartaldeko klasikoek, Añibarro eta J.M. Zabalak eutsi eutsen euren ahoskera legeari, Markina eta ekialdeko idazleenari barik: merkea eta ez merkia, handia eta ez handija; osoa eta ez osua, mundua eta ez munduba.

 

- Izenordainetan, Arratiako leku batzuetan nahinor, nahinon eta nahinoz gordeten dira hondino (Zeanuri), erdialdeko hizkeretan darabilezan nornahi eredukoak, baina atzekoz aurrera. Bizkaieraren ganetiko eremuetan nagusi diran edonor, edonon, edonoiz/edonoz eredukoen aurrez aur.

Galdetzaileetatik datozan eratorrietan bizirik dirau hondino nonbaisten (Zeanuri) berbeak. Horren atzean nonbaist dago, -baist hitz aldaera zaharra gorde dauena, ekialdeko bait- hizkiaren sartaldeko ordaina. RS bildumako errefrau zaharretan bada bat dinoana: Zelangoa baista amea, halangoa ohi da alabea. Nonbaisten berban hizki berorixe daukagu.

 

- Zahar usaina darien erak badira, deklinabidearen eta aditz jokoaren morfologian be.

Halan, deklinabidean, -n inesibo zaharraren azterrena daukagu, beste leku batzuetan -an ebaten diran honelango berbetan: beharren (beharrean, lanean) edo lapurren (lapurretan). Ablatiboko atzizkia, lekuaren eremuan -ti entzungo dozu sarri, beste leku batzuetan -tik ebaten dan kontestuetan. Halan: handi-horti-hemeti, basoti, menditi… Txorierrian be horretan bardintsu jokatzen dabe.

- Aditz jokoan be zahar sundako honetariko jokoak entzungo dituzu: joan zirean edo esango deustat (esango deuat).

Hitanoa be franku entzungo dozu, gizonezkoen artean behinik behin. Andrazkoen artean, Arratian be, beste leku askotako antzean, gitxiendu, erkindu eta urritu egin da itzelean iragoko belaunaldietan. Mehats entzuten da gaur. Baina berori tratua hondino be ez da guztiz galdu. Arratian, hondino hontsura arte, eleizgizon eta halangoai ezeze, guraso zaharrai berorika egiteko usua egin da. Zeanurin halan izan dala, behin baino sarriago entzun deutsagu Ander Manterola jaunari.

 

- Atzizki graduatzaileetan -to atzizkia handitzeko eta -xe, -txe atzizkia txikitzeko, Arratiako euskeran agiri da garbiroen, beste bizkai lurralde batzuetan be ezagunak izan arren. Harako bertso-kopla batzuen berbak adierazgarri onak dira: "Abadearen lapikotxea txikina baina gozoa / ikazginaren lapikotoa, handia baina harroa".

Atzizki hanpatzaile lez agiri da -to berba askotan: nagitoa (nagitzarra, nagi handia), lapurtoa (lapurtzarra), gizontoa (gizontzarra) edo andratoa (andratzarra) berbetan. Atzizki biak batera dirala be bai: nagitotzarra, lapurtotzarra.

 

- Lexiko arloko berba zahar itxurako batzuk aitatu daiguzan:

Gizaki-izenetan, senidetasunekoetatik hasita: aitaxea eta amaxea, beste leku askotan 'aitaginarreba, amaginarreba' diranak. Edo aubea, 'amaginarreba' esateko. Amañe, 'birramama' esateko. Arratiar baten esanean: “Amamaren ama, amañe". Amandrea be 'amama' esateko erabilia da leku batzuetan (Bedia).

Senidetasunaz ate, etzanderea, 'ugazabandrea, propietariea' esateko; beste berba baten, errentadorea ez dan emakumea.

Kridua eta kridea, holan laburtuta, beste leku askotan, osorik,' kriadu, kriada' edo lehenago ogitukoa, esateko.

Abere, pizti, koko eta enparaduen artean aitatu leitekez: Apoa edo apotxarria, 'txarri ar heldua' esateko, gaztea ordotsa dala. Azuria, 'bildots jaiobarria' esateko. Giberrria, 'ahume, antxume' esateko. Edota giberritoa, urtebetez gorako ahumeari. Uretakoen artean, txubelaixoa, 'ugaraixo, igel' esateko.

Etxea, etxe barrua, etxe ingurua: labrantza-etzea (baserri-etxea), behesua (behekosua, supazterra) (fuego bajo); edo suitea, lehenagoko segetea, beste lekuetan sutea, sukaldea edo ezkaratza esaten danerako.

Etxe inguruko objektoetan, bi aitatzeko:itxuskia, ginarra edo erratza esateko; edo zarandoa edo zandoa, 'otzara txikia' esateko.

Soineko eta jazkera kontuan, frakak esaten jake beste leku batzuetan 'prakak' edo 'galtzak' deritxenei.

Geografi eta eguraldi fenomenoetan be badira berba berezi antzekoak: abaroa, arboladi zarratua gehienetan, ganaduaren babesleku izaten dana. Abazuzea, 'txingorra' esateko, Uribealde osoan zabal dabilena. Inizitua, 'oinaztua' esateko. Burrutsa (aldapatsua, terreno costanero). Edo zurdea, 'izotza' eta zurdatu 'izotza egin' esateko entzun daiteke herri batzuetan.

Denpora esparruan, urrilelangoa eta urribigarrena deritxehondino Arratiko leku batzuetan irail-urriei.

Elikadura, jan-edan eta uzta eremuetan: babagorria (indaba/babarrun gorria) (alubia roja), edabea, 'edaria'; laborea (cereal), edo zekalea, gazt. 'centeno'. Arabako goi-lautadako kontzeptuen erreferentzia beti hurrago, Bizkaian itsasorantzago dagozan lurraldeetan baino.

Material edo gai izenen artean: burrinea eta firua entzuten dira 'burdinea' edo 'haria' esateko. Eta josten dauena, joskilea, Uribealde osoan zabal dabilen berbea.

Gizakiaren jarrera, sentimentu eta erreakzinoei jagokezan hitz batzuk: Estukurea, estura, esturasuna esateko. Gedar, gedar egin, gedarrez, beste lekuetan 'deadar, aldarri, hots, oihu' ohi danerako.

Zenbakietan: brimila, "birmila" zaharragoa metatesiaz, besteok darabilgun bi mila ordez.

Adjektiboak:

Berbatia, 'berbaldun' esateko. Esan onekoa edo esanekoa, esangin edo obedilea esateko. Lejitoa: arratiar lejitoa (legítimo, verdadero, auténtico). Txibiza, 'mizkina, gozozalea, kusa' da leku batzuetan. Baina 'bekaitzez betea' esangurea be badau. Horretatik, txibizkeria.

Aditz kategorian aitatu daiguzan: Aforrau (zaitez) (izorratu zaite, te fastidias). Erantau, 'altzau, jaso, asmau': guzurrakerantetan. Eragon, 'ekin, jardun' esateko, aditz jokatu lez entzuten da: behar eta behar daragoio. Ifini entzungo dozu, 'ipini, imini, jarri' esateko. Irun: 'hilar'. “Trabenera andrea,/ badozu liñorik?/ Arduaren trukian / irungo dodaz nik. // Liñua badot baye / ondo iruteko,/ andra ardozaleak / ez dau ondo irungo.” (Zeanuriko koplak). Laurkindu, lau zati egin adierazoteko. Txikirtu, beste leku batzuetan txikertu edo txikitu ohi danaren lekuan. Usigi: ausiki, sugeak kasurako. Usikada, usigiteko ekintza. Zogotzi edo zorotzi, zelatan, jagoten egon adierazoteko. Zolitu, heldu esateko.

Adberbioen artean: Adinon (bizi): kili-kolo (más o menos, justito, no mal pero tampoco bien). Alozo, 'alazo, eroso' esateko. Barrien barri, 'barriro' esateko. Beren-beregi (nahita, gurata, apropos) (conscientemente, intencionadamente, a propósito). Galapan, arin-aringa esateko, Txorierrian be asko erabilia. Osteian eta osteiko, ostean, atzean eta osteko, atzeko esateko. Tertzioz (sasoiz, garaiz) (a tiempo). Komenientziarren (nahita, por conveniencia). Zemaika: amenazuka, mehatxuka. Zuzian, 'tximistan, txistu bizian' joan, etorri edo igaro, adierazoteko.

Postposizinoen artean: Atxina: Postposizino hau sarri entzungo dogu nondi kasuari dautsala: handi atxina, handik aurrera esateko, edo hemendi atxina, hemendik aurrera esateko. Goiti beheiti: gora behera: gitxi goiti beheiti: gitxi gorabehera.

Esaldi adberbioetan: Ameneko, 'beharbada' esateko. Aurki, Uribealde osoan zabaldua.

Hurrean, 'antza, dirudienez', Txorierrian be zabal dabilena.

 

Gaurkoz asko da.

 

Iturriko

2014-11-07

Esatekoak 0
Ikusita: 2741
2014.10.30

Etxea errefrau zahar batzuetan

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez ospatu barri dira Bizkaiko hainbat herri, uri eta erakundetan “Ondarearen Europako Jardunaldiak” programa nagusiaren barruan “Bizkaia etxez etxe” erakuspen-hitzaldi egitaraua.

Atxakia ona etxea dala-ta gure atsotitz zaharretan agiri diran eretxi eta uste batzuk astintzeko.

Etxearen ubikazinoaren garrantzia aitatzen da errefrau batzuetan, eta alde horretatik basoa eta ibaia hur eukitearen garrantzia. XVI. mende akabuetako Refranes y Sentencias bildumako batek hau dino: “Basoa ta ibaia auzo, / au ez daben etsea gaxo. // Monte y río vecino, / casa que esto no tiene, perversa” (RS 6). Basoa, bertatik ateraten dan egurragaitik, alde batetik. Egurra, sugarria da eta sugarria hur eukiteak suetean, sukaldean edo eskaratzean sua erara eukiteko hornidura da, negu luzea sutondoan epeletan egoteko erosotasuna errazten dauena. Ura, ezinbesteko bizigarria etxekoentzat. Uretan urrunetara joan beharrik ez eukitea, lehenago gure etxekoandrak kantin luzeak buru ganean dituela hartzen eben nekea arintzea. Lexibea egin eta erropak garbitzeko erraztasuna. Errekea hur izateak, arrankari, aingira, kaskailu, kangrejo eta enpaiduko bizikariak ahalegin gehiegi barik eskuratzeko modua esan gura eban.

Bada beste errefrau zahar bat, bere itsuskeria eta guzti, egiaren erdia behintzat badaukana: “Eskaratz bako etsea / ta andra lotsagea, / ta ipirdiko putza, / guztia onez utsa. // Casa sin fogar / y mujer sin verguenza, / y soplo de culo, / todo vazio de bien" (RS 469). Andra lotsabakoaz esaten dana beste hainbeste egin daiteke gizon lotsagalduaz. Baina errefrauaren sustraian eretxi nagusi bi dira: etxea dala-ta eskaratza dala etxearen bihotza; suetea edo sukaldea, nahi bada. Hor batzen dirala etxekoak, jateko, errezetako, sutondoan behekosu inguruan ke-garrei begira eta haren argitasunaz eta dirdiraz kontu-kontari jarduteko neguko iluntze-gau luzeetan. Eta behesuko berotasunak etxea epeletan jagoten dauen moduan, etxeko guztien hagea etxekoandrea dala: janariaz, soinekoaz eta etxe inguruko zereginez arduratzen izan dana, esan gura da, tradizinoko gizartean, endemas nekazari parajeetan.

Gordintxeagoak eta emaztearen aginpidearen kontrako errefrauak be badira; etxean gizonak agindu behar dauela irakatsia emotera azpitik datozenak. Neure osaba bati entzuna: “Ahuntza sartzen dan txirpia eta andreak agintzen dauen etxea, ez dabilz ondo”. Hori beti ez da holan izaten, ezta antzik be.

Ez da mira egitekoa, etxea dala-ta, zenbat berbatan agiri dan su hitza txertaturik. Gorago aitatu diran sukalde, suete (sugate zaharra edo suite, sute berbazkoak), sutondo, behekosu edo behesu lango berbez ostean, supazter, sutoki edo sutoki be ezagunak ditugu, eta sugarritzat erabili ohi dan subila eta subilondoa berba pitxiak be hor ditugu gure kultura eta terminologia zaharrean. Suaren balio sinbolikoa, fisikoaz gainera, esangura handikoa izan da gure lehenagoko gizartean. Eta horren harira ondo dator hara beste atsotitz hau: “Su bako etsea, / gorputz odolbagea. // Casa sin fuego, / cuerpo sin sangre” (RS 237).

Etxea eta etxekoak dira hurrenak, auzoen gainetik, beste atsotitz honek gogorazoten deuskunez: “Neure etseko kea / laguneneko sua baño obe da. // Humo de mi casa / mejor quel fuego de la del ageno" (RS 473).

Ildo berekoa da, etxeko gorabeherak etxe barruan konpondu behar dirala aditzen emoten deuskuna be: “Etxeko sua etxeko hautsaz estal” dirausku Oihenartek (Prov 170), Bizkaiko erara beste era honetara be esaten dana: Etxeko sua etxeko hautsaz estaldu behar da.

Etxetik auzora dagoan diferentzia bardintsua egon ohi da auzoaren eta urrun bizi diran senideen artean. Auzoak pisu handiagoa euki dau gure baserri munduan, urruneko senitartearen aldean. Halan esan ohi da, behintzat: “Urruneko parientea baino auzoa hoba”. Gernikaldeko neure osaba bati entzuna.

Etxeko irakatsia, etxeko eskolea beti konsiderau izan da oinarri sendotzat, eta horren faltea hutsune negargarritzat. Juan Jose Mogel idazleak be badau dotrina irakasbide liburu bat, Etxeko eskolia izenburu esanguratsu horregaz. Baina gutariko nork entzun ez dau harako: “Umearen zentzuna, etxean entzuna”. Antzeko mezua agiri dau beste errefrau zahar honek: “Ikasi eztagianak etsean, / ez lekike zelaian. // En casa quien no aprende, / no sabrá en la plaza” (RS 241).

Etxearen ibilbide onerako ondasunak behar dira: ortuak edo soloak emoten daben janaria batetik eta abere-patariek emoten dabena bestetik, itsas herrietan arrantzua dan antzera. Eta etxerako uzta-batze horretan etxekoandrearen papera agiri da behin eta barriro: “Andraurenak etsea / lauzatu gino daroa betatu. // La mujer de buen recaudo, / La casa suele hinchir hasta el tejado." (RS 210).

Ondasunak, urte luzerako janaria dituan etxeak aurrera egingo dau. Ez dituana, ostera, tirabira eta aztrapala leku izango da. “Etxe hutsa, gerra hutsa” esan ohi da leku askotan. Ardatz beretsuari oratzen deutse beste errefrau biok be. Bata: "Etse utsa ergarri, / ta betea pozkarri. // La casa vacia causa de riña, / y la llena causa regozijo" (RS 443). Eta bestea: “Urunik eztan etsea / ezin lizate asea, ta bai gosea. // Casa do no hay harina / no puede ser harta, y sí hambrienta" (RS 287).

Mogelen Peru Abarka berba-jardunetako txatal honegaz osotuko dogu gure etxe-jardun hau, beti be etxeko janariakaz zerikusia dabena: “Baserriko ondasunen berri zehaztasunez azaltzen digu Mogelek: "Gari ta artuak daukadaz gilz baga ganbara zabalian; bada daukaguzan otseiñak bere, azi ditugu geure umiak bagenduz legez, alkar maite dogula. Iñoren basori orri bat kenduten ez jako; bai zaindu ondo geuriak. Orregaitiño Jangoikuak emoten deusku gauzia ugari; topin ona beti izaten da; ilten dogu lau oiñeko gizena, idi lodi, zezin ederra dabena. Euren denporetan izaten da jan al baiño geijago kastaiña ta sagar. Urte guztian, esaterako, daukagu eznia, ta aurreratuten ditugu dirubak lagunduteko gero umiai, aututen dabeen bizieran" (PAb 43)

 

Iturriko

2014-10-31

Esatekoak 0
Ikusita: 930
2014.10.24

Norbera, Nori berea, Bat, Bakotxa…

Norbaitek, berba egikeran bere burua modu identifikaubakoan edo inpertsonalean aurkeztu gura dauenean, gaztelaniaz “uno, cada uno” edo frantsesez “on” edo besteren bat erabilten diran antzera, euskeraz be izenordain bat erabilten dogu: bat, norbera, bakotxa edota nor soila be bai batzuetan, itaun-berba ez danean.

Bat eta norbera bardintzat joten ditugu behar dan baino gehiagotan, eta horretatik sortu ohi dira okerbideren batzuk. Bat markaubakoa da eta edozein ingurunetan erraz erabili leiteke. Norbera, ostera, markatua da, eta gaztelaniazko ordainak erabiliz, “uno” eta “uno mismo” izenordainen artean dagoan aldea dago bat eta norbera-ren artean, gitxi gorabehera, oso-osoan ez bada be. Egia da, bestetik, norbera eremua irabazten joan dala aspaldion, nor eta bat izenordainen kaltetan, eta ondorioz, markaua izatetik gitxiago markaua izatera etorri dala.

Bat bardin erabili geinke galdegai izan edo ez izan: Batek zelan jakin une horretan zer egin?, markaubakoa, eta: Batek jakiten dau hori ondoen, galdegaia, markaua. Batek jakin! esamoduan, esaterako, ezin dogu norbera hitzaz ordezkatu.

Norbera izenordainak osagai bi ditu: nor eta bera, juxtaposizioan alkarturik. Bihurkaritasun ikuspegia adierazoten dau: hiztunak bere burua seinalatzen dau lehenengo eta behin, eta eremua zabalduz, beste edozein gero. Sintaxi aldetik beti ez da agertuko galdegaiaren lekuan, baina sarritan bai: Norberak jakin behar dau zer komeni dan. Ezezka, galdezka edo menderakuntzan be bardin azalduko da, baina erreflexibo ikuspegia jagoten dau beti: Inoren gauzak zabaldu eta norberarenak gorderik euki. Nor zara zu, ba, norberari kontuak eskatzeko? Norberarena ez dan gauzea atzera itzuli behar da. Mintzagaiaren lekuan nekezago erabiliko dogu. *Norberari nork eskatu behar deutsaz kontuak? baino beste aukera bat eskertsuago litzateke: bati nork, guri nork edo besteren bat.

Irakurteko zein entzuteko gogor egiten dan egiturea, norbera izenordainaren jarraian bere edo bere burua langoak ipintea izaten da. Bihurkaritasuna birritan markatzea esan gura dau horrek: nor – bera – bere... Izan be, gure hedabideetan behin baino sarriago irakurten dira honangoak: Norberak bere buruari saldu behar dio produktua”, “Norberak bereari eustea”, e.a.

Lehenengoan erosoagoak gendukez: Bakotxak bere buruari, zeinek bere buruari edo nork bere buruari. Eta bigarrenean: Bakotxak bereari edo nork bereari. Hori da geure uste apala, behintzat.

Izenorde honeezaz asko be gehiago dago esatekorik, baina gaurkoz asko da honegaz.

 

 

Iturriko

2014-10-24

 

Esatekoak 0
Ikusita: 752
2014.10.17

On, hobe, hoba, hobeago, hobeto, onago

On eta txar edozein hizkuntzatan oinarrizko hitzak dira, adjektiboak, zehatzago –txar horren ordez gaizto edo gaitz entzun daiteke hizkera batzuetan‑. On adjektiboa konparazino-graduetara daroagunean, itxuraz mozorrotu egiten da, beste hizkuntza askotan legetxe. Beste erreferente bategazko konparatzea danean, hobe edo hoba irregularra garatzen da, eta salbuespen kasuetan baino ez dogu onago erregularra erabilten. Hau hori baino hobea da. Baina: onagoa bada, onagoa, andra hori!, harridura perpausan.

Hobe konparatzaileak bizkaieraz hoba aldaera dau, hainbat egitura eta esapidetan ordezkotza hartzen deutsana. Hoba izan aditz lokuzinoa, esaterako: Berba lar egin baino hoba da isilik egon. Hoba ez da erabagia atzeratzea? Hobe izan lokuzinoaren ordezko aldaera, berau.

Harridura esaldietan be sarri erabilten dogu. Bai hoba! (hobeto izango da), Ez hoba! (hobeto izango ez da, ba!), hoba! (bai, zera!) eta halakoetan.

Aditz lokuzino horretarik kanpo hobe horrek adjektibo sintaxia dauka: etxe hobea, lagun hoberik (hobarik) eta holan.

Baina hobe horren ondoan onago konparatzaile erregularra be bizi da esapide batzuetan. Halan, norbaitegaitik dinogunean: Gure mutila, onagoa da, barriz, onagoa!

Hobe horri, behar ez dala, -ago gehitzeko analogia-joerea be hor dago: hobeagoa, hobeagoak, hobeagorik eredukoak sartzen doaz, hobea, hoberik, hobeak nahikoa litzatekezan inguruneetan. Analogia-joera hori herri-herriko berbetan sartuta dago; txartzat ezin da jo, beraz, baina idatzirako ez dogu gomendatzen.

Hobeto adberbioa da oso-osoan. Kontestuan ondo bereizten ditugu hobe da eta hobeto da euskeraz. Txarrena, gaztelaniaren kalkoz –es mejor esaten da bietan‑ okerreko bidez nahasten ditugunean. Ezin da esan*Hobe bizi gara. Nahi eta nahi ez, hobeto bizi gara, lehen baino esan beharko da.

Gaurkoz asko da.

Esatekoak 0
Ikusita: 1630