kontaktua
2011.03.22

Jakintza Librearen II Jardunaldiak

Azkue Fundazioak antolatuta, Jakintza Librearen II Jardunaldiak egingo dira martiaren 21, 22, 23 eta 24an.

Lehenengo hiru egunetan sarean ibiltzeko euskeraz zer tresna dagoan erakusteko mintegiak egingo dira Euskararen Etxean. Tresnak era bitakoak izango dira, alde batetik softwarea (sistema eragilea, nabigatzaileak…), eta bestetik interneten eskura dagozan hainbat baliabide (hiztegiak, zuzentzailea, terminologia, hedabideak…).

Azkenengo egunean, 24an, Deustuko Unibersidadearen CRAI liburutegian egingo da ekitaldi nagusia, arrastiko 6:00retan. Sarean euskeraz dagozan proiektu garrantzitsu batzuk erakutsiko dabez euron arduradunek, euskeraren etorkizunaren ganeko foroa egingo da eta, amaitzeko, kopaua, alkarregaz berba egin ahal izateko.

Esatekoak 0
Ikusita: 762
2011.03.17

XV Euskal Astea

Martiaren 21, 22 eta 23an XV Euskal Astea egingo da Bilbon Leizaola Fundazioak eratuta. Hitzaldiak Bizkaiko Foru Liburutegian (Diputazio kalea 7) izango dira, arrastiko 4:30etatik aurrera.

Egun bakotxean gai bat jorratuko da: 21ean Hizkuntza Politika; 22an Bake Prozesua eta 23an Gazteria.

Agintariek emongo deutsie hasierea programeari: Miren Dobaran Urrutia, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusia; Ana de Castro Rubalkaba, Bilboko Udaleko Euskara Sailataleko Zinegotzia; Angel Elías Ortega, EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako Zuzendaria, eta Jose Antonio Dorronsoro Barberena, Leizaola Fundazioko presidentea.

Euskeraren gaian sartzeko, Miren Azkarate andreak egingo dau hitzaldi nagusia. Gaia: “Nolakoa da, edo izan behar du, EAEk behar duen Hizkuntza Politika zilegi eta iraunkorra?”

Miren Azkarate Euskaltzain osoa da, Kultura sailburu ohia eta EHUko irakaslea.

 

Horren ostean, mahai-inguruan, euskerearen egoera eta erabilerea indartzeko proposamenak eztabaidatuko dira.

Gaia: “Euskararen normalizazioa eta aurreikusten diren erronkak. Ezagupenetik erabilerara jauzia nola eman?”.

Parte-hartzaileak: Iker Martínez de Lagos, Topaguneko idazkaria; Igone Etxebarria, Labayru Ikastegiko kidea; Iñaki Lasa, Euskararen Kontseiluko ordezkaria; Lander Solozabal, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteko kidea.

Aurkezle edo moderadore egingo dau Agurtzane Bilbao kazetariak.

 

Bake-prozesuari jagokonez, hitzaldi nagusia Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak egingo dau “Pasos para la construcción de la Paz en Euskadi” gai hartuta.

Horren ostean, “ETAren ostean, zer?” galderari erantzunez, Euskal Autonomi Erkidegoko panorama politikoari buruzko ikuspegia azalduko dabe Legebiltzarrean azken agintaldian ordezkaritza dauken alderdi politikoek.

 

Gazteria dala-ta, Nacho Rodríguez Puertas Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Elkarte Ekintzako zuzendariak egingo dau hitzaldi nagusia. Gaia: “Anteproyecto de Ley de Juventud y objetivos estratégicos del III Plan Joven. Juventud Vasca Cooperante”.

Eta ostean, mahai-inguruan, “Juventud Vasca Cooperante: Buenas prácticas y ejemplos de jóvenes cooperantes” gaia landuko dabe GKEen ordezkariek.

Esatekoak 0
Ikusita: 559
2011.03.08

Bizkaieraren ataria

Interneteko atari hau bizkaiera erabilten laguntzeko sortu da. Edukion helburua da bizkaiera ezagutu eta erabili gura dauenari eskura jartzea landu izan diran tresnak eta bitartekoak. Hemen aurkezten dana hasierea baino ez da, hau apurka-apurka betetzen eta osotzen joan behar da eta, zenbat eta beteago, orduan eta balio handiagoa hartuko dau.

ZERGAITIK LAN HAU

Bizkaiera lantzen hainbeste urteko esperientzia eta ahalegina metatu eta gero, orain material hori guztiori sarearen bitartez zabaldu eta hedatuko da, orain arte sortutako material guztiak gehi beste barri batzuk batera ipinita baliagarriagoak diralako.

Bizkaiera ezagutu gura dauan jenteak, Bizkaikoa izan zein ez, interneten bitartez kontsultak egin ahal izatea ezinbestekoa da. Eduki batzuk lehenago be badagoz han eta hemen, baina batera ipintea onuragarria da erabiltzaile guztientzat.

Bizkaiera ezagutzera emoteaz batera, euskerea bera aberastuko dogu, euskera batua darabilenak be jaso ahal izango dauelako gure aberastasuna. Batzuetan gertatzen da ahoz erabilten dogun erregistroa idazten ez jakitea.

Beste kasu bat be gertatzen da, euskera batuaren bitartez sartu diran erabilera batzuk nagusitu dira, bizkaieraz egokienak izan ez arren, eta hori dala-ta alboratuta daukaguz esamolde hurrekoagoak eta jatorragoak.

Halango nahasteak eragozteko edo argitzeko bideak emon behar dira, kontsultarako eskura eta erraz jasoteko moduan.

Maminaren aldetik zati handi bi daukaz atariak: aldian aldiko txatalak eta corpusak.

JAKINGARRIAK

Astean-astean sartuko dira hurrengo ataletan era guztietako jakingarriak beti be Bizkaiko euskereagaz eta Bizkaiko kultureagaz lotuta. Alderdi hau bizia izango da atarian, barriztetan joango da eta astero sartuko dira txatal barriak.

Holango hiru arlo apartau dira:

1. Barriketan: Ahozkoari lekua egiteko bideo txatalak jarriko dira, eskualde ezbardinetako hiztunak berbaz dagozala. Agirian hiru txatal egongo dira; astean-astean barriak jarriko dira eta kentzen diranak memorian pilatuko dira, ikusgai egon daitezan.

Zein jarri aukeratzeko erizpide bi hartuko dira kontuan, alde batetik berbeta modu ezbardinak, azpieuskalkiaren arabera; bestetik, gaiak, datagaz zerikusia daukien kontuak (egutegiko jaiak, ospakizunak, ohiturak, gertaerak…).

Ahozkoa batzuetan ez da erraza ulertzen, norberaren eredutik urruntzen danean batez be. Horregaitik, entzun ahala, idatzizko laburpena transkripzinoa leiduteko aukera emongo da.

2. Dakienak daki: Atal honetan sartuko dira berba baten, esamolde baten, gramatika-egitura baten ganeko informazinoa. Azalpenagaz batera, dana dalako argibideak emongo dira: siniskerak, ohiturak, pareko esamoldeak…

Horrez ganera jenteak bere oharrak egiteko tartea jarriko da, foro antzera: berak zelan esaten edo erabilten dauen, zalantzak, beste argibide batzuk emon edo eskatzeko eta abar.

3. Zahar-barriak: Bizkaiereagaz zerikusia daukien barriak emoteko atala izango da hau. Barriok era askotakoak izan daitekez: notiziak, ekintzak, ekitaldiak, argitalpenen erreseinak…

CORPUSA

Atal hau aldakorra barik metatzailea izango da, eta kontsultarako pentsauta dago. Helburua da bizkaieraz idatzi gura dauenari ahalik eta bitartekorik gehien emotea, gramatika, hiztegi eta hizkuntz erregistroen aldetik.

Corpus horrek hainbat atal daukaz.

4. Hiztegia: Labayru Hiztegia kontsultarako jarri da, adibideak eta argibide guztiak sartuta. Adierazk ezeze, beste hainbat argibide be emoten ditu hiztegionek: esamodu eginak, egitura gramatikalak, sinonimoak, aldaerak bizkaieraz eta batuaz.

Labayru Hiztegia-k (euskara-gaztelania) honeek ditu: 69.642 sarrera eta azpisarrera, 45.293 adibide, 3.951 lokuzino, 46.798 sinonimo, 773 esaera, 2.412 egitura tekniko eta berezi adibideetan.

Diccionario Labayru-k (gaztelania-euskera) beste hainbeste: 58.804 sarrera eta azpisarrera, 27.052 adibide, 3.855 lokuzino, 1.065 egitura tekniko eta berezi adibideetan.

5. Bizkaieraz idazteko jarraibideak: berbaz ondo dakianak be sarritan zalantza eukiten dau idazteko orduan. Zelan ete da: batzukaz, batzuekaz, batzukin… Labayru Ikastegiak orain arte behar handia egin dau arlo horretan. Hortik sarean erraz kontsultatzeko moduan jarri ditu bizkaieraren oinarrizko gramatika eta morfologia: jakingarri orokorrak idazkeraz, aditza, deklinabidea, atzizkibidea, esaldien arteko lotura errazenak.

6. Bizkaiera idatziaren corpusa: hizkuntzaren erabilera, erregistro eta aldaerak kontsultau ahal izateko guztiz erabilgarriak dira corpus linguistikoak. Corpusa ahalik eta baliogarrien izan daiten, eredu, erregistro eta genero ezbardinetako testuak erabiliko dira: literatura, kazetaritza, administrazinoa, irakaskuntza, ahozkoak.

Abiapuntutzat 2.000 sarrera inguru jarri dira, baina aurten bertan beste hainbeste sartzea aurreikusita dago.

7. Bizkaieraren bibliografiaren katalogoa: bizkaieraren barri jakin gura dauenarentzat bibliografia-katalogoa eskaintzen da. Katalogoko fitxetan, handi-handi, moltso bitan batzeko moduko material bibliografikoak dagoz: hiztegi-gramatikak alde batetik, eta bizkaieraz sortutako testuak bestetik.

8. Herri-ondarearen katalogoa: herri-ondareagaz, herri-kulturagaz, eta herri-euskereagaz zerikusia dauken txatalak katalogauko dira corpus honetan. Gaitegi jakin baten arabera sailkatuta, gure kulturaren adierazle era askotakoak batuko dira bertara. Bizkai osoko lekukotasunak batuko dira. Bideoak dauka lehentasuna, baina osotu egingo da audio, argazki, testu eta euskarri mota guztiakaz. Hasibarri dagoanez, 200 bat sarrera ditu, baina aurten asko ugaritzeko ustea daukagu.

9. Onomastika-datutegia: toponimiari lotuta egindako ikerketen emaitza batzen dau datu-base horrek. Herrika antolatuta dagoala, hainbat toponimo dago, fitxaka bilatzeko moduan. Fitxetan, ostera, Artxiboetako dokumentu idatzietako barianteak, ahoz batutako aldaerak, irudiak eta sailkapena jasoten dira. Ia 12.000 fitxa dira guztira.

10. Bizkaierazko zuzentzailea: Azkue Fundazioaren eskariz Labayru Ikastegiak eta Eleka enpresak egokitutako Xuxen B zuzentzaile ortografikoa hemendik deskargatzeko modua jarri da.

11. Errefrauak: 2011ko egitasmoa da corpus atal honetan beste leiho bat zabaltzea errefrau errepertorioak hona ekarteko. Han-hor-hemen argitaratutakoak, herririk herri batutakoak, apurka-apurka zerrenda luzatzen eta danak leku batera ekarten joatea da asmoa.

Esatekoak 2
Ikusita: 3363
2011.03.04

Labayruren hiztegi kontestuduna on-line

Orain dala urte pare bat Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru sarean ipini genduzan danon eskura. Orduan ez genduan hiztegion edukina oso-osoan eroan; oraingoan, ostera, erabiltzaileai formatu osotuago bat eskaintzera gatoz: hiztegi kontestuduna

Adibideak gehitu

Bigarren fase honetan, hiztegiotako berba-sarrerak eta azpisarrerak adibidez jantzi ditugu euron erabilgune ohikoena eta naturalena erakusteko. Berbai adibide-kontestu desbardinak emon deutseguz; batzuetan tradizino idatziko testuetatik hartuak edo egokituak izan dira eta beste batzuetan ahozko erabileratik jasoak edo atonduak. Autore klasikoetara jo dogu berben tradizino idatzia jasoteko eta gaur egun hiztunak gitxiago erabilten dituen berben edota hiztun kopuru txiki batera mugaturik dagozanen erabilera aztertzeko. Esaterako: ezkur: Ezkurrak daukaz horrek: Es un mezquino. (J. M. Zabala).

Batzuetan, klasikoetatik hartutakoak gaur egungo erabiltzaileen beharrizanetara egokitu ditugu; horretara, berba eta berba-kate horreek lekua hartu eta aurrera egiteko erea euki dagien, bai ahozkoan, bai idatzian.

Ahozko erregistroari lekua egin

Euskal literaturearen erreferentzia-lanetatik ezeze, herri-berbetatik eta herri-jakintzatik be edan dogu berben erabilguneak baliatzeko. Hiztegiotan ahozkotasunari aparteko balioa autortu jako eta ahalegin handia egin da adibideak hizkera sinisgarri, bizi eta erabili baten espilu izan daitezan. Horren helburua ez da izan besterik, berbak euren erabilgune naturalean eskintzea baino. Halanda ze, hiztunentzat ezagun eta eguneroko egiten diran esaldi asko sartu dira, hitzen erabilera-eremu arruntenak erakusteko.

etxe: 1 iz. hogar, casa. En determinadas expresiones frec. se suprime.

Gurean (gure etxean) ordu bietan bazkaltzen dogu.

Perurenetik (Peruren etxetik) gatoz.

Ahozkotasunaren beste alderdi baliotsu bat herri-literaturea da, gure hizkuntzaren eredu eta ondare dana. Errefrauak, esaerak, koplak, bertsoak... ugariak dira adibideetan. Esaerak "esr." laburdureaz adierazo ditugu; herri-ondaretik hartutako baladai, koplai, eta abarri "Herrikoa" hitza ipini deutsegu alboan; eta autoreen zitak be jaso ditugu eurenganik hartutakoak izan diranean (RS "Refranes y Sentencias", J. A. Mogel, Oihenart eta hatariko batzuk).

atxea-motxea: 1 iz. Jok. Juego infantil en que un adulto toca a un niño los dedos de su mano mientras le canta.

Atxea-motxea kolori pan / zure semea errotan / errota txikia dabilenean / klin-klan. (Herrikoa)

Adierak kontestuaren barruan

Adibideak atontzerakoan, gramatikatasunari be ardura handia ipini jako. Tradizino idatzia eta ahozkotasuna kontuan hartuta, berba bakotxak onartzen dituan sintaxi-aukera eta lexiko-konbinazino diferenteak aplikau gura izan ditugu kontestuotan. Izen baten kasuan, sarrien erabili ohi dan adjektiboagaz; aditzarenean, jokatuta ala jokatu barik, trinkoa ala perifrastikoa ala lokuzinoak osotuz; adjektibo edo adberbioen kasuan, ondo buztartzen diran izen edo aditzakaz; eta halantxe berba arrunt zein tekniko guztiakaz. Hiztegi honen ekarpenik handienetako bat da berba bategaz eratzen diran berba multzoei emondako lekua. Horretan dago hizkuntzaren adierazgarritasuna eta aberastasuna. Kasurako, esku sarreraren barruan, beste honeek guztiok datoz: esku hartu, esku izan, eskua altzau/altxatu, eskua emon/eman, eskua estutu, eskua ezarri, eskua jaso, eskua kendu, eskua luzatu, eskua(k) eduki/eduki, eskua(k) garbi erabili, eskua(k) luze erabili, eskuak ezarri, eskura ekarri, eskura emon/eman, eskura eduki/eduki, eskurik eskura, eskuz aldatu, eskuz egin, eskuz esku, esku bete, esku eskuma, esku ezker, esku hutsean, esku hutsik, esku sartu, esku-bonba, esku-burdina, esku-eskuan, esku-eutsi, eskuka, eskura, eskutik, eskutik eskura, eskuz.

gorde: 2 salvar, guardar, proteger(se), cuidar, preservar, librar(se).

Gatx guztietarik gorde.

Arerioakandik gorde.

Hotzetik gorde.

Arriskuetatik gorde.

Adibideai itzulpena emoteko orduan, batez be gaztelaniatik euskerara egindakoetan, askatasun handiagoaz jokatu dogu. Batzuetan sarrera-berbearen ordainak erabili beharrean, hizkuntzak eskintzen deuskuzan beste bide batzuez baliau gara itzulpen jatorragoak eta egokiagoak emoteko; sarritan itzulpen zehatza eta egokia emoteko berenberegiko formea edo egiturea ezin leiteke-eta ordain lez bere horretan emon.

A cada paso: El pobre iba cayéndose a cada paso: Gizajoa han jausi eta hemen zutundu joian; han joian gizajoa, non jausi, han jaiki.

Hiztegiok tradizino idatziaren gordailu eta ahozkotasunaren lekuko eta alkarbide dira, baina esan beharra dago, hiztegioneen ekarririk aitagarrienetarikoa eta originalena ahozkotasun aldetikoa dala. Lanotan leku oparoa emon gura izan deutsagu alderdi horri eta horren erakusgarri dira hiztegiotara ekarri ditugun ahozko erabilera-modu desbardinak.

Esatekoak 0
Ikusita: 352