kontaktua
2018.09.14

BAINO, BESTERIK, BAINO BESTERIK eta taiu bereko juntagailu adbersatiboak

Aurkaritzazko juntagailuen artean, maileguzko izenez adbersatiboak deritxoenen artean, badira batzuk bereziak diranak euren esanguraz eta testuinguruz, eta han-hor-hemen darabilguzan lotura-marken artean zalantzak eta ezbaiak sortzen deuskuezanak.

Horreetarikoak dira baino, besterik eta baino besterik, biak batera marka bakarra osotzen dabela. Honeek hirurok (eta beste gehiago be) aurkaritzazko juntadura absolutua adierazoteko bigarren juntagaian agertzen dira, bigarren esaldi hau ezezka emona dala; hau da, ez hitzaz (edo ezeztapena adierazoten dauen beste hurrekoren batez) markatua danean.

Juntagailu marka osoak, bada, dira: baino + ez, besterik + ez, eta baino besterik+ ez. Esangura beretsuaz erabiliak dira beste marka batzuk be: ezpada eta baizik berariaz. Baina sintaxi aldetik aparteko jokaerea dabenez, atal honetatik ate itxiko ditugu.

Baino ez juntagailua

Hartu daiguzan abiapuntutzat honango esaldiok. Bata: “Horixe baino ez dogu behar: eurak geure ganetik paretea!”. Bestea: “Pobre bizi dala! Dirua baino ez dauka eta!”. Bizkaiera eremuko edozein lekutan ezpanetatik berez jalgiten jakozan esaldiak, edozeini.

Laburbidezko egiturea dogu baino ez dalakori. Azpian datzazan egiturak osoak izan leitekez. Batean: “Horixe behar dogu; besterik ez dogu behar”. Bestean: “Dirua dauka; besterik ez dauka”. Oinarrian, euretariko bakotxean, esaldi bi banangoak ditugu; bietan aditz bera errepikatzen da: behar dogu # ez dogu behar eta dauka # ez dauka. Eta horrelakoxe kasuetan aplikatzen da errazen elipsia: jarraiko esaldi bitan egitura bera errepikatzen danean, erlatibo perpausetan eta osterantzeko batzuetan jazoten dan legetxe.

Halanda ze, besterik sintagma partitiboa oinarrizko egituran egoan bera da.

Baino nondik garatu edo erakarri da funtzino horretara? Konparatze-egituretatik, hain zuzen baino -ago goranzko marka konparatzailetik. Oinarrian datzazan egiturak, horren arabera izan leitekez: Hori baino gehiago ez… eta Dirua baino gehiago ez…

Berbaz barra-barra darabilgun egiturea dogu baino ez, eta berorren aurrean doan sintagma izan daiteke izen batena, adjektibo batena, adberbio batena, aditz batena…, berba baten, edozein hiz kategoriarena. Halan esaterako: gorria baino ez, gaur baino ez, joan baino ez, Europan baino ez, basoa baino ez… eta halantxe zenbat gura, malgutasun osoz.

Sartalde euskerako tradizino idatzi modernoan ondo errotua dago egitura hau. Domingo Agirreren esaldi hau izan bedi baliagarri: Kurrukarako gosea Jaungoiko guzurrezkoen erakuspen oker bat baino ez da” (Auñemendiko Lorea).

Besterik ez juntagailua

Beste zenbatzailea, ezezko perpausan eta balio mugagabeaz erabilirik, eta ingurune horretan –ik atzizki partitiboa beregandurik, bihurtu da juntagailu marka izatera. Goian aitatu dogu, esaldi bi banango izatetik esaldi bakar izaterako urratsa zelan garatu dan; baino-ren kasuan lez, elipsi bidez egitura laburrera jota.

Bada itsas herrietan kantetan dan kantu bat, Bermioko portuan / goixeko ordubidxetan hasiera dauena, zeinen ahapaldi batek berbok kantatzen dituan: Ez da besterik entzuten, / ez da besterik entzuten: / Txo, atrakaizu batela!. Kasu honetan perpaus bi ditugu alkartuta. Horretatik garatua da esaldi bakarrean mezu osoa alkartzea. Gitxi gorabehera: “Batela atrakatzeko baino besterik ez da entzuten.” Esaldi banango biak alkartzeko beste modurik ez dago, baino eta besterik jokoan sartuta ez bada.

Besterik ez juntagailuak aurrean dauen izen edo adjektibo sintagma singularra edo plurala izan, aditzagazko numero-akordioa bardin jagongo dau: plurala danean, aditzean be islatuko da pluraltasun hori. Txakur horrek zorriak besterik ez DITU, eta ez zorriak besterik ez *DU.

Izen sintagma partitibo normala balitz, aditzean nor-sintagma singularrean eskatuko leuke: Txakurrak ez DAUKA zorririk. Baina gure kasuan besterik ez da jada izen sintagma partitibo normal bat, egitura izoztua baino, juntagailu marka izateko finkorik geratu dan lotura-marka bihurtu dana, partitiboaren tasun guztiak galdurik.

Horrexegaitik bada, gaur egun ikusten diran erabilera batzuk agramatikaltzat jo beharrekoak dira. Halan: “Makina honek txartelak besterik ez *du onartzen” esaldiak ditu adizkia eskatzen dau, txartelak IS plurala dalako.

Kontrako kasua litzateke ondokoa: “Makina honek txartelik besterik ez *ditu onartzen”. Kasu honetan txartelik IS partitibo normala da, eta horrek berez eta legez eskatzen dau aditzaren jokoan objektu singularra markatzea: txartelik besterik ez DU onartzen.

Baino besterik + ez juntagailua

Baino eta besterik, biak batera juntagailu konposatu bakar gisa, ezezkako perpaus barruan, ez marka aurrean zein atzean agertu daitekela, sarri gertatzen dan egitura da.

Hizkuntzak, bere ibilian, marka biak alkartzera jo dau, eta euskerearen sartaldeko ‑berariaz bizkaieraren erdi eta ekialdeko‑ hizkeretan marka hau nagusi izatera etorri da juntadura mota hau adierazoteko. Eta erdialdeko hizkeretan barrena be baietz esan leiteke.

Berbeta naturaletik jasoriko hiru adibide emongo ditugu: “Horrek ez dauka gorrotoa baino besterik”. “Dirua baino besterik ez eukan”. “Aurre-aurrean daukazu. Begiratu baino besterik ez daukazu, zeu konturatzeko”.

Esan leiteke, baino eta besterik markak euren soilean erabilita baino enfatizatze handiagoa irabazten dauela baino besterik egitura bikotxak. Hizkuntza barruan, juntagailu soilaz (baino edo besterik) edota biak alkartuta erabiltea, koexistentzian dira: biak erabilten ditue hiztun askok, zer adierazo gura dan, haren arabera. Aurkaritzazko juntadura tipo beraren maila bi dirala pentsa daiteke: juntagailu banangoaz, neutroagoa, eta marka binangoaz, indartuagoa. Baina segurutik badira hiztunak, egitura binangoa baino ez darabilenak. Horrek esan gura dau, orokortu egin dirala, zelanbait neutroagoa bihurtu dala.

Tradizino moderno idatzian erabili izan diranen artean hiru idazle lekukoren adibideak erakarriko ditugu. Domingo Agirre: “ez naz batzar onetan egon azken artean, eta zure hitzak baino besterik ez ditut entzun” (Auñemendi). Felipe Arrese-beitia: “Beietan ia ez dot ikusten / Tubalen ume zintzorik. / Ez dalako gaur hemen entzuten / erderaz baino besterik” (Ama Euskeria).

Azkue lekeitiarrak be badarabil, baina juntagailu biak sintaxi libreagoan agiri dirala: “Hauxe baino etzan besterik orduan entzuten” (Latsibi), “Errenteru batek ugazabarentzakoa baino beste berbarik, ez botorik eztauko” (Latsibi), “Kartagon etzan apurtxo baten euli-soinua baino beste otsik entzun.” (Azkue Latsibi).

Baina apur bat azterka egitea nahiko da, Kirikiño lango idazle sendoek be zein ugari eta sendoro erabili izan daben baino besterik bikotxa, ohartzeko.

Badira, aurrekoez gainera, beste marka batzuk, edo aurrekoen aldaki batzuk, esangura eremu horretan erabili izan diranak, edota erabilten diranak. Hara zeintzuk:

Besterik / ezpada

Mateo Zabala bilbotarraren adibide bategaz on egingo dogu beronen biziraupena: “Etxake entzuten besterik, ezpada berbarik astunenak, garratzeenak eta lotsabaakoenak”.

Baizen (/baxen) ez

Gaur egun nagusi diran baino, baizik eta besterik juntagailuaren egiteko eta balio berberaz erabili izan dan juntadura-marka dogu berau; zahar itxurakoa eta zahar etorrikoa berez, baina bizkaieraren sartaldean hondino be guztiz galdu ez dana. Edozelan be, bizkaierazko literatura klasikoan ondo sustraitua. Mateo Zabala bitarteko hartuta on egingo dogu atzera be, marka honen bizi indarra, eleiz sermoi giroko kontestuakaz baino ez bada be: “zer esango dot arako […] Pazkoaz baxen konfesetan eztireanak gaiti?”.

Baino aurkaritza juntagailuaren kide-kidea dogu baizen marka hori: “au ezta zeure jantzian jausi dan txingarra baxen”, “denporea emoteko baxen eztoguz guk esaten berba, ipuin ta kanta orreek”.

Gaurkoz honetan itxiko dogu azalpena, nahiz eta berez hari-matasa honen firua luzea be luzea izan.

 

Iturriko

2018-09-14

Esatekoak 0
Ikusita: 148
2018.09.07

ERDI, zenbatzaile zehaztuen kategoriako danean

Erdi berbea, gaztelaniazko “medio, mitad, semi-” eta kidekoen antzera, gramatika kategoria diferentetan darabilgu; hitz malgua eta askotakoa da, kategoriaz anitza.

Izen kategoriakoa dogu sarritan, neurri-, kantitate-izenen sailekoa. Ondoko esaldioetan, esaterako: Auto txiki honek beste handi horren erdia balio dau. Erdiagaz nik ez daukat ezer; osoa behar dot. Horregaitik beragaitik, izenlaguna aurrean ipintea onartzen dau: Liburuen erdiak akatsakaz publikatu dira.

Adjektibo kategoria be gordeten dau batzuetan; ez sarriegi, dana dala. Hatakotzat joko gendukez honango esaldiak: Plazan egoan jente erdia edadekoa zan. Bide erdia egin dogu; orain beste erdia falta.

Graduatzaile kategoriaz dogu berariaz emonkorra eta bizitasun handikoa erdi hitza, beste hitz kategoria batzuekaz alderatuta. Graduatzaile lexikala da gehiago, gramatikala baino, baina edozelan be era libre eta malguan erantsi ohi jake aurretik, graduatzen dituan hitzoi. Gaztelaniaz be, erdi honen antzera jokatzen dabe ‘medio’ eta ‘semi-’ hitz-markek.

Graduatzen dituan kategoriak ia danak ohi dira. Batzuetan, izenak: erdi gizona, erdi basoa, erdi baserri erdi txaleta. Sarriago eta errezago gertatuko dira adjektiboak: erdi zoroa, erdi leloa, erdi itsua…, eta askoz sarriago, adberbioak edo aditz partizipioak. Adberbioen kasua: erdi txarto, erdi ondo, erdi gaixorik…. Aditz partizipioen kasua: erdi mozkortu, erdi poztu, erdi argitu, erdi galduta ibili.

Postposizino kategoria autortzen deutsagu beste batzuetan, gaztelaniazko “en medio de” balioaz: etxe biren erdian, bidearen erditik, gau erdian.

Eta akabukoz, zenbatzaile kategoria, eta horren barruan zenbatzaile zehaztuen azpikategoria. Izan be, bat, bi, hamar, hogei, ehun… zenbatzaile zehaztuak ‑-numeralak ohi deritxe honeetarikoei‑‑ diran moduan, azpikategoria horretan sartzekoak dira, erabileretariko batzuetan, bete, lauren, bana eta beste batzuekin jazoten dan antzera.

Zenbatzaile dogunean erdi.

Zenbatzaile garbi izateraino garatu da erdi, izen-adjektibo kategorietatik, bete aditz-adjektiboa egin dan antzera. Bidearen erdia izen sintagma, hau da, distantziaren erdia izendatzeko adieran, bide erdi izatera etorri da formula batzuetan. Halan desafio edo aupada gisa, pertsona bik, batak besteari zuzentzen deutsezanean, burruka egiteko edo: ‑Etorri hona! –Ez, etorri zeu hona ea! –Bide erdi! Lehiakide bat bestea dagoan lekuraino joan beharrean, bata eta bestea erdi puntuan alkartzea, erdiguneraino etortea. Hanka erdi! be erabilten da, aupada formula modura.

Esapide finkoa da gatx erdi / gaitz erdi, itxura baten hitz konposatua, baina berez gatx erdi, hau da, gatx osoaren erdia, bigarren osagaia zenbatzaile gisa erabilia. Mogelenean daukagu testigantzarik zaharrenetarikoa: “berorrek amau gaikezala gu, bere gorputza janaritzat emoteraiño, igarokorra ta gatxerdi litzate”, baina berez gipuzkera eremuan sarriago entzuten dana. Agirre Asteasukoren testigantzak, ugariak dira, adibidez.

Izen be erdi, neurria, zenbatekoa, finkatzeko erabilten dan berbea da: unitatearen erdia, hain zuzen. Eta berez, neurria, zenbatekoa aplikatzen dan eremu diferente guztietarako baliagarri da: espazioa eta distantzia, bolumena, pisua, denporea e.a.

Botila erdi eredua eta botila eta erdi eredua

Egitura bi dira, zenbatzaile gisa, sarrien erabili ohi diranak: a) Izen + erdi, eta b) Izen + ta erdi.

Botilea hartzen badogu edariaren neurritzat, neurri horren 50%a adierazoteko, bata: botila erdi. Eta neurri hori osoa eta horren erdia adierazoteko bestea: botila eta erdi, azunbre eta erdi, litro eta erdi… (edan genduan).

Denpora eremura etorrita, ordutegiaren inguruko esapideetan ikusten da garbien erdi zenbatzailearen papera: Ordu erdi darabilgu, ordu bete edo ordu lauren darabilguzan egitura eta sintaxi berberaz. Baina denpora eremutik urten barik, bardintsu erabilten dira edo erabili leitekez. Denpora tarde luzeagoetan: urte erdi, hile erdi, eta bide beretik mende erdi edo mende eta erdi, eta usadio gitxiagoko beste batzuk be bai: egun erdi, goiz erdi, gau erdi, arratsalde erdi… Eta denpora-unidade laburragoetan be bardin: minutu erdi, segundu erdi. Eta bide beretik, minutu eta erdi edo segundu eta erdi, zehatz kronometratzen hasi ezkero.

Espazio eremuan, luze-zabala eta nondik norakoa, distantzia, dira aitatzekoak: metro erdi edo metro eta erdi, kilometro erdi edo kilometro eta erdi eta ildo horretako beste asko.

Bolumenaren eremukoak be ugariak dira, berariaz isurkari eta edariekin; bardin deutso ura, ardao edo esnea izan. Edari edo bestelako isurkari baten neurria emoteko ontzi edo zelan-halango edukin bat hartzen badogu, haren erdia edo haren neurria eta beste erdi bat adierazo nahi badira, hainbat esapide darabilguz geure egunerokotasunean. Edukin edo ontzi jakin batzuen izenak ohikoak dira gure artean: basu, katilu, botila, koilara, lapiko, kazuela… Halan garatuak dira: basu erdi ardao zuri; katilu erdi esne (edo katilu eta erdi); botila erdi txakolin (edo botila eta erdi). Gure inguruko herri baten bazan lehenago gizon bat, Koperdi ezizena ipini eutsena, bazkalosteko edaria, kopa osoari gehiegi eretxita, kopa erdi eskatu ebalako.

Neurri estandarragoetara etorrita: litro erdi edo litro eta erdi, klasikoagoak diran azunbrea edo kuartilua aintzat hartuta: azunbre erdi edo azunbre eta erdi, kuartilu eta erdi. Kopla zahar baten hitzak gogoratuz: “Neure kapela makurra, / beti tabernara gura. / Halakoan baten itxiko‘t / azunberdiren kontura”. Hau da, azunbre erdiren kontura.

Pisuaren eremua be emonkorra dogu erdi edo eta erdi zenbatzaileen erabileran. Unidade zaharretariko batzuk hartuko ditugu. Arroako unidadea, txarriki pisurako asko erabilitakoa, hartuta, “arroa erdi urdai” idatzi eban Mogelek. Librea, arraina neurtzeko sarri erabili izan dana, lehenago esaten zan: libra erdi antxoba edo libra eta erdi txitxarro. Anegea, laborea neurtzeko erabili izan dana hartuta, esaten izan da: anega erdi indaba edo anega eta erdi gari. Eta gaurko unidade ohikoetara etorrita, bardin aplikatzen da: kilo erdi angula edo kilo eta erdi indaba.

Diru kontuan, berariaz eta erdi, usu erabilia da moneta unitate jakin bati darraiola, gaurko kasuan euroa. Halan: Euro eta erdi kostau edo bost euro eta erdi ordaindu. Eta lehenagoko moneta-unidadeetara jota, erreal, lauko e.a., garatu izan dira: “bost errial ta bost lauko ta erdi”, “bost errial ta bost kuarto ta erdiraino”.

Berez, neurri zehatza eskatzen dan edozein eremu semantikotan egokitzen da erdi zenbatzailea. Hizkuntzaren joan-etorrian eboluzino txiki bat gertatu da berez-berez gramatikaren aldetik adjketibo kategoriatik zenbatzaile kategoriara. Txokolate tabletearen erdia jan dot esatetik, Tableta erdi txokolate jan dot edota Tableta erdi jan dot txokolatea esatera. Edo kategoria biak batera hartuta: “Txokolatea tableta erdi baino ez dot topau; beste tableta erdia saguren batek jan dau, antza.”

Eboluzino edo garapen hau ez da atzo goizekoa, aspalditik datorrena baino. Gure klasikoen artean ondo lekukoturik agiri da, ugaria ez bada be; baina idazle batzuetan beste batzuetan baino gehiago, dana dala. Sarri ohi dogunez, Mogelen idatzietara joko dogu aipu bakan batzuen bila. Batzuetan erdi eta beste batzuetan ta erdi egiturak agiri ditu. Eremu semantiko diferenteen artean, denporea eta pisua dira nagusi. Denpora eremuan erdi zenbatzailea (batzuetan konposatu antza euki arren) ohikoa da egun, gau, ordu izenen atzean: “egun erdi artian igaro ezkero”, gaberdi ezkero joan edo edan baga”, “ordu erdi baino egingo ezpalu ere”, “ordu lauren da erdi igaro artian”. Bitxia jazoten da, gaurko erabileratik ikusita, Mogelen pasarte hau: “orduerdi”.

Eduki-izena agirian ohi da beste batzuetan; gitxienetan. Isurkarien eremuan, pitxar, katilu, basu, kikera, kantin, terrin… Halan Mogelenean: “Pitxar erdi ardao, amar lauko”, “Asmatu zuan erostea baso erdi aguardiente”.

J. Mateo Zabala bilbotarraren lekukotasunak urriak dira, eta ia beti denpora eremukoak, edo are estuago, ordu eta erloiu izenakaz batera darabilzanak: neurri-izentzat erdi zenbatzailearen, edota lauren eta bete-ren aurretik. Gramatika egitura honen adierazgarri bardinbagea, honakoa: “kontu daigun berbarako, abarkaak josten iru ordu lauren, atea konponduten ordu erdi; esia zarratuten ordu bete; edo frakaak ifinketan erloju bete, gona batzuk eta panizelu bat garbituten erloju erdi; artoa garaunduten erloju erdi, eta alan puskaka puskaka aldi luzea bearrean emotea”.

-rik erdia egitura

Asko, nahikoa, gehien eta beste zenbatzaile zehaztugabeakaz sortuak diran eskerrik asko, nahikoa beharrik eta beste halako beste egitura askoren antzera, erdi hitzagaz batera, honen aurretik doan izena -ik partitiboaz markaturik agertu ohi da sarri.

Baina zehatzak izanda, erdi kasu honetan ez da zenbatzaile kategoriakoa, ez da zenbatzaile mugagabea, adjektibo kategoriakoa baino, eta -a/-ak mugatzailea atzean dauela dihardu sintagma katean, eta inola bere ez mugatzaile barik.

Horretarikoak dira berbaz sarri darabilguzan batzuk: Biderik erdia oinez egin dogu. Etxerik erdiak jausita egozan. Jenterik erdia erdi birlorauta ikusten zan. Sartaldeko euskeran agiri da indartsuen, idatziz zein berbaz, egitura bitxi hau.

Klasikoen artean, J. Mateo Zabala bilbotarra dogu honetan be bide-erakusle bardinbakoa. Hara beronen pasarte gitxi batzuk, goian azaldutakoa on egiteko: “biderik erdia eginik daukazue”; “laster loak artuten dituz, eta ez dabe gorurik erdirik bere egiten zein lagunen artean”; “Arakatuten dau mundurik erdia eta alan bere irapazi on bat etaraten badau, pozik iragoten dituz izerdi eta neke andi guzti oneek”.

Oraintsuagora etorrita, Zamarripa sondikoztarra dogu beste lekuko ereduzko bat: “Ohostu deuskue etxerik erdia” (Firi-firi), “Bosgarren paperaren erdia be baltzitu dogu, irakurlea. Paperaren erdia eta paperik erdia” (Firi-firi), “Erromerian dagon / jenterik erdia / berorren adi dago oin” (Gora.begira), “Baltzeoan ibili’da, / gorputzik erdia / lurrean dabilela” (Gora.begira).

Gomendio gisa, erdi zenbatzaileari bere estatusa, bere lekua autortu behar jako idatzian be, ahozkoan aspalditik egina eta sendotua dauen lekua.

Bego honenbestean gaurko idatzia.

 

Iturriko

2018-09-07

 

Esatekoak 0
Ikusita: 171
2018.07.20

“Bi ugazabaKO etxea, kaltea” -DUN eta -KO posesiboak alkarren lehian

Gramatikan esan ohi da, -dun atzizki posesiboa, edutezkoa dala, eta -ko atzizkiak be, kontestu gramatikal eta semantiko jakin batzuetan, esangura posesiboa hartzen dauela.

Baina ez –en/-ren genitiboagaitik esan ohi dan balio “posesibo” bardina, guztiz bestelakoa baino: AitaREN etxea dinogunean, genitiboa hartzen dauena izena (aita) da, edukitzailea, jabeduna, eta harek determinaturiko edo aginduriko izena (etxea), edukia edo jabetasuna. AitaK dauka etxeA, funtsean.

Baina –ko atzizkia balio posesiboaz darabilgula dinogunean, guztiz alderantzizkoa da edukitzaile-edukien arteko erlazinoa. Goiko errefrauko izen sintagma adigarritzat hartzen bada: bi ugazabaKO etxea, bi ugazaba dira edukia edo jabetasuna eta etxea da jabeduna, edukitzailea, nahiz bizibakoa izan etxea eta bizidunak, bi ugazaba.

Beste hainbeste jazoten da –dun atzizkiaz be. AbarketaDUN dantzaria sintagman, abarketak dira edukia, jabetasuna, eta dantzaria da edukitzailea, jabeduna.

Eremu semantiko berean mogitzen dira, bada, -dun eta –ko posesiboa, eta guztiz banangoan –en/-ren atzizkia.

Idatzi honetan argitu nahi doguna da, eremu berean diharduen -dun eta -ko atzizkien artean ze oreka dagoan hiztunen erabileran, batzuetan bata eta beste batzuetan bestea erabilteko. Semantika esparru berean mogitzeak ez dau esan nahi sintaxi esparru berean erabilten diranik. Bestetara esanda, atzizki bion bereizkuntza, erabilera mailan, hiztunen artean, sintaxi mailako baldintzen arabera finkatzen da batez be, eta gitxitan gertatzen da alkar trukatzea bata bestearen lekuan, sintaxi egitura bat eta bera danean behintzat.

Atzizki bion artean, jabedun edo “posesibo” esanguran, -dun dogu oinarrizkoa, eta -ko, osagarria edo albotikoa. -Dun atzizkiaren sustraian *edun (eun) aditz partizipioa dagoke, eta -din (bardin, neurdin, urdin) atzizkia *edin aditz baten erroaz eregi izan dan modura, halantxe sortua dirudi halaber -dun atzizki horrek. Esanguraz be hari-harian datorrela esan daiteke: kapela-duna, kapelea duena (dauena).

Eta -ko atzizki genitiboari buruz, balio posesiboa gordeten daueneko kasuaz, ze berezitasun dauela gaineratu daiteke? Bat, hauxe: eremu semantiko zabalagoa hartzen dauela izen kategoria barruan, -ko hori leku-denpora saileko eta esparrukoa danean onartzen ez dauena: izen bizidunekin eta giza-izenekin be erabili ahal izateko gaitasuna. Goiburu gisa ipini dogun errefraua adibiderik garbiena: Ugazaba biko etxea, kaltea. Edo eleiz liturgian behin baino sarriago entzun dan honako hau: Hiru abadeko mezea.

Baina sintaxi mailako beste berezitasun bat be gordeten dau -ko posesibo horrek. Sartalde eta erdialdeko hizkeretan behintzat, -ko da onartua dan forma bakarra. Esparru semantiko horretakoa danean, gramatikak ez ditu bideratzen ez -tako mugagabea, ez -etako plurala. Ugazaba bi eta hiru abade sintagmak semantikaz pluralak dira, mendi bi eta hiru etxe izan leitekezan moduan. Baina lehenengo kasuan ugazaba biko eta hiru abadeko izenlagunak eregiten ditugu, -ko atzizki soilaz, eta bigarrena, mendi bietako eta hiru etxeetako, plurala eta determinatua (zelanbait mugatua) danean, -etako atzizkiaz beraz; eta mendi bitako eta hiru etxetako, mugagabea danean, -tako atzizkiaz.

Baina hau esan eta batera zehaztu beharra dago, Iparraldeko ‑eta orohar ekialdeko hizkeretan‑ atzizki mugagabeaz, -tako dalakoaz markatzen dirala (ez -ko markaz, gurean legez) balio posesiboa dabenean. Axularren esaldi hau betor lekukotzat: “Piramidea edo piramideak ziren sepultura suerte batzuk, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk”.

Laburbilduta, beraz, genitiboaren marka bi ditugu lehian eremu berean: -ko erdi eta sartaldean, -tako ipar eta ekialdean: hiru kolore-KO zapia # hiru kolore-TAKO zapia.

Funtsezko baldintza bat jagoten dau beti sintaxi mailan -dun atzizkiak: ez dau mugatzailerik, ez osterantzeko determinatzailerik onartzen izen bategaz edo izen + adjektibo multzo bategaz alkartzeko: gramatikaren aurkakoak lirateke, bada, /-a, -ak, hiru, asko/ edo bestelako markadun izenei gainean -dun eransten jaken sintagmak. Izen edo adjektibo mugagabearen, soilaren gainean, txertatzen da beti, eta bakarrik, -dun atzizkia. Soineko edo jantzi bategaitik, halako kolorea edo koloreak dituala adierazoteko, esan daiteke kolorezkoa dala edota koloreduna dala. Baina itaun egiteko orduan, zer edo zein determinatzailea aurretik ipini ezkero, ezinbestean esan beharko dogu: Ze kolorekoa da? Edo Iparraldeko erara, Ze koloretakoa da? Baina oker eregiak lirateke ondoko itaun-esaldiok: *Ze koloreduna da?, *Zein koloreduna da?, eta *Zelango koloreduna da?

Gramatika ildo horren bidetik, sintaxi egituraren aldetik izen sintagmarik oinarrizkoenak –dun atzizkiagaz markatzen dira. Izenak, bakarrik agiri danean sintagman, -dun hartzen dau: gonaz jantzirik doana gonaduna da, txapela daroana txalpelduna, kortxoaz zarraturiko ardao botilea kortxoduna e.a.

Izen soilaren gainean nekez erabilten da -ko posesiboa. Arkondara erraiduna (erraiaduna) esaten da, baina ez *erraiakoa. Marrazki bizidunak esaten da, baina ez *bizikoak.

Izen jakin batzuk, -ak mugatzaile plurala jagokenean, bai onartzen dabe -etako atzizkia esangura posesiboa espresatzeko. Koloreduna esaten dan moduan, koloreetakoa be esaten da: koloreetako pinturak, koloredun pinturak aitzen emoteko. Kasu horretan marka-bitasuna agiri da. Baina edozelan be guztiz mugatua da -etako genitibo pluralaren erabilera esangura posesiboaren eremuan.

Izen-adjektiboak batera agiri diranean eta izen multzo konplexua sortzen danean, orduan be -dun atzizkia darabilgu testuinguru batzuetan, baina -ko beste batzuetan. Bien arteko bereizkuntza, maila semantikoan jokatzen dala esan leiteke.

Txapelduna dinogun moduan esan daiteke txapel gorriduna, edo bizarduna dinogun legez, bizar zuriduna. Hau da, -dun atzizkiak gaitasun sintaktikoa dauka izen multzo konplexuak be izenlagun funtzinora erakarteko. Etxe bat zein dan identifikatzeko, teila gorridun teilatua daukana esan geinke. Edo takoi luzeduna legez izentau geinke, aurrean dakuskun neskatila bat.

Eremu semantiko mailan, -dun horren bidez, izaki baten osagai, hornigarri edo apaingarri dan zerbait aitzen emoten dogu sarritan: soinekoena edo gorputzeko apaingarriena dira kasu agiriak.

Sintaxiaren aldetik, beste ezaugarri bat be eukiten dabe -dun atzizkidun sintagmek: mugatzailea edo determinatzaile bat zuzen hartuta erabiltea ohikoagoa da, hau da, nominalizaturik, izenlagun modura baino, ondoren izen bat dauela baino. Gona gorriduna egitura ohikoagoa da gona gorridun neskatoa baino.

Sareko gramatika batetik jasoriko adibideak dira ondokoak: Kolore gorriKO kuadernoa, kolore beltzeKO axuria eta kolore zuriKO zaldia. Izaki baten koloreak dirala eta, senak beste era honetako agintzen deust niri: kuaderno hori kolore gorriDUNa dala, azuria kolore baltzDUNa dala eta zaldia kolore zuriDUNa.

Baina /Izen + Adjektibo/ multzoak, sarritan, beste kontestu askotan, -ko atzizkiaren bidez atxikitzen deutsaguz osteko izenari: Balio handiko harria esaten dogu, baina nekez *balio handidun harria. Bihotz oneko pertsonea esaten dogu, baina nekez *Bihotz ondun pertsonea. Ikuspegi zabaleko pentsalaria esango genduke, baina nekez *Ikuspegi zabaldun pentsalaria.

Soinekoen koloreak dirala-ta, bietara onartuko genduke: kolore bizidun soinekoa edota kolore biziko edo bizietako soinekoa.

Edozelan be, -ko atzizkiak balio posesiboa hartzeak maila semantikoan be eragin apartekoa dauka normalean: jabetza edo edukitze hori, berak determinatzen dauen izenaren esentziari lotuago dago, barruko izateagaz batuago dago, -dun atzizkiaren kasuan baino.

Baina /Izen + Adjektibo/ ereduko izen multzoak dira, batez be, -dun eta -ko alkarren lehian dakuskuzanak, eta kontestu askotan marka bata edo bestea zalantza handi barik badarabilguz be, kontestu batzuetan lausoa bien arteko muga. J. A. Mogelen zenbait adibide ekarriko ditut hona, -dun atzizkidunak, baina beste aukerea be onartzen dabenak, itxura baten. “Oinetako zoru sendoduna” darabil, gure ustez -ko atzizkiagaz be egokitu daitekena. “Kape kerizgarriak ta egal biribil ta luzedunak” darabil, baina luzekoak be ondo ekanduko litzateke hor. “Gorde zaite berba labandunetati” aholkatzen gaitu behin, baina berba labanekoetatik be zuzentzat joko genduke.

Eta autore berak, paragrafo berean, IS batean -dun eta bestean -ko darabilz, zelanbait marka bion kidetasunaren agergarri diranak: “semea zan gorputzez […] ederto ebagi ta azal zurikoa; barriz alabea, […] balzerana ta arpegi matxarduna” (Ip 58).

Izena edo izen multzoa asko, gitxi edo euron hurreko zenbatzaile zehaztugabeez lagundurik doanean, -ko posesiboa da onartzen dan atzizki bakarra. Euri gitxiko hilea esango dogu, baina ezinezkoa da gramatikaz *euri gitxidun hilea esatea. Atzizki hau, -dun, ez da bateragarria ezein determinatzailegaz, bardin da zehaztua dan edo zehaztugabea dan. Ertz askoko arazoa dala esan geinke, konplexua dala adierazoteko, baina ezinezkoa genduke gramatikaz: *ertz askodun arazoa. Gazte bategaitik esan geinke eskolatua dala edo eskoladuna dala, horren antonimoa eskolabakoa dala. Zenbatzaile zehaztugabeotariko bat sartuta, esan leiteke: Eskola gitxiko laguna, edota: eskola handiko edo askoko laguna.

Gehien zenbatzaile konparagarriaz bardin: Ikuslerik gehieneko ordua esango genduke telebistaren audientzia dala-eta, eta ez *Ikuslerik gehiendun ordua. Gehiago zenbatzaile konparagarriaz be beste horrenbeste. Pertsona bategaitik diruduna dala esan ohi da. Baina konparatzen hasten bagara, zeinek diru gehiago kasu baterako, esango genduke: Hau baino diru gehiagoko gizonik ez dot ezagutu. Ezin esango genduke: *diru gehiagodun gizonik.

Zenbatzaile zehaztuak, numeralak, sartzen ditugunean izen sintagman, izenak adierazoten dauen izakia zeren jabe dan espresatzeko era bakarra -ko atzizkiaz baliatzea da, baina ezertara be ez -dun atzizkiaz. Hotel batek bost izar baditu, bost izarreko hotela dala esango dogu, baina gramatikaz ezinezkoa da: *bost izardun hotela. Lehenago bereizten ziran mezak, zenbat abadek emonak ziran ohartuta: Hiru abadeko mezea ospe handiko mezea ohi zan, eta abade bakarreko mezea, zehea.

Eskuak atzamarrak daukazala adierazoteko, esan geinke eskua atzamarduna dala, baina eskuak bost atzamar dituala adierazoteko, ezinbestean esan beharko dogu: bost atzamarreko eskua dala, eta baten bat falta badau, lau atzamarreko eskua.

Golde eta areak, zenbat hortz, halangoak izan ohi dira. Guztiak dira hortzdunak, baina hortz kopuruaren arabera, hiru hortzekoak edo hiruortzak, bost hortzekoak edo bostortzak, zazpi hortzekoak edo zazpiortzak. Sardak be bardin; badira bi hortzekoak edo biortzak, lau hortzekoak edo lauortzak eta abar. Eta zenbatzailerik ez badabe lagun, beti be hortzdunak izango dira. Atzizki hau eta guzti lexikalizaturiko izena dogu lauoinekoa, urde edo txarria izentetako. Mogelen berbaz: “Nik erakutsiko deutsudaz abere lauoiñeko zantar onen zati andi ta txikar guztiak”. Ankabiko konposatua be sarri erabili ohi dogu gizakia izendatzeko, eta ironiadun formula bat erabilirik: Ankabiko txakurrak izango ziran lapurren egin dabenak.

Gai honek berez emoi askoz ugariagoa daukan arren, bego gaurkoz askotzat honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-07-20

 

Esatekoak 0
Ikusita: 482
2018.07.13

HAINBAT, HORRENBAT, HONENBAT Zenbat / Hainbat Konparatze markak

Bat zenbatzailea edo beste zenbatzailea bigarren osagai modura hartuta, eta honen, horren, hain lehen osagaia dala, gramatikan zenbatzaile zehaztugabeen kategorian sartzen diran hitz konposatu txorta bana garatu dira: batetik, hainbat, horrenbat, honenbat dalakoa eta bestetik, hainbeste, horrenbeste, honenbeste dalakoa.

Ez dago esan beharrik, -beste osagaiaz osotuak dirala ugarienak eta edonongo euskeran zabalen dabiltzanak, eta -bat osagaiaz eregiak, urri-mehats erabiliak, gero eta urriago eta mehatsago denporearen joanean, eta forma batzuk hizkera askotan guztiz aldenduak.

Oraingo idatzi honetan -bat osagaidunez jardungo dogu labur, -beste erakoak hurrengorako lagata.

Txorta bakotxa honen-, horren-, hain- hurrenkeraz azalduta agiri bada be gramatikarik gehienetan, guk atzekoz aurkeztea gurago izan dogu, hau da, zabal eta ugarienetatik hasita urrien edo bakanen erabiliak diranetara: hainbat, horrenbat, honenbat, hurrengorik hurrengo.

Berez konparatiboak dira, bai hainbat eredukoak, bai hainbeste eredukoak, gaztelaniazko “tan, tanto, tantos” tipokoen kideak. Baina euron konparatze-balioa makaltzen joan da denporearen ibilian, neurri baten behintzat.

Hainbat, zenbat zenbatzaileaz korrelazinoan azaltzen da sarri konparagarriak egiteko: zenbat... hainbat.... Halan: zenbat behar dozun, hainbat eskatu. Baina sartaldean, dana dala, hainbat horren lekua hainbeste markak hartu dau gero eta gehiago.

Konparatze hori goranzkoa izan ohi da sarri, -ago atzizki gehitzailea lagun dala: zenbat... -ago, hainbat... –ago. Frai Bartolome eta Lardizabal lango idazle klasiko biren adibideez on eginda: “Ez dago dudarik, neure entzula onak, gauza ona izan ezkero, zeinbat andiago, ainbat naiago ta maiteago” (Bartolome); “zenbat geiago esan, ainbat aren indarra goragotzen da” (Lardizabal). Aldi modernoan, zenbat / hainbat korrelazino-markak eta juntagailuaz indartzeko joerea nagusitu da: zenbat eta…, hainbat eta… Halan: Zenbat eta gehiago esan, hainbat eta txarrago.

Baina korrelazino-egiturez ostean be, bai –ago, bai –en atzizki konparagarriakaz batera behin baino sarriago ikusiko dogu. Batetik: hainbat okerrago, hainbat txarrago, hainbat hobeto. Bestetik: hainbat arinen, hainbat lasterren, hainbat gehien.

Bizkai euskeran baino gipuzkeratik ekialderantz askoz gardenagoa da hainbat horren konparatze-zeregina. Iztuetaren Kondairako pasarte biotan, adibidez: “Otsozar gaitzgilleak, basoak ugariago ziran denpora doatsu aetan ainbat ezpada ere, ardi-jabeak nai baino geiago agertzen dira Gipuzkoako mendietan.”, eta: “Lurrarekin burruka ari oi diran nekazariak eta baso eremuetan ikatzgintzan diarduten langilleak ainbat neke izerdizko egiten dabenik, eta maizago egarritzen danik ote da besterik?”.

Hainbat zenbatzaile zehaztugabe soil legez erabilia da bizkaierazko tradizinoan gehienbat: “asko, anitz” eta “nahikoa, polito, dezente” marken erdibideko balioaz, gitxi gorabehera. ­Zenbat kostau jatzu? –Hainbat; uste baino gehiago.

Gure klasikoetan konparazino aztarrena badau hondino hainbat honek, baina konparatze-erreferentziarik agiri ez dala. Barrutiaren pasarte bat: “Iregi bidi lurra, iruntsi nagi. / Sekula ainbat pena eztot eugi”. XIX. mendekoa dogun Pedro Astarloak pasarte honetan darabilen baliotik hurrago dago gaur egungo sartaldeko erabilera, konparagarri balioetatik baino: “Liburu onetantxe dauka euskeraz, berorrek anbat lan, neke, izerdi, gaubela, ibilera, eta ainbat eriotzako arriskuz zaindu daben legea”. Baina oinarrian hor datza, gaztelaniazko “tanto” horretan legez, konparagarri izatea. Idazle beronen hurrengo pasarteak darakus garbiro, hain, hainbat eta hainbeste esanguraz eta sintaxiz kide hurrekoak izan dirala gure tradizinoan: “Alan neure kristinauak, ezta mirari Jaungoikoa ain aserraturik egotea; ainbat gatx, ainbat lan, ainbeste neke, ainbeste gerra gure ganera bialdutea, bere izen santua oin azpian zapaldurik darabilenen ganera”.

Hainbat marka, zenbatzaile numeral bategaz, eta juntagailua tarte dala be erabilia izan, gaur egun “eta piku” darabilgunaren balioaz. Barrutiaren honek on egindako egitura: “Salsatako zeruak kakin zeinbat intsaur jo ziran, / Liau lau bere, liau lau bere, ondo nago kontuan, / salsa jaiten iru motrallu pedazadu nituan, / Liau lau bere, iruntsi ditu eunda ainbat gaztaña”. Gaur egun be guztiz gomendagarria egitura hau, maileguetara joten ibili beharrik barik.

Horrenbat, sartaldeko tradizinoan gitxi erabilia izan da, baina halanda be, bizirik dirau hiztunen artean. Neuk Mendatan jasoa da ondoko erabilera itaun-erantzun kontestuan: “Zenbat kosta jatzu: mila hogerleko edo? - Bai, horrenbat.” Konparagarritzat erabilia da bete-betean hor: horrenbat: horrexen beste inguru. Otxolua mundakarrak horrenbaten darabil balio beretsuaz, hau da, adberbioturik: “Bai, pizka bat; ez da, bada, holan esateko pisua bere: amabi kintal, horrenbaten.” (Ipuin-Mipuin)

Gure sartaldeko klasikoen artean be urria da horrenbat, baina erabilia, halanda be. Adierazarria da, edozelan be, Mogel markinarrak, gipuzkeraz diharduanean darabilela zenbatzaile hau: “Baina euskal errietan ez dago orrenbat gari”, “Ez nuen, Jauna, nik uste orrenbat kalte zegoanik janean”.

Eta beste hainbeste jazoten da honenbat zenbatzaileaz be. Mogelek gipuzkeraz darabil, baina bizkaieraz ez: “zor dituela onenbat meza”, “emateko urteoro onenbat diru”, “Ez dute infernuko gaizkinak onenbat eskubide”.

Sartaldeko euskeran denporan guztiz atzera jo behar da honenbat eta horrenbat idatziz ondo dokumentaturik ikusteko. Lazarragaren erabilerak dira gardenenak. Darabilzank aldaerak: oneinbat, orreinbat (orrinbat). Izenaz batera sintagman: “Udabarri guztiz alegerea, / maiatzeko lora ederraena, / ze indazu beti oneinbat pena”, "‑Oi, nox zenbiltzen / orrinbat gatxez munduan?" (45r)

Gipuzkerazko tradizino klasikoan, ostera, bai honenbat, bai horrenbat ondo sustraiturik agiri dira, batez be Beterritik ekialderantz. Agirre Asteasukoa dogu horren lekuko egokia: “Baiña non ta nor da, nere kristauak, egungo egunean, bere anima salbatzeko egiteko andi onetan onenbat kezka ta izerdi artu nai duena?”, “Ta nondik zuri, nondik niri onenbat ontarte, edo mesede?”.

Gaurkoz honenbategaz asko dalakoan, itxi deiogun arloari.

 

Iturriko

2018-07-13

Esatekoak 0
Ikusita: 256
2018.07.06

“Partidua hasi ORDUKO gola sartu” Lehentxuago eta gerotxuago zibu-zabuan

Bizkaia Irratiko entzule batek oraintsu egindako itaun bat atxakia hartuta idatzia da lantxu hau. Entzule horri gogor egin jakon esaldi horren mezua. Beraren erabileran eta buruan, “partidua hasi orduko” zan esatea lez: partidua hasi baino lehen edo partidua hasi aurretik. Bestetara esanda: hasi orduko denpora-marka erabilita, bere euskal senean, kontraesan bat egoan futbol partiduaren inguruan: lehenengo partidua hasten da eta gero gola sartzen da. Gola sartu dabe bada perpaus nagusiaren prozesua, ezinezkoa da denporazko mende prozesua, partidua hasi, lehenago edo arinago gertatzea. Hiztun horrentzat orduko postposizinoa oker erabilita egoan, orduko horren esangurea, harentzat, baino lehen edo aurretik marken bardintsua dalako.

Baina partidua transmititzen egoan esatariarentzat, partidua hasi eta batera gola sartu ebela iragarri gura ebanarentzat, ostera, hasi orduko guztiz era zuzena zan, orduko horren bitartez beste denpora erlazino bat adierazo gura ebalako: ekintza-prozesu bi bata bestearen atzean, baina segidu-segiduan gertatu zirala; alkarren jarraiko ekintza biren ia bat-batekotasuna. Bigarren hiztun honentzat, hasi orduko esatea zan hasi eta batera, hasi eta berehala, hasi eta segiduan esatea legetxe.

Orduko denpora postposizinoak bizitasunik gehien erakusten dauen eremua euskerearen sartaldea bada be, eremu osoan izan da gitxi-asko erabilia, eta sartaldeaz kanpo era berezi batez lapurtera eremuan, baina erdialdean eta nafar hizkeretan ere bai gitxi-asko.

Zein izan da orduko marka horren eboluzino semantikoa, aditz partizipioaz batera darabilgunean? Tradizinoari eta erabilerari ohartzen bagatxakoz, argiro dakusku, gaur dituan balio bion artean prozesu bien jarraikotasuna adierazoten dauena dala zaharrena eta eremuz zabalena, tradizino idatziari bagagokoz; prozesu biak bata bestearen atzean, jarrai-jarraian jazoten dirala adierazoteko marka izan dala: mendeko prozesua lehenengo, eta nagusia ostetxuan, ia bat-batera. Errefrau ezagun batek on egiten dau garbi denpora oreka hau: “Abenduko eguna, argitu orduko iluna”.

Lazarragaren lekukotasun apurrak be argiak dira esangura aldetik. Bata: “Bada bere aek ondo begiratu orduko, salbaje biak arrebatadu zituen Sirena ta Silbia, zeinzuk utra laster ta erroitu andiaz eroan zituen florestati beera, Silberok eta Doridok remediorik emun al baga”. Bestea: “Ordu askotan, oi ta, bear dau / iregi bere polsea. / Semerik badeu, esaten jago: / — Aita, egidak jakea. / Ari jakea egin orduko, / alabeorrek gonea. ” (42r).

Denpora-balio horrek bere horretan dirau hizkera guztietan ‑bizkaiera barru dala‑ denpora luzean. J. A. Mogelek berak be adibiderik gehienak esangura horretakoak ditu. Adibide bi. Bata: “Aotik atera orduko [biraoa], gomutau ta kontura zan”. Bestea: “Zer egin daroagu erre-usaina sentiu orduko?”. Esangurak garbiak dira: atera eta batera, sentidu eta batera.

Baina idazle beronen beste adibide batzuk beste denpora-oreka baten adierazle dirudie. Bata: “Erein orduko garia oraingo euskaldunen lurrean, onek saratu bear dau”. Bestea: “Emoidazu laztan bat urten orduko emendi”.

XIX. mende hasieratik indartzen eta hedatzen joan da lehentasun esangura hau, baina ez dator guztiz bat baino lehen, aurretik marken balioakaz; mendeko ekintza nagusikoa baino lehenago gertatzen da, baina aurre-aurretxoan, denpora-tarte guztiz laburra bien artean dala.

Frai Bartolomeren ondoko adibideok be esangura hauxe on egitera datoz. Bata: “Askotan, geu kontuan jausi orduko, doa gure pensamentua uste ez dogun lekura”. Bigarrena: “Zer egiten dau sugeak? Inor akordau orduko, ixilik eztena sartu, berenoa ezarri, ta gaixotu, ta il”. Baina idazle beronen beste pasarte batzuetan ostera, ez dirudi denpora-erreferentzia bera gordeten danik, bata-bestearen jarraikotasuna baino: “besteak berba bat esan orduko, erremuskadeagaz atzera sartuten deutsala”.

Esan daiteke denporaren joanean, bigarren balio hau zabaltzen eta sartaldeko hiztunen artean nagusitzen joan dala. Hori da arrazoia, gaur egungo hiztunik gehienentzat bitxi gertatzea hasieran aitatu dogun esaldi hori: Partidua hasi orduko gola sartu dalakoa.

Baina gaurko hiztunen artean apur bat aztarrika hasi ezkero, berehala loratuko dira euron ezpan artean honetariko esaldiak be. Gernikaldeko Ana Oar-arteta lankideak Ajurian jasoak diran bi ekarriko ditut lekuko. Bata: “Erropak eskegi orduko euria hasi dau”. Bestea: “Neuk bueltea hartu orduko berbetan hasten dira ikasleak”. Barrutiko auzoan egin ditudan itaunketa batzuen erantzunak be bide berekoak izan dira.

Halako bidekidetasun antzeko oreka bat agiri da /Partizipio + orduko/ egituraren balio bien artean: balio zaharra oraindino indarrean dala ezagun da, balio barriagoa, modernoa, nagusi agertu arren.

Sintaxiaz ohar labur batzuk

Mende perpausaren atze-marka modura agiri danean, orduko honek egitura diferenteak ditu aukeran. Hiru edo lau, gitxienez. Egiturarik ohikoena eta hedatuena, aditz partizipioagazkoa da: esan orduko. Ezaguna dau bigarren bat be, baina mehats erabilia, aditz jokatuagazkoa, -n atzizkia adizkiari dautsala: datorren orduko. Bada hirugarren bat, -te aditzizenaz eregia, eremuz eta erabileraz murritzagoa: joatorduko, ikustorduko, egotorduko. Eta badau laugarren bat, denporearen barruti horretan, aditza eliditurik dala: leku izenekin, -ra adlatibodun adizlagunaz: etxera orduko, hara orduko. Eta denpora- edo ordu-izenakaz, absolutibo kasuaz: seirak orduko, zortzirak orduko, urte akabua orduko.

Aditz jokatuaz darabile gure idazle batzuk, klasikoak berariaz. Esangurea, denpora-sekuentzia, aditz partizipioagaz dauen berbera: ekintza biren arteko berehalakotasuna, bata-bestearen jarrai-jarraiko izatea. Mogelen pasarte bi. Bata: “Zagoze bada prest ta sendo, arerioakaz eskuetara etorri bear dan orduko” (PAb). Bestea: “Baietza emon eban orduko Democlesek, agindu eban Dionisiok ipini egiela gizon axe urrezko oe baten”. J. Mateo Zabalaren beste hau ildo berekoa dogu: “nik ezteutsat gatxik opa, baia bera dakusdan orduko odol guztiak irakiten deust”. Eta bardin Astigarragaren hau be: “Konfesau zan ordukoxe geratu zan berba barik, ta ezer entzun ez ebala, eta euki ezkero bere gorputza subil bat legez denpora zati baten, ondo surtuta beukazan bere arimako almonak edo potentzijak, il zan.” Gaur egungo berbetan ez dirudi erabilia danik, edo gitxi entzuna da behintzat.

Aditz jokatuagaz ezagunagoa eta erabiliagoa da, berbaz be, -n orduan egiturea: kanpaiak joten dauen orduan eta baten bat ilten dan orduan. Kasu honetan, prozesuen arteko denpora-orekari jagokonez, aldi berekotasuna datza azpian; denpora berean gertatzen dira ekintza biak.

Orduko postposizinoa aditzizenari dautsala, esatorduko, emotorduko, ikustorduko… ereduaz, Arratia eta Nerbioi aldeko ibarretan erabilten da hondino be, baina sustrai zaharrak ditu berez. Añibarroren idatzietan be agiri da noiz edo noiz: “Ave Mariak jotorduko orazinoak” darabil behin, eta: “Itxadon egizue, bada, santutasun ta bertutezko frutua, zein dan fruturik egiakoena, eta eztozue gitxi egingo, irabazten badozue ilte orduko”, idazten dau beste behin.

Gaur egun be bizi-bizi dirau ibar biotako berbetan. J. Manu Etxebarriaren Gorbeia inguruko ipuin-esaunden bilduman badira hainbat lekukotasun. Kastrejanako zubiaren ipuinekoa dogu hau: “Ta orduan (…) kukurrukuarena kantatorduko esan eutsien egingo ebela zuria”. Zeanuriko bati entzuna dot beste hau: “Bialdu eiozu mezua beharretik joatorduko”.

Aditzizenagazko egitura honek mende-perpausaren lehentasuna adierazo ohi dau: baino lehen, aurretik marken baliokidea dogu.

Aditza agiri ez danean, edo orduko izen kategoria bati darraionean, honako egitura banangoak erabili ohi dira.

Batetik -ra orduko. Espazio edo leku adierazle diran izen edo adberbioakaz: hara orduko, mendira orduko. Bada esapide bat, agindu edo mandatu bat, joan-etorri edo eroan-ekarri bat arin egin behar danean erabilten dana: Hara orduko hemen. Hona orduko han. Aditzik ez da agiri, baina azpian mogimentu-aditz bat datza: joan, ailegau… Esangura nagusia, berehalakotasuna ohi da, ekintza biak segidu-segiduan egitearena. Baina beti ez da hain argia: lehenagokotasuna adierazoten dala dirudi beste testuinguru batzuetan. Mezara berandu joiazanakaitik idatzi eban gure Mateo Zabalak: “Abadea euren begira ez, ta eurak ara orduko, edo emon zan mezea, edo bai beintzat igaro”.

Aditzizena adlatiboan dala, -tera orduko egituraz garaturiko esaldiak be ezagunak dira, eta idazle batzuen erabileran polito erabiliak. Frai Bartolome etxebarritarra dogu kasurik agiriena. Auzi eta pleituez diharduela darabilzan pasarte bi. Bata: “Ara emen (…) ze mendi gatxa, altua ta aldapatsua igaro bear daben auziaren errazoiak, juezak erabagia emotera orduko”. Bestea: “Ta orduan bere, bideti etxera biurtuta, kontuak obeto ateraten badituzu auzitan astera orduko, nekez garbatuko jatzu”. Egitura horren esangurea, baino lehen markaren berbera.

Aditz partizipioagaz atze-marka lez, orduko ezeze, ordukoxe adierazkorra be ezaguna da; gaur egungo berbeta batzuetan be baietz esango neuke. Eta hiztunek, orduko klasikoaren ondoan ordukoxe garatu badabe, denpora-sekuentzien anbiguidadea kentzeko izan da: ordukoxe markaren bidez ekintza bien jarraikotasuna, berehalakotasuna zaindu gura izan dabe hiztunek. XIX. mendeko frantziskotar sermoilari eta idazle baten pasartea dakargu aurrera: “Ikusi ordukoxe bere gorputza bere arimeagaz batera ikaragarrizko ziega atan, jarraituko deutso konturik eztaukan demoninoen banda batek, ta ezarten direala bere ganian suge bibora amurratuak legez, ezarriko deutse euren berenoa bere zentzun guztietan ta penauko dabee ezin esaneko moduan”.

Gaurkoz bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-07-06

Esatekoak 0
Ikusita: 258