kontaktua
2011.04.17

Aste Santuko prozesinoak

Garai baten herri egutegian Aste Santua sasoi garrantzitsua zan eta horren ezaugarri nagusietako bat prozesinoak ziran.

Lehenengo prozesinoak Egipto inperialaren eta antxinako Grezia eta Erromako inperioen garaikoak dira. Orduan, jainkoen irudiak kalera ateraten zituen herriaren erlijinotasunaren seinale eta herritarrek opari eta elikagaiakaz hartzen zituen. Kristauek ohitura hori imitau eben eta esanahi barria emon eutsien, batez be Ama Birjinearen irudia gurtuz. Luteroren erreformeagaz prozesinoek behera egin eben, erreforma luteranoak irudiak adoreteari uko egiten eutsan eta. Urte batzuk geroago, Kontraerreforma eta Trentoko Kontzilioagaz, barriro be gora egin eben.

Prozesinoak eleizatik kanpoko eleizkizunak dira, kristau fedearen eta ohiturearen erakusgarri. Jaiegun zehatz batzutan egiten baziran be garrantzitsuenak, esan dogun lez, Aste Santukoak ziran. Gizonek eleizako irudiak lepoan hartu eta urtero ibilbide batetik eroaten zituen; atzetik herrikoak joaten ziran, lehenengo gizonak eta gero andrak, danak be erroparik onenakaz jantzita. Bidean errezau eta kantau egiten eben.

Ostean, prozesinoren ganean Marcos Azpitarteri batutako testutxua dakargu Antxinako Berriz: Bizimodua eta ohiturak liburutik jasoa da.

 

- Orduan zuk prosezinoan imajina eroaten zenduan?

Bai, San Juan eroaten genduan guk, Aste Santuko prozesinoan. Lau joaten gintzazan. Lehenengo Eguen Santu egunean Olakuetara etorten ginan eta Bariku Santu egunean komentura.

- Eta nondik urteten eban prozesinoak?

Eleizatik, goitik behera, Olakuetan San Antoniori bueltea emon, han Pater Nosterra-edo errezau, eta Bariku Santu egunean komentuan barrura sartzen genduzan. Komentuan ja eleizkizun handia egiten zan eta gero...

- Eta ze irudi eroaten zan?

San Juan, eta Ama Birjinea be eroaten eben beste batzuk, eta beste bat be bai, koko zuriak eroaten eben beste bat, kukurutxuagaz tapauta begiak-eta, goitik beherainoko erropa zuria, eta Bariku Santu egunean Kristo, kurutzetik bajatzen zana, kaxan sartuta eroaten zan. Harek, honako zuri batzuekin e, jantzita be diferentea, hareek jazteko baltza eta honako zuri batzuk.

- Eta koko zuriak nortzuk izaten ziran?

Kokoak, San Luisak, eta gu adoradoreak. (...)

- Eta imajina eroaten eban jentea zelan aukeratzen zan?

Izentauta egoten ziran, borondatea daukana presentetan zan.

- Eta zelan jantzita joaten zinien?

Ba zer zuri bat, tunika zuri bat eta gero kaputxa zuria, eta zinturea azula eta zuria eroaten zituen.

- Eta danak bardin jantzita joaten zinien?

Gu danok igual, baina besteak ez, Ama Birjinea eroaten ebenak baltzik. Eta Kristo komentura eroaten ebenak beste jantzi bat eukien.

- Eta gero tabernara joaten zinien?

Bai, orduan Bariku Santu egunean bijilia, eta antxoak jaten, Pedro Juanenean beti.

- Eta prozesinoan joaten zinienean geldiunerik egiten zan?

Bai, egin behar. Kantuak eta errezuak, Olakuetarutz kotxeran be bai, markesanean, hor egoten zan etxe bat, hor jardinerua bizi zan, hantxe. Eta gero bestea Olakuetan Fonda aurrean eta gero San Antonion. Eta komentura joaten ginanean be egoten ziran euren paradak.

- Ganera komenturako bidean kurutzeak bere badagoz ezta?

Bai via crucis-a, goizeko seiretan egiten genduzan, kurutzean errezau, via crucis, lehenengo estazinoa, bigarrena... kurutze bakotxean belauniko plantau eta errezau orazinoak.

- Eta nor joaten zan via crucisera?

Ba asko joaten zan orduan, gura ebana, borondatea eukana.

- Eta hori noz egiten zan?

Bariku Santuz, goizeko seiretan. Eta Eguenean egoten zan bederatzietan Ordu Santua.

- Eta zer izaten zan hori?

Ordu Santua izaten zan eleizan, esplikazinoa, abadeak egiten eban esplikazinoa. Eta Sakramentua zaintzen, hori Eguen gauean. Eta egoten ziran orduak ipinita, batak honenbeste denpora, besteak..., danok, egun osoan jentea egoteko eta gero arratsaldean zera zertzen zan.

- Eta Zapatu Santuz egiten zan ospakizunik?

Zapatuan ez zan egoten zerik. Oin egoten dan moduan iluntzean ez zan egoten, zapatu normal, eta gero domekan Pazkoa.

Gerenabarrena, Maite, Kamiruaga Akaitze. Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak.
Bilbao: Labayru Ikastegia; Berrizko Udala; BBK Fundazioa, 2008, 259-261 or.

Esatekoak 0
Ikusita: 2174
2011.04.10

Ablatiboa bizkaieraz: ohar batzuk

Mendebaldeko euskeraren tradizinoan nondik adierazoteko, hiru atzizki erabili izan dira: –(e)tik, –(e)ik eta –(e)ti. Tradizino idatzian –(e)ti be agiri izan bada, gaur egungo testuetarako –(e)ik eta –(e)ik baino ez dira erabilten, lehenengoak erabilune zabalagoa eta bigarrenak mugatuagoa daukiela.

 

Bizkaiko herri askotan leku/denpora zentzunaren araberako banaketea egiten da. Halanda be, beste herri askotan –(e)tik baino ez da erabilten, hori da-eta hedatuen dagoana. Ikusi daiguzan adibide batzuk:

 

Leka: –(e)tik: Mezatik urten eta ostean pintxo batzuk jaten joan ginan.

 

Denpora: –(e)rik: Aste birik behin egiten ditu erosketak.

 

Edozelan be, –(e)rik denpora adierazoteko eta forma fozilizatuetan erabilten da: Santa Ageda egunean mutilak etxerik etxe ibilten ziran diru eskean. 

Bitxikeria moduan esan behar da testu zaharretan -rean dala ablatibotasuna hartzen dauen atzizkia. Adibidez, XV. mendeko Andre Milia Lasturko izeneko poeman edo hontsu agertutako XVI. mendeko Pérez de Lazarragaren eskuizkribuan leidu geinkez.

«Zerurean jausi da habea, /

jo dau Lasturko torre gorea, [...]»

Andre Milia Lasturko

«Acabaduric bada Silveroc bere cantaetea urten eben bere camararean eta ygo eben bere ugaçabaren aposentura»

 Lazarragaren eskuizkribua, 6. or. Atz 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 2878
2011.04.03

Kukuak udabarrian kuku

Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak, Eusko Jaurlaritza, 1989, 194 or.

Udabarria datorrenean, neguko hotzak, ekaitzak eta afrontuak igarota; mendi tontorretako edurra urtuta ostean, neguan erdi lotan egon diran zelaiak, zuhaitzak, landareak… berbiztu, muskertu, loratu egiten dira, natura jaiobarritu egiten da.

Urte-sasoi honetan, neguak lapurtutako argi-orduak barriro berreskuratuta, eguna gero eta luzeagoa da eta gaua, ostera, gero eta laburragoa. Sasoi honetan eguzkia indarrez joten hasten da eta honegaz batera geu bere indarbarritu egiten gara, holantxe dino behintzat esaera zaharrak: udabarria odol barria.

Baina horreek aparte itxita bada udabarriaren etorreraren beste seinale ageri eta nabari bat: kukuaren kantua. Makinatxu bat esaera eta siniskera dagoz txori honi buruz. Esaeren artean ezagunena beharbada hauxe da:

Kukuak esan ei eban, Andra Mari Martikoz (martiaren 25a) etorri ezean, bere ondrak (hiletak) egiteko.

Honegaz lotuta beste hau bere badago:

Kukuak Andra Mari Martikoz kuku, San Pedroz mutu.

Beste esaera zahar batzuk:

Kukuak kuku Erromako zubian, zortzi egunerako agertuko da Euskal Herrian.

Kukuak bere izena kantaten dau.

Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Kukua kantatzen euri eta eguzki.

Kukuak zazpi urtean eskolan ibili eta kuku baino besterik ez eban ikasi.

Sineskeren artean euretako batzuk kukuaren urteko lehenengo kantuarekin lotuta dagoz. Lehenengo biderrez kukuaren hotsa entzutean aldean dirua daroanak urte osoan izango dauala esaten da, dirurik eztaukana beti izango da pobre baina.

Bataren batek kukuaren soinua entzun ezkero persona hori biziko dan seinalea izaten ei da, urte horretan ez dala hilko esaten da, horregaitik gaixoak kukua entzukeran esperantza hartzen dau, sasoi txarrak eta negua amaitu direlako. Era berean, urte baten kukuaren hotsa asmaten ez dauana hurrengo urtean ez dala biziko esaten da.

Esatekoak 1
Ikusita: 8665
2011.03.28

Leku-izenez berba bi

Euskal leku-izenen jatorriaz eta esanguraz asko idatzi eta ikertu da, garrantzi handiko gaia da ganera, besteak beste, abizen euskaldun gehienek leku-izenak dituelako oinarri. Hau da, euskal abizen gehienak sortu dira etxe, etxondo, auzo, edota izen, izengoiti nahiz ofizio edo abere izenetatik, eta askotan, etxe izenetan batez be, inguruak artez-artez baldintzatu dau prozesu hori. Holan, leku-izen askok izadia deskribiduten dabe: Mendigorria izeneko mendian, kasurako, burdina kolorea da nagusi, edo Pinueta izeneko baserriak, pinu lekua adierazo gura dau, bertako jaubearen esanetan (lehenago paraje guztia ei zan haretxa, pagoa eta gaztainea eta toki hatan, etxea eregi eben lekuan bertan, lehenengo pinu landarak ipini ziran; izena be halantxe emon eutsien etxeari).

Beste batzuk, gizakiak izadiari eragindako aldaketei egiten deutsee aitamen: Elorrioko herria, berbarako, harresiz inguratuta egoan Erdi Aroan eta herriaren barrura sartzeko bost sarrera edo portal egozan. Sarrera ondoetako etxeak Portalekoa izenez ezagutzen ziran.

Edo erreferentzia bat harturik distantzia adierazoten daben toponimoak be zabal dabilz: Zubikoa, Zubiaur eta Zubiurruti, edo Leanizaldekoa, Leanizbarrutia, Leanizbeaskoa, Leanizgarai eta Leanizuriarte baserriak.

Ofizioak be erabili izan dira etxeari izena emoteko, ugazabak etxean bertan eukiten ebalako ogibidea. Ha-ta guzti be, inoiz etxeko jaubearen ezizena ofizioa da eta ezizenetik jatorko izena etxeari, ez ofiziotik. Erletxetako Olarragana baserria nekez ezagutuko dau bertakoa danak izen horregaz, gehienak Errotariena esaten deutsie, ez baserrian errotea dagoalako edo egoalako, ezpada inoizkotan bertako ugazaba errotari ibili zalako eta ezizena bera be haxe ebalako. Batera nahiz bestera normala izaten da etxe horreek beste leku-izen bat eukitea eta jatorrizko izena erdi galduta egotea. Adibidez, Patxo izeneko errementariak arotzerian egiten eban etxean bertan eta Patxoerrero esaten eutsien, lekukoen esanetan ezizenaren deformazinotik ei dator etxearen izena Batxurrune (baina dokumentazioan, zaharrena Gangoitiena).

Beste batzuetan jazoera historikoak edo esaundak be badagoz toponimoaren atzean. Sansonarri izenaz ezagutzen zan Lezama eta Larrabetzuko mugan egoan harri bat, eta bertakoek dinoenez Sansonek han hartzen eban deskantsua, eta indarbarritzen zanean hanka bat ipinten ei eban Ganguren mendilerroan eta bestea Berreagan, halan, Algorta inguruko itsasoan hartzen eban ur trago luzea bideari ekiteko.

Holan ba, garrantzitsua da toponimia ikertzea, azterlanean ezagutuko dogulako gizakiak izadiarekin izan dituan loturea eta hartu-emona, baita hizkuntzearen eboluzinoa be.

Esatekoak 0
Ikusita: 2103
2011.03.20

Garizuma eta bijilia

BIJILIA ETA BARAUA

Eleizeak bijilia eta barau-egunen ganean agindutakoak eragin handia euki dau jateko ohituretan gure etxeetan.

Baraua berez egunean jatordu bat bakarrik egitea zan, noiz, zer eta zenbat bakotxaren esku egoala. Barau-egunak izentauta egon izan dira: jaiegun handien bezperak, Pazko, Andra Mari, Domu Santu eta Natibitate. Garizuman, Hautsegunetik Zapatu Santura arte, astegunak guztiak barau egiteko ziran; lau tenporetako eguazten, bariku eta zapatuak be bardin. Baraua 21 eta 60 urte bitarteko guztiak bete beharrekoa zan.

Bijiliak okelea eta okeleagaz egindako saldea jatea galazoten eban. Garaien eta herrien arabera, esnekirik eta arrautzarik be ez zan jaten, hau da, abereetatik datozen elikagaiak. Bijilia 7 urtetik gorako guztientzat zan.

Egun seinaladu batzuk bijili eta barau-egunak ziran, barau-egun moduan aitatu izan diranak batez be. Gaur egun eleizeak berak arinduta eta gitxituta daukaz egunok.

Salbuespentzat hartzen zan adina, osasuna, haurdun egotea edo titia emotea eta behar fisikoa. Halakoak barau egin behar ez izateko errazoitzat hartzen zan, horregaitik normalean inoiz ez eben egiten etxeko guztiak.

Horrezaz ganera, buldea hartzeko aukera egoten zan; diru baten trukean baraua arintzeko zan hori.

 

JANARIAK

Barau-egunetan lapikokoak, koipeagaz egin barik (okelea, urdaia, txorizoa...), landara-orioagaz prestetan ziran. Hori zala-ta, jateko batzuk berenberegi bijilia-egunetarako prestetan ziran: orio-aza, indaba zuriak eta piper-saldea. Holangoak zabal-zabal ibili dira etxe askotan.

Okelarik jan ezin zanez, arraina edo arrautzakaz prestautako janak egiten ziran. Arrainetan normalena makailaoa izan da. Bariku Santu egunez, kasurako, etxe gehienetan makailaoa jaten izan da. Horregaz batera, sardina zaharrak edo gaileguak be asko.

Leku batzuetan esnerik (ez aberekirik) jaten ez ebenez, armozurako txokolatea uragaz eginda hartzen eben. Beste batzuetan, ostera, kafesnea.

Goizeko hamaiketakoa eta arrastiko meriendea kentzea normala zan, eta jatorduak eurak be normalean baino eskasagoak egiten ziran.

 

PAZKO EGUNA

Garizuma eta Aste Santuaren ostean Pazko eguna dator. Egun horretan ohitura zabala izan da familia osoak jaieguneko bazkaria egitea, eta platerik normalena artxoa, azuria edo bildotsa izan da. Antxumea be bai.

Egun horretako ohitura izan da aita-amabitxiak, sarriago amabitxiak, besoetakoei mokotsa edo morrokotea oparitzea. Ogi bat zan, Zapatu Santuko labaldian egindakoa. Ogiari, laban sartu aurretik, arrautza bat gordinik edo txorizoa sartzen jakon, eta egosi ostean, gainetik arrautza irabiaua egiten jakon. Leku batzuetan biribilak egiten ebezan, eta beste batzuetan hiru puntakoak.

Esatekoak 0
Ikusita: 2117