kontaktua
2011.03.14

Marzas-ak Karrantza Haranean

Marzas deritxona Kantabria aldean sano errotuta dagoan jaia da. Era berean, inguruko lurraldeetan, Palentzia eta Burgosko iparraldean eta Bizkaia aldean (batez be, Karrantza haranean eta Lanestosa urian) neguko jaiok be ospatzen dira.

Ikertzaile batzuk aratosteakaz lotu arren, ez dakigu jaion jatorria zein dan. Julio Caro Barojak honakoa esan eban:

«Kantabrian eta Burgosen, mutikoak Gabon-gaubean, Urte Zahar egunean, zezeileko azkenengo gaubean edo martiko lehenengo barikuan urteten dira diru-eskean kopla-kantari. Horreei marzante edo marcero esaten jake eta koplei marzas. Gazteok, martiaeak abestuaz, sasoi bateko urte hasiera (Kalendae Martiae) ospatzen eben hareen ondorengoak dira. Urte hasieraren aldaketakaz, marzas izeneko koplak sasoi ezbardinetan abestu izan dira».

Karrantza Haranean, aspaldi-aspalditik martiko lehenengo egunean abesten dira. Kantabriako Soba Haranean egiten diranen antz-antzekoak dira. Berreskuratzeko ahaleginak egin badira be, gaur egun ohitura hori gitxik egiten dau. Sasoi baten, eskolatik urtekeran, gazteek eurek prestetan eben jaia. Baina, beti be nagusien gidaritzapean, eurek erakusten eutsien-eta zer zan ha ohiturea, zer egin behar zan...

Mutil-koadrilak basora joaten ziran gorosti adar eder baten bila (zarramascoa). Egun bian edo hiruan adarrak ebaten ibilten ziran eta guztietatik onena apartetan zan. Koloreetako paperakaz apaindu eta batzutan txilinak ipinten jakozan.

Zarramasco a eroianaren (zarramasquero) ardurea, adarra eroanaz ganera, koadrilea kopla-kantan ebilen bitartean zaratak ateratea. Horretarako, ardi-narruz jantzita joaten zan eta gorputzean txilinez betetako hedeak eukiten zituan kurutzatuta, garritik, bueltan-bueltan, arranak dingilizka. Batzen zituezan jan-gauzak gordeteko otzarea gazteetariko beste batek eroaten eban.

Marzasak kantau osteko domekan, koadrilea batu eta jasotako jakiekin bazkari ederra egiten eben. Sobretan zana euren artean banatzen eben.

Díaz, Miguel Sabino. "Calendario Popular de Euskalerria. Fiestas de cuestación. Karrantza", in Etniker Bizkaia. 9. zk. Bilbao: Labayru Ikastegia, 1990, 106-119 or.

Holangoen barririk bai? Idatzi hemen ezagutzen dozuezan adibideak, edo entzun izan dozuezanak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1365
2011.03.09

Aratosteak

ARATOSTEAK

Aratosteetako ohiturak kristinautasunaren bitartez hartuak dira, baina kristinautasunaren aurreko bizikera paganoaren beste askogaz nahastuta dagoz. Aratoste-aldian lege-haustea dator, gizartearen ordena bertan behera ixtea. Halan ba, egun horreetan arauak hankaz gora dirala, gauzak trabesetara egitea daukagu: goikoa behean egon leiteke, eta behekoa goian. Egunotan mozorroa, barre-zantzoa, dantzea eta kantua dabil ugari bazterretan.

Baina lege-apurtze honek badauka mugea: Hausterre eguna, eleizeak berak izentau dau-eta Garizumearen hasieratzat, eta horregaz batera, Pazko egunera arterainoko estuasun eta barauak etorriko dira.

Aratusteen egutegia urterik urte aldatu egiten da; Aste Santuak agindu, eta horren aurreko Garizuma aldiko egunen arabera eratzen dira. Aratoste, Karnabal edo beste batzuk Inauteriak esaten deutsieezanen ganean esakera asko dago. Hamen batzuk:

  • Inauteri ondoan Garizuma.
  • Inauteak auzitan, bazkoak atean.
  • Inaute gizona, gizon nahasia.
  • Bazko guztiek hilzar, inaute guztiek hilberri, errege Salomonek (Absalonek) ez du gose, ez egarri.
  • Inaute(ri) ixtilkor, Bazko urikor, moltsa betekor.
Esatekoak 0
Ikusita: 1905
2011.03.08

Eguen Zuri eguna

Eguen Zuri eguna

Gaur Eguen Zuri eguna da, Euskal Herriko ospakizunetan zabalera handikoa. Erderaz Jueves Lardero edo Jueves Gordo esaten jako. Nafarroako herri askotan, eta Araban be bai, egun honetan umeak dirua batzen eben jaiegun honi jagokozan abestiak eta bertsoak kantatuaz. Gero diru horregaz merienda ederra egiten eben.

Bizkai aldean neska-mutilak ondoren datozan koplatxuen antzekoak kantetan zituen. Durangaldean oraindino bizirik dagoan Eguen Zuriko koplen bildumea dakargu hona Labayru Ikastegiak argitaratutako Urte sasoiak bildumako Hou pitxu hou! liburutxuan agertzen dana.

Eguen Zuriko astea
Jangoikoak emona guztia,
eskola-mutilak ibilteko
limosna on baten bila.

Eguen Zuriko eguna
Jangoikoak berak egina,
eskola-mutilak ibilteko
limosna on baten bila.

Eguen zuri honetan
hasi gara gu kantetan,
zuri-zuria maixuarentzat
beste enparauak geuretzat.

Hor goian-goian goldea
haren gainean belea,
etxe honetako nagusi jauna
nekazari langilea.

Sibilia ta Granada
urdaiazpia ona da,
urdaiazpia ona da baina
hiru lukainkaz hoba da.

Emongo badozu emoizu
bestela ezetz esaizu,
ateondoko haizeok hartzean
amak ez gaitu bialdu.

Labayru Ikastegia eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea (1998): Hou pitxu hou!
Labayru Ikastegia eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Bilbo.

Esatekoak 0
Ikusita: 2242
2011.03.04

Zezeileko jaiak

Neguaren bihotzean, ospakizun bereziak egiten dira. Modu honetako tradizinoko ospakizunetan esangura handia dauka eguzkiaren egutegiak baina oingo honetan iretargi--egutegiaren eragipean gagoz. Sasoi honetakoak dira Kandelario, San Blas, Santa Ageda eta Aratoste.

KANDELARIO

Zezeilaren 2a da Kandelario eguna. Egun horretan kandelak eta argizaiak bedeinkatzen dira. Sasoi baten bedeinkatutako kandelak, leku kutunen baten gorde eta urtean zehar erabili egiten ebezan, apartekorik egon ezkero, Jaungoikoak emoniko indarra eukiela-ta. Etxekoek osterantzeko babesa behar ebenean (oinaztuak dirala edo pizti txarren bat bazterretatik dabilela), kandelea ixetu eta partetxarreko danak uxatu egiten ebazala sinistuta egozan. Bedeinkatutako kandela eta argizai horreek be etxekoren bat hilten zanean, gaubeilan, erabilten ziran, edo domekaro etxeko hildakoen eleizako hilarriaren ganean isiotzen ebezan. Kandelario egunaren inguruan esakera ugari dago. Hamen batzuk:

  • Kandelario, lario, hatxari ura dario; erroteari uruna, hauxe da guk behar doguna.
  • Kandelario, lario, lario, hatxari ura dario; makatzari madari, eutsi Peru hankeari.
  • Kandelarioz eguzki, negua dago aurretik; Kandelarioz edurra, joan da neguaren bildurra.
  • Kandelarioz euria, laster da udabarria; Kandelarioz aterri, negua dator atzetik.
  • Kandelari hotza, neguaren bihotza. Kandelari bero, negua da gero.
  • Kandelario, edurra dario. San Blasek lagunduko dio.
  • Kandelario egunean eguzkia ikustea baino, otsoa ardi artean hobe.
  • Kandelario bero, negua dogu bero, Kandelario hotz negua joan da motz.

SAN BLAS

Kandelario egunaren ostean, zezeilaren 3an, San Blas dator. Egun horretan be bedeinkazino bereziak egiten dira. Eleiza eta ermita batzuen inguruetan, horretarako berenberegi ipinten diran dendatxuetan, hariez eta dominez ganera, gozoki, fruta eta opilak be saltzen ditue.

Gehienetan andrazkoek eroaten dabez eleizara hari eta jatekook bedeinkatzeko. Eztarriko gatxik etorri ez daiten, haria bederatzi egunean eroan behar da samatik eskegita. Denpora hori egin eta gero, etxeko sutan erre egin behar da aitearena egin eta salbea errezau ostean. Bedeinkatuta dagozan karamelo, ogi, fruta eta jateko guztiak urte barruan jateko izaten dira: samako mina euki ezkero, holangoa jan eta min hori kenduko ei deusku. Bedeinkatuta dagozanez, fruta eta jateko guztiak ez dira hortik zehar bota behar, estalgarririk badaukie be, erre egin behar dira.

Ganaduak-eta etxekoak dirala-ta, leku batzuetan San Blas egunean bedeinkatu egiten dira, eta ez dabe beharrik egin behar izaten. Sarri hari bedeinkatua be ipinten deutsie eta Hausterre egunean erre.

  • Egun horreri lotutako esakerak be badagoz:
  • San Blas, bedeinkatutako haria saman ipini eta, eztulak blast!
  • San Blas, doministikuka ito behar naz!
  • San Blas, ito arte arnas!
  • San Blas, itoko al haz!
  • San Blas, ona bahaz biziko al haz; txarra bahaz, tragauko al haz!
  • Idiek eztula eta San Blas; aitonak eztula eta, itoko al haz!

SANTA AGEDA

Zezeilaren 5a da Santa Ageda eguna. Tradizinoak dinoanetik, Santa Ageda Sizilian jaio zan III. mendean. Orduko Quintianus gobernadoreak haregaz ezkondu gura izan eban, baina hori halan izango bazan, andra horrek kristinauen fedea ernegau behar eban. Santa Agedak, ostera, ez eban holangorik egin gura eta ondo zigortu eta ostean, hil egin eben. Bularrak ebagi eutsiezan; hagaitik, herri-tradizinoan bularreko gaixoen eta, andrazkoen osterantzeko gatxen babeslea dogu Santa Ageda.

Herrian ospe handikoa da santa hau eta bere irudia abesti eta esaunda askori lotuta dago; honeek ezagunenetarikoak:

  • San Blas eta Santa Agedako feriak, mutil-neskatxen ezaupideak.
  • Santa Ageda santea, Muniketako lorea; martirioak pasau zenduzan zaindutearren fedea.

Santa Ageda bezpera arratsaldez, errondea egiten da. Herririk gehienetan umeak eta gazteak kalera urten eta kantaka ibilten dira, kalerik kale, aterik ate.

Esatekoak 0
Ikusita: 1161