kontaktua
2018.02.22

ASKO lagunek hori baleki…

Asko zenbatzaileaz, zeharka, 2016-03-31ko Bizkaieraren Atarian jardun genduan, izenburua: “Askorik, nahikorik, hainbesterik… Zenbatzaileak -ik partitiboaz bai, gero?” eban idatzian. Harako idatzian, zenbatzaile zehaztugabe diran hitzei, ezezkako edo itaun perpausetan -ik aplikatzea ez dala orohar gramatikaz bideragarri ez gomendagarri baieztatzera gentozan, eta hiztunen usadioan salbuespen nagugia asko zenbatzailearena gertatzen dala autortzen genduan: askorik ez da behar, askorik ez dago, askorik ez daki moduko esaldietan.

Asko zenbatzailea, esangura bi edo hiru diferenteak beregandu leikezan hitza izanaz gainera, gramatika-kategoria diferenteez azaldu daitekena be badala autortu daigun lehenengo. Izenordaina, batzuetan: Askok ez daki hori. Izen multzo baten determinatzailea, beste batzuetan: Jente asko batu da. Kontu zahar asko entzun dira.

Adjektibo kategoriara be makurtzen da batzuetan, -a mugatzailea lagun dauela: Askoak eta askoak batu ziran jaialdira. Izen kategoria be izan leiteke, hau be -a mugatzaileaz: Askoak eta larrak ez dakarre mesederik. Gitxia eta neurria hoba izaten da jate kontuan. Kantitate-adberbio modura sarri darabilgu: Gure mendietatik asko ibiliak dira neska-mutilok.

Graduatzaile kategoriaz be hizkera batzuetan franku entzuten da, samar, samarra erabiliak diran antzera, berariaz Artibai, Deba eta Urola aldeko hizkeretan. Adjektiboei laguntzen: “Eder askoa da ardao hori”. “Guapo askoa zara”. Adberbioei eragiten: “Ondo asko pasau dogu”. Domingo Agirre ondarroatarrak honako lekukotasuna eskeini euskun: “Mariak, zuek bezela, laster askoan igaro zituan bere gaztetasuneko egun loratsuak” (Sermoiak).

Asko zenbatzailea, izen edo izen multzo bategaz batera agiri danean, haren atzean da ia beti, “anitz” esangurea gordeten dauela: gazte asko, ume txiki asko, behar asko. Hori da lege nagusia, salbu ekialdeko hizkeretan. Anitz izen multzoaren aurrean erabilia dan eremuetan, haren ordez asko darabilenean, berezko joerea dabe sintaxi berbera, aurre posizinoarena, hari ezartea: Anitz urtez > asko urtez.

Baina kontua da, gipuzkera eta bizkaiera euskalkien eremuetan be, bai tradizino idatzian, eta bai gaurko berbetan be –berbaz edozelan be mehatsago erabili izan arren–, izen multzoaren ezkerrean kokaturik erabilteko joerea zaharra da, aspaldikoa. Baina aurre posizinoan agiri danean, bai tradizino idatzian, bai ahoz, esangura berezia beregantzen dau; atze posizinoan darabilgunean dauenaz bestelako balioa.

Mogelen Peru Abarka-n esaldi ezagun bitan agiri da sintaxi hau, eta R. M. Azkuek, obra honen gaztelaniazko bertsinoa emokeran, ‘edozein, beste edozein’ edo horrelatsuko esangurea autortu eutsan asko horri esaldi biotan. Bata zan: “Ze gizon galanta asko nekezalek jazten dituan muetakoak erabilteko!”. Bestea: “Asko nekezaleri esan bazeuntsa, etzenduan urtengo emendi beste barberu edo zauri-osagillaren baten premina baga”. Baina Mogelek berak be, “hainbat” esangureaz darabil beste obra edo idatzi batzuetan aurre-posizinoko asko hau: “Ez dabe asko aberatsek kontu ateraten, zelan errenteruak pagau bear dituen amarren-primiziak”. Hor jagokon esangurea ez da, ezelan be, anitz, “mucho” dalakoa.

Itxura baten klasikoa dirudian aurre posizinoko sintaxi horrek bizirik dirau gaur egun be. Baina sintaxi horregaz ez dauka ez “anitz”, ez “nahikoa, aski” esangurarik. Goian aitatu diran esangura bien artean zabuka dabilela esango neuke. Batzuetan, “edozein, beste edozein” esangurea dau; eta askoz sarriago “hainbat” edo horrelatsuko balioa. Sintaxi honegazko erabilera, gaur egungo hiztun zeheen artean (adin batetik gorakoetan, berariaz) zabal dabil Bizkaiaren sortaldetik Gipuzkoarantz: Durangoalde, Deba-Leniz, Urola eta Goierriko hizkeretan entzun ohi da gitxienez, eta inguru zabalagoetan, seguru asko.

Han-hor-hemen neuk jasoak dira honetariko esaldiak. Abadiñon eta Iurretan, ikasle izan ditudan bertako lekukoengandik –eta honeek euren gurasoetatik– jasoak dira lehenengo esaldiok. Eurotan asko zenbatzaileak edozein zehaztugabearen hurreko balioa dauka: ‘Asko gizonek hori baleki’ (= Baten batek hori baleki...) (Abadiño). “Asko lekutan esaten badozu hori... igual hartzen zaitue aurrean!”. “Asko pertsonak entzungo baleu hori...”. “Asko modutan aurkitu ezkero eta ertzainak agertu...”. “Asko lekutan aurkitu ezkero gasolina barik, txarto pasau behar!” (Iurreta).

Gipuzkoako hizkera diferenteetan batuak dira bigarren esaldiok: “Ezin da asko lekutan holakorik esan!” (Lazkao). “Baziran orduan asko kasurik egiten ez zienak elizari, baina oso nabarmenak izaten ziran haiek!” (Usurbil). “Asko gaztek ba al zekik ba zer nahi duen!» (Urrestilla).

Zenbatekoaren kontzeptua beti ez dator bat zenbakarri edo kontagarri izateagaz. Izen asko dira neurgarri modura hartzen ditugunak, baina ez dira ezinbestean kontagarri. Jentea neurtu geinke asko edo gitxi esanda –edo hainbat, hainbeste eta halako zenbatzaile zehaztugabeak erabilita, baina multzoa, piloa kontenplatzen da, ez zenbat diran zehatz. Baina ostera, ume, kipula edo ibaiak zenbaki bidez kontau edo zenbatu geinkez.

Asko zenbatzaileak eremu bietako izenak hartu leikez aise. Gari asko dinogunean, gari piloa esaten gagoz, eta gari gitxi dinogunean, gari apurra. Baina aldiz, lagun asko dinogunean, pertsonen zenbateko handia adierazoten gagoz, nahiz zehaztasunez adierazo ez. Euria, energia, beroa, denporea… neurgarriak dira, baina orohar ez ditugu zenbatzen, zeharkako neurriz ez bada (litroak, graduak, kilobatioak…)

Aditzagazko komunztaduraz da azkenengo oharra. Asko zenbatzaileaz, aditzagazko akordioa singularrez egiteko joerea da nagusi. Bai izen neurgarriakaz –jente asko batu da–, baina baita zenbakarriagaz be gehien bat, nahiz eta honeekin ez beti. Bigarren kasuan akordio sistema biak dagoz indarrean, eta biak dirala onargarri esan daiteke. Singularrezkoa, beharbada, gomendagarriena: Ume asko doa ikastolara. Huts asko egin dot azterketan. Baina pluralezkoa be barra-barra darabilgu, eta nekez epaitu geinke akats lez: Asko gaisotu dira negu honetan gure lantegian.

Bego honenbestez.

 

Iturriko

2018-02-22

Esatekoak 0
Ikusita: 129
2018.02.16

Egin AHAL dana egin AHAL bada, ondo goaz

Ahal, esanguraz “ahalmen, ahal izate, botere” adierazoten dauen izen bat, izen kategoriakoa izateaz gainera, aditz jokoan be funtzino eta esangura garrantzitsua hartzen dauena da. Aditz jokatuen modalidadea markatzeko berezitu ditu hizkuntzak, eta eboluzino horren bidez izen kategoriako izatetik aditzaren osagai “modal” izatera etorri dira.

Ahal modalaren sail berekoak ditugu, bakotxa bere esangureagaz, honako besteok be: behar, nahi, gura, uste, gogo eta, harean diferentea dan arren, zelanbait baita ezin marka be.

Idatzi honetan ahal modalidade-markaz jardungo dogu soilik, ezezkako ahalmena adierazoteko darabilgun ezin marka hurrengo baterako lagata. Ahal markak berak eskeintzen dau ertzik asko, zehaztasunak emoteko.

Ahal –edo al, aal hegoaldeko tradizinoan–, potentzial edo ahal izate zentzuaz aparte, beste balio batzukaz be agiri dan modu-marka dogu aditz jokoan. Balio optatiboa edo desirazkoa, uxala markaren hur-hurrekoa, gertakizuneko partizipioaz: Egongo al zara bakean!. Zalantzadun galdera adierazle, itaun perpaus barruan, gaztelaniazko “acaso, por ventura” adberbioen hurrekoa: Ez al dozu jakin etorriko zala? Baietz uste neban. Oraingoan ez ditugu jorratuko modalidade balio biok be.  Gatozan, bada, ahaleraren modalidea adierazoteko ahal darabilguneko kontestuetara.

Ahalerazko modua aditz jokoaren bidez adierazoteko, aditz multzoari ahal txertatzea, aukeretariko bat da, beste batzuen artean. Aditz laguntzaileen bidez adierazoten da ahalera sarri be sarri, “ahalerako adizkiak” deritxegunen bidez: joan daiteke, etorri leiteke, esan daikegu, eroan geinke... ahalerazko aditzak dira. Eta ahalerazko aditz paradigmako adizkiakaz lehian, ahal hitz modalaz eregitako aditz multzoak ditugu: esan ahal dana, egin ahal danean, eroan ahal badozu…

Baina euskerearen erdi eta sartaldeko hizkeretan, kontestu sintaktiko (eta semantiko) banangoen arabera egiten da sistema bataren eta bestearen erabilera. Muga eta baldintza jakinak eskatzen ditue egitura batzuek eta besteek. Ahal hitz modala aditzean txertatu ohi dan kontestu eta baldintza horreek zehazten saiatuko gara ondoko lerrootan.

Aditz trinko bategaz batera nekez erabilten da ahal modala. Dator edo daki adizki trinkoei ahalera modalidadea erantsi nahi bajake, ez da eregiten euskeraz *ahal dator edo *ahal daki ereduko egiturarik. Ez eta mende perpausan be, *ahal badator edo *ahal dakiena eredukorik. Aukera nagusi bi, edo hobeto esanda hiru, ditu hizkuntzak ahalera kutsua bermatzeko.

Bata, tradizino zaharrekoa eta gaur galduxea, -ke atzizkiaz markatzea: datorke, dakike. Baina gertakizun aspektua da horretan nagusi, ahaleraren gainetik: “Dakianak artzaiten / dakike emaiten. // ‘Quien sabe tomar sabrá dar’.”

Bigarrena, adizki trinkoa perifrastiko bihurtzea. Ahal, orohar, menderakuntzan txertatzen da honelakoetan. Dator > etorri ahal danean, etorri ahal bada, jakin ahal badau, jakin ahal dauen guztia.

Eta hirugarrena, ahalerazko adizkiez baliatuz, aditz perifrastikoa garatzea. Egitura hau batez be perpaus nagusietan edo –la atzizkidun osagarrietan garatzen da: etorri leiteke, jakin leitekela deritxat.

Edozein kasutan be, ez dogu gauzatzen prozesu baten ahalera-izaera: Etxera *ahal goaz ereduko aditz egituren bidez. Esateko era normalak besteok dira: Etxera joan geintekez. Eta ahal sartuta: Etxera joan ahal garanean joango gara.

Gakiozan aspektuaren alderdiari.

Orain momentuko ahal izatea, bururagabea deritxona markatu nahi bada, eta esaldi nagusia bada, normalean ez dogu ahal markaren bidez egiten, euskerearen sartalde eta erdialdeko hizkeretan behintzat. “Yo me puedo ir ahora” adierazo nahi badogu, usadioz euskera darabilgunok, ez gure tradizinoko idazleek, ez darabilgu: Ni orain joan ahal naz. Darabilguna da ahalerako adizkia: Ni orain joan naiteke, edo neinteke. Bata zein bestea, ze euron arteko bereizkuntza semantikoa aspaldi neutralizatua dago gure hizkeretan.

Mendeko osagarrian, -la atzizkiaz markatuan badago ahalera egitura hori, orduan be ahalerazko adizkietara joko dogu. Ni orain joan naitekela uste dot. Nekez erabilten dogu: Ni orain joan ahal nazala uste dot.

Gainerako menderakuntza guztietan, bai ostera: Joan ahal garan guztiak. Joan ahal bagara. Joan ahal garanean. Joan ahal garalako. Baita –la adberbialaz eregitakoetan be: Egin ahal dozula, ez egitea ez dago ondo.

Iraganeko bururagabean beste hainbeste gertatzen da. Egun horretan etorri ahal ziran edo Momentu haretan ekarri ahal genduzan nekez erabilten ditugu. Iraganean, momentu jakin baten gertatzen ari dan prozesuaren ahal izatea adierazoteko be, ahalerareko iraganeko adizkietara joten dogu orohar: Egun horretan etorri eitekezan edo momentu haretan ekarri geinkezan hobesten ditugu hiztunok.

Desbideratze badaezpadakotzat joko gendukez gaur egungo gure hizkera sistemaren arabera (sartalde eta erdialdeko hizkerez dihardut), kalean entzuten diran honen antzeko esaldiak:

- Joan ahal naiz. Joan naiteke hobetsiko genduke.

- Egin ahal da. Egin daiteke edo leiteke hobetsiko genduke.

- Nik badakit neska horrek lan hori egin ahal dauela. Beste hau hobetsiko genduke: ...egin leikela/lezakeela edo ...egin daikela/dezakeela.

Aspektu burutua, amaitua edo perfektoa adierazoten dogunean ostera, izan txertatzen dogu aditz perifrasian, eta ahalera adierazoteko ahal izan multzoaz baliatzen gara. Horretara, orainaldiko burutuak lirateke: joan ahal dira, ekarri ahal izan dogu, ikusi ahal izan dira edo emon ahal izan deutsat. Eta iraganean be bardin: ikusi ahal izan ziran edo eroan ahal izan genduzan.

Ohiturazko aspektua, habituala be deritxona, ahal izatea barruan dala, ahal izaten multzoaz adierazoten dogu: ikusi ahal izaten dira, irabazi ahal izaten dogu eta eredu horretakoak erabiliz.

Gertakizuneko aspektua, futuroa dalakoa adirazoteko, ahal izango egituraz baliatzen gara Pirinioz hegoaldeko hizkerarik gehienetan, eta ahalko, orohar, Iparraldeko eta nafar hizkeretako ezaugarria dogu. Egin ahal izango dira edo eroan ahal izango ditugu egiturez baliatzen gara sartalde eta erdialdeko hizkeretan. Egin ahalko dira eta eraman ahalko ditugu tipoko perifrasiak ekialdeko, berariaz Iparraldeko, hizkeretakoak dira.

Aoristoko aditz laguntzaileak (*edin, *ezan, egin...) be onartzen dabe berez ahal hitz modala, baina gaur nekez erabilten da, tradizino klasikoan ohikoa izan arren.

Subjuntiboko adizkiak ohi dira batzuetan:

- “Erosiko ditut topau al daidazan basko edo kiputzeko liburuak” (Mogel). Gaur egun egiteerako adizkiaz ordezkatuko genduke: …topau ahal ditudan…

Ahalerazko adizkiak ohi dira beste batzuetan:

- Itaun perpaus bat: “Guzurra esan al baleite gauzaren baten intenzino onagaz, inok pekatu egin bagarik?” (Kapanga). Gaur egungo sisteman itaun hori beste era honetara egingo genduke: Guzurra esan leiteke…?

- “alan azaldauko neuskezuz beste gauza asko euskera garbian, begiakaz ikusi al deitekezan zan, azur edo mamin gauzeetan” (Mogel). Gaurko usadioan ahal hori ez genduke txertatuko: …ikusi daitekezan…

Ahal aditz perifrasian sartzen dogunean, laguntzaileak iragangaitza edo iragankorra izan behar dauen, izan ohi da beste zalantza puntuetariko bat. Aditz perifrasi barruan ahal sartzeak ez dau baldintzatzen aditz laguntzailea da edo dau tipokoa izatea. Aditz nagusiak agintzen dau laguntzailearen izaeran, ez ahal hitzak. Halan bada: joan ahal izan dira, baina ez joan ahal izan dau; etorri ahal baziran, baina ez etorri ahal baeben.

Egia da, hainbat lekutako herri-berbetan, egiteerazko laguntzailea dau erakoa, transitiboa erabilteko ohitura dagoala. Halan: Joan ahal badot esaten da leku batzuetan, eta ez joan ahal banaz. Zuzenak dira egiturok herri-berbeta mailan, baina ez arau mailan. Araua, tradizioaren bidetik finkatu da beti be, eta tradizino idatzian ez dago horretan zalantza izpirik.

Bego gaurkoz honetan, ahal aditz modalari buruzkoa.

 

Iturriko

2018-02-16

Esatekoak 0
Ikusita: 216
2018.02.09

Hemen dira Aratusteak

Hemen dira aratusteak, inauteriak. Asteburu honetan nonahi egongo dira ospakizunak, erromeriak eta mozorroa

Aratusteak ez dira bardin ospatzen leku guztietan. Bizkaian bertan, hainbat herritan ez dira ospatu be egiten izan oraintsura arte. Baina leku batzuk berezkoa dabe era batera ospatzea, era bateko mozorroa egitea, era bateko pertsonaiak ateratea...

Denporeagaz aldatzen doa jaia eta ospatzeko modua. Bideo honetan hainbat jakingarri.

https://www.youtube.com/watch?v=cbFHVE4BMVo

Esatekoak 0
Ikusita: 215
2018.02.02

“Zeanuritik baraurik urteten badozu, Gorbeiara orduko DAMUTUKO JATZU”

Halan dau hasierea, Arratia aldeko kantu ezagun batek, damutu aditza barruan dauela.

Damutuko jatzu edo ez jatzu damutuko, berban-berban darabilguz euskal hiztunok, argumentu-egitura modernoago batez damuko zara horregaz edo ez zara horregaz damutuko esango gendukenerako. Bigarren hau, jakina, askoz ugariagoa da gaur egungo berbetan. Lehenengoa, behar bada, transmisino naturalez euskera iruntsi dabenen artean, eta batez be edade batetik gorakoetan.

Zer-nori damutu argumentu-egitura hori zaharra dogu edozelan be, esanguraz giza gogoagaz, giza adimenagaz edo giza borondateaz lotuta dagozan beste aditz batzuetan legetxe.

Damutzea norberari gertatzen jako, kasu honetan zuri. Norbera (kasu honetan zu) da subjektu semantikoa, baina datiboaz espresaturik agiri da esaldian (zuri); argumentu osagarria da gramatikaz, eta damutze gertaeraren hartzailea semantikaz; aditz prozesuaren hartzaile pasiboa, zelanbait esateko; damutzearen prozesua jasaten dauena. Eta objektu semantikoa, damutzea, esaldiaren subjektu gramatikal bihurtua da.

Garbatu aditza, aurrekoaren sinonimoa, argumentu-egitura berberaz erabilia da eta izan da: “Garbatuten jakojokalariari jokoan egina” (J. Mateo Zabala).

Argumentu-egitura hau onartzen daben aditzak, aitatu ditugun giza gogoaren adierazle edo inguruko esparru semantiko honetakoak hainbat dira berez, baina euretariko batzuei zuzenduko deutsegu geure oharmena, maiztasun neurri adierazgarria dabenetara, hatan be. Zeintzuk diran? Damutu aditzaz gainera, ahaztu, akordau, begitandu, eretxi, gogoratu, gomutau, haserretu, otu iruditu, zoratu aditzak dira ezagunen antekoak. Beste batzuk, ez hainbeste.

Haserrearen esparru semantikoan, Markinaldean entzuten diran esamodu batzuk aitatu daiguzan. Berdetu edo berbe jarri edo parau da bat: “Hori esan deutsadanean, zelan berdetu jakon!Berotu da beste bat: “Berotu jako eta inguruko guztiak joten hasi da”. Ildo berekoak dira Jabier Kalzakortak aitatu deustazan beste honeek be: “Hori esan eutsanean, zatartu jakon”, “Zelan txakurtu jakon!”, edota “Astotu jako”. Azkenengo aditz egituron kideak lirateke, egitura hori ezagun ez daben edota ez darabilenentzat: zatartu da, txakurtu zan, astotu da edo asto jarri da, gitxi gorabehera.

Esparru semantiko berorretakoa dan amorratu aditzak be egitura bera jagoten dau hizkera askotan. Iturriagak bere alegiean darabilen esaldi hau, lekuko: “Amorratutzen zaio / txalma andi onekin; / gosez irrikiturik, / ez daki zer egin”.

Ahaztu aditza dogu zer-nori egituradun beste aditz ugarietarikoa. “Goizean ahaztu egin jat biltzak hartzea etxetik urtekeran”. Baina aditz honek, beste batzuk legetxe, hiru argumentu-egitura diferente onartzen ditu gitxienez. Joko iragangaitzaz, bigarren bat, eta geure-geurea doguna: “Errekaduagaz ahaztu egin naz”. Ildo berean, eta subjektua nor dala, honako aditz multzoa be ezaguna eta ugaria dogu, aspektu burua markatu nahi danean: ahaztuta egon: “Esan dozunagaz ez nago ahaztuta (ni)”. Eta aditz iragangaitz modura jokaturik, bada errefrau zahar bat, dinoana: “Hil nintzan eta ahaztu nintzan”, zeinetan ahaztu aditza inpertsonal gisa jokaturik agiri dan, edo nahi bada, balioasiboaz: ahaztua izan nintzan.

Bada ahaztu aditzaren hirugarren egitura bat, nork-zer eredukoa, subjektu ergatiboaz lagundurik. Egitura honek be tradizino sendoa dau, eta bizi-bizi dago gaur egun be: “Ahaztu eizu esan deutsudana; ahaztu eizu, mesedez”. Iragankor modura, aditz honek bigarren egitura bat be onartzen dau: ahaztuta (edo ahazturik) euki.

Egitura hau bitxi gertatzen da gaur, ostera, beste aditz batzukaz. Horreetarikoak dira gura izan eta nahi izan. Gaurko erara esango gendukena: “Jainkoak halan gura izan daiala edo nahi izan daiala” esaldia, klasikoen artean behin baino sarriago beste era honetara irakurriko dogu: “Nai dakiola [Jaunari], bada, orain ta beti, guziok beregana gaitzan artean”. (Larramendi), “Jangoikoari alan gura dakiola, baia eztakit, eztakit…” (J. Mateo Zabala).

Gomutau aditza, Bizkaiko isasertzetik (Lekeitio…) kanpo gitxi entzuna da gaur, tradizino idatzian berme sendoa eukiagaitik. Eta entzuten dan lekuetan sarriago entzuten da nor-zegaz egitura barruan: “Ez naz gomutaten ezegaz”. Baina ezaguna da, halanda be: ez jat gomutaten… egiturea, gure klasikoen artean bizitasun handiagoa erakusten dauena; Mogel dogu testigu: “Gomutetan jatzu zer egin zeuntsan atso gaixoari?”.

Belutu edo berandutu aditza be egitura beronegaz erabilia zan lehenago: “Belutu jaku bidean”, dirautso Peruk Maisu Juani Peru Abarka-n. Gaur egun, erregimen horregaz berandu egin lokuzinoa ezagunagoa dala deritxat: “Beste zeregin batzukaz entretenidu jat eta berandu egin jat autobuserako”.

Zer-nori egitura, esangura eremu honetako aditzakaz, askoz indartsuago dago hizkera batzuetan, beste batzuetan baino. Markinaldeko berbetako adibideak aitatu ditugu gorago. Eta bada aditz bat, begitandu, Lea-Artibai inguruan asko entzuten dana (eta handik kanpora mehats), erregimen berberaz ohi darabilena, huts handi barik: “Kaletik pasaukeran, begitandu jat bera ete zan”, ezagun bategaitik dihardugula. Baina ekialdeko bizkaieraren lekuko ziurra dan Mogelek be, bere alegietan, bardin-bardin darabil: “Begitandu jakon kerizeagaiti, zala benetako okela zatia, ta autzean eukana baino andiagoa” (Ipuiñak).

Baina Markinaldetik ekialderantz zein sartaderantz joanda be, aditz diferenteetako adibide ugariak eskeini leitekez egitura honenak.

Zoratu aditzagaz, Busturialdean normal entzun daiteken harridura-itauna da: “Zu burutik eginda zagoz. Zoratu egin jatzu ala!”

Bego honenbestegaz oringoz.

 

 

Iturriko

2018-02-02

 

Esatekoak 0
Ikusita: 221
2018.01.26

ANTZA, HURREN, SEGURU, KONTIZU Ahozkotasunean Probabilidade eta Zalantza arteko marka ezagunak

Perpausaren prozesua zein neurritan dan ziurra edo ez hain ziurra, horretan datza perpaus osoari eragiten deutsien adberbio-markak, era batekoak edo bestekoak txertatzea perpausan.

Aurreko idatzi baten hiru markaren inguruan jardun dogu: ameneko, aurki eta ausaz, hirurak berezi edo bazter erabilera dabenak, bai ahoz, bai idatziz, eta berariaz sartaldeko hizkeretan erabili izan diranak. Baina idatzizko tradizino segurua dabenak, mende bi edo gehiagokoa.

Bigarren idatzi honetan, ahozkotasun mailan sustrai sakona dabenak, baina idatzian moderno antzekoak diranak izango ditugu jardungai.

Adberbio-marken kokaera dala-ta, edozeintzuk izanda be, euron malgutasuna da gogoan hartzekoa; posizino malgua izan ohi dabe perpausan: behin hasieran, behin akabuan, edo behin barruko lekuren baten. Diskurtsoaren senak zelan agindu, hataraxe antolatzen ditu hiztunak (edo idazleak) marka honeek.

Antza, edo aditzaz lagundurik: antza danez, antza dagoanez, antza danetik edo antza dagoanetik, sartalde euskeran, berbeta mailan bizitasun handiz eta beharbada zabalen dabilen marka dogu, “dirudienez, agi danez…” marken kideko modura.

Tradizino idatzi klasikoan ez dau oihartzunik, eta idatzi modernoan be era nahiko mugatuan. Hogeigarren mendeko idazleetan, sartaldeko euskerakoetan, agiri da berariaz: Zamarripa, Kirikiño, Azkue, Otxolua aitatu gineiz gerraurreko idazleen artean, eta gerraostekoetan Lino Akesolo, Felix Bilbao eta beste hainbat. Edozelan be, ahozkotasunetik hurreko literaturan agiri da sarrien eta ondoen lekukoturik.

Esaldiaren atze partean sarri erabilten dogu hiztunok, batez be berbaz: Bai, antza. Ez, antza. Gaixorik dago, antza. Galarrena dakar, antza, ze itsaso partetik ilun dago. Idazle baten lekukotasuna agertzekotan, hauxe bat: “Ezbear au etxeko zurubi edo eskaileratan jazo yakon, baten batek labangarrien bat ipinirik, antza.” (L. Akesolo IG I 358).

Baina esaldiaren aurre-aurrean agertzeko arazorik be ez dauka. Atxakiak ipinten ibili da; antza, ez dau etorri gura. Gure moduan ez dau berba egiten; antza, ez da hemengoa.

Eta barrualdean be bardin agertu leiteke: “Inguru haretan ebilen beste otso batek be hartu eban, antza, zeozeren usaina.” (F.Bilbao Ipuin barreka).

Hurrean, “antza, dirudienez” esangurakoa da gehien baten, berbaz batzuetan, perpaus mailako marka lez, oinarrian daukan “hurbil” leku adberbioaren baliokide izateaz aparte. Eta “segurutik, ziur asko” adieraz beste batzuetan.

Non entzuten dan? Txorierri aldean, Arratia aldean eta Nerbioi aldeko herrietan batez be. OEH corpus-hiztegira joten badogu testigantza bila, bizkaieraren eremu osokoak topau daitekez ia (euretariko batzuk, oker sartuta edo esangura honi ez jagokozanak behintzat), baina, idatziak idatzi, berbaz bizkaiera sartaldera mugatzen dala beronen esparrua esan daiteke, eta sartalde horretan be, Butroialdea bazter gelditzen dala. Txorierri aldea dauela hurrean honek bere paradisua ziurta daiteke, errakuntza handi barik.

Idazle klasikoen artean nekez idoroko dogu marka honen errasturik. Añibarroren idatzietan behin be ez, sartaldekoa izanagaitik, eta J. Mateo Zabalaren bilbotarrarenetan be, noiz edo noiz: “Ain da gatx ardaora emonik dagoana salbetea ze, ezin dala urrean, diño S. Juan Krisostomok, ordi bat ezek bere mobidu ezin leikealako.” (Bermeo).

Zamarripa sondikarrak be aurreko esaldian dauen esangura beretsuaz darabil hurrean hau: “seguru antzean, ziur asko”. Hona Kili-Kili bilduma-liburuan dakarzan esaldi batzuk: “Gatx egongo da, hurrean, gu zerura eroaten geuk gura eztogula” (XIX), “Lehenengo neuk erreparau neutsan hurrean, ta gero, neuk esanda aurki, beste abadegei batzuk” (109), “Baterako, barreak egiteko ipuina dok hauxe. Baia poztutekoa be badok hurrean” (145).

Mikel Zarate Lezamako semearen idatzietan adibide bakanak baino ez ditugu aurkitu, inguru horretako berbetan barra-barra erabilia izan arren. Baina Lezama eta Larrabetzu aldean “antza danez” esangurea da nagusi: –Ez hoa hi, Bizkuter, arineketara ala? –Ez. Zahar egin nok ni horretarako. –Arineketari asko batu ei dituk aurten. –Bai hurrean” (Ipuin antzeko).

Arratia aldeko testigantza lez, Lino Akesolo, Dimako semearen lekukotasunak balio deusku, honek sarri darabilelako hurrean bere idatzietan. Bat aitatzeko: “hileta-mezaren batera joaten dan bati entzunda nago ez dakiela berak nongo edo zelango eskolea dauken gure abadeak euren hitzaldietan hain taiuz eta hain ederto hitz egiteko. Lekuonak sortu eta zuzenduriko Kardaberaz Akademiak badau horretan zer ikusirik, hurrean.” (Idazlan guztiak I).

Eta etnotestu bateko aipuagaz osotu gura genduke aurretik esana. Asier Bidart ikertzaileak Lezaman batutako etnotestuetan adibide ugari dagoz hurrean honenak, eta bat hauxe: “Ganguren pentsetan dot dala, San Antonio baizen honatxoagoko kaskua, Ganguren haxe dalakoa jaukat neuk, han munarriak egon zoazan lau herritako separazinoa egiten dabenak; pentsetan dot, metal-iturria, ha iturria baizen haratxoago, lau munarri, ikusita jaukadaz. Urte asko ez dok, eta lau herrien separazinoa egiten ebela entzunda euki noan han, hurrean Galdako, Zamudio, Lezama eta... Begoña-edo, Bilbo-edo egiten dozak zatitu”. (Lezamako etnotestua)

Seguru perpaus marka, seguru be, segurutik, seguru antzean eta beste aldaeraren bat be lagun dauela, berbaz behintzat, maiztasun handiko hitza da, idatziz, dauen erdal mailegu usainagaitik, idazle askok bazter itxi izan arren.

Tradizino idatziaren lilurarik gitxi baino ez dauka, baina berbazko erabileran bizitasuna eta indarra ez ditu falta. Ekialdeko tradizino idatzian segur, segurki erak dira ezagunenak; seguru eta honen ildokoak, hegoaldekoak eta berariaz sartaldekoak dira.

Sartalde euskeran Añibarro dau lekukorik zaharrena eta zuhurrena. Seguru bere eta bai seguru erak dira probabilidadeko perpaus marka lez proposatzen deuskuzanak, bere hurreko berbeta erregistrotik jasoak, ziur asko. Interesgarria da Añibarrogan, seguru bere marka hau zeharka emondako informazinoaren balioa bermatzeko proposatzen dauela, ei-omen modalek edo dinoenez moduko adizki adberbialak beteten dabenaren antzeko balioaz. Horixe da arrazoia, gaztelaniazko “creo que” egituraren baliokidetzat emotearena bere hiztegian, esangura beretsuko beste marka ezagun batzukaz batera: “CREO QUE: c. ausaz, aujaz, seguru bere, bai seguru, nonbait, nonberebait” (Voces). Interesgarria da, bestetik, ekialdeko tradizinoko segurki aldaera honen aldamenean be erakustea: “SEGURAMENTE: c. seguru, segurki, seguru bere” (Voces). Hiztegian darabilen seguru bere hori, gero bere euskerazko idatzietan banaka baino ez da agiri: “Artu egizuez, bada, adibide txikiok, ta ondo gordetan badozuez, seguru bere, orain bakarrik lorak direanak, elduko dira denporaz frutu elduak izatera” (Lora Sorta).

XX. mende hasieratik gora, gure klasiko modernoen artean ugariago agiri da seguru. Azkue, Zamarripa, Lino Akesolo dira, gehiagoren artean, seguru be darabilenak, Añibarroren bideari jarraiki. Adibide bana: “–Eta gero, seguru be, gero Epikok parka eskatu behar. Eta ezin izan zegikean bestera.” (Azkue Latsibi). «Jausten hasi ta gero, zutundurik, gora ikaragarri bat jaurtin dau, seguru be» (Zamarripa Firi-firi). “Halango zaldi arinik eta hango erradura-hotsa, seguru be!” (Lino Akesolo Ipiña).

Felix Bilbao morgatarrak, ostera, seguru darabil bere ipuinetan: “Eztialdi ona izan juen, antza. Behintzat Mari Kontze eta Jose Mari pozik jetoazan etxerantza. Trenez, seguru.” (Ipuin barreka).

Esaldi baten adierazkizuna zeharka emondakoa lez aurkeztu gura danean, entzundakotzat edo, marka aproposa dogu seguru edo seguru be. Gomendagarria, erara datorrenean.

Kontizu da idatzi honetako laugarren eta azken marka. Hau be, ahozkotasunari guztiz atxikia, idatzizkoaren distira bakoa, modernoa batez be, ez tradizino zaharrekoa, baina berbazko jarioan sarri eta zabal dantzuguna. Sartaldeko euskera osoan hedaturik dago, gitxienez be.

Kontizu hori ez da besterik, kontu egizu aditz lokuzinoaren era sinkopatua baino, baina lexikalizatze gradu sendoa jadetsi dauena, eta esangura propio bat, eta beraz, hatakotzat onartu beharrekoa.

Adierazoten dan prozesu baten probabilidadea aitzen emoten da beronegaz, antza, segurutik, aurki eta ikusi ditugun beste batzuen hurrekoa. Ondarroatar eta erbesteko baten arteko alkarrizketa labur honetako erantzunak argitzen dau apurren bat marka honen erabilera: “–Ondarroa lehengo lekuan dago? ­Lehengo tokian egongo da, kontixu!”, ondarroatarraren erantzuna.

“Bai, kontizu”, “Ez, kontizu” tipoko erantzunak entzuten dira sarri, esate baterako, norbait ea etortekoa dan itauntzen danean eta erantzuna segurua ez danean, norbere ustea adierazoteko.

Nahikoa izango da, kontizu, hona artekoaz oraingo, eta hurrengo baten helduko deutsagu harilari, ea hari gehiago agintzen dauen.

 

 

Iturriko

2018-01-26

Esatekoak 0
Ikusita: 213