kontaktua
2011.08.04

Esteban Urkiaga Lauaxeta

Esteban Urkiaga Lauaxeta 1905eko abuztuaren 3an jaio zan. Lauaxeta pertsonaia ezaguna eta sinbolikoa bihurtu da euskal kulturan, literaturan batez ere. Jesuitetan ikasi eta intelekuala zan, irakurle handia, gainera. Ogibidez kazetaria, Bilbon ateraten zan Euzkadi egunkarian.

Lauaxeta Euzko Alderdi Jeltzalekoa izan zan, mitinlari, hizlari eta kazetari ezaguna abertzale eta euskalzaleen artean. Gerran Euzko-Gudarostea hornitzen, beharbada taldeak antolatzen edo prestatzen be akaso, eta gero Euzko-Gudarostearen Gudari aldizkariaren artezkari jardun eban. Abertzale sutsua, idazlea eta euskal idazleen hauspoa izan zan, gure artean eta kultura ikuspegitik Pizkundea izenez ezagutzen dan aldian (1931-1936), II Errepublika garaian.

Gerra hasi orduan fusilatu egin eben, eta horrek bere irudia handitu egin dau neurri baten.

Olerkari legez da ezagunena, Bide barrijak, 1931 eta Arrats-beran, 1935 liburuen bitartez. Olerkian barritzailea izan zan, gai, joera, iruditeria, hizkuntza eta neurri barriak sartu ebazalako bere idazlanetan.

Baina antzerkia be idatzi eban, eta prosan be, kazetaritzaren bitartez batez be. Azken horretan, Euzkadi egunkariaren euskal atalaren artezkari alderdia batetik, eta berak idatzitako kazetalanen egile alderdia bestetik, bereiztu beharko litzatekez.

Egunkariaren bitartez, euskaldunak zirikatzen ebazan herrian herriko kantu, ipuin, esaera eta abar bialtzeko. Bera barritzailea izanda be, euskal jatorriko tradizinoari balio handia emoten eutsan, bere idazlanetan ikusten danez.

Testu bana ipiniko dogu, poesian eta prosan.

MENDIGOXALIARENA

Basaldua' tar Kepa'ri

I

Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zattut axian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!

Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

Eta ixil dago arratsa
Euzkadi'ko lur-ganian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!

II

Gastedi orren didarra
bai-dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil errija.

Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.

Or duan ozte-aldrea
aberri-minez kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

III

Gaste orreik goruntz duaz
abesti eta ikurriñez.
Lañuan baño tiro otsak:
bedartza dager odolez.

Ikaraz duaz usuak,
mendija dago ixillean,
Amar gasteren lerdena
bixitza-barik lurrean!

Eta illuntziko bakian
norbattek darrai kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».

 

ZIRIKA

Bizkaiko jaurlari ponpoxa etorri zan unean gauza guztiak arteztuko zirala-ta pozik gengozan. Haren hitzak entzuki itxaropena bihotzeratu jakun! Baina hitzak ederrak diran neurrian bakotxaren ekintzak ez dira egoten. Beti ez behintzat. Eta Sevilla horri be, beste horrenbeste jazo jako.

Asmo onak ekarri ebazan arren, ezerezean geratu dira. Garatzai aurrerakadea egingo eutsela? Lehen baino beherago dagoz. Bizkaiko gizerailketak eta iskilu-hotsak deuseztuko ebazala? Inoiz baino erailketa gehiago dakusgu.

Horri esaten jako: frakasua. Eta frakasau daben gizonak zer egin behar leukien, antxinatik dakigu: jaurlaltza itxi eta etorri ziran bidetik atzera joan. Odol lar isuri daroe Bizkaiko semeak bakez egoteko.

Gaizkin bat ez dabe atxilotuten, lapurrak eurek gurako leukien baino askatasun ederragoz ibili dabiltz eta egunero hogeta hamar mila lapurketa egin daroez. Garatz arazoak ikastera doa Sevilla jauna, geu poztuko gara eta.

Nok esan dau? Nok ez dau esan? Eusko Ekintzako abertzaleak izan ei dira Sestaoko gaizkinak. Hori dinoanari mihina ebagiko geunskio. Oindino ez dogu eusko izatea zein dan galdu.

Espainiar guztien leloa ikasi dabe Sestaoko gaizkinak be: inori errua emon eta kitu. Baina holako gaiztakeriak egiteko eusko odola barik espainiarren aiherra euki behar da. Guzurrik ez dogu sinistuten, bai?, eta oraingo guzur hau bere ez. Espainiarrak izan dira gaiztakeria horren egileak.

Neure bizian jazo ez jatana jazo jat oraingoan. –Zer jazo jatzu, ba? –norbaitek itaunduko deust. –Ama hil jatzu, ala? –Ez holakorik, Goikoari eskerrak. –Mila laurlekoko ingia galdu dozu? –Neuri ez jat mila laurlekoko ingirik galtzen, ez daukadalako. Zer dan? Katxeau egin nauela. Sekulan ez dot sentidu holakorik, baina igandean asaltoko batek esan eustan: –Mesedez.

Eta goitik beheraino igortzi ninduan. Aldean zer neukan? Euskadiko ikurrintxu bat, hiru laurleko, ingi zati batzuk eta arkatza. Besterik ezer ez.

Jaupari batek emon deustan ingitxua arin irakurri dot. Gazteizen izango dan Gran Asamblea de Cuestiones Socialesera joateko deia zan. Ez dot barre gitxi egin ingi hori dala eta ez dala. Ze arraio (holantxe, arraio) gura ete dabe jaupari, kanonigu eta garaitiko horreek? Lau edo bost hitzaldi eder egin ezkeroan gizarteko arazoak arteztuta dagozala uste dabe? Bai zera. Eusko Langileen Alkartasunari eragozpenak jarri eutsezan gizon horreek, hitzaldi luzeak, eta berbaldi samurrak egingo dabez, baina ezer ez. Hamaikatxu lelokeria eder egin daroe. Gazteizera orain ez noa, baina joango naz erromeriak diranean. Batzar horretan baino zeozer gehiago ikasiko dot bertan.

Sevilla horrek gura dauana esan daroa, Sestaoko herrian izan genduan batzar ikaragarrian notin gitxi izan zala dirausku. Tira ba, sinistu egin beharko jako. Jaurlariak eta Goiko Jauna bat ez badira, guztia dakie eta. Hamabost anei edo mila bat diran tokian notin gitxi badago, bostehun batzen diranean, zer esango dogun ez dakigu.

Sevilla eta beretarrak gitxigaz asko eta askogaz gitxi egiten dakie.

Perez Madrigal euki dogu Bilbaon, baina inor ez da konturatu horrezaz. Hemeko izparkariak zetan dagozan ez dakigu, lotan edo ez badagoz. Ahaldun ospetsu hori Bilbaon izan eta tautik be ez deuskue esan.

Eta zetan etorri da, ba, Perez Madrigal? Sinistu be ezin zeinke. Oso eskumar bihurtu ei da gizon hori eta eskuma aldeko ahaldunakaz batera alderdi barri bat eratu gura ei dau. Ahaldun--batzarrean hainbeste basurdekeria egin ebazan hau eskumaldekoturik dabilela jakitean, barre-algarak egingo dabez.

La Liberala izparringian dirauskunez, Castron izan ziran Sestaoko endore eta garaitikoak. Eta igandean uri haretan izan zan hitzaldia gorabehera nasai joan zan eguna igaroteko asmoz. Galdakanoko endore jaunari leku-uzte eragin eutsan jaurlariak, Usansoloko iskanbilak zirala-ta. Ez ei eban bere arlorik bete. Baina igandekoagaitik ez deutso ezer egin Sestaoko endore horri.

Gero zuzutsa-zaratakaz etorriko jaku. Hamaikatxu gauza entzun behar izaten da eta.

Lauaxeta
1933-VII-12

Esatekoak 0
Ikusita: 1727
2011.07.28

San Inazio

San Inazio jai dogu Bizkaian eta Gipuzkoan, bertako patroia dalako. Izan be, ama bizkaitarra eban, kontrara Balentin Berriotxoak ama gipuzkoarra eukan bitartean.

San Inaziok Loiolan dauka etxe nagusia, eta Azpeitian ospatzen da handiroen beharbada, baina Bizkaiko hainbat herritan egun handia da santu horren eguna (Lemoa, San Inazio-Bilbo, Forua, Algorta).

Herrian herriko jaiak gorabehera, San Inazio egunez ohitura dago zenbait menditara joateko be, Gorbeia eta Belatxikietara, kasurako. Bertan mezea entzun, bazkaria eta erromeria egin eta egun ederra izaten da gure bazterretan.

Danetan, hutsik egin barik, oraintsu arte behintzat, santuaren martxea abesten izan da, herri kantu ezagun-ezaguna da-ta. Doinua José María Nemesio Otaño y Eguinok egindakoa da (Azkoitia, 1880 - Donistia, 1956). Hona ekarriko dogu kantuaren letra:

Inazio, gure Patroi haundia

Jesusen Konpania,

Fundatu eta dezu armatu,

ez da, ez, etsairik jarriko zaizunik

inolaz aurrean gaurko egunean,

naiz betor Lucifer deabrua

utzirik inpernua.

 

Zure soldaduak

dirade aingeruak,

zure gidaria

da Jesus haundia;

garaitu ditu zure Konpaniak, etsaiak.

Ez dauka fedeak,

ez kristau nereak,

ez dauka bildurrik

inungo aldetik.

Inazio or dago,

beti ernai dago,

armetan jarria

dauka Konpania,

txispaz armaturik,

bandera zabalik,

gau ta egun gu guztiok

pakea dezagun,

beti gau eta egun.

Esatekoak 0
Ikusita: 1533
2011.07.17

Zeinda

Zeinda ... ...-n

Moduzko konparazinoa eregiteko erabili izan da, batez be autore klasikoen artean, egitura hau. Gaur mehatzago erabilten da horretarako, eta hainbat gitxiago idatziz.

Zin edo juramentuen esparruan euki dau garapen apartekoa.
      "zeruagaitik, zeinda labaina au eskuan daukadan, au olan da" (J.M. Zabala)
      "eztira juramentuzkoak urrengo esaera oneek: zeinda emen nagoan, zeinda kristinaua nazan, zeinda urlia nazan " (J.M. Zabala)

... zeinda ... + Postposizinoa
zeinda ... ...-n moduan

Modua, edo modu-konparazinoa, era bitara marketan da: zeinda aurrekariaz eta moduan atzekariaz.

Gazt. "como si". Ahozko erabilera dau batez be; idatziz nekez aurkitzen da honen lekukotasunik.
      Beti dabil besteen kontura, zeinda besteei dirua berez jatorken moduan.

Ezezka:
      Edozelan darabilez liburuok, zeinda ezer balio ez daben moduan.

zeinda ... ba-... lez

Modua eta baldintza alkartzen dituan egitura da: modua zeinda eta lez marken bidez, eta baldintza ba- aurrizkiaz. Gazt. "como si". Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.
      Leku guztietatik ibilten da, zeinda dana berarena balitz lez.
      Beti dabil inori destainaka, zeinda berak dana baleki lez.

zeinda ... ...-t(z)ea lez

Aurrekoaren antz-antzekoa da, baina mendeko egitura aditzizenaz osotua dala. Gazt. "como si". Ahozko egitura da idatzizkoa baino gehiago.
      Andaluziatik orioa ekartea da, zeinda Nafarroatik ardao gorria ekartea lez.

Ezezka:
      Hori da, zeinda lehenengo agindu eta gero bape ez emotea lez.

Batzuetan lez postposizino barik be erabilten da.
      Hori esatea da, zeinda ezer ez esatea.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Bigarren pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2005, 341-342 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 2101
2011.07.10

A, a, a ardo gorri naparra

Ardaua edatea jaiegunetako apartekoa izaten zan

Ardaua egiten daben lurralde eta herrietan, Araban eta Nafarroa hegoaldean, betidanik edan izan dabe ardaua ia-ia egunero. Besteetan, ostera, Bizkaian eta Gipuzkoan, ardaua erosi eta ekarri egin behar izaten eben egurrezko kupelatan, burdien ganean, horregaitik iturriko ura zan eguneroko bazkari arruntetan hartzen zan edari bakarra. Sagardaua etxean egiten zan herrietan, ura barik hori edaten eben, urtean zehar egindakoa amaitu arte. Ardaua jaiegunetako apartekoa izaten zan.

Ardaurako dirurik egoten ez zanez, hainbat herritan lanak ordaintzeko erabilten zan, horretara auzolanean egindako beharren truke udalak ardaua emoten eutsien. Ondino be leku askotan jai eta erromeria berezietan parte hartzen dabenek ardaua doan eukiten dabe.

Mende hasieratik aurrera ardauaren kontsumoa zabaldu eta ohiko bihurtu zan, beti be gizonezkoentzat bakarrik baina; emakumezkoak eta gaztetxoak uragaz nahastauta edan behar eben.

Gaur egun jakina da ardaua dala Euskal Herri osoan edaririk zabalduena eta herrikoena. Etxe barruan ez eze, lagun taldeak eta kuadrilak txikiteoa edo poteoa deritzagun herriko tabernaz tabernako ibilbidea be batik bat ardaua edanez egiten dabe.

Dana dala, badakizue, ardauagaz afaltzen dauenak, uragaz gosaltzen dau, beraz, kontuz ibili!

Esatekoak 0
Ikusita: 2366
2011.07.03

Linuaren penak eta nekeak

Neskatilek soloko ataltxo batean linua ereiten eben ezkontzarako arreoa prestatzeko

Antzinako garaietan linugintzak garrantzi handia euki eban Euskal Herrian. Mende hasierara arte linua, ardi-uleagaz batera, oihalak, jantziak, etab. egiteko lehengaia izan zan. Horregaitik neskatila gazteek soloko ataltxo baten linua ereiten eben, apurka-apurka euren ezkontzarako arreoa prestau ahal izateko. Linuaren ardura osoa emakumeena zan; ereitea, zaintzea, eta azkenean haria egitea, baina beti be garaitiko etxeko lan guztiak egin eta ostean.

Linugintzaren prozesua lan nekosoa eta luzea zan, ederto adierazten deusku hori esaera zahar honek: linuaren atsekabeak, amaigabeak.

Linua eskuz ateraten zan susterretik, egun batzuetan soloan bertan sikatzen itxi eta eskutadak edo liñu-balak egin ondoren etxera eroaten ebezan, kamarara. Hurrengo pausua garrama deritxon orraziaz hazia kentzea izaten zan. Gero burdian edo astoaren ganean errekara edo putzura eroan eta beratzen ixten eben hamar-hamabost egunez, linua sasoindu arte.

Hamabostaldia igaro ezkero linu-sortak larrainean eguzkitan zabaldu behar ziran, sikatzeko eta azala usteltzeko. Gero etxeko atarian linarrian zanpatu, hori gizonezkoen beharra zan. Ondoren linua ezpatatu eta trangatu, gero suhasketa etorren, eta amaitzeko orrazketa.

Horrek prest ixten eban linua iruten edo goruetan hasteko, hau da, linu-harigaia hari bihurtzeko, gero horregaz izarak, alkondarak, zapiak, etab. egiteko. Baina “O Pello, Pello!” kantu ezagunak dinoskun moduan, prozesu hau be luze-luzeaa zan. Harigaia irundu, astalkatu, zuritu, harilkatu, irazkitu, pikatu eta josi egin behar izaten zan eta. Hauxe zan antzinako amen eta amamen neguko gauetako jardunik handienetarikoa.

Esatekoak 0
Ikusita: 2117