kontaktua
2018.10.18

Euskadi Literatura Sariak 2018

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura Sarien irabazleak iragarri ditu kategoria bakotxean: Eider Rodriguezi Bihotz Handiegia liburuagaitik emon deutsie euskerazko ataleko Euskadi Saria; Yolanda Mosquerak La pequeña Roque (Guy de Maupassant) liburuko ilustrazinoakaitik hartu dau atal horretako saria; Santos Zunzuneguik Bajo el signo de la melancolía saiakereagaitik irabazi dau; Eider Rodriguezek Euskerazko Ume eta Gazte Literaturea ataleko saria hartu dau Santa Familia komikiagaz, deialdi bereko bigarren saria beraz; Karmelo Iribarrenek Gaztelaniazko Literatura ataleko Euskadi Saria irabazi dau, Mientras me alejo poema-liburuari esker; Kepa Altonagak Euskerazko Saiakera atalean irabazi dau Patagoniara Hazparnen barrena liburuagaz; Emily Brontë ingelesaren Gailur ekaiztsuak itzultzearren hartu dau Irene Aldasorok Euskerazko Literatura Itzulpena ataleko saria. Zorionak irabazleei eta baita irakurleei be!

Esatekoak 0
Ikusita: 78
2018.09.27

Sanmigelak asteburuan

Irailaren 29an ospatzen da San Migel. Gure inguruan hainbat lekutan izango dira jaiak eta egongo da zer eta non ospatu.

Gure folklorean badira adierazpen berezi batzuk egun horretarako, gura dauanak ikusteko modukoak.

Markinan, esaterako, Arretxinagako jaiak egingo dabez, eta San Migel egunean bertan ohitura berezi bi egingo dira aurten beste urteetan moduan. Eguerdian, meza nagusiaren ostean, Xemeingo ezpata-dantza eta Aurreskua, eta gauerdian, gaueko hamabietan, Mahai gainekoa.

Iurretan be San Migel eguna da jai-egun nagusia, baina bezperan, bariku arrastian dago 'Ohiturazko Doniel-hatxa jasotzea eta Dantzarien azkenengo ensaioa". 29an, barriro, Dantzari-dantza eta Nesken soka-dantza egingo dabez arrastiko zazpiretan. Doniel-hatxa ipintearen eta Dantzari-dantzaren ohiturea Durangaldean zabal dabil.

Batera zein bestera hurreratuten danak bertatik bertara ezagutu eta bizi ahal izango ditu jai-ohiturok.

 

Esatekoak 0
Ikusita: 327
2018.09.21

Euskaraldian izena emoteko epea zabalik

Badator Euskaraldia. Irailaren 20an hasita, izena emoteko epea zabalik dago. Euskaraldiaren helburua hizkuntza-ohiturak aldatzea da, eguneroko egoeratan eta hartu-emonetan euskera gehiago erabilteko ariketa da.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, 11 egun horreetan euskeraz egin daigun ahalik eta gehien. Ekimenean parte hartzeko modu bi dagoz: AHOBIZI izateko jente guztiari lehenengo berbea euskeraz egiteko konpromisoa hartzen da, entzuleak euskeraz zein erderaz erantzun. BELARRIPREST izan ezkero, ondokoei adierazten jake euskeraz egitea gura dodala, norberak euskeraz zein gaztelaniaz erantzun.

Onena da bakotxak bere herrian, bere ohiko inguruan izena emotea: familian, lagunartean, beharrean, eskolan, dendetan… zabaltzeko Horregaitik, herriz herri egongo dira informazinoa hartzeko eta izena emoteko lekuak. Horrezaz ganera, enpresa, alkarte, ikastetxe eta era guztietako entidadeetan be egon daiteke modua.

Esatekoak 0
Ikusita: 109
2018.09.07

II Booktuber lehiaketa

Booktuber egitasmoaren helburua booktuber plataformea sortzea da, hau da, euskal booktuber komunidadearen lehen hazia landatzea. Horretarako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 14 eta 18 urte bitarteko gazteei dei egin deutsie.

Egitasmo honen bitartez, ikus-entzunezkoak eta liburuak buztartzen dira, izan be, booktuber-ek irakurritako liburuen inguruko bideo laburrak grabau eta sare sozialetan zabaltzea da asmoa. Parte hartzaileek, euskal gazteek, liburuak irakurri, hareen ganeko bideoak egin, euskeraz, eta lehiaketara bialdu behar dabez. Parte hartzeko epea zemendiaren 22an amaituko da.

Egitasmo honen atzean Eusko Jaurlaritza, Galtzagorri Elkartea eta Gaztea irratia dagoz.

Esatekoak 0
Ikusita: 47
2018.07.27

'Belako zaldüna' pastorala aurten Maulen

Aurtengo pastorala Maule-Lextarreko emongo dabe garagarrilaren 29an eta abuztuaren 5ean. Guztira ehun lagunetik gora ibiliko dira parte hartzen.

“Belako zaldüna” izeneko pastorala Jean Bordaxar zuberotar kantariak idatzia da Jean-Philippe de Bela mauletar militarraren bizitzari buruz. Gizon horrek besteak beste frantses-euskera hiztegi bat egin eban.

Pastrola bera 15:30ean hasiko da, baina ohikoa dan moduan, 10:00etan mezea egongoda, 11:00etan desfilea eta 12:30ean bazkaria. Eta ostean be, 20:30etik aurrera, erromeria.

Esatekoak 0
Ikusita: 392