kontaktua
2011.04.03

Kukuak udabarrian kuku

Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak, Eusko Jaurlaritza, 1989, 194 or.

Udabarria datorrenean, neguko hotzak, ekaitzak eta afrontuak igarota; mendi tontorretako edurra urtuta ostean, neguan erdi lotan egon diran zelaiak, zuhaitzak, landareak… berbiztu, muskertu, loratu egiten dira, natura jaiobarritu egiten da.

Urte-sasoi honetan, neguak lapurtutako argi-orduak barriro berreskuratuta, eguna gero eta luzeagoa da eta gaua, ostera, gero eta laburragoa. Sasoi honetan eguzkia indarrez joten hasten da eta honegaz batera geu bere indarbarritu egiten gara, holantxe dino behintzat esaera zaharrak: udabarria odol barria.

Baina horreek aparte itxita bada udabarriaren etorreraren beste seinale ageri eta nabari bat: kukuaren kantua. Makinatxu bat esaera eta siniskera dagoz txori honi buruz. Esaeren artean ezagunena beharbada hauxe da:

Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz (martiaren 25a) etorri ezean, bere ondrak (hiletak) egiteko.

Honegaz lotuta beste hau bere badago:

Kukuak Andra Mari Martikoz kuku, San Pedroz mutu.

Beste esaera zahar batzuk:

Kukuak kuku Erromako zubian, zortzi egunerako agertuko da Euskal Herrian.

Kukuak bere izena kantaten dau.

Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Kukua kantatzen euri eta eguzki.

Kukuak zazpi urtean eskolan ibili eta kuku baino besterik ez eban ikasi.

Sineskeren artean euretako batzuk kukuaren urteko lehenengo kantuarekin lotuta dagoz. Lehenengo biderrez kukuaren hotsa entzutean aldean dirua daroanak urte osoan izango dauala esaten da, dirurik eztaukana beti izango da pobre baina.

Bataren batek kukuaren soinua entzun ezkero persona hori biziko dan seinalea izaten ei da, urte horretan ez dala hilko esaten da, horregaitik gaixoak kukua entzukeran esperantza hartzen dau, sasoi txarrak eta negua amaitu direlako. Era berean, urte baten kukuaren hotsa asmaten ez dauana hurrengo urtean ez dala biziko esaten da.

Esatekoak 1
Ikusita: 6890
2011.03.28

Leku-izenez berba bi

Euskal leku-izenen jatorriaz eta esanguraz asko idatzi eta ikertu da, garrantzi handiko gaia da ganera, besteak beste, abizen euskaldun gehienek leku-izenak dituelako oinarri. Hau da, euskal abizen gehienak sortu dira etxe, etxondo, auzo, edota izen, izengoiti nahiz ofizio edo abere izenetatik, eta askotan, etxe izenetan batez be, inguruak artez-artez baldintzatu dau prozesu hori. Holan, leku-izen askok izadia deskribiduten dabe: Mendigorria izeneko mendian, kasurako, burdina kolorea da nagusi, edo Pinueta izeneko baserriak, pinu lekua adierazo gura dau, bertako jaubearen esanetan (lehenago paraje guztia ei zan haretxa, pagoa eta gaztainea eta toki hatan, etxea eregi eben lekuan bertan, lehenengo pinu landarak ipini ziran; izena be halantxe emon eutsien etxeari).

Beste batzuk, gizakiak izadiari eragindako aldaketei egiten deutsee aitamen: Elorrioko herria, berbarako, harresiz inguratuta egoan Erdi Aroan eta herriaren barrura sartzeko bost sarrera edo portal egozan. Sarrera ondoetako etxeak Portalekoa izenez ezagutzen ziran.

Edo erreferentzia bat harturik distantzia adierazoten daben toponimoak be zabal dabilz: Zubikoa, Zubiaur eta Zubiurruti, edo Leanizaldekoa, Leanizbarrutia, Leanizbeaskoa, Leanizgarai eta Leanizuriarte baserriak.

Ofizioak be erabili izan dira etxeari izena emoteko, ugazabak etxean bertan eukiten ebalako ogibidea. Ha-ta guzti be, inoiz etxeko jaubearen ezizena ofizioa da eta ezizenetik jatorko izena etxeari, ez ofiziotik. Erletxetako Olarragana baserria nekez ezagutuko dau bertakoa danak izen horregaz, gehienak Errotariena esaten deutsie, ez baserrian errotea dagoalako edo egoalako, ezpada inoizkotan bertako ugazaba errotari ibili zalako eta ezizena bera be haxe ebalako. Batera nahiz bestera normala izaten da etxe horreek beste leku-izen bat eukitea eta jatorrizko izena erdi galduta egotea. Adibidez, Patxo izeneko errementariak arotzerian egiten eban etxean bertan eta Patxoerrero esaten eutsien, lekukoen esanetan ezizenaren deformazinotik ei dator etxearen izena Batxurrune (baina dokumentazioan, zaharrena Gangoitiena).

Beste batzuetan jazoera historikoak edo esaundak be badagoz toponimoaren atzean. Sansonarri izenaz ezagutzen zan Lezama eta Larrabetzuko mugan egoan harri bat, eta bertakoek dinoenez Sansonek han hartzen eban deskantsua, eta indarbarritzen zanean hanka bat ipinten ei eban Ganguren mendilerroan eta bestea Berreagan, halan, Algorta inguruko itsasoan hartzen eban ur trago luzea bideari ekiteko.

Holan ba, garrantzitsua da toponimia ikertzea, azterlanean ezagutuko dogulako gizakiak izadiarekin izan dituan loturea eta hartu-emona, baita hizkuntzearen eboluzinoa be.

Esatekoak 0
Ikusita: 1633
2011.03.20

Garizuma eta bijilia

BIJILIA ETA BARAUA

Eleizeak bijilia eta barau-egunen ganean agindutakoak eragin handia euki dau jateko ohituretan gure etxeetan.

Baraua berez egunean jatordu bat bakarrik egitea zan, noiz, zer eta zenbat bakotxaren esku egoala. Barau-egunak izentauta egon izan dira: jaiegun handien bezperak, Pazko, Andra Mari, Domu Santu eta Natibitate. Garizuman, Hautsegunetik Zapatu Santura arte, astegunak guztiak barau egiteko ziran; lau tenporetako eguazten, bariku eta zapatuak be bardin. Baraua 21 eta 60 urte bitarteko guztiak bete beharrekoa zan.

Bijiliak okelea eta okeleagaz egindako saldea jatea galazoten eban. Garaien eta herrien arabera, esnekirik eta arrautzarik be ez zan jaten, hau da, abereetatik datozen elikagaiak. Bijilia 7 urtetik gorako guztientzat zan.

Egun seinaladu batzuk bijili eta barau-egunak ziran, barau-egun moduan aitatu izan diranak batez be. Gaur egun eleizeak berak arinduta eta gitxituta daukaz egunok.

Salbuespentzat hartzen zan adina, osasuna, haurdun egotea edo titia emotea eta behar fisikoa. Halakoak barau egin behar ez izateko errazoitzat hartzen zan, horregaitik normalean inoiz ez eben egiten etxeko guztiak.

Horrezaz ganera, buldea hartzeko aukera egoten zan; diru baten trukean baraua arintzeko zan hori.

 

JANARIAK

Barau-egunetan lapikokoak, koipeagaz egin barik (okelea, urdaia, txorizoa...), landara-orioagaz prestetan ziran. Hori zala-ta, jateko batzuk berenberegi bijilia-egunetarako prestetan ziran: orio-aza, indaba zuriak eta piper-saldea. Holangoak zabal-zabal ibili dira etxe askotan.

Okelarik jan ezin zanez, arraina edo arrautzakaz prestautako janak egiten ziran. Arrainetan normalena makailaoa izan da. Bariku Santu egunez, kasurako, etxe gehienetan makailaoa jaten izan da. Horregaz batera, sardina zaharrak edo gaileguak be asko.

Leku batzuetan esnerik (ez aberekirik) jaten ez ebenez, armozurako txokolatea uragaz eginda hartzen eben. Beste batzuetan, ostera, kafesnea.

Goizeko hamaiketakoa eta arrastiko meriendea kentzea normala zan, eta jatorduak eurak be normalean baino eskasagoak egiten ziran.

 

PAZKO EGUNA

Garizuma eta Aste Santuaren ostean Pazko eguna dator. Egun horretan ohitura zabala izan da familia osoak jaieguneko bazkaria egitea, eta platerik normalena artxoa, azuria edo bildotsa izan da. Antxumea be bai.

Egun horretako ohitura izan da aita-amabitxiak, sarriago amabitxiak, besoetakoei mokotsa edo morrokotea oparitzea. Ogi bat zan, Zapatu Santuko labaldian egindakoa. Ogiari, laban sartu aurretik, arrautza bat gordinik edo txorizoa sartzen jakon, eta egosi ostean, gainetik arrautza irabiaua egiten jakon. Leku batzuetan biribilak egiten ebezan, eta beste batzuetan hiru puntakoak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1624
2011.03.14

Marzas-ak Karrantza Haranean

Marzas deritxona Kantabria aldean sano errotuta dagoan jaia da. Era berean, inguruko lurraldeetan, Palentzia eta Burgosko iparraldean eta Bizkaia aldean (batez be, Karrantza haranean eta Lanestosa urian) neguko jaiok be ospatzen dira.

Ikertzaile batzuk aratosteakaz lotu arren, ez dakigu jaion jatorria zein dan. Julio Caro Barojak honakoa esan eban:

«Kantabrian eta Burgosen, mutikoak Gabon-gaubean, Urte Zahar egunean, zezeileko azkenengo gaubean edo martiko lehenengo barikuan urteten dira diru-eskean kopla-kantari. Horreei marzante edo marcero esaten jake eta koplei marzas. Gazteok, martiaeak abestuaz, sasoi bateko urte hasiera (Kalendae Martiae) ospatzen eben hareen ondorengoak dira. Urte hasieraren aldaketakaz, marzas izeneko koplak sasoi ezbardinetan abestu izan dira».

Karrantza Haranean, aspaldi-aspalditik martiko lehenengo egunean abesten dira. Kantabriako Soba Haranean egiten diranen antz-antzekoak dira. Berreskuratzeko ahaleginak egin badira be, gaur egun ohitura hori gitxik egiten dau. Sasoi baten, eskolatik urtekeran, gazteek eurek prestetan eben jaia. Baina, beti be nagusien gidaritzapean, eurek erakusten eutsien-eta zer zan ha ohiturea, zer egin behar zan...

Mutil-koadrilak basora joaten ziran gorosti adar eder baten bila (zarramascoa). Egun bian edo hiruan adarrak ebaten ibilten ziran eta guztietatik onena apartetan zan. Koloreetako paperakaz apaindu eta batzutan txilinak ipinten jakozan.

Zarramasco a eroianaren (zarramasquero) ardurea, adarra eroanaz ganera, koadrilea kopla-kantan ebilen bitartean zaratak ateratea. Horretarako, ardi-narruz jantzita joaten zan eta gorputzean txilinez betetako hedeak eukiten zituan kurutzatuta, garritik, bueltan-bueltan, arranak dingilizka. Batzen zituezan jan-gauzak gordeteko otzarea gazteetariko beste batek eroaten eban.

Marzasak kantau osteko domekan, koadrilea batu eta jasotako jakiekin bazkari ederra egiten eben. Sobretan zana euren artean banatzen eben.

Díaz, Miguel Sabino. "Calendario Popular de Euskalerria. Fiestas de cuestación. Karrantza", in Etniker Bizkaia. 9. zk. Bilbao: Labayru Ikastegia, 1990, 106-119 or.

Holangoen barririk bai? Idatzi hemen ezagutzen dozuezan adibideak, edo entzun izan dozuezanak.

Esatekoak 0
Ikusita: 1324
2011.03.09

Aratosteak

ARATOSTEAK

Aratosteetako ohiturak kristinautasunaren bitartez hartuak dira, baina kristinautasunaren aurreko bizikera paganoaren beste askogaz nahastuta dagoz. Aratoste-aldian lege-haustea dator, gizartearen ordena bertan behera ixtea. Halan ba, egun horreetan arauak hankaz gora dirala, gauzak trabesetara egitea daukagu: goikoa behean egon leiteke, eta behekoa goian. Egunotan mozorroa, barre-zantzoa, dantzea eta kantua dabil ugari bazterretan.

Baina lege-apurtze honek badauka mugea: Hausterre eguna, eleizeak berak izentau dau-eta Garizumearen hasieratzat, eta horregaz batera, Pazko egunera arterainoko estuasun eta barauak etorriko dira.

Aratusteen egutegia urterik urte aldatu egiten da; Aste Santuak agindu, eta horren aurreko Garizuma aldiko egunen arabera eratzen dira. Aratoste, Karnabal edo beste batzuk Inauteriak esaten deutsieezanen ganean esakera asko dago. Hamen batzuk:

  • Inauteri ondoan Garizuma.
  • Inauteak auzitan, bazkoak atean.
  • Inaute gizona, gizon nahasia.
  • Bazko guztiek hilzar, inaute guztiek hilberri, errege Salomonek (Absalonek) ez du gose, ez egarri.
  • Inaute(ri) ixtilkor, Bazko urikor, moltsa betekor.
Esatekoak 0
Ikusita: 1849