kontaktua
2018.03.09

Euskerea teknologia barrietara ekarteko laguntzak

Bizkaiko Foru Aldundiak aurten be diru-laguntzak banatuko ditu teknologia barrien bitartez euskereak lekua irabazi dagian. Guztira 235.000 euro jarri ditu deialdirako. Profesionalentzat eta enpresentzat gorde ditue horko 160.000 euro eta ganerakoa irabazi asmo bako alkarteei emongo deutsi

Euskal kulturearen ondarearen ganean euskeraz dagoan informazinoa digitalizau eta zabaltzen daben proiektuak babestea da asmoa, baita euskerazko multimedia eduki barriak sortzea be euskarri fisikoan (CD, DVD eta abar) zein web bidez. Internet bidez zerbitzuak, komunikazinoa eta astialdia euskeraz eskaintzen daben webguneak be lagunduko ditue, euskerazko bideo-jolasak eta aplikazinoak ahaztu barik.

Euskereak bere lekua behar dau sarean, eta hori lortzen lagundu gura dau Aldundiak.

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 245
2018.03.02

Badator aurtengo Loraldia

Loraldia euskal kultura zabaltzeko festibala da. Aurten 30 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu, musika, kultura eta antzezpenetan, Bilboko eszenategi ezbardinetan.

Laugarren urtea du euskerazkko kultura-ekoizpenak zabaltzeko saio honek. Martiaren 5etik 26ra bitartean ekoizpen sortubarriak, kantaldiak eta literatura ardatz daukien hainbat ekitaldi egongo dira.

Lekuak be asko izango dira: Arriaga eta Campos antzokiak, Azkuna Zentroa, Euskalduna jauregia, Guggenheim Museoa eta Bilboko Itsas Museoa besteak beste.

Agenda ondo begiratu beharko da ekitaldirik gustukoenak aukeratzeko.

Esatekoak 0
Ikusita: 175
2018.02.23

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna

Ama hizkuntzaren nazinoarteko eguna ospatu da otsailean. Horren harira bakotxaren ama hizkuntza zein dan eta zenbat hizkuntza dagoan gure inguruan berbalekua izan da bazterretan.

Euskerea dogu gure arteko askoren ama hizkuntza, baina Bizkaian bertan berrehun hizkuntzatik gora erabilten dira. Batzuk ezagunak eta hedapen handikoak dira, beste batzuk ezezagunagoak; baina bakotxarentzat berea garrantzitsuena eta adierazgarritasun handienekoa.

Kontua da zelan lortu hizkuntzon artean bizikidetza, ze leku emon bakotxari, personen eta hizkuntzen arteko errespetua zelan ziurtau.

Ha ta guzti be, ospakizun horrek beste galdera batzuk be ekarri ditu: ama-hizkuntza zer edo zein da, zelan definidu eta mugatu; izendapena bera egokia da?

Hizkuntzak ondasun handia dira, bakotxak mundu ikuskera bat erakusten eta adierazten dauelako; horregaitik, hizkuntza bat galtzen edo hilten bada, ondare handia galtzen dau gizarte osoak.

Horregaitik dago izentauta ama hizkuntzaren eguna, danok jabetu gaitezan ondasun horren balioaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 204
2018.02.15

Iurretako XV. literatur lehiaketa

Iurretako Udalak XV. Literatur Leihaketa eratu dau, ume, gazte zein helduek parte hartzeko. Generoetan be, ipuinak, bertso-papelak eta komikiak aurkeztu ahal izango dira. Danetan gaia librea izango da.

Sariak generoko eta adinaren arabera banatuko dira, baina danak argitaratuko dira liburu baten.

Honezkero zabalik dago lanak aurkezteko epea, hilaren 28ra arte. Herriko liburutegira zein lehiaketa@iurreta.eus helbidera bialdu behar dira.

Esatekoak 0
Ikusita: 173
2018.02.09

Mikel Zarate Haur literaturako sarirako deia zabalik

Lezamako seme eta idazle izandako Mikel Zarateren omenez, umeentzako literatura sortzeko lehiaketa abiatu eben orain dala bederatzi urte Udalak eta Elkarrek. Bide horreri jarraituta, aurten bederatzigarren deialdia egin dabe, gura dauenak sorkuntzako lanak aurkezteko.

Lanak originalak izango dira, euskeraz idatziak, 6-12 urteko irakurleei zuzendutakoak, 10-50 orriko luzerakoak.

Originalen hiru kopia apirilaren 30erako aurkeztu behar dira Lezamako udalean, eta epaimahaiak erabagiko dau saria nori emon.

Sari bakarra dago, 3.000 eurokoa. Horrezaz ganera lana argitaratu egingo da.

Esatekoak 0
Ikusita: 207